Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Viakal eta King Kong

Luistxo Fernandez 2004/12/11 09:58

Gauza handia da aita izatea. 6 urteko baten bizipenak gertutik ezagutzea, adibidez. Zein xaloa den euren mundua, eta aldi berean, zein antzekoa: gure imaginarioa osatzen duten mito berberekin bizi dira haiek ere, baina beraientzat, mitoak egiazkoagoak dira.

Publizitatea

Lehengoan joan zen gure Peru lagun baten etxera (Manex). Bi mutikoak sei urtekoak. Telebisiño aurrean zirela, berriketan entzun zituenn Manexen amak, Aitziberrek. Literalki:

MANEX: Viakalek oso ondo garbitzen du, dena oso distiratsua uzten du.

PERU: Bai, egia da, eta gainera ez du karerik uzten.

Zinema

Gauez, lotarakoan, ipuina ezinbestekoa da Perurentzat. Irakurri-ikusiak, Asterixenak adibidez. Neuk ipuin bihurtzen dizkiodan filmen kontakizunak ere gustatzen zaizkio. Birekin, bereziki, exito handia dut: E.T. eta King Kong.

Negar malkoak irteten zaizkio E.T. ustez hilda dagoenean baina espaziountziaren hurbiltasunarekin berriz bihotza pizten zaionean... baita King Kongek etxeorratzaren puntan, tirokatzen dutenean, bere maitea esku ahurrarekin babesten duenean, etxe gainean uzteko neska, hilzorian jausi aurretik.

gaztelumendi.blogthing.com

Luistxo Fernandez 2004/12/10 19:32

Patxi Gaztelumendik bloga sortu du gaztelumendi.blogthing.com/ helbidean. Eta Josu Landa berarekin hasi da mezu batzuk idazten. Ongi etorri biei blogosfera euskaldunera.

Blogthing-en bitakorak sortzea erraza da.

http://astiz.blogthing.com/
http://goiatzl.blogthing.com/
http://gorpal.blogthing.com/
http://inhar.blogthing.com/
http://iradelpa.blogthing.com/
http://janigoikolea.blogthing.com/
http://janiremendi.blogthing.com/

http://josunebiku.blogthing.com/
http://korta.blogthing.com/
http://lur.blogthing.com/
http://maddi2.blogthing.com/
http://oihanekorres.blogthing.com/
http://rebeka.blogthing.com/
http://sasiblog.blogthing.com/

Zergatik ez zatitu bitan Gaztelumendi, Josu Landak berea propioa izan dezan? Zergatik ez Armiarman edo Susa-lit-en blog egitura propioa? Bueno, Josuk bere iritzi propioa du eta bertantxe utzi du idatzia.

Joxe Aranzabalengana harpidetu

Luistxo Fernandez 2004/12/08 11:57

Euskara ere aldatzen zaigu aukera teknologiko berriekin. Deklinabidearekin zer egin ez dakigu. Ni Berria-ra harpidetua nago, eta goizero ekartzen didate egunkaria etxera. Sustatu-ra ere harpidetzen ahal zara, bai e-postaz edo feed irakurgailu baten bidez (Bloglines-en bidez).

Baina pertsona batera edo batengana harpidetzerik ba ote dago? Deklinatzeko orduan, ez dakit, baina praktikan, bai, eta pertsona batzuengana harpidetzea merezi du. Dudarik gabe, Joxe Aranzabalengana harpidetzea ideia ona da.

Ze, Joxe, harpidegarri dugu osoki.

  1. Zer pentsatzen duen, esaten duen eta bizi duen jakiteko, bere bloga dauka, Faroa eta haren feed-era harpidetu zaitezke.
  2. Zer ikusten duen, ateratzen dituen argazki xaloak, Flickr-en dauzka eta haren feed-era harpidetu zaitezke.
  3. Sarean zer deskubritzen duen, zer ikasten duen, del.icio.us-en kargatzen du eta haren feed-era harpidetu zaitezke.

Hor duzue, Joxe konpletoa: harpidetu zaitezte.

Faroaren lidergoa

Bloga, Faroa, bada pare bat aste martxan duela, eta ez diot ongi etorririk eman neuretik. Berandu bada ere, hemen da, mezu honetan. Lehen mezuetako bat bereziki zorrotza eta egokia iruditu zait, Euskadiko Kutxak iragarki batzuetarako Juanito Oiartzabal kontratatu izana kritikatzen du. Kritikari erreparatuta, antzeko zeozer pentsatu nuen neuk ere iragarkiok ikustean. Mezu horretan lidergo hitza aipatzeak ere atentzioa deitu dit.

Orain dihardut liburu bat irakurtzen lidergo kontzeptuari buruz, Secrets of Leadership: Hitler and Churchill. Andrew Roberts-ena. Gaztelaniazkoarekin nabil eta polita (ideologikoki oso oso Bush-zalea izan arren).

Gutako askorentzat, Joxerena bai lidergoa. Eta Faro honen argia, Interneten nabigatzeko itsas-argi bihurtuko zaigulakoan nago.

Blogger, Blogspot, Google: edukiaren jabe?

Blogspot-Blogger hautatu du Joxek blogerako, Googleren bloggintza zerbitzua. Horren harira, galdera zuzendu diot: Bloggerrekin pozik?

Artikulu sorta handik bat-batean deskargatzerik ba ote dauka? Hau da, han pilatzen joango den ondarea, Joxeren kontrolpean dago ala Googleren eskuetan?

Beste batzuek ere antzeko kezkak dituzte. Microsoft-en Spaces.msn.com blog zerbitzua abiatu delarik, Many 2 Many blog interesgarrian zera irakurri diot Liz Lawleyri: And in general, I’m always nervous about having my blog posts hosted on a central service that I don’t control—I like having my text on a server that I can back up whenever I’d like.

Bai, neu ere uzkur agertzen naiz zerbitzu horiekin. 1998an hasi ginen gu Eibartarrak zerrenda egiten Makelist izeneko zerbitzu batean, gero Yahoogroups bihurtu zena. 2004an, 8.000 mezu, denak Yahooren eskuetan, eta sekulakoak egin behar izan genituen handik berreskuratzeko. Orain gure kontrolpean daude. Hemen kontatzen dut.

Eibarko blogen kasuan, hasieratik, dena kontrolpean: domeinua, softwarea eta edukia.

Firefox oparitu diot neure buruari

Luistxo Fernandez 2004/12/08 05:20

Mozilla utzi eta Firefox-era igaro naiz. Duela egin batzuk oparitu nion neure buruari, baina gaur ospatuko dut, neure eguna delako. Programa majoa eta polita. Denbora pixka bat hartu dut konfiguratzen, eta programa potolotzen... Nire Firefoxaren menuak honako itxura lodia dauka orain...


Goiko bi lerroak, ohikoak dira:

1. Menua. Firefoxi falta zaio oraindik euskaraz egotea. Ea iristen den.

2. Nabigazioaren barra. Ezkerretan bilaketa aukera bat dauka, baina ez dut uste askotan erabiliko dudanik, ze Google Barra ere instalatu diot, eta horrekin nahikoa.

Eta hortik behera, nire ezarpen pertsonalen kustomizazioaren ondorioak: 3. Faboritoen edo lastermarken barra. Gogokoen artean ohikoenak, hortxe gehitzen ditut, eta karpetaka antolatuta izatea aukera polita da.

Niretzat, bi laster-marka bereziki inportanteak eta ezinbestekoak dira: ez dira berezko loturak, baizik eta eragiketak egiten dituzten tresnak: bookmarklet-ak. Bi ditut irudian agerian, Tinyurl-arena eta Post to del.icio.us . Zerbait ikusi eta URL konplikatu bat erabilgarri bihurtu nahi dudanean, Tinyurl-aren bookmarklet-ean klik egin eta listo. Gordetzeko moduko zerbait ikusten dudanean, benga, del.icio.us-era kargatzen dut beste bookmarklet-arekin. Jamaika ataleko azalpenetan jartzen du Sustatun nola eskuratu bookmarklet hori.

Faboritoen barra honen ezkerraldean beste ikono bat ere ageri zait, beherantz dagoen gezi gorri hori: Slogger estentsioa ezarri dudalako da.

4. Webdeveloper estentsioaren barra da hori. Diseinuan eta garapenean asko laguntzen duen tresna. Hemendik lor daiteke. Mozillarekin ere bazebilen tresna hau, baina Firefox-entzako bertsio esklusiboak aukera gehigarri bat dauka, Edit CSS. Hor klikaturik, ikusten ari zaren orriaren CSS lehen planora agertzen zaizu, eta Wysiwyg eran editatu dezakezu, aldaketak egin diseinuko eraginak aldi berean ikusiz...

Nire blogeko diseinuan, kolorearen letra bat aldatuz, ikusi zein erraz nabaritzen den, fff dioen tokian faf eta aldi berekoa da aldaketa. Irudi hauetan ikusi daiteke:

 

5. Google Barra hemendik jaitsi dudan estentsioa da. Google-n bilaketak zuzenean aukera ederra da. Berez instalatzen denean, ikono arraroz betea ageri da, eta nire ustez hobeto geratzen da letrekin (ingelesez, kasu honetan). Saguaren eskumako botoia klikatuz barra honen gainean, aukera batzuk konfiguratzeko modua dago... Nik bilaketa batzuk ezkutatu ditut (University etab.) eta beste batzuk agerira ekarri (Google News edo irudietan bilatzekoa).

Google barraren ezkerraldean dagoen Highlight aukera oso majoa da: berba batzuk jarri barran, eta hor klikatuz, testuan non ageri diren fosforitoz azpimarratuta agertzen zaigu. Testu edo orri luzeetan gauzak di-da batean aurkitzeko oso praktikoa da.

6. Fitxak. Fitxen bidezko nabigazioa, aurkikuntza handia; Mozilla edo Firefox erabiltzaile guztiek ziurtatu dezakete hau. Nik lotura baten gainean saguaren erdiko botoian klik eginda zabaltzen ditut fitxak (ez dakit lehenetsitako aukera hori den berez Firefox-en ala aukera hori Mozillan nituen hobespenetatik hartu didan). Mozillan ez bezala, fitxen barrak ez dauka fitxa berria sortzeko ikonorik ezkerretan, bai ordea eskumatan fitxak ixteko X txikia. Hala ere, aurkitu dut nola egin: fitxa huts berriak zabaltzeko, fitxen barraren gainean klik bikoitza egin.

Slogger luzapena

Luistxo Fernandez 2004/12/08 05:18

Google Desktop-ek gure disko gogorra arakatzean lan polita egiten du. Baina, zera du okerra, MS produktuetara enfokatua dago osorik. Hala ere, MS produkturik gabe (ez ordea Win XP sistema eragilerik gabe) erabili daiteke, eta neure proba batzuekin neu pozik nago.

Emaitzetan etortzen den gauza bat web history delakoa da, azken aldi honetan bisitatu izan dituzun web orrietako emaitzak, zuzenean katxetik. Baina, hara, hori MS IExplorerrentzat egokitua dator. Baina konpon daiteke, eta Firefox-ekin erabili.

Firefox-eko web historia ager dadin Google Desktop-en, instalatu Slogger Firefox-ekin.

Instalatu eta gero:

  • Berrabiarazi Firefox
  • Gehitu behar dugu "Slogger Main" botoia toolbar-era: (View -> Toolbars -> Customize..., find buttton and drag to where you want it). Onena, laster-marka faboritoen barrara eramatea.
  • Beheranzko gezi beltz bat agertuko da beltzez faboritoen barra. Klikatu eta gorri bihurtuko da.
  • Kargatu web orri bat, edozein. Dialogo kutxa bat irekiko da, Slogger preferences eta hor aukeratu behar da zein tokitan gorde orriak, non jarri katxe hori. Folder hori aukeratu behar da. Ez eman oraindik OK ze hurrengo urratsa konfiguratzea ere komeni da.
  • Slogger preferences horretako bigarren tab edo fitxan, Save HTML only. Bestela web orrien irudi guztiak ere kargatuko zaizkizu katxe horretan. OK eman.

Une horretatik aurrera, bisitatuko orrien memoria Google Desktop-en azalduko da. Emaitzak web history epigrafean azalduko dira, eta IExplorer ikono batekin ondoan, baina lasai: klikatzean ez da Explorer arrankatzen, Firefoxekin nabigatzen jaraitzen duzu.

Bug txiki bat deskubritu dut. OpenGroupware-ren funtzionamendu normalarekin txoke egiten du Sloggerrek aktibatua dugunean (gezi gorria). Gezi beltza ezarri behar OpenGroupware-n gaudenean. Nonbait, OpenGroupware-ren HTML-an bilaketetan tartekatuta dauden Javascript aginduekin izan behar du erlazioa bug horrek.

Hemengo irudi honetan ikus dezakezu Slogger-en ikonoa, gezia, Firefox-eko nabigazio barran. Kasu horretan, aktibatua dago, gorriz: gainean klikatuz gero, beltz bihurtuko zen eta desaktibatu. Harik eta berriz eman eta aktibatu arte.

OAI: Estandar ireki bat, Interneteko liburutegi nazional baterako abiapuntua

Luistxo Fernandez 2004/12/02 23:06

Izenburu hau duen demostrazio eta aurkezpen-hitzaldia emango dut CodeSyntax-en izenean, lagun batzuekin batera, Durangoko Azokan, datorren asteartean, hilak 7, arratsaldeko 18.30etan.

Deustuko Unibertsitateko DELI taldearekin batera egindako ikerketa proiektu baten emaitza da. Emaitza erreala, demo funtzional bat, kasu honetan. Kasu honetan, Ikerketa + garapena proiektu bat da hau, Unibertsitate eta enpresaren arteko elkarlanean. Izenburu hau eman genion: OAC, Open Archive Catalog proiektua, katalogo irekiak sarean nola elkartrukatu. Interneten datu bibliografikoak gurutzatzeko sistema baten inguruko ikerketa. Saiotek (Eusko Jaurlaritzaren Industria Saila) ekimenak lagunduta egin dugu.

OAC proiektuaren emaitza etorri da, beraz:

  • ikerketa: OAI estandarra da jarraitu beharreko bidea, horixe ondorioztatu du lanak (nagusiki Deli-ko Garikoitz Etxeberriari eskertu behar zaio hau).
  • garapena: demostrazio tekniko bat, benetako datuekin, guztiz funtzionala, sarean laster eta Durangoko ekitaldi honetan hilaren 7an aurkeztuko duguna.

Zer da OAI?

OAI da ingelesez Open Archive Initiative, Artxibo Irekietarako Ekimena. Jakintza akademikoaren argitalpena, hedapena eta katalogazioa, Internet bidez nola egin; horren inguruan lan asko egin da, eta hauxe da emaitza. Erregistro bibliografikoen hedapen eta katalogaziorako tresna bat da, beraz, OAI. Baina liburuetako datuen trukerako baino askoz gehiagorako balio du honek: inplementazio desberdinek balio dezakete liburuak saltzeko, faksimil digitalak sarean jartzeko, artikulu akademikoen argitalpena, liburutegiko katalogo kontsulta...

OAI zer den azaltzen duen esteka mordoa hemen.

Teknikoki, oso azaletik esateko XML modu bat da. XML da lengoaia bat, informazio kodetzeko sareko estandarra bilakatu dena, eta OAI, datu bibliografikoak kodetzen dituen dialektoa. Oso da moldagarria: katalogo jakin batean, itzulpenari dagozkion N alor jarri behar badira, ba jartzen dira: ez dira OAI guztiak berdinak, bakoitzak bere gisakoa molda dezake.

Funtsean, Interneteko albiste eta informazio freskoaren zabalkundean RSS Feed-ak direna, OAI da liburu eta artikulugintzan.

Hemen irudi bat erakusten duen OAI artxibo baten kodeketa... Kasu honetan Armiarma proiektuko erregistro jakin batena da irudia.

OAI prozesua

Zera da koxka, OAI kontu honetan. Bi aktore mota daude. Batzuek eman, beste batzuk hartu. Beste modu batean, hauek dira zereginak:

  • Erein: argitaratzaile, katalogatzaile edo datuak dituen bakoitzak, datuak argitaratzen ahal ditu OAI estandarrean
  • Uzta bildu: beste aktore batzuek, iturri desberdinek ereindakotik, errejistroak bildu.


Datu-emaileak libre dira nork bere datuak nahi bezala katalogatzeko eta OAI formatuan argitaratzako. Jasotzaileek, bakoitzak bere helburuen arabera, iturri batzuetakoak hautatzen dituzte. Tartean, uzta-biltzaile batzuek, halaber, datutegi eraldatuak atera ditzakete OAI formatuan.

Goiko adibide grafiko hori ekar dezagun euskal kasu hipotetiko batera:


Goian, Elkar, Susa, Inguma eta beste batzuek, bakoitzak bere kasa, bere liburuen edo artikuluen datuak argitaratzen ditu OAI formatuan. Behean, berriz, uzta biltzaileak daude. Kasu honetan, soilikliteratura.com izeneko zerbitzuak euskal literaturako bilduma bat eskain dezake, bilaketekin-eta, eta letrakbila.com-ek aldiz, errejistro gehiago, era askotako jakintzarekin dagoelako lotura bere edukia. Batean edo bestean, bilatuz gero Xabier Mendiguren Elizegiren, emaitzetan jatorri bakoitzeko loturak azalduko dira, Inguman hainbat artikulu, Susako liburuen artean ez dakit ze kritika, Elkarren bidez Megadenda.com-en erosteko aukera... Era berean, iturri batzuek, datu akademikoak ematen dituztenak, nazioarteko OAIster zerbitzura ere badoaz, eta nazioarteko emaitza horietan ere azalduko dira, beste hainbat baliabiderekin batera, Deustuko Unibertsitateko eta Ingumako emaitzak.

Beste eskema bat:


OAIk ez du esan nahi dena libre. Argitaldari batek jartzen ditu datuak, liburuak denda baten bidez saltzeko... ez bere eduki osoa digitalki jartzeko. Baina, era berean, azpiegitura berak balio du erein-jaso eskema pribatuak ezartzeko. Irudian, lerro finak adierazten du OAI errejistro publikoen argitalpena, eta lerro lodi intermitenteak, berriz, lotura pribatu berezi bat.

Demagun Jaurlaritzak lege-gordailu digitala ezartzen duela: ba hura elikatzeko, argitaldari bakoitzak OAI eskema batean argitaratzen ditu, ez bakarrik erreferentziak, baizik eta lan originalen kopia digital osoak (PDF.ak adibidez). Kasu honetan, sare pribatua izan daieteke, X baimen eta Y protokolo sinatu eta onartutakoa, eta bakarrik lege-gordailu hori alimentatzeko.

Pentsa, orain, lege-gordailuak egin egiten direla... Baina paperezkoak! Papera da entregatzen da administrazio eta liburutegietan, non eta sortu, liburu guztiak digitalki sortzen direnean.

Nik uste dut EAEko administrazioak baduela zer hausnartu honen inguruan. Eta, gainera, une egokia dela, baliabide berri eta interesgarriak garatzen ari direlako, hala nola Bilgunea edo Katalogo Bateratua


Irudi honetan adierazi nahi izan dut, Katalogo Bateratua primeran integratu daitekeela OAI eskeman. Batetik, bere berezko liburutegi sarearen gainean eraikia dago, teknologia jakin batekin. Ondo. Baina, era berean, elikatu daiteke OAI eran datuak argitaratzen dituzten beste argitaratzaileen datuekin, ez derrigor liburutegietakoekin.

Gainera, Katalogo Bateratuak, ez bakarrik uzta bildu, emaitzak erein ere egin ditzake. Bere errejistroak, 30 liburutegi horietakoak, OAI formatuan argitaratu, beste batzuek ere ikus ditzaten. Era horretan, "Xabier Mendiguren Elizegi" bilatzen duenak soilikliteratura.com horretan jasoko ditu Megadendako datuak, Susakoak, eta, gainera, Katalogo Bateratuko emaitzetatik zein liburu zein liburutegitan dauden mailegagarri. Dena batera.

Prozesu hau ez da utopia

Ez. Albiste banaketan funtzionatzen du, 110 bat web iturri euskaldunek ematen dute informazio eguneratua RSS formatuan. Eta hainbat uzta-biltzailek jasotzen dute ereindako informazio freskoa.


Bilatu, hainbat gunetan aurkituko dituzu OAI: Estandar ireki bat, Interneteko liburutegi nazional baterako abiapuntua XML laranja kolorezko horiek. Blog honen aldameneko zutabean, CodeSyntax-en albisteetan, Badihardugu elkartearen webgunean... Liburuen datuak OAI eran kodetuta barik, albisteen datuak RSS eran kodetuta erakusten dituzte toki horietan. Eta uzta-biltzaileak daude. Nik erabiltzen dut bat oso praktikoa, Bloglines, eta besteek ereindakoa nik honela jasotzen dut horri esker.

Eta, ez, prozesu hau ez da utopia, demo bat prestatu dugulako, eta ibili badabilelako.

  • Azpiegitura: Zope, ZOpenArchives produktua (pentila.com), software libre eta doakoa
  • Programazioa: Deli, Codesyntax
  • Non: hilaren 7an Durangoko azokan, 18.30etan, eta laster sarean halaber.

Laginak utzi dizkigute lagun askok:

  • Badihardugu elkartea, Gaztelupeko Hotsak, Gerediaga elkartea, Inguma datubasea (UEU), Megadenda.com (Zabaltzen, Plazagunea eta Elkar), Armiarma proiektua (Susa), Lanbide Ekimena (hainbat erakunde), Deliren lanak... (Mezu batean propio eskertzea guztiak luzatuko ditut, utzi aurkezpena egin arte).

Lagin motak desberdinak dira:

  • Erreferentziak on-line dendetan (Hotsak, Megadenda.com)
  • Dokumentu original osoak sarean eskuragarri (Armiarma, Deli)
  • Erreferentzia bibliografiko-akademikoak (Inguma)
  • Liburuak, artikuluak, diskoak, literatura, dibulgazio teknikoa...

Interneteko liburutegi nazionala honela? Bai! Imajina dezagun uzta-biltzaile euskaldun bat, erreferentziak toki desberdinetatik hartzen dituena. Bilatu dezagun han Harrizko Herri hau. Lortuko genituzke:

  • Erreferentzia bibliografikoak (liburutegi hauetan maileguan edo fondo gordeetan...), Katalogo Bateratutik.
  • Denda hauetan erosgai
  • Osotasun digitalean, Armiarman (agian)
  • Lege gordailu digitalean (baimen bereziekin)

Eta hau ez bakarrik toki batean. Bilatzaile bat honek, blog komunitate bati lotuta; beste bat hark, egunkariko informazioarekin batera, kultura-edukien osagarri...

Epe laburrean, erraz egiteko moduko aukerak badaude:

  • Pare bat igorle, eta uzta biltzaile bakar bat, nahikoa, tresna funtzional baterako
  • Jaurlaritzaren Bilgunea eta Katalogo Bateratu aurkeztu berrien osagarri izan daiteke,
  • Euskal erregistroak nazioarteko OAI sareetan (OAIster eta beste) ager daitezke.

Eredu ireki bat eta irekitasunaren aukerak ditugu aurrean:

  • Bakoitzaren esku zer argitaratzea: zuk zeurean behin argitaratu, hainbat ispilutan aldi berean ageri
  • Biltzaile desberdinak, bakoitzak balio erantsi propioekin
  • Estandar irekia da, ez teknologia edo etxe jakin bati lotua

Kontzeptuak argitzen

Hau ez da OAI. Hau ez da eredu honetan oinarritutako Interneteko euskal liburutegi nazionala:


OAI, edo haren bidezko liburutegi nazionala, ez da Jaurlaritzak instalatu eta finantziatu behar duen konputazio-zentro erraldoi bat.

Ez da datubase zentral bat, beste guztiok, parametro zehatzekin, egunero elikatu behar duguna.

Hau bai, hau bada OAI; Interneteko euskal liburutegi nazional posibleago baterako eredua:

Gipuzkoako ur hornikuntza nola antolatuta dagoen erakusten du irudiak. Udal edo partzuergo bakoitzak, bereak sortu eta kudeatzen du, hori da koxka. Gero, sare sorta batek lotzen ditu (OAIn sare multipleak lirateke, nahi adina; batzuk globalak, besteak partikularrak; batzuk publikoak, besteak pribatuak).

Elikatzea automatikoa da: euria egin ahala toki bakoitzean, sare orokorretan ura dago.

Liburutegi nazionala argitaldari bakoitzaren eta guztien eskuetan dago, eta liburutegia, sarea bera da.

OpenGroupware: Groupware tresna bat, librea eta euskaraturik

Luistxo Fernandez 2004/12/02 17:43

CodeSyntax-ek OpenGroupware.org tresna euskaratu du. Software libre eta doakoa da, eta haren euskarazko bertsio berri hau ere bai.

Groupware kategoriako programa bat da hau: elkarlan tresna bat, erakunde edo enpresa batean ezartzen dena. Egutegi eta agenda partekatuak, proiektuen kontrola, bakoitza bere ataza eta asignazioekin... Era horretako aplikazio sorta bat, sarean erabiltzeko, normalean Intranet batean.

Zer da OpenGroupware.org?

OpenGroupware.org Linux-en dabilen talde lanerako tresna librea da. Baliabideen kudeaketa, agendak (pribatu zein elkarbanatuak), proiektuen kudeaketa... eta beste hainbat tresna eskaintzen ditu. OpenGroupware.org-ek web nabigazio bidezko atzipena eskaintzen du, hau da, posible litzateke (betiere segurtasun politikek baimentzen badute) edozein tokitatik web nabigatzaile bat erabiliz OpenGroupware.org tresnak ematen dizkigun baliabideak erabiltzea.

Euskarazko lokalizazio lan hau, itzulpen-ekimen ofizialen artean dago. Gure enpresan, CodeSyntax-en, dagoeneko erabiltzen dugu: gure intraneta, nagusiki, horixe da orain, OpenGroupware euskaratua. Jarraian, ikusi zer nolako hitzordu-programa neukan duela hilabete, azaroaren lehen astean:


Eibartarrak izanda, Domu Santu eguna da azaroaren 1.a, eta ez Santu Guztien eguna. Ikusi pantaila-irudi gehiago orri honetan.

Jarraitu instalazio instrukzioak tresna probatu nahi baduzu.

Oharra: hau ez da ordenagailu arrunt batean instalatzen den programa, Linux zerbitzari batean tresnak konfiguratzen dakien informatikari batentzako lana baizik.

e-Gor, MythTV instalatzailea

moblog 2004/12/02 17:39

Ongi etorria eman behar diogu Igor Leturia e-Gor lagunari blogosfera euskaldunera. Myth TV izeneko oso gauza interesgarria aurkezten digu. Aurrekontu kalkulurik ba ote? Nire uste, konputatu behar dira bi gauza: 1. makinaria 2. e-Gorren lanorduak Eskerrik asko

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.