Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Posta-zerrendetan eboluzioa, XML feed edo jarioak eskaintzeko

Luistxo Fernandez 2004/05/14 10:33

Yahoo eta Google-ren arteko gerran beste fronte bat ireki da: posta-zerrenden kudeaketa sistemetan. Gudaldiko munizioan, mezuen XML feed edo jarioak darabiltzate orain bi aurkariek.

Oso baliabide indartsuarekin irten da kalera Google: Google Groups 2 Beta ( beta horrek esan nahi du probetan daudela oraindik). Ez bakarrik jendearentzako zerrenda eta bulletin publiko eta pribatuak (Yahook bezala), Usenet-eko artxibo osoa ere sistema berean integratzen da, hango newsgroup edo berri-talde guztiekin. Yahoo Groups sistemarentzako lehia zuzena

Gainera, gehikuntza ekarri dio Googlek sistemari. Zerrenda edo talde bakoitzaren informazioa XML-ezko feed edo informazio-jarioekin dator. Ez bat, gainera, baizik eta bi: mezuz mezukoa bata, eta bestea harien araberako ( haria esaten zaio eztabaidagune batean mezu nagusi bati eta haren harira sortzen den erantzun-kateari). Esate baterako:

Yahoo neurri batean ezustean harrapatu du honek. Onelist sistema sortu zuen Mark Fletcherrek hausnarketa interesgarria egin du gaur honetaz. Fletcherrek badaki apur bat horretaz, Onelist hura eGroups-ekin batu zelako gero, eta eGroups gero Yahoo Groups bilakatu zen. Eta zera dio: Yahook erosi zuenetik eGroups, apenas gehitu dion ezer, eta bai gauzak murriztu. Orain Bloglines gidatzen du Fletcherrek, eta ez zaio arrazoirik falta. Bilaketa funtzioa txarra eta traketsa du Yahook inon halakorik bada.

Hala ere, Yahoo Groups ere ari da mugitzen. Jakin dugunez, XML jario propioa ere badute orain bertako zerrendek, erdi ezkutuan bada ere. Hortaz, hor dago zerrenda euskaldun hauen XML feedak:

Euskarazko XML feed bilduma eguneratu dugu helbide honetan:

Telezaborra

moblog 2004/05/11 11:10

Telezaborra blog euskalduna iragarri da Sustatun. http://blogs.ya.com/telezaborra Mezu bat igorri diot haren sortzaileari: Ez dakit nor zaren, telezaborlari, baina zorionak. Uste dut interesa piztekoa modukoa dela zure blog-a. Telebista gustatu eta telebista ezagutzen duen norbaiten profila zenuela esango nuke, baina ez dakit. Edozein modutan, animo. Irakurle bat bederen badaukazu jada.

Gumball 3000 Euskal Herrian: kontrol barik

moblog 2004/05/11 10:07

Hauek ez ditu Guardia Zibilak gelditu, gure lagun Imanoltxu ez bezala.

Atzo telebistan luze... eta prentsan ere bai gaur: Gumbal 3000 rallya edo dena delakoa.

Katalunian atxilotu dituzte batzuk, makarra aberats batzuk Ferrari eta Porscheekin zihoaztelako 250 km/o abiaduran autopistatik. Jende ezaguna ere badabil idiotarena egiten, Adrien Brody oscarra duen aktorea adibidez (The Pianist)

Kontua da makarrada hau Internetetik antolatua eta iragarria dagoela, eta maiatzaren 4an eta 10aren bitartean, egin izan dela... ba, hara, joan den astean Euskal Herrritik igaro ziren. Autopistaz igaro zuten Euskal Herria... Non ote ziren Guardia Zibilaren kontrolak edo Ertzaintza?

Batzuk kontrol barik lasai asko ibiltzen dira.

Beren web flasherotik ( http://www.gumball3000.com/ ) mapa atera dut irudi gisa.

Euskal Herriko errebuelta hori nondik hartuko zuten ez dakit. Leitzarandik edo Etxegaratetik baino, Basauriraino joango zirela, ordaindutako autopistatik segitzeko Burgos aldera...

Coreblog diseinua: Movable Type-ren CSS orriekin guztiz konpatiblea

Luistxo Fernandez 2004/05/10 16:33

Blog-ak egitura bertsukoak izanda ere, diseinu personalizatuak egiteko aukerak daude. Eta Eibar.org blog-komunitate bat bihurtzen bada, bakoitzak bere estiloa ere eduki ahal izango du.

Ikusi hau

Aurreko mezu batean aipatutako Amatiñoren blog "faltsuaren" kopia eraldatu bat da. Hor ikusiko duzue dantzan menu desplegable bat (ez oso ondo kokatua, egia esan).

Handik estiloa aldatuz, ikusi ahal izango duzue itxura aldatzen dela guztiz. Sarean estiloa, adibidez, Sarean.com web-etik hartutakoa da.

Adibide honetarako, CSS estilo aldakorrera moldatzeko Jeff R. Hicks-ek sortutako Coreblog-erako CSS skin edo azala erabili dut. Era berean, Trond Lossius-en Lostblog gunetik azal-aldaketarako sistema kopiatu dut. Berak bere aldetik, beste norbaiti zor dio CSS estiloen kontua.

Movable Type-ko estiloekin guztiz konpatiblea da garapen hau.

Blogak irakurtzen

moblog 2004/05/08 10:57

Atzo eibarnauten afaria. Blog kontuak aipatu genituen.

Horra blog interesgarri batzuk.

  • Tom Lazarren Tomster eta berak lagun bati diseinatutakoa, Albrecht Kresse. azken honetan, eduki finko batzuk ezkerrean, blog-eko dietarioa eskuman.
  • Blog sozio-politiko bat, Ipar Irlandako bizitzaz eta politikaz.
  • Gizartea eta zientziaz, Javier Armentia, Iruñeko Planetarioko zuzendaria:
  • Telezaborra, Telebista asko gustatzen zaion euskaldun anonimo batek egina. Anonimoa izan arren, ez da libelo bat, iritzi interesgarriak dituela esango nuke.

Hauetara harpidetuta egonda, Bloglines erabilita, adibidez, zutabegile baten artikuletara harpidetuta bezala zaude.

Nik Bloglines-en bidez irakurtzen ditut gauza hauek. Horra: www.bloglines.com/public/luistxo

Baina nire sarbide pertsonalarekin, modu desberdinean ikusten ditut, aldameneko irudi honetan bezala. "Karpeta" edo "albiste-iturri" bakoitzean zenbat nobedade ditudan irakurri gabe esaten dit. Adibidez, Telezaborra blog-ean 3 komentario berri daude. Consumer aldizkariko horretan, 15... Era berean, klik egin dut Sarean Photolog delakoan eta ikusten dut beste leihoan Jabi Zabalak kargatu dituen azken albiste-notiziak. Baten bat interesatzen bazait, irakurri egiten dut. Bestela, bihar arte aio.

Aipatu genituen halaber, nire esperimentoak. Nire blog-a hiru hizkuntzatan, eta azken 10 egunetan furtiboki egin ditudanak, e-posta mezuak bidaltzen:

Coreblog euskaratu dut

Luistxo Fernandez 2004/05/06 14:46

Nire blog honen oinarri den softwarea, euskaratu dut, eta produktu instalagarri bezala prestatu euskarazko bertsio hori (gutxi gora-behera). Bide batez, gaztelaniaz ere jarri dut, eta beste hizkuntza batzuetan lokalizatzeko moduan ere bai.

Coreblog Zope-rako blog-softwarea da, bitakora makina, eta Zope web aplikazioen zerbitzariaren gainean dabil: Zope bezala, hau ere software libre eta doakoa da. Orain arte Squishdot izan da produktu ezagunena Zope-ren eremuan, eta tresna indartsua da, duda barik, batez ere weblog kolektiboak edo albistegiak antolatzeko, Slashdot edo Barrapunto bezalakoak, eta horixe demostratzen du, nire ustez, Sustatuk.

Baina blog-en mundua albistegi horietatik harantzago ere joan da, eta egutegi erako bitakora pertsonaletara zabaldu da. Duela hiru urte, blog softwarearen izen arketipikoak ziren Slashcode edo Nuke familia, eta horien parekoa zen Squishdot. Gaur ordea, izen ezagunenak dira Movable Type edo b2 ... eta horien parekoa da Coreblog.

Egutegi erako antolaketa du giltza, trackback edo ping egiteko tresnekin dator, bidaltzaile pertsonaletarako dago pentsatua batik bat, eta, moblog aukera du. Azken hau, ideala da.

Moblog aukera

Moblog edo mobile blog delakoa zera da: e-postaz bidaltzen duzu oharra, eta argitaratu egiten da blog-ean. Fitxategi erantsi gisa argazki bat gehitzen badiozu, hura ere azaltzen da. Blog honetako argazki hau horrela bidali zen, mezu soila e-postaz helbide jakin batera (POP kontua izan behar du, eta noski, pasahitz kontu batzuk konfiguratu behar dira blogean): ezagutzen ez nautenentzat, ni naiz laukote horretan nañarro, zatar eta mozkor itxurakoa.

Japonian moblog kontu hauek bereziki zabalduak daude, kamera duten telefonoetatik bidalitako mezuekin hornitzen diren blog-ak dira han moda. Coreblog, izan ere, produktu japoniarra da, eta hortaz, horretarako ondo prestatua dagoela dirudi. Telefonoko argazki probarik ez dut nik egin oraingoz. Telefono mugikorrik ere ez daukat une honetan...

Coreblog, esan dudan bezala, tresna japoniarra da, Atsushi Shibatak sortua. Orain arte, oso garapen japoniarra izan du, baina posta-zerrenda berri bat dago ingelesezko jardunarekin.

Nik, nire aportazio gisa, lokalizazio saio bat egin dut. Euskarazko skin bat, gaztelaniazkoa, eta beste batzuk garatzeko instrukzio sorta bat ere bai. Ez da programatzaile baten lana, baina, tira, ibili badabil.

Coreblog beraz gain, Localizer produktua behar da. Nik probatu dut bertsio hauekin:

  • Coreblog (0.61b).
  • Localizer (1.0.1).

Instrukzioak, hemen eta hemen

Instalatu ondoren, honako itxura izango du blog euskaratuak: probazko gunea

Interfaze aldakorreko instalazioa ere egin daiteke, hala-nola beste adibide hau

Itzulitako materiala, oso urria da. Bakarrik azaleko interfazeak moldatu ditut, ez kudeaketakoak (horretarako, produktuaren kodea ukitu behar zen, eta ez naiz horretan sartu). Localizerren oinarritu naizenez, .po fitxategiak sortu ditut eta hemen utzi ditut, kontsultatzeko. Itzulpenean zalantzatxo bat izan dut, trackback terminoarekin...

Ingelesen Hilerria, zertxobait desberdina da.

Coreblog bat da hau ere, Localizerren gainean moldatua, baina ez da lokalizatutako euskarazko skin hori bezalakoa. Eraldatuago dago, tuning gehiago du nireak, ez da erraza izango produktu edo skin gisa beste bat garatzea, kableatu gehiegi du barrutik, eta kanpotik ere, tuning-kotxeak bezala, hortera samarra ere geratu zait. Edozein modutan, ez bakarrik azal lokalizatua, eduki-kudeaketa eleanitza ere lortu dut nolabait, eta ez nago disgustora. Zope-ren indarra.

Editorialki, ez du asmo handirik nire blog honek. Hara eta hona idazten ditudan gauzak, hor ere pilatuz joango naiz. Sustaturako ezer idazten badut, hilerrira ere kopia; Eibartarrak zerrendarako okurrentzia bat, hilerrira ere kopia... Horixe da, ez besterik.

Jabi Zabala: Sarean,com bitakora eta fotolog-a

Luistxo Fernandez 2004/05/06 06:58

Jabi Zabala nire lagunak Sarean.com bere bloga berritu du, eta asteroko prentsako bere artikuluen bilduma izateaz gain, orain bitakora pertsonalagoa ere bada. Gainera fotolog bat gehitu dio. Azalpen batzuk eman ditu Jabik Sustatun.

Bere blogak orain bi RDF-XML feed ditu, bata bitakorarentzat, bestea fotologarentzat. Hauek dira:

  • http://www.sarean.com/argazkiak/index.rdf
  • http://www.sarean.com/index.rdf

Sarean.com-eko titularrak norberaren orrian ager daitezen, hauxe da HTML orrietan itsatsi behar dugun kodea:

<script language="JavaScript" src="http://tools.blogharbor.com/rss2js/rss2js.php?src=http%3A%2F%2Fwww.sarean.com%2Findex.rdf&num=5&date=no"></script>

Telendro lehiaketaren lehen asaltoa irabazi du Aurkik

Luistxo Fernandez 2004/05/03 18:37

Gaur eguerdian zen Telendro lehiaketaren lehen sprint-a. Eta Aurkiko Telendro euskaldunak irabazi du! Eskerrik asko lagundu diguten denei. Esku inozente batek erabaki du, asteburuan guk jarritako mezuari, lotura bat eskainiz erantzun zutenen artean, nori egokitu saria. Tatxan, tatxan, and the winner is... Joseba Etxarri, Euskalkultura.com-eko webmasterra! Zorionak Joseba, jarriko gara kontaktuan zurekin, ea nola pasatzen dizugun Google-ren Gmail web-posta zerbitzuan kontu bat izateko aukera hori.

Eskerrik asko lehiaketan parte hartzen lagundu diguzueonoi. Garaipen partzial honen berri, Dirson antolatzailearen gunean. Lehen asaltoa izan da hau. Lehiaketa benetakoa irailean da. Ordura arte lehen postuan jarraitzea, zaila dago. Baina, batek daki!

Edozein modutan, hasierako boom honek zer nolako eboluzioa izango duen, ez dago argi. Lehen astean, 3000 telendro baino gehiago sarean, eta geurea lehena!

Nonbait, ingelesez eta frantsesez egin izan dira horrelako lehiaketak. Frantsesez mangeur de cicogne (zikoina-jale!) terminoarekin proposatu izan da lehiaketa, eta ingelesez, sigla batekin, SERPS.

  • Frantsesezkoak ez du hedapen handirik izan. Mangeur de cicogne bilaketak 600 emaitzatara ez da iristen Googlen, eta Telendroak, berriz, 3000tik gora izan ditu zazpi egunetan.
  • Ingelesez hilabetera mugatu omen zen lehiaketa, eta irabazle suertatu ziren guneen analisiak blog-spam fenomenoaren berri triste samarra besterik ez du ekarri emaitza nagusi gisa. Irakurri analisi hau berri-talde batean, edo Jabi Zabalak blog-spam-aren berri nola izan duen ere...

Blog-spamaren edo asperdura eta ahanzturaren bidea hartuko ote du Dirson-en telendro lehiaketak? Geroak esango du.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.