Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Blogeko URL helbideak txukuntzen eta ping egiten

Luistxo Fernandez 2004/11/27 10:03

Orain arte, nire blogeko helbideek arazoak ematen zituzten. http://www.eibar.org/blogak/luistxo/217 klikatzen zuenak ez zuen mezuaren osotasuna ikusten, bere ordenagailua ez bazegoen Ingelesen Hilerrian mezu horri zegokion hizkuntzan konfiguratua (kasu horretan, eu, euskara).

Orain ustez zuzendu dut, eta desbideraketa automatikoa gertatuko da errore hori ez gertatzeko: Euskaraz konfiguratua ez daukanari http://www.eibar.org/blogak/luistxo/eu/217 helbidera joango zaio nabigatzailea. Honekin Eibar.org-eko portadako barruko blogetan azkenak atalean neureak ageri direnean, klik egiten zuzen funtzionatuko du (espero dut).

Bestalde, blog-aren parametroetan mezu bakoitza kargatzen denean Ping-o-matic zerbitzura ping egiteko konfiguratu dut. Horrela, ping-o-matic-ek elikatzen dituen blog bilatzaile eta agregatzaile nagusietan (Technorati, Feedster, Syndic8, etab.) katalogatu edo indexatu egingo dituzte hemengo mezuak (horixe espero dut).

Google Local euskaraz

Luistxo Fernandez 2004/11/24 15:28

Google Local hainbat hizkuntzatan lokalizatu dute. Tartean, euskaraz, eta izen honekin: Google Tokiko Bilaketa

Hauxe duzu sarbide orria: http://local.google.com/lochp?hl=eu

Ondorengoak ere, emaitzen orriak-eta, denak euskaratuta. Distantziak miliatan, bederen Estatu Batuetan.

Hala ere, sarrera orrian ageri den gehiegizko itzulpenak deitu dit atentzioa. Proposatzen zaigu adibide gisa termino batekin bilaketa egin dezagun: cafe dendak


Dendak bilatu, euskarazko sustantiboa, Poughkeepsie edo San Franciscon? Je je... Bide batez, ex. laburdura euskaraz adib. lasai asko eman zitekeela uste dut.

Adibide baleko batekin emaitzak lortzeko, bilatu Basque restaurants San Franciscon. Ez horregatik.

Iragarkiak Ingelesen Hilerrian

Luistxo Fernandez 2004/11/23 17:49

Ingelesen Hilerriaren ingelesezko eta gaztelaniazko bertsioetan, gaurtik aurrera GoogleAd edo Google-ren iragarkiak agertuko dira, Adsense makinaria esker martxan. Ez dut esperantza handirik miliotsua bihurtzeko, baina akaso Eibar.org-eko nire blog-kide eta lagunei txikito batzuk ordaintzeko lain aterako dugu.

Zergatik ez iragarkirik euskarazko bertsioan? Arrazoi arbitrario eta esoterikoengatik.

Sarrera isolatu bakoitzaren orriaren diseinua ere ukitu dut apur bat aldamenean eduki-zutabe bat sartzeko.

Menuan eduki finkoago batzuk ere sartu ditut, gauza gehiago dioen lekuan.

Kerizpe soziedadean afaltzen, gizonezkoa naizelako

Luistxo Fernandez 2004/11/19 16:37

Eztabaida luzea Eibartarrak zerrendan emakumezkoek soziedadeetan bazkidetzeko edo afaltzeko duten eskubdieaz... Ikusi eztabaidaren itxura grafikoa, lehen mezua izan eta 16 ordutara (ondoren, jarraitu egin du!)


Nire esperientzia kontu honetan

Nik gizonezkua izanda, euki dot aukeria elkarte horretan (Kerizpe) afaltzekua, eta andrazkua izan banintz, ez neuke aukera hori eukiko.

Esplikauko dot.

Korresponsala nintzala Egin-erako Eibarren, prentsaurrekua iluntze baten, Peña Taurina Eibarresa eta Peña Pedrucho, euren asmua zala laster bat eittia eta hola (oiñ Peña bakarra dira, baina itxuria ez dabe Toroseibar.com iragarri arren, martxan jartzerik euki).

Enfin, juan giñan prentsaurreko horretara, eta hara, sorpresia!, Oiñ afaltzera konbidauta zaozie periodistok! Rabo de toro de lidia, gaiñera, ez edozer gauza, Kerizpe soziedadian. Baiña, problemia! geure artian andrazko bat zeuan, Marijose Guilabert, Mateo Guilabert kazetarixan alaba kazetarixa... Korridazaliak prest agertu ziran Marijoseri afarixa pagatzeko Txaltxanian, Eibarko restoran karuenian, baiña ez dot uste onartu zebanik...

Gaiñerakuak ez genduan 'kontzientzia objeziñorik' planteau, eta ixko-buztana jatera juan giñan.

Behiñ egon naiz Kerizpen bizitzan, eta behin bakarrik jan dot plazan ildako zezena... Pentsatzen dot barixaku bat izan zala.

Ziberbijilantzia poliziala: gurasoak seme-alabak kontrolatzen

Luistxo Fernandez 2004/11/17 15:29

Neuk ere bai. Kontrolpean daukat Lili urtebeteko alaba. Webcam-a goiz guztia konektatua ea zertan dabilen haurtzaindegian.


Orain falta dira etortzea, Telezaborrak salatzen zuen bezala, CSI-koak beren super-tresneria post-photoshop marabillosoarekin irudi hau garbitzeko eta adin txikikoen aurpegi deliktiboak ageriago jartzeko.

Kazetaritza kongresutik bueltan, hausnarketa gehiago

Luistxo Fernandez 2004/11/15 13:15

Josu Landari beste gauza interesgarri bat entzun nion Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuan ostiral arratsaldean. Bere hitzaldia amaitzean, kafetegian elkartu ginenean, gure kointzidentziak eta disidentziak komentatzeko.

Batetik, bere hitzaldian, neurean ez bezala, posta-zerrendak aztertu zituen Josuk, nonbait Eibartarrak zerrenda honen jarduna hedabide eta kazetaritza kontzeptuetatik gertuago ikusten du Landak, neuk baino. Eibartarrak zerrendari lore handiak botatzen dizkio.

Beste alde batetik, euskarazko komunikazioan benetako hito batzuk Interneten gertatzen ari direla uste du Josuk, inork kasurik egiten ez dien arren. Bere berbetatik:

  Susmoak nauka Joxe Arantzabalek «Minbizia dudala  esan didate medikuek» idatzi zuenean, informazio  zientzien esparru autonomoan aro berria ez ote ze  zabaldu. 

Kafetegian, gero, bere ustez beste hito bat izan dena aipatu zigun:

  • Hondarribiko Jokinen kasua aipatu zuen lehen medioa Eibartarrak izan zen, Markos Zapiain.

"Egunen batean norbaitek historia hori kontatu beharko du", halako zeozer ere entzun nion, eta serio ari zen, Jokinen inguruan ez zebilen ironiaz, ez delako horretarako gaia.

Hauxe da mezu hori.

Neure testuetan ageri ez den beste komentario gehigarri bat egin nuen hitoen kontu honetan. Hitzaldia baino lehenago norbaitek aipatu zidan, enfin, orain Euskadi Sioux erakusketa, tesina eta gogorakizun inportanteetarako gaia bada, akaso Etiam bloga ere izan zitekeela urte batzuk barru. Ba bai, izan daiteke.

Disko onenen, kantu onenen eta zutabe-ipuin onenen zerrendak

Luistxo Fernandez 2004/11/15 13:10

RockDeLux-ek Espainiako historiako rock disko onenen zerrenda bat atera eta komentarioak inguruan. Tartean, Sustatukoak ere bai Iban Zalduaren eskutik. Zalduak, gainera, euskarazko diskoen zerrenda osa dezagun proposatzen digu.

RDL-koen zerrenda espainolean, baskoen artean faltan bota dut La Dama Se Esconde-ren baten bat.

Euskal zerrendari dagokionez, horra neurea:

  1. Ruper Ordorika. Ni ez naiz Noruegako errege.
  2. Hertzainak. Hertzainak.
  3. Xabier Montoia. Beti oporretan.
  4. Delirium Tremens. Ikusi eta ikasi.
  5. EH Sukarra. EH Sukarra.
  6. Itoitz. Espaloian.

Bestalde, uste dut datozen mendeetarako hit-paradeak, printzipioz, kanten gainekoak izan beharko direla. Album-a, kontzeptu gisa, hiltzat jo daiteke. Kantuz kantuko deskarga legal eta ilegalekin hil dugu.

Bide batez, zorionak eman nahi dizkito blog xume honetatik Iban Zalduari Itzalak liburuagatik. Sustatu prezeski aipatzen duen Conspiration.com ipuina ere sartu du han, Egunkarian argitaratu zen zutabe hura... Lastima hura ez kopiatu izana, orain ez baitago gure artxiboan gordea. Beste bat, aldiz, Egunkariatik kopiatu eta pegatu egin genuen gurean, duela hiru urte: E-maila.

Letitia Zavalak zakil luzapena proposatzen dit

Luistxo Fernandez 2004/11/15 13:06

Spam mezu hau jaso dugu bulegoan. Neuk eta lankide batek bai behintzat. Penis enlargment pills eskaintzen dizkigu.


Letitia Zavala hau Zakilixut-en lagun haren senidea izango da, akaso: Nerea Azpitarte Zabala.

Txosten bat, hitzaldi bat, presentazio bat eta blog bateko sarrera sorta

Luistxo Fernandez 2004/11/12 08:24

Geroxeago noa Euskalduna jauregira nire txostena aurkeztera Euskal Kazetaritzaren I. Kongresuan.

Txostena Sanferminetarako entregatu behar izan nuen, "argitalpen epeeterako" hala behar zuten, eta harritzekoa egiten zitzaidan halako aurrerapena... total, azkenean webgunean ez aurkitzeko nik uztailean argitaratzeko eman niena (eta ustez besteek ere eman zietena). Diot nik: 21. mendeko komunikazioan, 4 hilabete behar dira zerbait jasotzetik argitaratzeko? (kasu honetan ez argitaratzeko!)

Gainera, lau hilabetean, Interneteko euskal eremuko blog-gintza izanik neure aztergaia, banekien desfasatuta egongo nintzela, eta horregatik oso deserosoa zen niretzat lau hilabete lehenagoko testu batekin joatea Kongresu batera. Horregatik, tira, pixka bat neurea eguneratzeko, blog honetan artikulu sorta batekin osatu dut kongresurakoa. Azkenean, lau diskurtso izango dira.

  • Hitzez emango dudana
  • Pantailan erakutsiko dudan presentazioa
  • Txosten idatzia, nonbait argitaratuko dena
  • Blog honetako kapitulu sorta

Ideiak berdintsuak denetan, baina ordena desberdinean bakoitzean.

CodeSyntax-eko Luistxo Fernandezek Euskalduna Jauregian egingo den Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuan parte hartuko du, Bitartekaritzarik gabeko kazetaritza ponentziarekin.

Blogekoak, honela geratu dira:

Kongresurako aurkeztutako txostena, eta aurkezpenean erabilitako presentazioa, hemen dituzu:

Eskerrak eman nahi dizkiet, bereziki, PPS presentazioan erabili ditudan irudiengatik:

Euskal panorama, hedabide estandarrekin konparazioak, eta etorkizuna

Luistxo Fernandez 2004/11/11 07:05

Blog-gintzaz jardun dut artikulu sorta honetan.

Euskaraz ba ote dugu halakorik? Ez, eta bai. Weblog kolektibo bat badago, Sustatu, baina ez da, espainolez informatikaz informatzen duen Barrapunto bezain ona. Funtsean, Barrapunto bezala, hartzaile askoren artean Euskalgintza informazio-gai gisa, ber-prozesatzen duen weblog kolektibo bat da. Hala ere, sortzen diren albiste eta eztabaidetatik sortzen da benetako informazio baliagarria, benetako zentzua? Nire zalantzak ditut. Markos Zapiainek erantzun ironiko batean definitu zuen oso ondo Sustatuko eztabaida tipikoak zein diren. Honako hauek:

  • Txintxuak dira ETAkuak, ala piztia kabroi hutsak?
  • Euskal Txip labeldunari buruzko jardunaldiak. Txostenak, gaztelaniaz. Ez dago eskubiderik!

Nik gehituko nuke, beste gai hau ere arketipikoa bihurtu dela:

  • Gizon batek bere minbiziari buruzko detaile kliniko guztiak ematen dizkigu.

Ez dira, inondik inora, euskalgintzari buruzko informazio-iturri sakon, fidagarri eta probetxuzko bat definitzeko giltzak... baina, hala ere, misterioren bat dela medio, Sustatu interesgarria gertatzen da, eta adiktiboa ere bai askorentzat.

Bere polemika antzu samarren azpian, salaketa eta kontra-salaketen atzean, mezu zentzugabeen ondoan minbiziari buruzko kronika ikaragarri onak irakurtzen ditugularik, zentzu kolektiboa sortzen da, pizten da. Ez da informazio purua, ezta, demagun, informazio kalitatezkoa, baina bada zerbait: bitartekaritzarik gabeko kazetaritza da, bai. Ia-ia kazetaririk gabe egina... Badu tertulia literarioaren aire hori.

Alor pertsonalean ere ez dugu gauza handirik. Baina apurtxo batzuk bai. Jabi Zabalaren Sarean.com da adibide teknologiko bat (aholkularitza zerbitzuaren tankera hartzen diot nik, doan aholkatzen gaitu Jabik, eta eskertzen diogu --neuk bederen), baina beste esparru batzuetan ere badaude perla sortu berriak, 2004. urte honetan bertan. Telebistaz eta modaz idazten duen Telezaborra blog-gile anonimoa fenomeno bat da. Eta Ricardo Gomez filologoak hasitako FiloBlogia blog berriak ere promesa txiki bat dakarkigu berarekin: hizkuntzari buruzko informazio zuzen eta zehatza non lortu edukiko dugula, medioetako kazetariek baino zehaztasun handiagoarekin prozesatutako informazioa iritsiko zaigula esparru horretatik.

Jabi Zabala kazetaria dela, bistakoa da. Baina Telezaborra ez omen da kazetaria, ezta, eta hau esan zidatenean harritu nintzen, telebistako langilea, nonbait. Ricardo Gomez ere ez da kazetaria. Baina kazetaritza egiten dute.

(aurreko bi paragrafoak idatzi nituen San Ferminak baino lehen, ordurako entregatu behar baitzen testua Euskal Kazetaritza Kongresuko antolakuntza sistema absurdo samarrean. Nik Sanferminetan entregatu nuen, beraz, baina oraindik ez dago nire testua ez beste komunikazio edo txostenik Interneten. Enfin, gehitu nahi nuen uztailetik hona blog pertsonal interesgarri gehiago azaldu dela: Eibar.org blog komunitatekoak, eta gehiago).

Nolanahi ere, euskal blogen panorama haziz doa. Gero eta interesgarriagoa da. Gero eta kazetaritza gehiago irakurtzen da haietan. Hedabide estandar euskaldunetan gero eta kazetaritza gehiago edo hobea ote dugun ez dut hain argi ikusten.

Zer gertatuko da hedabideekin eta kazetaritza estandarrarekin

Interneteko aldaketa hauek gora-behera, ez dut uste paperaren, eta uhin hertzianoen munduan, beste kazetaritza eta hedabide eredua desagertuko denik. Ez nago seguru, ezta ere, Interneteko saltsa honek beste horri nola eragiten dion.

Medio horiek Interneten egoteko aukera handiak dituztela ere egia da. Blog kolektibo edo pertsonalak akaso informazio-iturri interesgarriagoak dira niretzat, medio tradizionalen webguneekin alderatuta, baina hala ere, hedabide horien izen-erakarmena handia izango da Interneten, eta edizio jarraituak eta eduki paperezkoak edo hertzianoak sare-bidez zabaltzeko izan dezaketen aukerak audientzia ekar diezaieke medio horiei webean. Ordaindutako edizioek ere tokia izango dutelakoan nago, nahiz eta horrekin, Espainian El Pais-ek ustez izan duen porrotarekin, eszeptikoak asko diren.

Era berean, uste dut medio tradizionalek badutela blog motako informazio modu berriekin saiatzerik.

Internetera egokitutako informazio berria moldatzeko gauza ere izan daitezke hedabide tradizionalak, zergatik ez. Badute materialik eskura. Liberation egunkariak ematen dizkigu adibide pare bat ( liberationwashington.typepad.com eta liberationnewyork.typepad.com ) eta, sarean aurki daitezkeen adibideen artean, Spokesman Review egunkari erregional amerikarrean aurkitu dudana interesgarria iruditu zait... adibide pare bat besterik ez dira, besterik ere egongo da. Zergatik ez ditu Berria-k Juan Cruz Lakasta, Harkaitz Cano edo Imanol Muruaren blog-ak inauguratuko laster? Edo telebista-bloga, ez akaso izen-deitura jakin batekin lotuta? Topagunearen Asteon baino merkeagoa izango litzateke. Ez dago motiborik aukera hauek deskartatzeko. Guztiz posibleak eta egingarriak iruditzen zaizkit, inbidia emateko moduko produktuak.

Berriak badu, hortaz (adibide bat jartzearren), kalitatezko blog sorta bat sarean jartzeko aukera. Baina hala ere, ez du esklusibitaterik izango. Berriak Canoren blog-a argitara dezake, ados jartzen badira, baina Canok ez du behar Berria blog bat izateko. Bere kasa ere izan dezake, okurritzen bazaio behar duela. Eta hain zuzen ere, blog eta informazio-iturri interesgarrientzako aukera hor dago, hedabideetatik kanpoko blog-gintzan, hedabideetakoan baino gehiago. Kazetaritza interesgarriagoa izango da, nire iritziz, hedabideetatik kanpokoa, barrukoa baino.

Ez dut uste honek inor harritu beharko lukeenik. Gaur egungo medio tradizionaletan ere, informazio interesgarriena ez da kazetariek prozesatutako informazio arrunta, sekzioak titularrez betetzen dituzten albisteak edo teleberriko eskaletako piezak, baizik eta sinadura berezia daramaten analisiak: zutabegileak, analista politikoek kontatzen dizkiguten erradiografiak eta sekretutxoak, autoretza argia markatuta daramaten erreportaiak...

Autorearen zutabean, hortxe dago kazetaritza hedabide tradizionaletan, inon badago. Eta zutabearen elementu antzekoena, sarean, blog-a da, beste batean esan dudan bezala.

Internet vs. beste hedabideak: komunikazio esparru estrategiko batzuetan, Internet da giltza

Beste adibide bat aipatzeagatik: Asteon (telebista informazioz osatutako astekari espezialdua) izugarri garestia suertatzen zen, eta laguntza faltan ito egin da. Telezaborra blog-ak ez du gasturik, eta ez du sarrerarik. Akaso ez du Asteon-ek baino askoz gehiago iraungo, baina bitartean, zulorik ez du eragingo, eta buruhauste ekonomikorik ere ez. Ixten denean, agur, eta beste zerbaitetara.

Irismen eta helburuetan, edo garrantzi estrategikoan, Asteon eta Telezaborra konparaezinak direla esango du norbaitek. Irismenean, gaur egunean, doako banaketa masibo paperezkoa ordaintzeko modua badugu, argi dago bai, Interneteko banaketa doako baina murriztuak ez duela bestearen ondoan parekatzerik. Baina helburuen garrantzi estrategikoan nik zalantzak ditut, ea bata bestearen hain gainetik ote dabilen. Helburua bada publizitate-azpiegitura bat posible egitea, eta zortzi laguneko lantalde profesional bat izatea martxan... Tira, Telezaborraren helburuak ez dira horretara hurbiltzen, baina, zorrotz begiratuta, bestearen helburuak horiek baziren, helburuak eta bitartekoak nahasten ditugulako izango da:

  • Asteon-en helburua zortzi laguneko egitura profesional bat izatea zen?
  • ala informazio alor jakin bat jorratzeko, zortzi laguneko egitura profesionala ezinebestekoa zen?

Zer da lehenago, arrautza ala oiloa?

Jarri dezagun helburua muinean, informazioan. Telebistari buruzko informazioa euskaraz: informazio ziklo bat sortu horren inguruan. Euskararen komunikazio esparrua eraiki horretan ere... plan estrategikoek, nazio biltzabaidaguneek, horrelakoak sarri aipatzen dituzte, baina... Telezaborra telebistari buruzko euskarazko komunikazio esparrua betetzera dator? Bai, zergatik ez. Osagarri xume bat, esan dezagun. Oraingoz, Asteon baino exito handiagoarekin, eta bideragarritasun ekonomiko handiagoarekin. Euskarazko hedabide "arrosak" ere (erreibindikazio zahar bat zenbaitzurentzat), etortzekotan, horrela etorriko dira, Telezaborraren eredutik, eta ez Topaguneak paperezko produktu batean beste diru mordoa jokoan jartzetik... Alternatiba bakarra subentzio infinitoa da: Sorginen Laratza. Asteon-ek ere subentzio infinitoa beste alternatibarik ez zuen, seguruaski... Ez dut esaten, hala ere, mereziko ez zuenik. Subentzio infinitoak ezinbestekoak dira Euskal Herrian, eta kasu batzuetan eztabaidatu ere ez dira egiten (EITB). Baina hori baino estrategia iraunkorragoa, ekonomikoki zentzuzkoagoa, da Internetekoa: ez horrenbeste diru sarrerengatik, gastu faltagatik baizik. Telezaborra ia doan da.

Ia doan, baina ez doan. Telezaborra ere ez da doan. Lana kostatzen da. Egilearen lana... Kontua da, egileak, edozein motibogatik, konpentsatzen ahal duela lan hori. Bizimodua beste nonbaitetik egiten du (edo bulego orduetan bere nagusiei denbora kentzen). Blog teknologikoak egiten dituztenek, adibidez, software librearen ereduan bezala, informazio ematen dute, feedback-a eta erantzunak jasoko dituztelako esperantzarekin. Edo bere burua promozionatzeko... Ze kurrikulum hobea Interneteko garaian, gai jakin batean duzun ezagutza eta esperientzia erakusteko, blog bat elikatzea baino?

Besterik gabe, akaso, zerbait esateko aukera eta gogoa izatea, eta gogo hori blog batean gauzatzea, nahikoa ordain da blog-gilearentzat. Beharbada, panorama informatibo eskasa ikustea izan daiteke beste akuilu bat: honetaz ez da informatzen edo ez da ganoraz informatzen euskaraz! egin dezadan nik behar bezala! Ausartuko naiz esaten horretaz badagoela zerbait Telezaborraren eta Ricardo Gomezen motibazioan, baina, bueno, haiei galdetu beharko litzaieke. Norbaitek elkarrizketatu beharko lituzke. Baina ez dut nik egingo, ze ni jada ez naiz kazetaria, izatekotan beraiek dira, Ricardo Gomez eta Telezaborra, bitartekaritzarik gabeko kazetaritzaren lehen adibide euskaldun xumeak.

Norbaitek pentsatuko du txantxetan nabilela. Ez nabilela esaten serioski etorkizuneko kazetaritza euskalduna Ricardo Gomez edo Telezaborra bezalako ereduetan dagoela. Ba bai, serioski dihardut. Bi adibide besterik ez dira, eta, noski, ugaritasunetik bakarrik sor daiteke kalitatea. Bi blog euskaldun egon eta biak onak izatea, zorte onegia da hori. Baina 20 sortzen direnean, bakanen bat egongo da txukuna.

(aurreko esaldi hori ere, uztailekoa da, txostenerakoa; orain azaroan, badaude 20, eta badaude sorta horretan oso txukunak, badago bat, bereziki, irailean sortu eta urrian amaitu zena, eta tarte horretan ikaragarrizko maila eman zuena, orain arteko blog euskaldun onena batzuen iritziz: Etiam )

Bestalde, bulego orduetarako, behintzat, Internetera konektatzen garenean, hori da eredua. Bulegoa esatean, bulegoari lotutako esparru komunikatiboak uler dezakegu: euskarazko informazio ekonomikoa, profesionala, teknikari lotua, inon garatuko eta hedatuko bada informazio hori euskaraz Interneten izango da. Prentsa arrosa baino esparru informatibo interesgarri eta estrategikoagoak dira horiek, eta inon badute garatzeko aukera, Interneten izango da, ekonomikoki bideragarria izan daitekeelako eta informazio-banaketarako ereduak badaudelako: bitartekorik gabeko kazetaritza, kazetari tituludun gabekoek emana blog-etan, edo ingurune korporatibo batean erakunde bakoitzak zuzenean emandakoa...

Gero etxean, butakan, beste zerbait izango dugu eskuartean eta pantailan... orain bezalatsu, akaso.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.