Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Ego-surferrak

Luistxo Fernandez 2005/10/28 08:21

Ego-surferra naiz. Interneteko berboide berri horietako bat: ego-surfing. Non aipatu naute? Googlen edo blog bilatzaileetan saiatzen naiz aurkitzen. Zenbat bisitari dauzkat? estatistikak begiratzen ditut. Urliak baino harpidedun gehiago ote? Konparaketa egiten dut tresnaren batean...

Txorakeria bat. Pertsonalki eginez gero, egoismo eta umekeriaren adibide bat. Egoista kakumeak izango gara eta. Baina ikuspuntu profesional batetik, edo gai baten jarraipenaren ikuspegitik... horri bijilantzia teknologikoa deitzen zaio, eta ezinbesteko tresna da aktualitatearen jarraipenean.

Idazleren batzuk kexu dira edozein txorakeria idazten dela blogetan. Duda izpirik gabe. Baina, nago ni, sekula ez dela hainbeste euskal idazle euskaraz egunero idazten... Idazle txarrak, asko, baina onak ere bai. Blogari batzuk badira bestela ere idazle direnak, hala nola Katixa Agirre zoragarria, edo Anjel Lertxundi (Berrian blogista berri!), eta badira idazle titulurik gabe, anonimotasunetik edo bitakora xumeenetik harribitxi ederrak idazten dituztenak sarri, hala nola Telezaborra edo Goio Arana disenatzailea.

Badira Goierriko ikastetxe batean 17 urterekin, ez bakarrik Messegerra (hori edade horretako ikastetxe guztietako ikasleek dakite!), baizik eta harpidetza-agregatzaileak eta gogokoenen biltegi sozialak zer diren ezagutzen dutenak.

Euskarazko hedabideak uzkur ageri dira telebista digitalaren aroan zer ote datorkigun. Euskararen presentziak eremu katodio berrian nolakoa beharko duen... Nazio Eztabaidaguneak ere enegarren txostena prestatuko omen du hedabideen geroaz. Eta bitartean, Interneten, blog batetik, Zumarragako udaltzain batek, etorkizuneko telebista asmatu du, Patxi Trapero deritzo.

Zelako asmo hutsal, pertsonal eta txoroekin betetzen dugun Internet. Zelako egoistak garen. Baina gure egoismo apur horietatik, josten doa sare bat. Txostenik gabe, emendakiñik gabe, bileritisaren pisu astunik gabe.

Olatu eder batean noa surf egiten, ezker eta eskuin, lagun asko ditudala.

Irutxuluko Hitza egunkarirako idatzi dut hau.

Madrilen harrokeriak puztuta, mapamovil.net sortu dut

Luistxo Fernandez 2005/10/27 11:26

Madrilgo ibilerak ederto joan ziren Webdosbeta elkarketan. Milioika argazki eta blog mezu: http://flickr.com/photos/tags/webdosbeta
http://flickr.com/photos/tags/tagzania
http://www.flickr.com/photos/codesyntax/
http://www.technorati.com/search/tagzania
http://www.technorati.com/search/webdosbeta

Horiek begiratzeari ego-surfing esaten zaio. Eta aipu oso beroak daude aurkeztu genuen proiektuaren inguruan, eta azaldutako enpresa planaz, adibidez bart gauez Microsiervos blog espainol ezagunean.

Hainbeste lorerekin, putzak igo burura, eta begira, erabaki dut Espainiara joatea, partzialki behintzat. Ingelesen Hilerri honetako gaztelaniazko atala itxi dut, eta bakarrik utzi ditut ingelesezkoa eta euskarazkoa.

Espainolezkoa, blog berri batera, el Mapamóvil, mapamovil.net

mapamovil

Horra, zelako goiburu polita sortu dion Maitek. Maurizio Cattelan italiarraren lan hiperrealista gogor baten gainean egindako aldaera.

Mapa mugikorrak blogetan

Luistxo Fernandez 2005/10/23 12:18

Aukera berria jarri dugu martxan Tagzanian. Bertako edozein mapa beste toki batean pegatzeko, kopiatu behar den instrukzio lerro bat sartuta blogeko HTML kodean edo dena delako tokian. Blogetarako aproposa dirudi, bereziki (ikusi aldameneko zutabean: baita mapa estu bat sartzeko, besterik ez bada). Hona adibide bat:

Julen Gabiriak honela deskribatu du emaitza Eibartarrak zerrendan: Hor agertzen dan mapa ez da irudi estatiko soila: saguagaz raka-raka mobidu ezkero, mapa osoa mobitzen da. Hau da: blogintzan oin arte nik ezagutzen nebazan irudiak kieto egozan, baina oin mapa interaktiboak be sartu ahal dira blogetan. Hori pasada bat iruditzen jat.

Ez bakarrik mugituko da bisitariak raka-raka egindakoan... Goian agertzen den mapa berez eguneratuko da jendeak etiketa jakin horrekin (kasu horretan firstkiss etiketari dagokion mapa da) elementu gehiago gehitzen baditu Tagzaniara.

First kiss, lehen musua, bai. Hori ere badihardute gehitzen. Euskaldun batzuek ere bai, Cat Axeritogarairen lehen euskal musua Kalifornian izan zen, Alberto batek Nagoreri Iruñean eman zion musu hori, eta Iker Merchan Eroskiren Consumer.es agerkariko arduradunarena (artikulua eskaini digute), Sabin Etxetik gertu Bilbon. Ze txorakeria, ezta? je je, neurea ere Bilbon izan zen, baina oraindik ez dut gehitu. Behintzat ez zen Ikerrekin izan toki horretan... Zazpi kaleetan izan zen. Detailea gustatuko zaio Gabiriari, bere nobelak irakurtzen ez ditudala badakien arren.

Beste aukeratxo bat ere martxan blog honetan. Tagzaniarako loturak orain Googleko mapetako ikono gorritxoarekin apainduta etorriko dira. Beste horterada bat, akaso, baina neure blogaren diseinu okerrarekin bat dator, eta gainera Massachussettsen dugun Tagzania-zale batek eskaini digun trukoa. Trukean, enbaxadore izendatu dugu han.

Tagzania Webdosbeta elkarketan

Luistxo Fernandez 2005/10/18 17:00

Datorren astelehenean, hilak 24, Madrilgo Webdosbeta elkarketan aurkeztuko da Tagzania . Interneteko azken belaunaldiko aplikazioen erakustaldian, izen eta proiektu potoloak, hala-nola Martin Varsavsky eta FON , eta haien ondoan, ba ohore haundiz aurkeztuko dut Eibartik CodeSyntax enpresaren proiektu hau.

Eibartik mundura, beraz, Madrildik igarota. Lortu ditugu erreferentzia batzuk prentsan, baita The Economist aldizkari ekonomiko ezagunean ere (irakurri erreferentziak ). Baina hori baino gehiago, erabiltzaileekin asmatzea behartu du. Eibar.org-eko lagunartean, baditugu batzuk. Batzuek dexente erabiltzen dute, hala nola Oier Gorosabelek txikillana erabiltzailearekin eta baita Julen Gabiriak

Webdosbeta biltzarrean izango diren izenen artean, pare bat aipagai:

  • Musicstrands musika aholkuetarako sistema, zeinak atzean Javier Etxebeste euskalduna duen, Yahoo Europako zuzendari izana.
  • FON Martin Varsavskyren proiektua. Pare bat bider aipatu izan dugu Martin Varsavsky Eibartarrak zerrendan. Bi kasutan, behintzat, Amatiñok haren hitzaldi edo aurkezpen publiko bat entzun, eta diskurtso edo jarrera apurtzaile eta interesgarria eritzita Varsavskyrenari: bat bi hiru

Varsavsky, argentinoa izatez, Jazztel eta Ya.com sortu zituena... Ba datorren astelehenean hizlari beste ebento batean, zeinekin, eta Luistxorekin! Ondo lagako ete dugu Eibar, bai horixe!

Blog euskaldunen edukia, blogari euskaldunen esku!

Luistxo Fernandez 2005/10/04 13:12

Urrats inportantea da, nire iritziz, Telezaborraren jarioa Ya.com eta Deutsche Telekomeko atzaparretatik libre edukitzea.

Telezaborra

Beste blog batzuekin ere egin dugu, Goienan dauden Joxe Aranzabalen Faroa eta Nahikari Ayoren Begietatik erreskatatu berria, Goienak berak kontatu duen bezala.

Google-Bloggerren edo multinazional baten eskuetan gure eguneroko gomutak biltzen? eta zeuretarako gorde nahi dituzuen, non dago, JAITSI DENA botoia?

Gatibu geratzen da edukia halako blog sistema baten mendean bagaude. Ez, autodeterminazioa blogisten edukietan. Blogistak dira, gara, jabeak.

Eskuz egin daiteke inurri-lana eduki hura berreskuratzeko, kopipega latz batekin... baina, zorionez, informatikariek script azkar batzuk ere sor ditzatekete. Horixe egin dugu kasu hauetan.

Eibar.org eta Goienako blog komunitateetan badago beste aukera bat, gainera. Blogariak berea itxi edo norabait joan nahi duenean, edo dena enpaketatu nahi duenean, badugu JAITSI DENA botoi hori. Euskarazko edukia, blogari euskaldunen eskuetan, eta blogosfera euskaldunean.

Ez izan Bloggerren gatibu, idatzi Goiena.net-era, blog bat sortuko dizute erraz asko.

Telezaborra, euskal literaturaren gailur berrien artean

Luistxo Fernandez 2005/10/04 13:06

Bakoitzak literaturaz bere iritziak, gustoak eta plazerrak ditu. Nik aspaldi ez dudala euskarazko nobelarik irakurtzen, adibidez. Hortaz, ni ez hemen lezioak emateko onena, eta seguru nago troll anonimoek kualitate hau aprobetxatzen jakingo dutela beren erantzunetan. Haserretu bitez!

Baina, bai, nire gustoak ditut. Duela gutxi aurkitu nuen berriro literatura Interneten.

mirar este es el teo ke estaba ai nikeando la peña a ber ke beia porke el teo es el enkargado de los chanchullos de kuando salimos de marchuki para tener to preparao nen nosotros somos komo profesionales ai kon nuestras funciones to wapas nen me siento to orgulloso de ser de los kristales porke los de los kristales somos los putos amos toda la peña nos tiene respeto porke sino saben ke kobran

Bakala007 irakurri nuenean, aho zabalik geratu nintzen. Ez nuen holakorik sentitu, duela 20 urte Raymond Queneau-ren Ejercicios de Estilo liburudenda batean aurkitu eta erosteko premia sentitu nuenetik. Queneau berri bat da Bakala007, mundu baten deskribapen perfektua, lengoaia bihurrituz beti, formato apurtzaile bat...

Euskaraz Interneten aurkitu dudan (nere gustoko) literatura onena Telezaborran aurkitu dut. Orain arte Ya.com-en egon den bloga, orain Eibar.org-en kolega. Aurtengo udan, bereziki, halako inspirazio fase bat pasatu zuen egileak, post batzuetan gailurrera iritsi zelako nere ustez.

Ez didazue esango hau ez dela jeniala, Tienes pareja para el baile de primavera? artxibo zaharrean ilustratua eta berrian argazki barik, baina diseinu orokor politagoarekin.

Beste pieza batzuk, antologiarako: bat bi hiru

Hau komentatu dut Eibartarrak zerrendan eta polemika apur bat piztu da.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.