Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Zorionak!

Luistxo Fernandez 2005/12/22 20:00

Iaz ere haurrak itsatsi nituen nire felizitaziorako. Eta aurten ere bai.

Lilik pa Peruri

Bai politak, Lili eta Peru, beren ama Marijek urrian atera zien honetan. Maitasun hori... betiko nahi nuke! Zorion horregatik merezi du lan egitea.

Zuei ere onena opa dizuet.

Pertsona asozialontzat ideala da Internet

Luistxo Fernandez 2005/12/21 13:11

Atzo mahaingurua eDonostiak antolatua. Neu, Alianzotik JA Del Moral eta Hispavistatik, Blogdiario aurkezten, Txema Garitano. Geuk kontatu genuena baino, amaierako elkarrizketa agian interesgarriago, publikoaren aportazioekin. Adibidez, Garitanok esan zuen blogak hezkuntzan Ameriketan nola darabiltzaten, eta hemen ze urruti dauden hartatik... Publikotik, Gorka Julio Teketen Blogari-net-ekoak ederto zuzendu zion, hemen ere kristolakoak egiten dituztela batzuek: IKTeroek Ordiziako Jakintza Ikastolan. Bai horixe.

Neuk, azkenean, powerpointa euskaraz eroan, eta erdaraz egin. Neure kontraesank. Izenburu hau eman nion nireari: Pertsona asozialontzat ideala da Internet. Uste dut nahasi samar ibili nintzela azalpenetan. PPT hori hemen duzue (290 Kb). Irudi pare bat aurrerapen aurkezpen horretan, laster martxan izango den software produktu baten (Bitakora) eta web baten (Blogak.com) berri emanez.

Aukera polita izan zen, bestalde, aurpegia jartzeko buruz buru ezagutzen ez nituen batzuei: Miguel García Processblack David González Ketari eta Ana Malagon blogista elebiduna: La Fábrica de pequeñas cosas gaztelaniaz eta euskaraz Ziur al zaude.

Azkenean galdetu zigun Juan Carlos Gonzalez eDonostiako antolatzaileak: 30 segundutan, zer izango da 2006an aipagarri benetan?

Nire erantzuna:

  • IKTeroen ikasleak herri batean aitzindari euskaraz blogekin dabiltzan bezala, beste hainbat eskolatakoak arituko dira, irakasleekin beharbada, eta irakaslerik gabe bestela. Blogari.net-en, edo Blogak.com-en, eta beste toki batzuetan. Aupa gazte horiek!
  • Anotazio eta folksonomien guneak popularrago bihurtuko dira, ez dakit Tagzania masibo bihurtuko den, baina bai seguruaski Flickr.

Azken honekin ikasiko ote dugu tageatzen? Akaso bai, baina gaur bulegoan zalantza sartu zait, ze argazkiak kudeatzeko eta partekatzeko beste tresna ikaragarri bat ezagutu dut, Bubbleshare eta antza ez du tagik, ez du folksonomiarik, baina bai aukera politak: ahotsez azalpenak gehitzekoa irudia, adibidez. Hortxe kargatu ditut powerpoint-ean datozen Blogak.com eta Bitakora produktuen pantaila aurrerapenak.

Kontsumismoaren alde

Luistxo Fernandez 2005/12/19 16:25

Kontsumismoa humanismo mota bat da, Vicente Verduren artikulua, Juan Freire galiziarraren blog guztiz interesgarrian ezagutu nuen joan den astean. Aitzakia eman dit aste honetan entregatu beharreko Irutxuloko Hitza egunkarirako zutabea osatzeko.

Kontsumismoaren alde

Duela gutxi aurkitu nuen idazle espainol baten artikulu eta ideia interesgarri bat, "Kontsumismoa humanismo mota bat da". Kontsumoaren bidez, aukerak egiten ditugu, zentzumenak lantzen, geure gustuak esploratzen ditugu, eta objektuenganako maitasun lehor baten ordez, libidoaren bidez berreraikitzen dugun gauzekiko dugun harremana. Errepresioaren eta kontinentziaren ordez, ilusioa eta konpultsioa.

Kontsumismoaren garairik agerikoenean, Gabonetan, entzuten dugu berriro ere kontsumoaren oker morala gogorarazten digun topìko progresista hori. Inork kasurik egiten ez dion topikoa izango da, baina, en fin, korrektotasun politikoaren aldarean jasoa dago hori. Eta horrekin batera, kontuz!, adi!, ea zer aukeratzen dugun umeentzat. Ez, gero, jostailu sexistarik. Ez jostailu belikorik. Kontuz telebistaren aurrean ikus dezaketenarekin, bideo-jokoekin, Internetekin.

Baina, argi pentsatuta, gaurko haurren jostaketa biolentoak, ez ote dira aurreko belaunalditakoen antzerakoak? Hiriko asfaltoan barik, zelairik zelai jolasten zuten umeek ez ote zuten igelik edo katurik torturatzen aukera zegoenean. Horren aldean, okerragoa ote metraileta birtual batekin tiro egitea ordenagailu pantaila batean? Jokoaren eta errealitatearen arteko muga ez dute bereizten haurrek. Benetan? Gu ere ez ginen haur izan. Ni, behintzat, Mazinger Z-rekin hazitakoa naiz, makina bat marrazki bizidun biolento eta telebista ordu kontrolbakorekin hazitakoa naiz. Nire umetako jostailu faboritoa gogoan dut: pistola galaktiko bat, plastiko gardenekoa, sakatu eta mekanika apur batekin, matraka-soinuarekin batera, txispa distiranteak ere ateratzen zituen. Makina bat lagun garbituko nituen harekin, je je.

Ez dakit zergatik ukatu behar diodan pistola galaktiko haren plazerra orain neure semeari. Zergatik ez kopina polit bat alabarentzat? Nahikoa da. Diskurtso apokaliptiko gehiago ez. Goza dezatela umeek, guk gozatu genuen eta orain gozatu nahi dugun bezalaxe.

Honekin ez dut esan nahi Gabonetako kontsumismo hau zoragarria iruditzen zaidanik. Izan ere, Interneteko alderdirik okerrenaren akats bera ikusten diot: spam nekagarri hori, dela publizitateakoa, dela zorion bidalketa masibo eta ustez ezinbestekoa. Baina, horren gainetik, ze kristo, ondo ere igarotzen dugu, igaro nahi dugu, konplexurik gabe, ze demontre!

Donostian hizlari blogez eta sare sozialez

Luistxo Fernandez 2005/12/19 16:12

Bihar asteartea, hilak 20, mahai-ingurua dut Donostian, eDonostia udal ekimen teknologikoak antolatua: blogen fenomenoa eta sare sozialak.

Euskal Herrian egin nuen azken hitzaldian gaztelaniaz hitz egin nuen, eta lotsatu samar geratu nintzen. Egia esanda, ez dakit nola hitz egingo dudan bihar. Powerpointa euskaraz eroaten saiatuko naiz, baina hizketaldia seguruenik erdaraz izango dela susmatzen dut. eDonostiak ez du ez izenbururik euskaratu bere gunean, behintzat.

Hizlari nor diren ez du jartzen, baina CodeSyntaxetik neu noa, Luistxo Fernandez, eta Alianzo-tik Jose Antonio del Moral. Euskara ikasten dabil Del Moral, baina ez dut uste euskaraz emango duenik... Hispavistatik ez dakit nor doan, baina enpresa horrek ez du euskaraz sekula ezer egin. Eta ni, ba, neure kontraesanekin joango naiz...

Larratxoko eDonostia zentroan 18.30etan, teorikoki 20.30ak arteko denborarekin.

Pagatu, baina ez erretratatu

Luistxo Fernandez 2005/12/14 15:28

Datu interesgarria Jabi Zabalak gaur bere blogean. Bilboko Metroa diru publikoak eta erabiltzaileek ordaindua, baina debekatuta dugu bertan argazkiak ateratzea. (Nik gehituko dut: ezetz Julio Ibarrak debeku hori altxatu!)

Guggenheimi argazkiak ateratzea debakatuko baliote bezala, dio Jabik. Ba, Jabi, begira: Guggenheim Bilbao Museoan, sarrera bidez eta aurrekontu publikoekin ordaintzen duguna, ez dizute argazkirik ateratzen uzten.

Eta kasu honetan, bestalde, diru publikoarekin gauzak zenbat kostatu zaizkigun ere ez digute esan nahi. Richard Serraren altzairuzko mamotretoak, adibidez. Guk ordainduak, hark kobratuak. Berak badaki zenbatean, eta guk ez.

Bueno, New York Times-ek 16 milioi euro izan zirela esan zuen, baina zifra "ez da ofiziala", diosku Jaurlaritzak. Eta erretratuak ateratzea, debekatuta.

Eskerrak jendeak kamera digitalarekin ez duen kasurik egiten, ez Bilboko Metroan, ez Guggenheimen. Goiko hori, aupa Zaloa! lagun batek egina da. Aupa Zaloa, biba zu!

Bestalde, Guggenheimeko itsuskeriekin jarraituz, edozein erakusketaren web orrian klikatzen baduzue, ikusiko duzue Guggenheimeko euskarazko web orriak eskuz aldatutako HTML estatikoa besterik ez direla (orriaren HTML titulua, aurreko erakusketa batena du, gaztelaniaz).

Permalinkak eta mapa ikusmirak MSNren aplikazioetan

Luistxo Fernandez 2005/12/13 10:38

Tira, atzo Tagzaniaren aukera berri hori deskribatzean, lartxo aurreratu ginen. Ez da posible Tagzaniatik ikusmira ikaragarri horiek zuzenean irekitzerik: badirudi Microsoften Windows Live Local honek ez duela URL zuzenik automatikoki sortzeko modurik ematen.

Doiketa bat egin dugu, eta orain ere ireki daitezke Live horretako mapak eta airezko irudiak, hala nola New York-eko toki ezagun honetakoak, baina perspektiba harrigarri horietara iristeko, klik bat harantzago joan behar, Bird's eye aukera ageri bada (erresoluzio handia dagoen tokia delako), hantxe klikaturik iritsiko gara.

Microsoftek arrera gehiago jarri beharko lieke mapen permalink hauei. Izan ere, mapa sistema hau Virtual Earth izenarekin martxan egon den bitartean (uztailetik hona) inork permalink loturarik gorde bazuen, neuk honetxekin egin nuen bezala, dagoeneko ez dio funtzionatuko. Permalink kontzeptuari ez diote errespetu handirik gorde honako honetan. Ea aurrerantzean.

Ikusmira berriak Windows Live Local aplikazioan

Luistxo Fernandez 2005/12/12 18:07

Microsoftek beren mapa aplikazio berrienaren ageriko izena aldatu du: Virtual Earth marka baztertu barik, orain Windows Live Local da darabiltena.

Tagzaniako puntuetatik, doiketa bat egin dugu mapak ireki ahal izateko aplikazio berrian. Baldin eta Estatu Batuetan erresoluzio handia duen tokia tokatzen bada, zabaltzen den ikusmira ikaragarria da. Ikusi Los Angelesen Hugh Hefnerrek duen Playboy Mansion etxaldea:

Playboy Mansion in Windows Live Local

Puntu hau eta Hollywoodeko beste bat komentatuak izan dira Katixa Agirreren blog beti interesgarrian.

Katxe arazoak ere baditu Windows Localek, ematen duenez...

Informazio gehiago Tagzaniako puntu bakoitzaren inguruan

Luistxo Fernandez 2005/12/06 16:31

Ikusmira berria daukagu Tagzanian. Lehen puntu jakin bakoitzak interfaze bikoitza zuen: testu apur bat zuen batek, mapa handi bat erakusten zuen besteak, puntu bakar hori agertzen zelarik han.

Orain berritu egin da hori, eta puntu bakoitzean informazio gehiago erakusten dugu. Santutxuko AEK ageri da hemen, baina interfaze berrian inguruan zer duen ere ikusten da: inguruko punturik hurbilenak, eta etiketen eta erabiltzaileen araberako iragazkiak ere egin daitezke.

Erabiltzaile bakoitzak ez du normalean informazio askorik kargatzen puntu bakoitzarekin, baina hurbiltasun kalkuluekin, puntu bakoitzaren inguruan datu gehigarri interesgarri asko metatzen dira. Zenbat eta erabilpen handiagoa, informazio kontestuala askoz aberatsagoa izango da. Orain, munduan 8.200 puntu gehitu dituzte Tagzaniako erabiltzaileek. Gutxinaka doa kopuru hori gora. Baina dozenaka mila edo ehundaka mila punturekin, informazio geografiko pertsonal metatuak indar handia izango du.

AEK-ko zenbait erabiltzaile, bestalde, fin ibili dira beren euskaltegiak mapan agerrarazten...

Elkarrizketa Argian

Luistxo Fernandez 2005/12/02 13:18

Duela egun batzuk egin zidaten elkarrizketa argitaratu dute Argian. Blogen gainean dihardut, batik bat. Kursaalaren kanpoaldean atera zizkidan argazkiak Karlos Corbellak, eta e-postaz bat bidaltzeko eskatu nion, baina oraindik ez dit bidali...

Bilbon ezagututako blogari batzuk

Luistxo Fernandez 2005/12/01 09:07

Joan den domekako Blogs & Beers (BBBilbo) topaketan ezagutu nuen jende interesagarria.

  • Gorka Julio, alias Teketen, Elurnet enpresaren bidez blogak automatikoki sortzeko lehen tresna euskaldunaren sortzailea (joan den asteko albistea hau): Blogari.net
  • Aitor Mutilmedia, Debako mutil luze bat, Mutilmedia egiten dihardu beste hiru lagunekin.
  • Ainhoa Lesboom, orain arte lesboon.blogspot.com blog lesbiko elebidunaren egilea, orain badirudi, Blogari.net-i esker euskarazkoa independientea izango duela.
  • Josu Lezameta, Galdakaokoa, alias Josu Leza edo Jozulin: Eibarko gure azken blogistaren ezaguna.
  • Miguel Cuesta durangarra, alias Dirson: euskaraz hola-hola moldatzen da, eta bloga erderaz dauka, baina ez nolanahiko bloga, Espainiako top-5ean dago, edozein blogari euskaldunek daukan audientziatik gora gora.


Irudi hau Eneko Astigarragak atera zuen eta Creative Commons lizentzia batekin argitaratu Flickr-en. Gara egunkarian azken orrian argitaratu zuten argazki hau bera azaroaren 29an, baina ez zuten egiletzaren aitortza egin, ez zuten lizentzia errespetatu...

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.