Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Ondo igaro gabonak

Luistxo Fernandez 2006/12/22 12:20

Gabon zoriontsuak denoi, eta urte berri on! Ai, gurasoei bihotza biguntzen zaigu garai hauetan, eta hor duzue, nire felizitazioa, nire alaba Liliren kantua duela egun batzuk. Ez da Gabon kanta, ezta ikastolan ikasi duen ezer. Inprobisatu egiten ditu holakoak, normalean hemengo minutua baino askoz luzeagoak kantatuz. Eta beti berdin amaitzen ditu: Eta badakizue nola bukatzen diren nire abestiak, bihotz batekin (nahiz eta kasu honetan esaldi horretako berbaren bat jan duen).

Nire blogean itsatsitako lehen bideoa da hau. Luistxo Telebista inauguratutzat ematen dut honekin. Ez dut lurreko telebista digitalerako lizentziarik eskatuko nire demarkazioan, ze... Nire lurraldea Internet da esparru honetan.

Google Video erabili dut bideoa gordetzeko. Uste dut han kargatuko dudala nire telebista. YouTube baino askoz zerbitzu hobea iruditzen zait, eta, hala ere, merkatua YouTube txikiak janda zion Google-ri, eta arrain handiak txikia erosi 1.300 milioitan orain amaitzera doan urtean. You, zu zeu, edukiz Internet betetzen duzun hori, zara urteko pertsonaia Time-rentzat, baina aldizkariaren erreportaian, YouTubeko sortzaileetan pertsonifikatu dute albistea batik bat...

Izan dadila 2007. urtea ere aurtengoa bezain interesgarri Interneteko kontuetan. Eta izan zaiteztela neure umeei begiratzean aitatxo hau sentitzen den bezain zoriontsu!



Argazkia iazko Gabonetakoa da, baina orain ere, zoragarri daude.

Mezularia: errepaso digitala

Luistxo Fernandez 2006/12/19 11:27
Maite Artola, Euskadi Irratiko Mezularia programako gidaria, asko haserretu ei da nirekin. Sustaturen 5. urteurren ekitaldia dela-eta, zuzenean sartu nintzen jaia hasi baino lehen, 5 bat minutuko elkarrizketan Euskadi Irratian. Galdetutakoak erantzun nituen, eta hala, ekitaldira. Han, nire txanda iritsi zenean, nire presentazioa bota nuen, eta han, ziria zegoen Mezulariaren kontura, egunero egiten duten digitalen errepasoan euskarazko errealitate digitalari muzin egiten zaiola-eta. Ez zen ziri bakarra izan, beste bat ere egon zen, albiste zer den edo zer den ez konfusoa gertatzen baitzaigu eduki digitalarekin dihardugula (eta bigarren ziri honen protagonista entzule zegoen bertan).

Kasualitatea, ni hori esaten ari nintzela, Mezularia berriro itzulia zen ekitaldira, zuzeneko konexioarekin, eta orduantxe gertatzen ari zena uhineratu zen, neure interbentzioaren tarte zehatz bat.

Min eman zion horrek Maite Artolari, eta berde jarri ei ninduen. Hurrengo egunean ere bai, kritika gehiago izan ei ziren. Tira, ez ditut entzun kritikok, baina ez dut uste garrantzi handirik duenik ez Luistxoren edukazio eskasak, ezta Maite Artolaren haserreak.

Neure hitzetan ere, Sustatun bertan lagatako kronikan:
...Egunero egunero, entzule euskaldunari programa horretan eskaintzen zaion digitalen errepasoan Clarín eta Le Figaro agertzen dira. Egunero dute zerbait interesgarria, albiste edo iritzi esanguratsuak, jakingarriak. Euskal blogek, ez Sustatuk, ez beste ezerk ez dute errepaso digitalean sekula aipamenik jasotzen. Clarín, beti interesgarri, Sustatu sekula ere ez..
Kontuaren muina ondo jaso du Xabier Lasak, Berria egunkariko bere irrati-komentarioan. Igandeetan izaten da Uhinetatik tiraka, baina ez dirudi online jartzen dutenik. Hortaz, hona kontuari dagokion ahapaldia hona kopiatua:
Hautsak harrotu ditu Sustatu.com-en bosgarren urteurreneko jaian asteazkenean Luistxo Fernandezek bota zuen harrikadak. EIko Mezularia-ko zuzendari Maite Artolarekin elkarrizketa eduki eta berehala jendaurrean egin zuen diskurtsoan, Luistxok irratsaio hori bera kritikatu zuen; bere esanetan, agerkari digitalen irakurketara iristean Clarín, Le Figaro eta halakoek beti daukate titulu interesgarririk, eta Sustatuk, aldiz, inoiz ez. Asko gabe Artolak Luistxoren hitz  mingarriak antenaratu eta harridura azaldu zuen, elkarrizketan gaia aipatu ere ez ziolako egin; kritikaren mamiari ez zion erantzun nahi izan Artolak, hala ere. Egia esan, ez da lehen aldia Mezularia jomugan jartzen dena. Joxe Arantzabalek bere blogean uztailean egin zuen gogoetak eta jaso zituen erantzunek zera leporatzen zioten, besteak beste: paperezko edizioa duten agerkari digitalei bakarrik jaramon egitea, gertuko pentsamenduaren erreferentzia den euskal blogosfera ezerezean uztea, El Mundo bertakotzat eta Le Monde nazioartekotzat jotzea... Biharamunean, Mikel Irizar solaskideari erantzunez, jasotako kritika aztertzen ari zirela baieztatu zuen Artolak. Pentsatu nahi dugu agerkari digitalen atala osatzeko irizpideak aldatu egingo dituztela goiz edo berandu.
Zuzenean egin zidaten elkarrizketan, galdetu izan balidate... ba botako nuen gerokoa, baina ez zen egokitu galderarik. Adibidez, galdetu balidate zer esan behar nuen ekitaldian, edo nola ikusten nuen hedabide tradizionalen eta blogosferaren harremana... Horrek emango zidan bide Artolari zuzenean aurpegiratzeko errepaso digitalarena. Baina ez zen tokatu.  

Geroko konexioa sorpresa konpletoa izan zen Artolarentzat. Normala. Bat-batean entzunda kritika, mindu egiten da bat. Ni honezkero ez naiz mintzen Clarín entzuten dudanean errepaso famosoan. Hasieran tripako mina ematen zidan. Baina aizkenen, egunero egunero entzunda, barregura ematen dizu. Eta urteurreneko ekitaldiko audientziak barrezka hartu zuen nire ateraldia, noski.

Mezulariak euskarazko digitalen errepaso benetakorik egin izan balu sekula, edo egin izan baliote sekula Mezulariako zuzendariari, akaso enteratuko zen agertu zela kritika neure blogean, Joxe Aranzabalen Faroan, Zabaldu.com-en... Baina ez, errepaso hori ez zegoen eginda. Egingo dute hemendik aurrera? Ez luke horren zaila izan behar Zabaldu.com, Sustatu, Aurki (orango impasse honetatik altxatuko ahal dugu!) eta beste pare bat portada errepasatzea, bistadizo batean, ea zer esaten den... Clarín baino hurbilagoko edukia, duda barik.

Erreferentziara digitalerako:

Wi-fi-aren buztan luzea Arrasateko Kalistroan

Luistxo Fernandez 2006/12/16 19:39
Zorte handia izan zen asteazkenean, Sustaturen 5 urteak ospatzeko ekitaldian, Arrasateko Klaustroa estreinatzea. Duela ia 15 urte, hantxe egin izan nuen nik lan, Arrasate Press-en, eraikin oso zaharkitua zen tokian, eta, orain, oste zahar hura kulturetxe bikain eginda ikustean alde handia nabari dut. Argazki sorta ederra atera dio tokiari nire lankide Zaloa Etxanizek.

Eskerrik asko Arrasateko Udaletik inaugurazioa baino lehen tokia estreinatzen lagundu digutenei, bereziki, Jose Mari Eraña udal antolakuntzako buruari eta Jon Garai kulturaren faktotumari. Zein izen jarri behar ote dioten ofizialki kulturetxeari, ez dakit, baina Joxe Aranzabalek komentatu digu toki hori Kalistroa dela Arrasateko aborigenen dialektoan. Ba ez da izen zatarra!

Wi-fi-aren buztan luzea Arrasateko Kalistroan

Argazkian, hiru kulturgile, Jon Garai Kalistroa betetzeaz arduratuko dena; Iban Arantzabal Elgetako Espaloiaren dekanoa, eta Mikel Iturria , futbol estadioko intelektuala; hau da, Anoeta futbol aretoan kokatua dagoen Ernest Lluch kulturetxeko zuzendaria.

Urteurren ekitaldiaz, kronika utzi dut Sustatun. Ekitaldian hitzaldi bat ingelesez, naturaltasun osoz txertatu zela ere esango nuke. Dena euskaraz, informatika barne, salbu eta Ed Freyfogle. Amerikarraren lankide bat ere izan zen bertan, Javier Etxebeste iruinsemea. Baina argitu dezagun, ez biak bakarrik, Nestoria etxe-bilatzaileko talde osoa izan dela Euskal Herrian egun batzuez, ideiak freskatzen (adibidez, hemen, Sopelako hondartzan).

Kronika osatu nahi dut hemen lankide batzuek hura prestatzen hartu zuten beharlekua aipatzeko. Wi-fi agindu genuen. Eta izan zen... baina nola! Kulturetxeak berak, amaitzen dutenean, izango ei du gaitasun hori, baina aste honetan ez zegoen. Lagun baten etxetik lehenbizi, eta handik ere ezin, baina azkenean asmatu zuten lankideek, pareko egoitza batean (ATECE elkartearena) sarea zegoela konprobatu, baimena eskatu, kable bat luzatu (errepidetik ere bai, taula batzuen artean babesturik kablea) klaustroaraino sartu, eta han router baten bidez uhinetan zabaldu Internet konexioa.

Wi-fi-aren buztan luzea Arrasateko Kalistroan

Hemen argazkian, Iban Arantzabal haribakoaren haria erakusten, wi-fi-aren buztan luzea. Neure bi lankide izan ziren hack zoragarri honen injineruak, Aitzol Naberan eta Nando Quintana.

Portzierto, azkenean pintxoak sobratu! Elena Lakak ez zuen ekarri ohi bezain adinako goserik...

Xuxen euskarazko zuzentzailea Firefox-en

Luistxo Fernandez 2006/12/04 11:43
Jarri Xuxen zuzentzailea Firefox nabigatzailean Luzapena eta instrukzioak hemen: www.sustatu.com/1165228107

Firefox 2.0 behar duzu. Lortu hemen euskarazkoa: www.librezale.org/mozilla/firefox/

Ikusi nola dabilen Gmail-en idaztean adibidez:



Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.