Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Coreblog euskaratua, berrikuntza nabarmenekin

Luistxo Fernandez 2005/04/27 12:33

Joan den ostiralean aurkeztu zuen nire lankide Mikel Larreategik Coreblog euskaratuaren bertsio berria. IEB 2005 Biltzarrean izan zen eta sarean dago aurkezpena

Coreblog euskaratu honen beste bertsio batzuk ere kaleratu izan ditugu lehenago, eta Eibar.org-eko blog hauetan ikus daitezke garapen haien adibideak.

Baina bertsio berriak berriak ezaugarri interesgarriak ditu. Bereziki hau:

  • Kudeaketa eta edizio interfazeak ZMItik atera ditugu.

Edizio interfazea, blogari arruntarentzat, aterata dago guztiz ZMI-tik. Ez Zope ez gauza arrarorik: euskarazko kudeaketa orriak ditu erabiltzaileak eskura. Aldamenean duzue irudi bat ideia bat izan dezazuen.

Halaxe darabilte une honetan Goiena.net-eko blog komunitatean diharduten blogariek, Zope interfazearen arrastorik ikusi gabe.

Blog dotoreak ari dira sortzen tresna berriarekin, hala nola Zinema , Joxe Aranzabalen Faroa edo Goio Aranaren Superbai

Garapenaren beste ezaugarri batzuk:

  • Data editagarria da. Sarrera baten data alda daiteke nahi erara edozein unetan.
  • Irudi gehikuntza eta kudeaketa: mezuetan integratuta geratzen dira irudiak. Aukera hau, Jeff Hicks, Brady Davis eta Blogplot-eko lagunek garatu zuten eta geurean aprobetxatu dugu.
  • Trackback eta erantzunen kontrola kudeaketa interfazean integraturik.
  • Mikro-CMS bat, edukia kudeatzeko sistema bat, eduki finkoak izateko, eta fitxategi eta irudiak kargatzeko.
  • CSS bidez ukitzen da diseinu osoa, eta erabiltzaileak zuzenean edita dezake.

Dena euskaratua. Espainolezko eta ingelesezko bertsioak prest, eta beste gizkuntza batzuetan lokalizatzeko aukera irekita.

Demo bat hemen eta produktua jaisteko eta instalatzeko, hemen gehiago

Mugarri torrealdaikoak

Luistxo Fernandez 2005/04/26 13:32

Duela egun batzuk, mahainguru batera gonbidatu ninduten. Euskal Blogosfera Gaur. Gero, jakina, blogean komentatu nuen bertan entzundakoak, eta mahainguruari torrealdaikoa iritzi nion. Jakina, izenburu horrekin...

Norbaiti grazia egin zion. Grazia du-eta. Torrealdaikoa. Izenlagun larri eta serioa ematen du. Teknoarkaikoaren eta uralo-altaikoaren artean, hor behar du, nonbait, torrealdaikoak.

80ko hamarkadan, Joan Mari Torrealdairen liburu mardula izan genuen, Euskal Idazleak Gaur. 90eko hamarkadan, liburu birmardula, Euskal Kultura Gaur. Eta 2000ko hamarkada honetan? lau txoro elkartu ginen, eta Euskal Blogosfera Gaur egin genuen mahai baten inguruan. Ez dute, ez ahalegin intelektualak, ezta aztertutako esparruaren pisuak, garrantzi bera. Gurea anekdota bat besterik ez da.

Josu Landari entzuna diot ekintza kultural baten oihartzun edo pisuak ez duela bere hedapen, espontsorizazio edo demografiarekin bat etorri behar derrigor. Aurrezki kutxa baten babesak, edo ehun mila laguneko audientziak izan gabe ere, afaloste batean, mahainguru galdu batean, botatako ideiak, piztutako eztabaidak edo kezkak, eragin handiagoa izan dezakeela herri baten garapen kulturalean.

Sinesten zaila dirudi Landaren susmo horrek. Baina geroak frogatuko du, beharbada, egia den ala ez.

Etorkizuneko arkeologoek, inguruotako hondarretan aztarnak azaleratzen dituztenean, aurkituko dituzte apika gure epoka markatzeko balioko duten materialak. Torrealdairen liburuak ezinbesteko erreferentzia izango dira, eta akaso deituko diote torrealdaikoa garai historiko-kulturalari, mugarri horiek ardatz bihurtuta... Kultura baten hezurdura osoa. Nork erreparatuko die, erraldoiari begira, femurraren ertz batean ageriko diren koxka milimetriko horiei?

Karraskariek ez zuten garrantzirik jurasikoan, edo kretazikoan, edo torrealdaikoan. Harik eta asteroideak jo arte. Orduan loratuko da blogosferaren promesa. Hamar urtez behin, gizon handi bat barik; hamar minutuz behin, sagu baten haginkada. Eta esango dute mikrougaztunek: euskal kultura gaur gu gara, eta blogean posteatu dugun azken okurrentzia... Bueno, beharbada bai, eta beharbada ez.

-------------------------

Irutxulo Hitzarako artikulua da hau. Gaurko eskatu zidaten, baina ez nago seguru noiz irtengo den paperean. Dedikatu nahi diet txorakeria hau blogista berriei, bereziki Edu Lartzanguren eta Edorta Aranari. Animo lagunak, ongi etorri karraskerien azpikulturara.

Irudien egiazkotasuna

Luistxo Fernandez 2005/04/25 18:25

Gaur komentatu dut Eibartarrak zerrendan Julen Gabiriak bere blogeko diseinu berrian, goiburuan, itsatsi duen argazkiarena, Robert Doisneauren argazki famatua, Hotel de Ville-ko musuarena.

doisneau.jpg

Sentitzen dut, baina gezurra zen, eta Gabiriari eman diot erantzun bat. Gaur jakin dut, argazkiaren orijinala enkantean irtengo dela. Negatiboa edo orijinala, edo ez dakit, baina irudian musu ematen ageri den emakumea ei da jabea, eta 20.000 eurotan edo irten daiteke. BBCn zeozer honetaz

Argazki prestatua dela esatearekin, nonbait Gabiria literatoa ez da asko mindu, ze bera hor ibiltzen da igerian, fikzioaren eta errealitatearen artean, literaturan.

Baina pena eman omen zien nire errebelazioak nire lankide emakumezkoei, Zaloa eta Maite artistei. Benetako argazkia zela uste zuten, gaixoek...

Ai, ai, ai... neskak: zuek ere mundua engainatzera dedikatzen zarete barren! Argazki honekin, adibidez:

transpa.jpg

Blogarien bilkuran batek baino gehiagok galdetu omen zuen ea nola genuen lanean holako pantaila aluzinantea... Ba ez, gezurra da, eta gezur bikoitza: photoshopezko engainu bat da. Ze, benetako pantaila gardenaren kontua nik sinesten dut. Sinesten dut benetakoak direla Flickr-en agertzen diren pantaila gardenak, benetakoak, zentzu teknosexualean: argazkia atera, pantailako fondo gisa ezarri, eta beste argazki bat atera ordenagailuari.

Gure lanekoak, ezta hori ere. Photoshop. Maitek esaten dit Flickrekoak ere hala direla, photoshopekoak. Baina nik ez, nik sinisten dut, egiazkoagoak direla haiek... prestatua izan arren, Doisneauren musuan maitasun puntu bat zutela aktoreek sinesten dudan bezala. Baina Maite, Zaloa: Photoshpean ez dago maitasunik.

Eta beste baterako utziko dut Ikeako gure butakaren gaineko komentarioa.

Blogak, medioak eta politika lotuta geratu dira

Luistxo Fernandez 2005/04/19 12:11

Blogak eta politika lotuta egon ziren herenegun blogs and beers topaketan Elgetan: pantaila erraldoian blogak, moblogak eta emaitzak tartekatuz joan ziren. Baina fenomeno mediatiko orokorra da. Blogak, medioak eta politika lotu egin dira azken hauteskunde hauen kanpainan, eta hemendik aurrera hala jarraituko dute.

Alfonso Rojo El Mundokoa zena, bota zuten handik, eta egunkari digital amarillo batean jarri da orain, Periodista Digital. Blog_zone izeneko atal bat ireki zuten duela egun batzuk, eta apirilaren 18an, hara!, euskarazko bi blog ere erreferentziatzen zituzten bertan:

  • Amatiñorena, Eibarko komunitatekoa
  • Aintzane Ezenarrorena Diario Vascon.

Egunero aldatzen dute Blog_zone hori eta pantallazoak atera nituen, izan ere, gaurko desagertua da euskera bertatik.

blogzone1.gif
blogzone2.gif

Goiburuan jarri zuten Ibarretxeren bloga, eta Ibarretxeren ustezko artikulua, ez dira bereak, bere kanpainako bloga baizik, EAJ-EA koalizioarena, eta agerian jarri zuten artikulua Amatiñok idatzitako mezu baten itzulpena da.

Blogak, politika eta medioak nahastu dira kanpaina elektoral honetan. Deiak, Telecincok, DVk, El Paisek... blog mediatiko-politikoak atera dituzte azken 6 aste hauetan. Alderdi politikoek ez zuten RSSrik eta ez zuten blogeatzen, eta orain bai.

Euskarazko medioak, ez. Jarraipen klasikoa egin diete Berria, Argia eta EITB digitalek kanpainari, berrikuntza barik.

Honen guztiaren eragina zein ote den ez dakit. Akaso bisita asko-asko dituen blog batek, 1000 bisita izan ditzake egun batean... Eta aldiz, teleberriak miloi bat hauteslek ikusten dituzte gau horretan bertan. Eraginaren neurria hortxe dago. Baina, hala ere, medioez eta politikaz ezingo da jardun aurrerantzean konponente hau barik. Derrigorrezko bihurtuko da.

Blogs & Beers-eko argazki ofizialak: 21 blogista 21 menderako

Luistxo Fernandez 2005/04/19 09:40

Domekako Elgetako Espaloiko Blogs & Beers-eko argazki ofiziala... hurbildu ziren blogari guztietan hiru falta dira.

fli1.jpg

Bi eurak ere argazkia egiten egon zirelako (Igor Leturia eta Angel Bidaurrazaga), eta bestea joana zelako ordurako, Oier Gorosabel, Garagoittiko Orakulua. Baina beste irudi batean ere hirurak agertu ziren, eta denak gaude beraz.

fli2.jpg

Uste dut hiru horiek eta argazki ofizialeko 18ak direla guztira hurbildutakoak. 21 blogista elkartu ginen beraz.

Irudietan jendea identifikatzeko, hemen duzu Flickr-eko lotura parea: nagusia (18 lagun) eta beste hirurak.

Nik mezu honetara ekarri ditudanak, pantaila-kapturak dira. Flickr-en, flash-a baduzu, irudiaren gainetik saguarekin pasatu eta testu-kutxatilak irekitzen dira, informazioarekin. Inbento majoa. Oraindik ez dut Flickr konturik, sortu beharko dut neurea, akaso. Flash ez badaukazu, irudiak eta testu-komentarioen kontu hau ikusteko Firefox-erako dabilen aplikazio bat badago: Lickr

Argazki nagusian oraindik bloga probetan, ateratzekotan, duten pare bat ere badaude. Identifikatuko ditugu armairutik irtetean.

Eskerrik asko Elgeta

Luistxo Fernandez 2005/04/18 17:06

Eskerrik asko Iban, Espaloiari eta Elgetako herriari. Blogs and Beers ospatu genuen atzo han. Egitarau falta somatu zen? ez dakit, ez dut uste egitaraua behar duenik holako gauza batek, baina ikusiko dugu hurrengoan. Akaso Jabi Zabalaren txanda izango da Bilboko Kafe Antzokian deialdia egiteko.

Flipatuta geratu naiz zelan iritzi izan dioten kokapen txarra Elgetari ezjakin batzuek Sustatuko mezu honetan. Desagrabio bat merezi dau Elgetak. Bai horixe.

Ricardo Gomezen problema, autoan Elgetaraino etortzearena izan zitekeen... Baina bertan, ordenagailuak portatilak izanda, eta barra, agertoki eta toki zabal horiekin, ez luke mugikortasun arazorik izango. Nik uste dut egunen batean bisitatzeko aukera izaten duenean, inpresio ona hartuko duela tokiarekin Ricardok.

Tokiaz kexatu diren anonimoez gain, jakina, ez-blogari anonimoek holako zeozer antolatzeko zain bagaude, zaila daukagu. Badirudi horientzat Elgetak ez duela balio ezertarako: bizitzeko ere ez. Herri txiki bat horrela mesprezatzeko, holako kasherismo mentala izatea ere harritzekoa, benetan flipatuta geratu naiz Sustatuko mezu pare honekin.

Hari gabeko konexioarekik, ederto asko dago Elgeta mapan kokatua, eta Interneten ere, Espaloia edo Elgetako udala, edo Goiena.net-eko Elgetako atala ikusita, ea non duten holako informazio multzorik.

Elgeta herri deskonektatua, urrun eta galdua? anda ya! Elgeta, blogisten hiruburua.

egor.jpg

e-Gor Leturiak telefonoarekin atera eta zuzenean webean argitaratu zuen irudi honetan azaltzen naiz, beer bat eskuetan, ezkerretan nago, I Love Bloglines kamisetarekin... ezin dute askok horretaz fardatu munduan, 200 bakarrik banatu ziren, eta jasotzaile guztien artean, Mark Fletcher Bloglineseko sortzaileak ez du guztien blogetan mezu pertsonalik utzi, ez pentsa...

Elkarketako beste une bat.

goitik.jpg

Espaloia, leku aproposa, benetan, holako baterako.

Zapatero, 2005-04-17ko hauteskundeen garaile

Luistxo Fernandez 2005/04/18 16:54


Garaile handiena ez da EHAK nere ustez, nahiz eta Joxe Aranzabalek horixe dioen Faroan, baizik eta PSOE. Jokaldia oso ondo atera zaio Zapaterori: PPko botoen trasbasea lortu du, eta EHAK ez-ilegalizatzearen jokaldia oso ondo kalkulatu zuen elektoralki, eta halaxe irten: kalte elektoral handiena Ibarretxeri egin dio horrek.

Zapateroren beste aziertoa: Redondok, Aznarrek eta Mayorrek aktibatu zuten boto nazionalista talantearen eta patxikerian diluitzen jakitea.

PSE-EAJ-k dirudi irtenbide errezena baina, bueno, hala ere, zaila, oso zaila. Baina beste ezer irudikatzea, zailago oraindik.

Carodek hau esan du: Si ahora ETA renuncia a las armas y el PSE al españolismo subordinado al PP, en el País Vasco se abre una etapa de grandes esperanzas. Baina nik ez dut sinisten halako disentsio aro zoragarririk inondik irekiko denik orain.

Goiko irudia, hauteskunde-jarraipena Elgetako Espaloiko pantaila erraldoian, blogariak zerbezak hartzen ari ginen bitartean, Igor Leturiak aterata mugikor batekin eta zuzenean Interneten argitaratua... Flipatua utzi ninduen e-Gorrek.

Apirilaren 17an, Etiam Lehendakari!

Luistxo Fernandez 2005/04/11 16:31

Apirilaren 17an egingo dugu gure konklabea blogari euskaldunek. Elgetako Espaloian elkartuko gara. Lehendakaria aukeratzeko eguna da, eta nik argi daukat:

iku.gif

Etiam Lehendakari! Ra-ra-ra, Beers & Blogs-era

Maite Rementeria Etiam New York-en izan da aste santuan. Ez dakit ze droga dauden han modan, baina on handia egin diote: indarberriturik ekarri du irudimena bere blogeko irudi berriak eta argazkiek erakusten duten bezala. Ez ote du guretzat ere onddo horietatik ezer gorde?

Zerekin konparatzen den Aurki.com berritua

Luistxo Fernandez 2005/04/07 15:44

Duela aste batzuk Aurki.com berrituaren aurkezpena egin genuen Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaritzako arduradun batzuek lagunduta, haien dirulaguntza batzuek lagundu baitiote Aurkiri berrikuntza honetan.

Ekitaldiari Aldundiaren sail horrek eman zion arreta Interneten, baina apenas jaso zuen oihartzunik beste inongo medioetan.

Bueno, negar egin beharrik ez dago. Ni komentzitua dago Aurki.com, bere eskala lokal eta zehatzean, Interneteko nazioarteko punta-puntako zerbitzu eta baliabideen konpendio bat dela, eta hementxe, behintzat, azalduta utziko dut zerekin konparatzen den proiektu hau.

  • Google News. Hala nola Googleren albistegi automatikoak, egunerokotasunaren ikuspegi beti eguneratua eta gaika antolatua eskaintzen duen, berdin egiten du Aurki-ren portadak: ikusmira batean, azken berritasunak, azken ordua euskaraz, eta euskal blogosferak zer duen komentagai. Dena automatikoki eta etengabe berritua.


  • Bloglines bezalako RSS irakurgailu bat. Enpresa horrena da munduko feed edo RSS irakurgailu indartsuena. X informazio iturri jarrai ditzake erabiltzaileak, harpidetzaren bidez, ez hainbat gune tarteka bisitatuz, baizik eta harpidetza-zerbitzuaren ohartarazpena jasoz berriak dauden bakoitzean. Aurki.com-ek harpidetza zerbitzu erraza eskaintzen du, zuzena eta euskarazko iturriei enfokatua, baina XML, RSS edo bestelako sigla tekniko konplikatuak jakin gabe erabili daitekeena.


  • Planeta lokala. Internet planet edo planeta terminoak izendatzen ditu agregatzaile tematiko edo lokalak. Espainian daude Planeta Canarias edo Planet Granada, adibidez. Euskarazko planet konpletoa da, hortaz, Aurki, eta atalka sailkatua gainera; izatez, Espainiako adibide horiek baino dexente osoagoa.


  • Euskal sarearen aurkibide zehatz bat. Aurreko Aurki.com, bilatzaile-direktorioak, funtzio hori zuen, eta du oraindik, hortxe baitago oraindik. Baina Aurki.com berrituak ere aurkibide funtzioa izaten jarraitzen du. 175 informazio iturri, ez dira, ez, Interneteko euskarazko gune guztiak, baina 175 horiek dira, preseski, beren edukiak gehien berritzen dituztenak, eta berrikuntza teknologikoetan jantzienak daudenak, RSS sindikazioa eskaintzen baitute. Bitacoras.com zerbitzu batek gaztelaniaz betetzen duen papera baino askoz zehatzago betetzen du Aurkik, gaur egun, euskarazko Interneteko esparruaren estaldura ekskainiz. RSSrik eskaintzen ez duenak, eta Aurkin ez denak, atzean geratzeko arriskua du.


Zerbitzu hauek berrikuntza dira euskaraz. Baina ez bakarrik euskaraz. Nobedadea dira Euskal Herriko Interneteko garapenean. Aurki.com da euskal sarearen esparruan sortutako lehen albistegi automatikoa. Herri honetan sortutako lehen feed irakurgailua. Bertako blogosferaren ikusmira bateratu bat ematen duen lehen baliabidea. Erdaraz ez dago orain artean halakorik.

Eibar.org elkarteatren orrietan informazio gehiago

Eibartarrak zerrendaren 7. urtemugan

Luistxo Fernandez 2005/04/07 15:37

Datozen egunetan beteko dira zazpi urte Eibartarrak zerrenda sortu zela.

Duela urtebete, 6. urtemugaren harira, mezu bat bidali nuen proposatzen Eibar.org aldatzea, software librera igarotzea eta blog komunitate bat sortzeko proposatuz.

Ez dakit inork ulertu zuen. Baina egin genuen afari bat, zeozer azaldu genuen han, eta batzuk animatu ziren. Udan jarri genuen martxan komunitate hori.

Duela zazpi urte ez zegoen blogik munduan, akaso. Duela urtebete, euskarazko dozenerdi bat izango ote zen? Gaur:

  • Ibarretxek bloga dauka (pertsonala ez, baina bai ofiziala; euskalduna baino, akaso elebiduna)
  • PCTV-EHAK-ek bloga dauka (ofiziala ez, baina bai pertsonala; euskalduna baino, akaso elebiduna)
  • Euskarazko blogak ofizialki aurkezten dira DJ-ekin
  • 100 blog izango dira igual euskaraz, eta Aurkin dago froga
  • Hauteskunde egunean, Blogs & Beers topaketa egingo dugu Elgetan

Eibartarrak zerrenda ere martxa onean ikusten dut. Azken urtebete honetan, primiziak eta guzti izan dira. Hemen irakurri genion Markos Zapiaini Hondarribiko Jokinen suizidioarena, beste inon azaldu baino lehen. Lastima da Markosek gehiago ez idaztea: doktore izendatu dutenetik, ez digu kasurik egiten apenas.

Beste esklusiba, tira, nik neuk iradoki nuen: PCTV... Isilik geratu ziren Aukera Guztietako gure zerrendakideak, Mendigreen eta Gringo Elorza ;-)

Gora gu.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.