Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Nire atlasa

Luistxo Fernandez 2005/07/28 18:19

Jardun osoko nire lehenengo lanbidean, nire lehenengo soldata irabazi nuenean, zerbait erostera joan nintzen, kapritxo bat betetzera. Bilboko liburutegi batean Encyclopaedia Britannica-ren atlasa erosi nuen. 13.000 pezeta izan ziren, gogoan dut.

1988an erosi nuen, eta orduko edizioa da, 1988koa beraz. Herrialde asko ez daude mapan. Jugoslavia, Soviet Batasuna... gaur esistitzen ez diren estatuak. Leningrad, Sverdlovsk... gaur esistitzen ez diren hiriak (izen horrekin ez behintzat). Hala ere, detailean eta kalitatean, ikaragarrizko atlasa da.

Txikitatik pasioa izan dira mapak niretzat. Mapak eta lekuak, toki izenak, toponimia. Afizio zoro samar bat. Internetera dedikatzen naiz gaur egunean, lana dut software enpresa batean, baina sareko mundu honetan eman nituen lehen urratsak zorakeria bati entregatu nizkion: makina bat ordu sartu nituen Geonative izeneko gauza batean.

Hizkuntza gutxituak mapetan! horixe zuen lema proiektu hark: Donostia ager dadila mapetan, Atharratze, Naoned, Solzh-gala, eta ez diglosiaren inposizioa: San Sebastián, Tardets, Nantes, Grozni. 2000. urtetik ez dut berritu orri hura, baina oraindik beste inon ez dagoen informazio erreibindikatibo apur bat hantxe aurki daiteke Interneten.

Geonativeren ondoren, lanaren zurrunbiloan sartu nintzen eta afizio nuen toponimia internautiko hura albo batera utzi nuen. Zorionez, ez dut galdu ez mapentzako afizioa, ezta haiekin kontaktua lanean. Euskal Herrian Interneteko kartografian lanean diharduten talderik onenarekin lan egiteko zortea izan dut, bezero izan ditugulako lan batzuetan, Donostian, Diputazioko bulego batzuetan, lanean diharduten b5m proiektuko jendea: Jose Mari, Victor eta Mikelo batik bat. Gipuzkoako helbideak, etxeak, kale eta baserriak web bidez aurkitzeko eta airez ikusteko (Gipuzkoa oso-osoa argazkitan dute, detaile ikaragarrian) jende honek egin duena ez du ia inork ezagutzen, eta benetan uste dut dela eredu bat: herri administrazioen alorrean teknologia eta herri-baliabideak bikain erabili daitezkeelako adibide aparta.

Eta orain, ba... beste mapa proiektu batean sartu naiz. Tagzania du izena. Euskal Herritik mundura. Ideia sinple baina indartsu batekin: nork bere atlas propioa sortu, eta besteekin partekatu. Eta halaxe dut gaur, pantailan, Tagzania.com, eta pantaila ondoan, nire atlas zaharra, Britannicarena...

Tagzania: mundua helburu

Luistxo Fernandez 2005/07/20 09:49

Duela bi aste atera genuena (Sanferminak GoogleMaps-en) ondo joan da. Saio on bat izan da.

Orain beste inbento bat CodeSyntax-ek bultzatua, anbizio gehiagokoa, Tagzania. Anbizio handikoa. Mundu mailako irismena, teorikoki.

Folksonomia kontzeptua, del.icio.us-ek web erreferentziekin eta Flickr-ek irudiekin horren ondo biribildu duena, eta software soziala mapak egiteko, geografian aplikatua. Ikusiko dugu zer ematen duen.

Blog faltsuaren fartsa publikoa

Luistxo Fernandez 2005/07/19 16:28

Eibar.org-eko blogetan mezu olde bat jasotzen hasi gara. Ia-ia spama, agian ia barik. Eibarrera etorri berria den blogista argentinar batek lotura eskatzen duela... Gezurra da, baina ez dute abisatzen inon zer den benetan: laster emitituko duten telesail baten marketing kanpaina, Mi querido Klikowsky.

EITBren serie bat izango da, Eibarren kokatua fikzioan, eta hura promozionatzeko, ba hori, engainuzko marketina eta espam-erantzunak alde guztietan.

Zilegi ote da komunikabide batera gezurrezko fax bat bidaltzea, promozio baten barruan, Argentinako ez dakit nor datorrela Donostiara... edo Teleberri batean, demagun etorkinen inguruko informazio bat ilustratzen, Eibarrera datorren Klikowsky baten berbak sartzea? ezer abisatu barik?

Ba EITBk eta Globomedia produktorak (Emilio Aragon) uste dabe hori zilegi dela Interneten.

Info gehiago Sustatun

Portzierto, erraza da engainuaz jabetzea. Klikowsky bilatzea Googlen nahikoa. Bilaketa berak argitzen digu izena bera ere faltsua dela, ez dagoela munduan inon izen horrekin. Varsavsky argentinoa bazen, Klikowsky ere bai, pentsatuko zuen gidolari bati. Haren andregaiari Klikarrieta jarri ez diotenean...

Sanferminak satelitetik ikusiak

Luistxo Fernandez 2005/07/07 18:09

Google-k atetxo bat zabaldu zuen duela 10 egun. API bat, jerga informatikoan. Eta munduak zukua ateratzeari ekin dio, Googlek mapetan dituen datu eta aplikazioen indarrari, nork bere datu sorta eta irudimen propioa gehitzen dizkio, eta emaitza, bi gauzen konbinazioa, ikaragarri indartsua da.

Batek, adibidez, Londresko mapa egin du gaur Googlerekin

Guk ere nahi dugu, ahal dugu. CodeSyntax-ek Sanferminak mapeatu ditu satelite bidez.

Informazio gehiago

Internet idazketaren etsaia ote?

Luistxo Fernandez 2005/07/06 11:24

DV-n irakurria atzo. Joan Mari Irigioienek Komunista.com liburuagatik sari bat jaso du, eta artikulua horren inguruan. Besteak beste hau esan zuen atzo Irigoienek:

Lo mío es escribir, pero tenemos grandes enemigos como Internet o las nuevas tecnologías, que sin duda, afectan a nuestro campo. Pero seguiré ahí, escribiendo a diario.

DVtik jasoak dira berbak. Zehaztasunaren gainean ezin dut asko ezan, kontestu barik gaizki ulertzeak oso posible dira. Akaso euskaraz esango zuen, baina Berria edo Eitb24.com-eko euskarazko erreseinetan ez dut Irigoienen berba hauen aipurik aurkitu.

Baina bueno, aipua bere horretan harturik...

Internet noren edo zeren etsaitzat ote duen Irigoienek galdetzen diot buruari. Idazleen etsai? Liburu salmentaren etsai? Euskal Idazleen Elkartearen etsai? Igual bai. Baina gauza baten etsai Internet ez dena seguru seguru: idazkuntzaren etsai, idaztearen etsai. Internet erabiltzaileok, multzoan hartuta eta banaka hartuta, gehiago idazten dugu, askoz gehiago gainera, Internet erabiltzen dugunetik. E-postaz batez ere eta, gutxi batzuek (baino gero eta gehiago gara), blogen bitartez ere bai.

Irigoienek Internet baino lehenago ere idazten zuen egunero. Duda barik. Eta orain asmo horri eusten dio. Nola ez. Baina zenbat lagun dago orain egunero idazten duena, lehen ezer idazten ez zuena...

Orain, idazten dugun horretan literaturarik badagoen, beste kontu bat. Nik idazkera oso elektroniko batzuk asko apreziatzen ditut. Errejistro berria dira, eta edukiz eta estiloz asko atsegin zaizkit. Adibidez, Leire Narbaizaren metralleta-mail mezuak, edo Ander Arroitaren lantzian behineko ironia eta grafia partikularra. Eta blogetan, Telezaborra, gizarte kontenporaneoaren erretratatzaile majistrala.

Akaso gai bat izan daiteke, zer idazten den eta nola, antolatu dituzten jardunaldi batzuetarako: Euskara estandarra eta espezialitate hizkerak Ze hizkera gisa darabilgun Interneten... Urte batzuk barru, tesiak ere idatziko dira, baina horrelako azterlan barik ere, uste dut aurtengo udazkenean Irigoien desmentitzeko aukera bat izan daitekeela. Ea inor animatzen den komunikazio bat aurkeztera.

Bi milagarrenean

Luistxo Fernandez 2005/07/05 12:49

Bi mila karaktere, Argia aldizkaritik eskatuta, euren 2000. alea dela-eta biltzen ari diren eduki berezietarako. Izenburu hau eman diot neureari: Bi milagarrenean. Pulp taldearen Disco 2000 kantuarekin entzuteko (kantua dexente hobea, irten zaidan artikulua baino). Bi milagarrenean

60koetan jaio ginenok uste genuen 2000. urtea magikoa izango zela. Etorkizunean bideotelefonoz komunikatuko gara, auto hegalarietan ibiliko, eta janaria prestatuko du etxe automatikoak pilula bat di-da batean oilasko bihurtuta... Amets teknologiko horiek ez ziren gauzatu: 2000. urtea arrunt samarra izan zen. Baina egiazko bihurtu ez ziren gailuen ordez, beste tresna harrigarriago batzuk ditugu eskura orain: ordenagailu sarearen indarra ikaragarria da, eta irudirik gabe ere, telefonoa aldean eroatea ere ez da gutxi.

Uste genuen Euskadiko selekzioa ikusiko genuela olinpiadetan. Independentzia, ordurako egina behar zuen... Horrez gainera, agintaritza abertzale batek gauza asko konponduko zizkigun, baina konturatu gara administrazioarentzako proiektu estrategikoak beti beste batzuk direla, besteenak.

Irudikatzen genuen 2000. urteko urtarrilaren 1ari diskoteka galaktiko batean emango geniola ongietorria, neska are galaktikoago baten ondoan, eta, azkenean, seme-alabez kargatuta mahaspasekin ospatu genuen; gabon-kanta tradizionalen doinuan.

Pentsatzen genuen Zeruko Argia gauza anakronikoa bihurtuko zela, eta erdizka bete da pronostiko hori: zerukoaren aldetik, apaiztegiak hutsik daude, elizako funtzionarioak jubilatuak dira, eta elizako hierarkiak hemeroteka polemikekin betetzeko besterik ez du balio gaur egunean. Baina Argia, ez, Argia gaztetuta dago. Bizi eta adi, munduaren jira-birari.

Sinetsita geunden, geroak zoriona ekarriko zigula. Horixe du, baina, etorkizunak: etimologia zehatz-zehatza. Beti dago etorkizun. Baina hemen gaude, eta ez da gutxi.

Ez dugu prospektiba egiten asmatu, baina are gutxiago asmatu zuen Unamunok, ehun urte lehenago, 20. menderako euskararen heriotza aurreikusi eta aldarrikatu zuenean. Ez ba, hemen gaude gu, eta Unamunok, ordea, ez du libururik saltzen, ez bada eskolaren batean agintzen dutela. Eta ez dauka blogik: ez du inork irakurtzen. Inkulturaren seinale izango da, agian. Sign of the times. A! honetan asmatu genuen, denok ingelesez egiten amaituko genuela.

Marmotaren Eguna

Luistxo Fernandez 2005/07/01 12:39

Irakurri nion lagun euskaldunberri bati, Goenkale zera berarentzat Marmotaren Eguna. Sail horrekin hasi zen euskaltegira joaten, eta, nola edo hala, bere euskaltasunaren esperientzia telesaileko pertsonaia eta trama topiko eta errepikakorrekin lotzen du berak.

Marmotaren Eguna da Punxsutawney herrian, Pennsylvanian, ospatzen duten txorakeria handi bat. Negu amaieran, azken asteak lozorroan eman dituen marmota bat ateratzen dute bere zulotik, eta segun marmotak zer egiten duen, horrek markatzen du hurrengo hilabeteetarako eguraldi pronostikoa.

Horrez gain, Marmotaren Eguna film bat da. Bill Murray zoragarri zegoen Andie McDowellekin, gidoi soil baina bihurri batean kateatuta: eguraldi gizona zen, Punxsutawneyra bidalia telebistan marmotaren berri emateko, eta, fantasia sartzen da hemen, Bill gaixoa preso geratzen da behin eta berriro egun berbera bizitzen. Egunero esnatzen da Punxsutawney herrian, egunero da Marmotaren Egun aspergarria, ez dago biharko egunik, biharamanuna beti da gaurko errutina beraren errepikapena. Izena biribila zuen filmak, Marmotaren Eguna ingelesez, baina Hegoaldean eman zitzaion itzulpen estupidoak magia kendu zion (Atrapado en el tiempo).

Goenkale ote da euskaldunon Marmotaren Eguna? Nik, egia esan, filmean bezala, eguraldi gizona ikusten dut protagonista. Andoni Aizpuru, egun errepikakor batean kondenatuta emanaldia eskaintzera: beti da tenporak azaltzeko eguna ETB1en. Andoni beti dago Arantzazun, beti dago marmotarekin, barkatu, Pello Zabalarekin, tenporen zientifikotasuna edo balio etnografikoa edo nik zer dakit baloratzen...

Ba ote munduan, Punxsutawney, Pennsylvania, salbu, eguraldi pronostikoari hedabide publikoetan garrantzia gehiago ematen ote dien herririk? Eta ez bakarrik telebistan, orain Interneten ere, Euskalmet.net gora eta behera... Ez dago hori baino zerbitzu telematiko famatuagorik Euskal Herrian. Web horretan gastatu diren diru publikoak euskarazko Interneteko edukien hedapenarekin alderatuko bagenitu... Marmotaren Eguna baino okerragoa da hori. Lo dagoen marmota da komunikazio publikoaren politika instituzionala, orain eta hemen. Punxsutawney herrian behintzat esnatu egin dela da notizia...

Irutxuloko Hitza egunkarirako idatzi dut zutabe hau. Ez du Donostiarekin zerikusirik.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.