Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Alferreko disko gogorra

Luistxo Fernandez 2005/09/28 11:47

Egun hauetan albsite da kontu hau, Europan ziber-tekno-kontrol poliziala handituko dutela, gure komunikazioak bijilatuko dituztela are gehiago... Gaiaren inguruan artikulua eskatu didate Administrazioa Euskaraz aldizkaritik eta jarraian doana idatzi diet. Alferreko disko gogorra

Londresko azken atentatuen ondoren, kontrol teknologikorako neurri berriak ezarriko ote dizkiguten... Europako Batasunaren biltzar batean serioski proposatu zen honako hau: gure ahots eta testu komunikazio guztiak (sms, e-posta, deiak) sei hilabetez gorde beharko dituztela telekomunikazio konpainiek, polizien peskisetan laguntzeko. Disparate bat da. Teknikoki, konpainia bakoitzak disko-gogorrean bakarrik gastatu beharko lukeena kontuan hartuta... Eta, sei hilabeteren buruan, zer? ezabatu? Akaso atentatu bat gertatzen bada, duela 5 hilabeteko komunikazio bat froga esanguratsua izan liteke, baina duela 7 hilabetekoa ez? Sei hilabeteren buruan, kopia egin beharko da norabait, poliziaren disko gogor are potoloago batzuetara.

Eta gero, dena pilatu eta pilatu ondoren... zer? Google baino azkarragoak diren zer bilatzailerekin zer demonio pentsatzen dute aurkitzea terabite horietan? Arabieraz Europan egiten diren testu komunikazio guztiak transkribatu eta analizatu behar dituzte? Sei hilabetean Europan arabieraz hitz egin dena analisatzen bakarrik, sei hilabete ez, sei urte beharko dituzte. Eta, hori, terroristak arabieraz mintzatzen badira, ze ingelesez egiten badute, ez, sei urte, 60 beharko dira komunikazio kopurua askoz handiagoa izango delako. Gainera, ze berba klaberekin mintzaten dira telefonoz terroristak? "aizu, prest dauzkat dinamita eta torlojuak, 7an metroa lehertzeko". Ez ote dute esango, "tira, geratuko gara film hori ikusteko?".

Hiper-segurtasunak zaintza teknologikoan jartzen baditu bere esperantzak, jai dauka. Suizidak Europara ekartzeko lana arazo logistikoa besterik ez da jihadistentzat: boluntarioak dozenaka dituzte Iraken. Jende hori eta leherkari apur bat Europara ekartzea da kontua. Sei hilabeteko super-disko gogorrarekin nekez egingo dute horren kontra.

Eta herritarrok, zer? Beldurrak janda egon behar ote dugu zaintza horrek intimitatea eta askatasuna kenduko digulakoan? Nire SMS-ak disko gogor polizial batean egongo dira. Eta zer? Nire kasu pertsonalean ez dut uste. Baina herri honetan ardura politikoa dutenek, horiek bai, badute zertaz kezkatu (Eusko Jaurlaritzaz ari naiz, normalizazioa lortzea benetan lehentasun baldin badu). Espioitza gaur egunean gertatzen ari da, ez dago lege edo software bereziaren beharrik Euskal Herrian espioitza politikoa gertatzeko: adibidez, LAB sindikatuaren jarduna guztiz behatua dago, Audientzia Nazionalean daude frogak. Han dago koxka, ez teknologian.

Apatity

Luistxo Fernandez 2005/09/22 23:04

Atzo berria ekarri zigun Peruk ikastolatik. Astelehenean ikaskide berria izango dutela, eta errusieraz besterik ez daki mutilak. "Iban" du izena, Ivan izango da. Errusiarra omen, baina ez Errusiakoa, esan zigun Peruk. Nongoa? zerrenda osoa bota nion, ea gogoratzen zuen izena: Ukraina, Bielorrusia, Azerbaijan... Ez. Tira ba, gaurko Ivanen herrialdearen izenarekin etortzeko.

Etorri da Peru eta esan diogu. Badakizu herria? "Bai, APATITI".

Apatiti? Apatiti!

Begiratu dugu, eta hor dago. Apatiti. Mapetan eta erreferentzia gehienetan Apatity aurkituko duzu. Euskaraz transliteratua Apatiti izango da. Gure atlasetan dokumentatu gara, Britannican aurkitu, Tagzanian markatu. Hau da Apatity. Gertutik ikusita, jaguarraren azala dirudi, edo maien idazkera, edo kuneiformea...

apatity1

Urrutiagotik, ikusten dugu non dago. Iparraldean, oso iparraldean. Apatity zirkulo polar artikotik haratago dago, Kola penintsulan, Errusian.

apatity3

Garai batean sami edo laponiarrak ziren han, orain gutxiengo urri bat besterik ez, kolono errusiarren artean, Kareliaren patu bera. Kolonoen hiria da Apatity, 1966an sortua (ni jaio nintzen urtean!) eta 70.000 biztanlerekin Kola penintsulako bigarrena. Apatito minerala dago inguruan (euskaraz omen apatitoa, gaztelaniaz apatita, eta ingelesez apatite), eta haren ustiaketarako sortu zen hau. Irudikatzen dut Kola penintsulako hiri guztiak halakoak direla: meatzarienak, muga-mugakoak; jendea kolono zailduak edo Murmansk-eko portuko marinel eta militarrak...

Distantzia ertain batetik, Imandra / Avvir (samieraz) lakua ikusten da Apatity ondoan, eta mendi koloredun batzuk. Hori ote apatitoa?

apatity2

Ez dakit askoz gehiago herri hartaz. Gauza bat bakarrik. Gaur, edo bart gauez, dela edo izango zela ekinozioa, udazkenean sartzen garen unean. Eta oraintxe dela, udaberriko ekinozioaz gain, Apatityk eta Euskal Herriak bat egiten duten unea: bi tokietan, eta mundu osoan, gauak eta egunak luzera bera dute, 12 ordukoa, eta mundu osoan sinkronizatua. Atzo, egunak luzeagoak ziren Apatityn hemen baino, bihardanik, gauak luzeago izango dira han, abenduan iluntasun osoan sartuko diren arte (ekainean 24 ordutako argia zuten bezalaxe). Munduaren biribiltasunaren eta errotazio ardatzaren desbiazioaren ondorioa: latitude eta longitude kontua, azken batean, Tagzania bezala.

Ekinozioak batu ditu Apatity eta Donostia, elkartu ditu Peru eta Ivan. Ongi etorri, Ivan eta familia. Apatityko lehen euskalduna izango zara.

Euskaldunak eta .cat domeinua

Luistxo Fernandez 2005/09/19 11:44

Katalanek .cat domeinua lortu dute. Zorionak. Haiek diote .cat domeinuarena ez dela territoriala, baizik eta kulturala. Lorpen nazionalista bat bada behintzat, baina, ni, sarean, inon baino internazionalago eta internazionalistago sentitzen naiz, euskaraz egiten dudanean batez ere.

Lorpen abertzale honen baliagarritasunaz nire zalantzak ditut. Eibarnauten elkartekook, Eibar.org eta Aurki.com domeinuen jabe garelarik, aldatuko genuke Eibar.eus eta Aurki.eus-era? Nik ezezko botoa emango dut, bozketa iristen den unean.

Horrez gain, beste kontu bat dago. Zein kapazak diren katalanak gauzak mugitzeko eta Interneten eragiteko, eta zein ezgauza, beharbada, euskaldunak. Ni ere pesimista samarra naiz geure gaitasunaren kontu honetan.

Baina noski, inork bidea jorratu nahiko balu, txalotzekoa litzateke, eta positiboa, oro har, euskal internautismoarentzat. Alde horretatik, uste dut biderik praktikoena izan zitekeela duela egun batzuetako Berria-ko inkesta batean ikusi nuena: Mendebaldeko Saharak duen .eh domeinu aktibatu gabea, aktibatzen lagundu haiei, Tindufeko agintaritzari, eta haren kudeaketa eroan Euskal Herritik, RASD erakundeari komeni dakizkiokeen domeinuak esleituz, eta gainerakoan, besteak salduz.

Hizkuntza pilulak

Luistxo Fernandez 2005/09/16 18:01

Flash-ean osoki egindako webgune eleanitz bat. Nola aukeratzen da hizkuntza? Ba esnekao poto horren gainetik igaroz gero, pilula batzuek salto egiten dute, eta horietako bat harrapatzea da koxka. Ikurrinean klikatzea lortu dut, baina hortik aurrera hau zer demontre den jakitea, ez da erraza izan.

Espainiaren justizia koloniala

Luistxo Fernandez 2005/09/11 07:40

Juan Joxe Petrikorena, Joseba Zinkunegi eta Peio Galvezi 300 kiloeuroko bermea, kartzelan ez sartzeko, eta egunero birritan komisaldegira, bizi direla frogatzeko. Gero, lehenengo egunean nonbait orduz kanpo azaldu, eta larunbateko bisitarako, kartzelaratzeko agindua. Soto del Real-eko kartzelan dago Joseba Zinkunegi eibartarra gaur.

Zer da hau? Otegirekin ere gertatu zen, ETA eta Batasuna bat dira, eta Batasunakoa izatea, integración en banda armada. Frogatzea inoiz baino errazago daukate. Batasunarentzat lan egin dute, haren izenean agertu dira publikoki... Eta hala bada, ETAkoak badira hauek, ETAko bat fidantzapean libre noiztik eta nolatan?

Espainiako (in)justiziak tankera berezia dauka. Nik ez dut uste, Euskal Herriak Espainiarekiko duen subordinazioak kolonia izena merezi duenik. Ez dut uste hori denik kasua, baina justizia sistema honena bai da koloniala. Mentalitate eta zapaltze-asmo guztiz koloniala da. Metropolitik nagusitasun zibilizatu batetik agintzen dute haiek. Eta hemen, hau Espainia da, eta gu espainolak, dekretatu dutenez, baina ez espainolak han daudenak bezala, beste era bateko subditoak baizik, eta eskaintzen zaigun justiza ez da herritar zibilizatu bati dagokion eskubide aitormen bat, bazterreko indigena errebeldeari dagokion etsenplu-emate zorrotza baizik.

Eta justizia kolonial hori, administratzea tokatzen zaiola hemen Eusko Jaurlaritzari... ze tristea.

Splogak

Luistxo Fernandez 2005/09/06 16:54

Splog = spam + blog. Zabor publizitarioaren azkenengo adierazpenaren inguruko artikulua gaur Sustatun.

Neuk ere konprobatu dut, Tagzaniaren jarraipena egiten Technoratin, emaitzak kutsatzera datozela splog asko.

Beste plaga bat. Gaindituko dugula uste dut.

Anoeta

Luistxo Fernandez 2005/09/05 07:56

Urte politikoa hasi da. Eusko Jaurlaritzak Donostian abuztu amaieran egiten duen bilera horrekin hasten omen da. Eta hemen dugu, beste urte politiko aspergarri bat. Eta irailean baita ere, Eusko Legebiltzarrean politika orokorreko plenoa, gauzak konpondu barik uzteko.

(Donostiako Anoeta auzoaren izena aitzakia hartuta, Irutxuloko Hitza egunkarirako idatzi dudan azken zutabea)

Azkenengo urte politiko hauetan, iraileko pleno horretan, Ibarretxe Plana izan da kontua. 2002an iragarri zuen Juan Josek plan bat zuela. Urtebetez, hura lantzeari ekingo ziotela, eta 2003rako, hara, zeozer aurkeztu zuen, harekin Estatutu Politiko Berri baterako oinarria finkatuko zela, eta beste urtebeteko prozesua, estatutu haren bila. 2004an, bada, irailean oraindik amaitu barik, baina aurreraxeago, urtea ixtearekin, onartu zen Estatutu Politiko hura, Ibarretxe plana, txiripazko bozketa batekin Eusko Legebiltzarrean.

Hiru urte harekin bueltaka, eta orain, ez Ibarretxe planik, ez Estatutu berririk: Ibarretxek berak beste dokumentu bat aipatu zuen Miramarko Donostiako bere agerraldian: Anoetako adierazpena. Horrek ere laster egingo du urtebete. Eta bitxia da, gero, Legebiltzarrak gehiengo osoz onartutako Plana baino biziago dago orain: edo esperantza gehiago pizten ditu, edo etorkizunerako bide hobea da... ze Estatutu Berriarena, edo Planarena; hura akabo, nonbait. Batasunarentzat bada garaipen bat...

Baina garaitza arkurik jasotzeko garaia ere ez da. Ibarretxe Planarekin bueltan hiru urte ibili garen moduan, ez ote gara Anoetakoarekin beste hiru urte ibiliko? Laster beteko da lehen urtea. Arantzazuko egutegitik orriak erortzen dira, eta hor gaude. Azkenean arrasto hutsal bat besterik utziko duen ezer ez bada izango, hiru urte igaro baino lehen deskubrituko ahal da! Proposamen fetitxe bakoitzak impassea hiru urtez luzatzen laguntzeko balio ez ote duen beldurra dut.

Geografia politiko lau eta grisa da gurea benetan. Anoeta ote da paisaia aspergarri hori zartatuko duen lurrazpiko faila sismikoaren izena? Eta hala bada, noiz mugituko da, zer behar da mugitzeko?

Geokokatuta nago

Luistxo Fernandez 2005/09/05 07:53

Orain blog hau geokokatua dago. Bere HTML kodean, GeoURL webguneko ICBM konbentzioa jarraituz, Ingelesen Hilerriaren kokapen geografikoa adierazten da latitude eta longitude zehatzean.

 don255b.jpg

Blogak geokokatzen edo geolokalizatzen dihardute beste batzuek hortik ere, eta hor dago Esloveniako blogisten adibide hau. Guk berdin egin beharko genuke? Ez dut uste. Ez diot zentzu askorik ikusten bloga geolokalizatzeari... Blogista bat beti dago toki berean? Ala artikulu bakoitzak aipatzen duen gaia geolokalizatu beharko litzateke? eta artikulu batean leku desberdinak aipatuz gero, ez genuke puntu bakoitza kokatu behar, zorrotz jarrita?

Blog geolokalizatuak baino, nahiago dut beste adibide hau, Rayuela fotobloga. Julio Cortazarren eleberri paristarra, blog batean, irudiekin eta kokapenekin ilustratua; kokapenak, zehazki, Tagzania bidez. Hori da benetako blog-kokapena. Baina tira, GeoURL konbentzioarekin kokatutako blogak Tagzanian kargatzeko GeoURL bookmarklet berezia sortu dugu, eta, bestetik, Ingelesen Hilerria, azken batean, benetako lekua da eta bueno, neurea ere geokokatu dut.

Goiburuko irudia ere berritu dut, bide batez. Diseinu zatarrak berdin jarraitzen du: gustatu egiten zait, honezkero.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.