Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Joe Aguirre eta bere aroa

Luistxo Fernandez 2006/02/27 15:10

Modako filma ikusi dut asteburuan, Brokeback Mountain. Lehen zatian, Joe Aguirre bat agertzen da, artalde-jabea, gaiztoarena egiten. Fortuna egindako euskal artzain bat, pentsa dezakegu.

Nik ezagutu nuen Joe Aguirre bat, Ameriketan artzain izandakoa. Jose Agirre, Mallabikoa, Idahon artzain izandakoa, eta handik bueltan Eibarko Alfan atezain izana.

(Irutxuloko Hitza egunkarirako zutabea da hau) Nire ingelesezko irakaslea izan zen, partikularrak hartzen nituen haren etxean mutikotan. Ingeles apur batekin moldatzen gara gaur egunean, eta hari zor diot nik hori, neurri batean. Jose Agirre idatziko genuen gaur hemen, eta Joe Aguirre izango zen han, Jesus guztiak Jess bihurtu ziren bezala Nevada edo Kaliforniako abeltzaintzan.

Egia esanda, filmaren gaia ez da, inondik ere, artzaintza edo euskal emigrazioa. Bi cowboy homosexualen bizimodu zaila da istorioa, eta horren inguruko kontuak: egia, maitasuna, nor bere buruari edo ingurukoei leial izatea, bizimodua bideratzeko zailtasunak, gizontasuna, ezer gutxi duenaren lanaren nekeak... Film ederra da. Gizarte tradizional batean, zein izan da homosexualen tokia? Badirudi, gaur egunean Donostian filmeko Wyoming eder baina triste horretan baino hobeto gaudela. Notizia ona da Gehitu bezalako mugimendu batek gure kaleetan lortu duen bisibilitatea. Baina, dudarik gabe, aurreritzietatik libre bizitzetik urrun gaude, eta Mikel Martin EHGAM-eko militanteak Espainiako militar batzuengandik jaso zuen jipoia ere duela gutxikoa da.

Joe Aguirre filmakoa, Wyomingekoa, gizon zitala da, eta mesprezuz ikusten ditu homosexualak. Nik ezagututako Jose Agirre gizon ona zen, langilea, gizon zuzena, baina ez dakit homosexualitateaz zer iritzi zuen. Suposatzen dut apenas dakigula, benetan, zer zen homosexualitatea gure aiton-amonen gizarte tradizionalean. Pentsatu nahi dut, hala ere, zuzen jokatzen ikasi izan badugu nagusiengandik, haien arora begiratu barik, orain tokatzen zaigula guri zuzenak izatea. Libreago bizitzeko, hiri honetan, hemen eta orain, Donostian.

Zuri ala gizen

Luistxo Fernandez 2006/02/27 15:06

Larunbatean Berrian erreportaitxoa eta argazki sorta, Lezoko inauteriekin. Bertako umeen egunarekin, ostegunzuri delakoarekin. Dena batera zetorren, ostegunzuri, ostegun zuri... baina, kontxo, ez nekien Eibar inguru hauetatik harantzago Eguen Zuri honek bazituela paraleloak, umeen egun karnabaleroa gainera.

Lezotik inguru hauetarako tarte giputzean, ostera, ez dakit Ostegun Gizen besterik ezagutzen duten... Gaztelaniaz ere hala esaten diote, gizen, eta gure enpresako praktikanteagatik jakin dugunez, Polonian ere gizen.

Tagzania euskaraz, gaztelaniaz eta polonieraz

Luistxo Fernandez 2006/02/23 13:03

Urrats handia gaur Tagzania proiektuan. Euskaraz ere badugu, azkenean! Erabiltzailearen interfazea, bederen, zeren dokumentazioaren itzulpenerako ez dugu ahalik. Ez euskaraz kostatuko zitzaigunagatik, baizik eta beste hizkuntza batzuetan ere bideratu nahi dugulako: hizkuntza askotan gainera. Hasteko, ingelesaz gain, euskara, gaztelania eta poloniera ere gehitu ditugu.

Poloniera? Bai. Karol Palys dugu gurekin praktika batzuetan CodeSyntax-en. Poloniako ikasketa teknikoen ikastetxe batetik, 18 urteko hamar laguneko koadrila etorri da Eibarko Armeria Eskolara. Hemen, enpresetan banatu dituzte hiru asteko praktiketarako. Enpresa industrialetara joan dira gehienak, baina mutil hau, Interneteko kontuak zekizkiela eta, guri bidali digute Armeria Eskolatik. Trukean, Eibartik ere joango dira harantza hemengo beste gazte batzuk. Mutil jatorra, Karol.

Itzulpenak sarean argitaratu ditugu, Tumatxan.

Estilo ariketak blog batean

Luistxo Fernandez 2006/02/16 08:22

Bihar Donostian dagoen mahainguru interesgarri baten bezperan, inbidiak barrena janda, literatur bloga hasi dut!

Blogak.com-en blog probisional bat ireki dut, iraungitze datarekin. Duela 10-15 urte idatzitako testu batzuk kargatuko ditut han, erdi galduta nituenak eta paperean aurkitu ditudanak. Transkribatze-argitaratze lana egingo dut orain, eta amaitutakoan... ba artxibatuta geratuko da Interneteko eternitatean edo.

Hor da: www.blogak.com/queneau

Zera da gaia, Raymond Queneau-ren Estilo Ariketen gainean neuk egindako itzulpen saio zahar batzuk. Inora ez ziren iritsi testu haiek, eta gaur, Xabier Olarrak Igela argitaletxearekin itzulpen tajuzkoa argitaratu duelarik, ba, neureak ere sareratzea pentsatu dut.

Sekula irakurri dudan libururik barregarriena, Queneaurena. Lan honen gainean kuriositate gehiago duenak, gaur du, otsailak 16, aukera bat Bilbon. Irakurketa-errepresentazioa Olarra itzultzailearekin eta errezitatzaileekin Likinianon 20.00etan. Informazio gehiago hemen.

Queneau, Exercises de Style

Hemen goian, Zaldi Eroak Olarra-Igelaren libururaren azalerako egindako ilustrazioa.

Inspire ez: datu geografiko irekiak behar ditu Europak

Luistxo Fernandez 2006/02/15 15:40

Direktiba edo zuzentarau gaizto bat Europako Batasunetik datorkiguna: Inspire

Helburua, copyright gubernamentala ezarri informazio eta irudi geografikoen gainean. Datu publikoak, diru publikoz ordainduak, giltzapean. Berriz ere.

Ekimen publikoa sortu da, hori geldiarazteko, Public Geo Data. Bertan dituzu, ingelesez, Inspire errefusatzeko arrazoiak. Public Geo Data ekimen irekia da, eta Eibartik gaztelaniaz eta euskaraz itzuli dugu jada eskaera. Euskarazko eskaera itzulia, jarraian. Europako Parlamentuari eskaera

Behean sinatzen dugunok, eskaera egin nahi diegu Europako Parlamentuko kideei, atzera bota dezaten INSPIRE Zuzentaraua, Europan informazio geografiko eta espaziala arautzeko ezarri nahi dena.

  • Informazio Geografiko Publikoa oinarri-oinarrizko tresna da, gizarte zibilak informazioaren aroan aurrera egin behar badu.
  • Mapa eta datu publikoek, kokapenaren inguruko teknologia berrien sorta osa susta dezakete, garapen ekonomiko eta sozial handi baterako aukera irekiz.
  • Europako administrazioen arteko elkarlana ziurtatzeko modua datu da datu geografiko irekiak izatea; horrela egingo da lan alor garrantzitsuetan, hala nola ingurugiroan edo errolda kontuetan.
  • Onartzen bada, Estatuek copyright murriztailea ezarriko dute informazio geografikoaren gainean, eta horrekin, herritarroi berriz ordainarazi nahi izango zaizu dagoeneko ordaindua dugun informazioa, denon zergekin lortu baita informazio geografiko hori.

INSPIRE Zuzentarauak urte askotarako atzeraldia ekar diezioke Europari, mapetan dagoen potentzial ekonomiko eta soziala arriskuan jarriko delako, eta baita kokapenaren inguruko teknologien garapena.

Eibarko mapamundia

Luistxo Fernandez 2006/02/13 12:58

Lehenago irten ginen The Economist aldizkarian, baina azkenean, Berria-n ere azaldu da Tagzania orri orokorretan. Kostatu da apur bat, tartean errieta txiki bat Edu Lartzanguren kazetari eta blogista ex-eibartarrari... (bueno, Jabi Zabalak ere aipatu zuen Tagzania, baina ez informazio okorreko orrietan, Interneteko bere atalaren azken aleetako batean baizik).

Artikulu polita irten da, izenburutik hasita. Pozik egoteko modukoa. Beti okurritzen zaizkizu ñabardura txoroak kazetariaren testuaren gainean egin nahi zenituzkeenak, baina ez du merezi haietan sartzea. Eskerrik asko, Edu!

Argazkian, itxura eta ile nahasiekin ni, beti bezala, eta pantaila-irudi interesgarri bat.

Bilboko zazpi kaleak Tagzanian

Julen Gabiriaren Bilboko puntu batzuen mapa da hau, zazpi kaleen inguruan zoom egina eta zentratua, taberna hau erakusteko, kerik gabeko lokal bat alde zaharrean.

Eduren artikuluak The Economist-en azaldu zena ere aipatzen du. Ekonomia-aldizkari ezagun horren artxiboetan, hemen dago, baina ordaindu egin behar da hara sartzeko. Hala ere, testua hemen dago osorik.

Tagzaniako hamar milagarren puntua

Luistxo Fernandez 2006/02/06 11:34

Eibarko lagun batek kargatu du Tagzaniako 10.000. puntua.

Deskribapen bitxia eman dio, benetan ;-)

Juxtu Errenterian dago, gaur egunean, erresoluzio handiaren eta txikiaren arteko muga bat Googleren satelite irudietan.

Iritsiko dira irudi hobeak hona ere, eta baita errepide mapa eta kaletegi zehatzak. Neguko Joko Olinpikoen harira, Piamonte eskualdean azaldu dira errepide mapa zehatz horiek duela egun gutxi.

Winter Olympic venues 2006

Uda hurbildu ahala, Munduko Futbol Txapelketa dela-eta, Alemaniakoak ere etorriko dira, seguru. Eta susmoa dut, hortik eta hemendik ikusitako batzuk ikusita, Espainia eta Frantziakoak ere izango direla eta, hortaz, Euskal Herrikoak ere bai tartean.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.