Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Blogak.com aurkeztu da

Luistxo Fernandez 2006/01/31 12:42

Sustatu izan zen lehen euskal webloga, 2001ean sortua. 2003an sortu zen blog pertsonalen bat, baina hauen hazkundea 2004an izan zen, eta Eibar.org honetan sortutako komunitatea mugarri bat izan zen, adibidez. 2005ean jarraitu zuen blog euskaldunen biderkaketak. Eta urte horretan bertan, kezka eta galdera toki batean baino gehiagotan: bloga aitaren batean, di-da, hiru urratsetan eta elkarte baten baimenik gabe sortzeko zeozer behar zela... Blogger euskaldun bat behar zen.

Egia da. Bloga di-da batean sortzeko plataformetan, Blogari.net izan zen lehena iazko azaroan. Baleikek Zumaian urtarrilean irekitako blog komunitatea herri bertako blogentzakoa da, baina tankera bereko sistema automatiko batekin sortzen da bloga. Orain Blogak.com sortu dugu, beste ekimen bat dator plazara, eta ez da azkena izango: sortuko dira gehiago blogosfera euskaldunean.


Blogari.net-en aitzindaritza, gaitasuna eta arrakasta nabarmentzekoak iruditzen zaizkit. Ia 400 blogari bi hilabetean. Bi hilabete barru, Blogari.net-en 600 badira, eta Blogak.com-en 100 (optimismo faltagatik ez dadila izan), guztira 700 izango direla esan nahi izango du horrek. Blog asko test hutsekoak, edo mezu parearen ondoren abandonaturikoak izango dira, baina gauza interesgarriak ere egongo dira tartean. Blogak.com-en espero du ale batzuk nabarmenduko direna: Katixa Agirreren bloga edo Patxi Petrirenarena ezinbesteko harpidetzak iruditzen zaizkit. Eta haiekin, ahots berriak ere bai. Poztu nau Eibartarrak zerrendan ezagututako Josu Mendikute gazteak Blogak.com-en hastea Bidarrixa.

Javier Ortiz eta Mikel Iturria: blog berriak

Luistxo Fernandez 2006/01/24 17:41

Enpresak duela gutxi atera duen softwareak, Bitakorak, lehen erabiltzaileak ditu: gu geu eta gure ingurukoak...

Tagzania guneko albistegia berregin dugu harekin. Mutrikuko Atxukaleko Peio Arreituk eta nire lankide Aitzol Naberanek bertako blog komunitaterako moldatu dute. Eta, gaur, Javier Ortiz kazetariaren gunearen berregituraketan estreinatu dugu gaztelaniaz.

Javierortiz.net bada urte batzuk Ortizek egunero berritzen zuela. HTML estatikoarekin, harpidetza posiblerik gabe, baina zintzo... Orain berregin egin diogu. Blog bat baino gehixeago da, bi blog komunitate edo bloke, bata bere testuekin eta bestea bere lagunen bitakorekin. Horien artean, orain arte elebitan Eibar.org-en jardun duen Mikel Iturriaren blog espainol berria, Pedradas. Mikel Iturria Iturri izan da zubi Eibarko gure enpresatxoaren eta Ortizen artean.

Hots kritiko bat Espainiako prentsaren eta pentsamenduaren panoraman. Horixe da Javier Ortizena.

Bidegi: arau foralak bete ez eta iruzurra erabiltzaileei

Luistxo Fernandez 2006/01/23 09:26

Duela egun batzuk prentsa irakurria, autopista %3.04 igotzen zela... baina, gero, nik sufritutako peripezietan, inola ere ez zen horrela, hortik gora nabarmen zen igoera.

Lagun batzuen beste datu batzuk bildu eta kontua neure erderazko blogean argitaratu ostean, datuekin erantzun zidan nire lagun Enekok. %3.04ko kopuru hori ez da arbitrarioa, baizik eta foru arau baten bidez ezarritakoa, eta apropos gainera, herritarren mesedetan pentsatua, prezioen igoera indizetik behera aukeratutako zenbaki bat da (igoeraren %95): hortaz, autopistaren igoerarekin, urtez urte gure "botere eroslea" handitu egin beharko zen, igoera orokorretatik azpitik doalako...

Baina Enekok, araua aurkitzeaz gain, prezio guztien gonbaraketa ere egin du Excel batekin, aurreko urteko arau forala ere erabiliz.


Hor gainean dituzue igoerak grafikoki, eta Excel orria ere bai hemen.

Inon ere ez %3.04ko maila horretan, hortik gora nabarmen, beti. Bidegik iruzurra egiten du, ez batzuetan, baizik eta ahal duenean, eta monopolio baten kasuan ahal denean esangurak sinonimo argi bat dauka: BETI.

Soziedadeetako giro sanoa

Luistxo Fernandez 2006/01/18 10:16

Tabakoaren legea, eta Gaztelubide soziedadeak Tanboarradara begira hartutako erabakia. Bi kontu elkarloturik aste honetan Irutxuloko Hitza egunkarirako idatzi dudan zutabean.

Soziedadeetako giro sanoa

Atentzioa deitu zidan Donostiako Udaleko ordezkari baten esanak, irratian (andrazko bat zen). Eskerrak ematen Gaztelubideri, jakin bazakitela erabaki zaila izan dela. "Zaila" izan da? botoa eman, bai edo ez, eta baietzak irabazi. Hori zaila eta merituzkoa izan bada, heroismoaren mugak oso oso baju dabiltza Donostia aldean.

Soziedade pribatu batean zentzuzko gauza korrienteak egitea zaila omen da. Ikaragarrizko kemena behar omen da. Ze giro dago txoko horietan, hala izan dadin hori?

Lehengo batean, bazkari bat izan nuen (ez Donostian) soziedade batean senitarteko batzuekin. Baziren hiru familia edo lagunarte handi, eta giroan, halako nobedade definikaitz bat... zer zen hura? kerik ez! esan zidatenez, urtarrilaren 1etik, hautsontziak erretiratu egin dituzte soziedade horretan.

Kontxo, kasu bakanetakoa izango da, pentsatu nuen. Egia esan, ez dakit beste soziedadeetan zertan diharduten, baina toki hura jendez beteta ikustea eta ke lainorik ez nabaritzea benetan berria zen niretzat. Zintzo ikusi nituen erretzaile batzuk, atera irteten gogoak emandakoan.

Jarraitu zuen gero elkarrizketak, eta, tira, irten zen kontua soziedade hori bera auzibideetan zegoela: emakume batek, heredentzia eskubideen bitartez, bazkide bihurtu nahi du, eta orain arteko bazkidetza osoki maskulinoak ez dio uzten. Hedabideetan ere azaldu da kontua, eta epairik ez dago oraindik, baina soziedade hartako bazkide batek galdutzat ematen zuen auzia: emakumeak irabaziko duela, alegia.

Kontu horretaz ari ginela, iritsi zen berriketaldia topiko ezagunera: zertarako nahi du, baina, emakumezkoak soziedadean egon. Ez ote dago, ederki asko, gizonezkoek zerbitzatua mahaian eserita? Azkenean, hori pikutara bidaltzea lortuko dutela, eta ondorioa izango dela, etxean bezala, soziedadean ere sukaldean sartuta egongo direla. Orain dutena dela askatasuna, eta ez hori...

Ni isilik geratu nintzen. Ez neukan ezer esateko gogorik. Atera abiatu nintzen, kanpoan zigarrokin mental batekin apur bat abstraitzera.

Hiper-genealogia, Internet bidez

Luistxo Fernandez 2006/01/05 19:12

Aldizkari bat erosi oporretan, eta ustekabean artikulu eta erreferentzia interesgarri batzuk, gizakien jatorria, nola eta noiz irten ginen Afrikatik, nola populatu zen mundua... Eta proiektu interesgarri baten helbide bat zetorren, Genographic

Euskaldunoi dagokigunez, proiektuko buruetako batek aipatzen gaitu eta proiektuaren mapetako batean ere azaltzen gara.

Basque Country - Cro-Magnon era

Proiektuak alderdi interesgarri bat dauka: test bat ere egiten dizute. Eskatuz gero (ordainduta), etxera bidaltzen dizute utillajea. Harekin, zure DNA puska bat atera eta haiei bidali (CSI-n bezala, ahotik hartuta minik hartu barik) eta analisi batekin, online erakusten dizute zure jatorri genetikoa, mapekin eta abar. Gizonezkoei, aitaz aita egiten da jatorri-analisia, Y kromosomaren analisiari esker, eta emakumezkoen kasuan, amaz ama, beste jatorri bat analisatzen da, mitokondrietako DNA-ri esker.

Ehun bat euro balio du testak, eta eta zortzi astean ematen dizute erantzuna.

Euskal Herrian badago genealogiara afizionaturik, eta akaso baten bat animatuko da 100 euro horiek gastatzera. Adibidez, Peio Arreitu Atxukaleko zopemasterra daukat buruan, a ze nolako zuhaitza eraiki duen. Datuak oso bitxiak dira, Y kromosoma ez da aita eta amaren artean nahasten... Y gizonezkoena da bakarrik, eta aitaz aita transmititzen da, aldaketarik gabe, ez bada mutazioak daudela. Hortaz, X kromosoma bakoitzaren barietatea ikaragarria da pertsona desberdinen artean (bir-konbinatu egiten da bere osaketa guraso bien artean ernaltze bakoitzarekin), baina gizonezko denok dugu Y berdina, salbu eta mutazioak. Eta horra koxka, mutazio berdin bat badugu Patxik eta biok, horrek esan nahi du aitaitaitaita bat konpartitzen dugula.

Funtsean, mutazioen kontu honen esker hiperraitona bat bakarra dugu gizonezko guztiok, duela 100.000 urteko tipo bat edo. Eta, euskaldunoi dagokionez, Ruslan izen klabearekin izendatu izan duten birraitona bat daukate %80ak... geografiak eta historiak nonbait Asia mendebaldean kokatzen duten tipo bat.

Ruslan ez da hipotesi bat: benetan esistitu zen pertsona bat da, Y kromosoman euskaldunen %80ak duten mutazio hori, duda izpirik gabe, pertsona bat eta bakarraren ADN-an gertatu zen... Enfin, kontua liburu batekin ere estudiatzen dihardut, ze bibliografia ere bazekarren artikuluak. KMK-tik Donostian hartu dudan, "Senderos del Edén,":http://tinyurl.com/9ajja Stephen Oppenheimerrena...

Dibulgazioa Naberonatonasunari edo Naberanismoari aurre egiteko

Luistxo Fernandez 2006/01/03 15:29

Ricardo Gomez filologoaren blogean sortutako polemika batean, Iban Zaldua ikusi dut iruzkin interesgarria egiten.

Gomez, eta bere laguna Joseba Lakarra, filologo serioak dira, eta argumentu onekin ezetatzen dituzte Josu Naberan bezalakoen pseudotesi absurdoak eta negar- edo barregarriak. Baina, hara, Berrian eta Garan, behin eta berriro azaltzen da Naberan, eta harenak ameskeriak direla dioenik ez da azaltzen.

Ibanek zera esaten die Gomez eta Lakarrari: dibulgazio popularragoa behar duela euskarazko filologia serioak, Naberanismoak (edo Naberanotasunak) prentsan duen presentzia merezigabea kontrarrestatzeko. Baina arrazoi du halaber Ricardok dioenean dibulgazioa ondo egin behar dela, eta berak bere burua ez badu horrela idazteko gai ikusten, sinetsiko diogu.

Ai, luma finen bat ausartuko balitz... Uste dut Joseba Jaka beka lehiaketari beste jardun bat tokatzen zaiola 2006an, eta saiakera alorrean, benetan, inork halakoren bat aurkeztuko balu, Lakarra eta Gomez eta besteen ezagutza batu, eta modu eraginkor eta dibulgatibo batean idatzi, besteen lelokeriak salatzearekin batera... Lehen lana, norbait horrekin ausartzea, eta bigarrena, Joseba Jaka bekako epaimahaiak hori baloratzea.

Enfin, nor ausartuko hori idaztera? Zalduak unibertsitatean akaso ezagutzen du luma gazterik, halako saiakera baterako doain eta gogoa izan dezakeenik. Eta Jaka beketako epamahaia independientea eta beregaina izango da jakina, baina, tira, Elkarlanean Fundaziotik edo zirrikitu batetik sujerentzia egingo balie baten batek...

Entsegu dibulgatibo horren premia dugula uste dut.

A-8ko lapurrak

Luistxo Fernandez 2006/01/03 15:20

Gaur egunkari baten dator, Gipuzkoako bi autopistetan %3.04 igo dela bidesaria.

Gezurra. Donostiatik Eibarrera 3.60tik 3.75 eurotara igaro da. Regla-de-tres behintzat ikasi genuen ikastolan, eta hori %4.16666 da, IPC-aren igoeratik gora.

Atzo konprobatu nuen hori. Gaur, banentorren eta Zarautzen, detektagailu automatikoak ezer detektatu ez, beste hainbatetan bezala. Jaiki naiz, barrera bultzatu aurrerutz, eta aurrera, piiiiii jo duen bitartean. Beste batzuetan tiketa hartu eta bota egin izan dut, beste barik, baina gaur barrera libratzearena egin dut lehenbizikoz.

Gero, Eibarren, banetorren beste batzuetako plantak egiteko asmoarekin. Pasatu detektagailu automatikotik, eta nola sarrerako seinalerik ez duen aurkitu, ba atzera egin behar, eta eskuzko ordainlekutik pasatu behar. Holakoetan esaten dut Elgoibartik natorrela. Baina gaur, konturatu orduko, atzean beste kotxe bat. Hari ere atzera eragin behar? Enfin, jaiki, berriro barrera aurrerutz, eta ze demontre. Bidelan-Bidegiko (bai webgune profesional eta bikaina!) bi langile zeuden, eta batak besteari orruka, orduan, COGELE LA MATRICULA!, COGELE LA MATRICULA! lapur arriskutsuari bezala...

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.