Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Tagzania eta mapak mintzagai harturik Blogak 2.0 topaketan

Luistxo Fernandez 2006/03/29 15:55

Datorren astean, apirilaren 6an, Bilbon izango naiz ebento batean hizketan. Blogak 2.0 topaketa izango da egun guztian Deustuko Unibertsitatean eta hantxe izango naiz, arratsaldeko panel batean, mapak eta Tagzania mintzagai hartuta. Ea kontatzen eta erakusten dudanak interesa duen. Adibidez, irudi hau:

hondarribiko etxeak wms gmaps

Hondarribiko etxe batzuen kokapena (etxeen planten ertzak) Google Maps irudien gainean ikuskatuak... Garapen lokalerako aukera handiak daude mapen kontu honetan, bai horixe.

Arratsaldeko panel batean jarri naute. Mapen kontu bera izango dute mintzagai nire aldamenean Miguel Cuesta Dirson Alianzo-koak ( Bilbao.bi ) eta Diego López de Ipiña, Deustuko Unibertsitateko irakasleak.

Txolopotea edo

Luistxo Fernandez 2006/03/24 09:06

Atzo, Donostiara bidean, bizpahiru kilometroko ilada ("txolopotea", hasi dira esaten batzuk), Zarauzko peajea baino lehen.

Polizia nazionalaren kontrola. Iritsi, azkenean, lurrean ultzeak-eta zituzten lekura, eta zer aurkituko? ez zioten inori altorik ematen, bospasei polizia zeuden, eskuarekin denei paso, paso, paso ematen, arinago joan gintezelako keinu hori egiten... Ataskoa desataskatzeko lanean, zintzo. Garai berriak izango dira.

Denboren kudeatzaileak

Luistxo Fernandez 2006/03/23 12:58

Ibarretxe lehendakariak esaten digu: "Guztiok lan egin behar dugu Bake prozesuaren alde". Benetan? Nik, egia esanda, eszeptizismo handiarekin hartzen dut une politiko berria. Su-etena betirako balitz, hobeto. Baina horretarako neuk pertsonalki lan egin behar dudala ez dut sinesten. Nahiko lan badut nik neure egunerokoarekin... Eta dexenteko desilusioa ere hartu nuen aurreko su-etena hautsi zenean. Oraingoan, ez, hausten bada, ez nauz sorpresaz hartuko. Eta Ibarretxek edo beste inork nahikoa lan egin ez izana leporatzen badit (guztiok egin behar omen dugunez), ba, tira, kritika jan, eta hor konpon. Nik badakit ez dela nire errua izango.

Berba fetitxeen fase berri batean gaude (ideia hau Ricardo Gomezi zor diot). Aurreko hartan, Lizarra-Garaziko suetenaren garaian, instituzio nazionalak zebiltzan airean, eta Udalbiltza asmatu zuten. Orain beste tankera xumeagoko berba fetitxeekin gabiltza: mahaiak, eragileak, denborak kudeatzea ... Gizartearen beste esparru batzuetan, behatokiak ere ugari. Hain hutsala ikusten dut terminologia hau... Zuzenbide estatua esaten zaigunean bezain funsgabea egiten zait hiztegi politiko hau.

Egongo dira elkarrizketak. Ez egotea baino hobe, jakina. Fetitxeez berba egingo da, baina gauza serioez ere bai. Hala ere, nire eszeptizismoak horretan dirau.

Blogari bati irakurri nion, ezker abertzaleak lurraldetasunarena eramaten duenean mahaira, erantzungo diola PSOEk, Lapurdiren inguruan haiek ez dutela zer esanik, eta orduan, ba, orduan... akabo mahaia? Akordioak lortuz gero ere, ondoren beste toki batean ezarritako galbahetatik igarotzen dira, eta ikusia dago Eusko Legebiltzarraren gehiengo doi-doiak Madrilera eramandakoa (Ibarretxe plana), zertan geratu zen han. Baina Katalunia zibilizatuan ere, %90eko gehiengoaz eramandakoa, zertan geratu da Madrilen?

Nonbait eraikitzaile eta eragile izatea tokatzen zaigun honetan, lerro triste hauekin ez dut ezer aportatzen. Denborak erakutsiko ahal digu niri eta ni bezalakoei (dexente garelakoan nago, une honetan, ez beharbada pesimismo larrian, baina bai eszeptizismo puntu horretan ) oker gabiltzala. Baina zaila dute, denboren kudeatzaileek...

Emakumezko artistak

Luistxo Fernandez 2006/03/16 16:00

Jende interesgarria gurutzatzen da Eibartarrak zerrendako harietan. Zezenketekin hasitako honetan, artista gazte batek artearen definizioetara garamatza: ez neuke esango gure plazer hutserako animali bat sufriarazi eta hiltzia artia danik.

Eta marrazo bat formoletan?

Asteburuan Londresen izan nintzela kontatu nuen lehengoan. Bi museo ikusi gura izan genituen, Tate Modern eta Saatchi Gallery. Tate ikusi genuen, bestearen bila eta bila, eta azkenean jakin, lekuz aldatzekotan direla: orain ez dago inon, bi hilabete barru edo zabalduko ei da.

Arte moderno apurtzaile hori... benetan edozer dela artea ematen du. Tate Modern-en fotokopia moduko batzuekin enpapelatutako gela handi bat zen azken erosketetako bat...

Lehen solairuko sala erraldoian (etxe hori argindar ekoizpen-zentroa zen, eta hura turbina erraldoein sala zen) milaka lauki plastiko zurizkoak, batzuk besteen gainean... Rachel Whiteread-en lan bat.

Hala ere, asko erakartzen nau arte mota honek. Espektakulo bat da, ezta?. Izan ere, Saatchi galerian Damien Hirst-en formoletan sartutako marrazoa ikusteko gogoarekin geratu nintzen...

Espektakulo batek dibertitu egiten gaitu akaso, baina horretaz aparte, egia da batzuetan inpresionatzen zaituela artelan jakin batek, barruan jotzen dizula. Bi lanek ukitu ninduten Tate-n.

1. Tacita Dean. Artista bizia. Gela batean 3x3 metroko arbel beltz batzuetan, zazpi konposizio, klarionarekin, itxasoa, arrantzaleak... errealismo eta birtuosismoa ikaragarrizkoa, baina bere toke abangoardistarekin, komentarioak idatziak arbelean, zirriborro anotatuak balira bezala (ondoko gelan, beste lan bat artista honena: 16 minutuko 8mm film bat, petardo hutsa, itsasargi batetik eguzkia nola ezkutatzen den ortzemugan).

2. Mark Rothko. Artista hila. Gela ilun batean 9 tela oso handi, kolore gogor eta goibeleko mantxa handiak... Bere garaian abstrakzio hiperapurtzailea zen berea, baina gaur Hirst eta beste gauza batzuen ondoan, klasiko bat dirudi Rothtkok.

Eibartarrak zerrendako beste hari batean, beste zerrendaki de batek ere aipatu zuen zerrenda honetan artea eta artisten funtzioa duela egun batzuk:

     Idazleak, margolariak, musikariak… denak batera      sartzen zituen ondoko zakuan:     - Artista, artista izango bada, altruista izan behar da.     - Txiro bizi.     - Suizidatu delako hiltzen bada hobeto.     Lehenengo eta bigarren baldintzak betetzen dituenik     ezagutzen dut. Diru gutxirekin eta luxu handi barik bizi     dira, euren lanen truke ateratako diru apurrekin. Hori da     bizi izateko behar duten guztia. Horrelako artisten     lanarekin sinisten dut neurri handi batean, nahiz eta     liburua, maketa edo dena delakoa ez gustatu; Besteok     sortutakoarekin ere bai, jakina: Egiten dena/duguna bizi     egin behar dela/dugula pentsatzen dut, hala ere.      Egiten ari garen horrekin irudimenean jolas egin,     besterik ez bada,. Nik ustez, hori da profesionala izatea,     bokazioz egiten den hori, gure barruan jaio den ideia     horri forma ematea.     Hortik aurrera gaia, industriagintzan edo     merkantilismoan sartzen dela iruditzen zait,  

Ba, begira, asteburuko prentsa londinenseko beste irakurketa bat. Emakumezko artista baten salaketa zen, salaketa guztiz merkantilista eta kuantitatiboa

  • gizonezko artistak askoz ere hobeto ordainduagoak daude, emakumezkoak baino.
  • kexatzen zen artista hura, Tate-k gizonezkoei askoz gehiago ordaintzen diela, berari eskaini diotena baino, jenerazio/kalitate/maila berekoak izanda bereak eta besteenak.
  • datu bat, senar-emazte artisten kasuan (biak arteari emanak), kasu bakarra ei dago, BAKARRA, non emakumezkoaren lana den baloratuagoa merkatuan, gizonezkoarena baino: Frida Kahlo vs Diego Rivera

Hortaz, lagun horrek deskribatzen duen ideal ez-merkantilista eta artistikoki puruago horretatik gertuago emakumezko artistak, gizonezkoak baino!

Hala ere, niri gustatuko litzaidake, adibidez, gure zerrendakide artista gazteak, bizimodua artetik irabaziko balu, hobeto ondo baloratuta, gaizki baloratuta baino.

Londresen ikusitakoak ikusita, milioitsua banintz eta artean inbertitu beharko banu orain, demagun herri instituzio bat banintz, ba ez nuke Oteizaren eskultura faltsurik erosiko, Eibarren edo Donostian jarri dituzten gezurrak bezalakorik. Erosiko nuke emakumezko artista horren arbel sorta bat, Tacita Dean-en lana, eta jarriko nituzke pleno areto batean, edo Miramongo parkeko areto nagusiko sarreran, edo paret handi samarrak dituen tokiren batean...

Protesta egiten duenari argazkiak egiten

Luistxo Fernandez 2006/03/15 07:10

Batasunak joan den astean deitutako grebaren ondorenean, oso adierazgarria, gogorra, eta zuzen eta egoki botatakoa iruditu zitzaidan Martxelo Otamendiren komentarioa Berrian.

Polizia zertarako beharko lukeen, eta zertarako erabiltzen den benetan... Uste dut hori dela kontua.

Pertsonen eskubide zibilez pentsarazteko ere ematen du.

Asteburuan Londresen izan naiz, turismo apur bat egiten. Parlamentuaren aurrean, gizon bat bizi da, gerraren aurkako kanpaldi batean, pankarta batzuekin genozidatzat jotzen ditu Blair eta gerran inplikatzea erabaki zutenak. Bere zakuak, kartelak, denak... Zakar samar ditu han, plaza eder batean, parlamentuaren, Westminsterreko abadiaren, Churchillen monumentuaren eta Big Benaren ikusmira itsusten. Baina seguruenik eskubidea du han protesta egiteko, eta argazkiak egiten dizkiogunak turistak gara, ez polizia maskaratuak.

Protesta gerraren kontra

Igandean, poste batzuk ari ziren jartzen gizon hori akanpatua dagoen zelai zatiaren biran (goiko argazkia ostiralekoa da, lehenagokoa). Goitik publizitatea edo banderak edo holako zeozer eskegitzeko zeozer, hirietan egin ohi den bezala. Zelaiaren bira osoa egina zeukaten, eta azkenerako zuten utzita gizonaren pusketa. Han zeuden, garabi batekin, sekulako lanak hartzen posteak sartzeko, gizonaren akanpalekua desmantelatu barik egiteko lan hori.

Eta Martxelo Otamendik debekatua du Londresera bidaiatzea...

Top of the Pops

Luistxo Fernandez 2006/03/15 07:04

Mezu truke interesgarria Eibartarrak zerrendan, musika, idazkuntza, teknologia, joerak... Amatiñok dio, adibidez, abesteko zaletasuna desagertu dela gaur egunean.

Ez dakit. Asteburuan irakurri dut, hain zuzen, kantatzeko musika dagoela modan...

Inglaterrako azken pop izarrak, The Arctic Monkeys, Kaiser Chiefs... oso letra "abesgarriak" egiten dituztela, eta haiek kantatzera joaten dela jendea kontzertuetara.

Duela urte batzuetako taldeak ere, Blur, Oasis... ez daudela bere une onenean, ez salmentetan, ezta beren azken diskoen orijinaltasunean, baina kontzertuetan milaka eta milaka lagun biltzen dituzte oraindik. Jendea biltzen zaie funtsean beren exito zaharragoak denak batera, estadio osoak kantatzera, kantariaren ahotsaren gainetik eta baita halakoetan jartzen diren milaka wattioen gainetik ere.

Popa edo rocka jarraitzeko modu biziena ere, ez da bada kontzertuan zure idoloarena kantatzea? Baiezkoan nago. Euskal Herrian paralelismorik... ba, Kortaturen baten batzuetan gogoan dut Ferminekin batera jende multzo handi bat denak kantatzen ibili ginela, adibidez, Bilboko Gaztetxe zaharrean, Parte zaharrean, JM Callejak eskeleto humanoak aurkitu zituen hartan... Orain ez dakit. Ken Zazpi, agian?

Disko salmentak eta kopia teknologiak

Beste gauza bat ere irakurri nuen, guztiz harrigarria nere ustez. The Arctic Monkeys, promozioa eta fama Internet bidez lortu omen duen taldea: pop britainiarren historian lantzamenduan disko gehien saldu dituen taldea da.

Diskoak saltzea ez zait harritzekoa iruditzen, baina gehien gehien? Gaurko nerabe britanikoek ez dute lagunik? Ze, lagun bat izanda, CD-a kopiatzea baino gauza errazagorik... Horrek funtzionatu behar du, gure garaian c-90 birjina sinpatiko haiekin egiten genuen bezala, baina askoz modu promiskuagoan, ze gozamen musikala identikoa da, kopiaren kalitatean, ez lehen bezala.

Eta, hala ere, ez, nonbait ez... nonbait lagun arteko kopia horrek ez du disko salmenta jaisten.

Lapur umezurtza

Ai, non lortzen da musika kantaz kanta jaisteko lekurik? emule ez zait gustatzen, disko osoa baino txikiagorik ez dut aurkitzen! nik dosi txikiak nahi ditut, top of the pops 3 minutuko txuteetan, WinMX itxi zidaten eta lapur umezurtza sentitzen naiz...

Tagzanian bilaketak, datu-base ireki batean oinarrituta

Luistxo Fernandez 2006/03/03 09:38

Bilaketa eta euskara agertzen direlarik orain Tagzanian, ohar batzuk.

Euskal Herriko toki-izen bat bilatuz gero, agian agertuko da, eta agian ez. Bizkaia eta Gipuzkoako udalerrien izen ofizial euskarazko batzuk ageri dira, baina ez Nafarroakoak, edo udalerri mailatik beherako tokienak.

Badakigu badaudela herri-izendegi euskaldun zuzenak argitaratuak... baina nola bihurtu haien datuak Tagzaniako latitude eta longitude koordinatuetara? Munduko toki-izenen datubase bat darabilgu guk. Suitzan apailatu du bertako lagun batek, eta Geonames deritzo. Geonames-en informazio iturri nagusia, halaber, AEBetako gobernuaren datutegi libre eta publikoak dira, bereziki militarrena, munduko toki-izenen kasuan. Ikaragarrizko informazioa daukate haiek, eta publiko egin dute.

Euskal Herrian, toki-izen bat bere kokapenarekin lotzen duen datubaseak egongo dira. Informazio Sistema Geografiko publikoak egon badaude, baina haien datuak publikoki eskuratzerik.... Europan gaude, eta hemen diru publikoz ordaindutako informazio publikoa giltzapean egon ohi da. Eta egoera honek okerrera egin dezake, Europako Batasuneko Inspire zuzentarauak aurrera egiten badu.

Hortaz, militar amerikarren datuak ditugu, eta direnak dira. Ez dago Intxetru haien datutegian, baizik eta Chinchetru.

Kontua da, Geonames-eko suitzarrarekin kontaktuan, modua egin dugula datuak zuzentzeko. Intxetru ere toki-izena dela, eta euskara dela, eta kokapen zehatz horri dagokiola.

Nola egin hau? Bilaketen emaitzetan klikaturik, datuak zuzentzeko aukera ematen digu. Azalpen batzuk Tagzanian bertan.


Zuzenean egin genezakeen Chinchetru ezabatu eta Intxetru jarri edizio aukera hauekin. Baina zertarako gutxitu informazioa? Kontrakoa hobe: eman informazio gehiago! Zertarako ukatu gaztelania, bestalde? Soraluze baten ondoan, Placencia de las Armas izena guztiz baztertzeko gogoa senti dezake erabiltzaile euskaldunak... baina, zer irabazten dugu horrekin? Izen historiko bat, gaztelaniaz erabili izan dena, eta hainbat erreferentziatan agertuko den hor nonbait, zertarako ezabatu? Utz dezagun Soraluze izen nagusitzat, baina Plaentzia aldaera ere bai (bere garaian Euskaltzaindiak ontzat ematen zuena, eta bertako euskaldunek erabili darabiltena), eta Placencia de las Armas ere bai.

Posible da, Geonames-eko Marc Wick-ekin dudan tratuagatik susmatzen dudanez, hizkuntza-kodeez gain izenen balorazioan beste informazio gehigarri bat gehitu ahal izango dugula Geonames-en: izena ofiziala den ala ez, historikoa den, etab.

Horrez gain, Geonames-en izenak (eta kokapenak) zuzentzen hasteko gogoa baduzu, sor ezazu kontu bat gune hartan, zure gehikuntzak ez daitezen anonimoak izan. Izan ere, nik uste dut hizkuntzen kontuarekin bandalismoa gerta daitekeela, batzuek besteen izenak ezabatu eta halakoak.

Baina Geonames-en izen bakoitzaren historikoa gordetzen da, eta aldaketen kontrola ere badago, eta hortaz, izen aldaketak baloratu behar badira kalitateagatik, anonimoak ez direnak baliotsuagoak izango dira azkenean, eta bandaloen IP helbideak detektatzeko modua ere egongo da.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.