Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Josu Landak neuk baino hobeto eta osoago kontatzen du nire burutazioaren ildoa...

Luistxo Fernandez 2004/11/10 22:39

Flipatuta nago. Gaur egon naiz Kazetaritza Kongresuko 3 saio entzuten. Bide batez, txostenen CD-a hartu dut, ze antolatzaileek ez dute www.ehu.es/kongresua webgunean txostenik jarri orain artean.

Etxera ekarri, gauez ireki, eta batzuei errepasoa eman diet. Josu Landarena ireki dudanean, flipatuta geratu naiz: nik esan nahi nuen gauza berak esan ditu, baina hobeto esan... Eta gauza gehiago esaten ditu, orain irakurri ditudanean neuk esan nahi nituela konturatzen naizena...

Nire blogean atalka kargatu dudan nire interbentzioaren (Bitartekaritzarik gabeko kazetaritza) ildoak eta ideiak ikusi ditut errepikatuta Josurenean, baina hobeto adierazita, izen propio gehiagorekin... tartean Eibartarrak zerrenda aipatzen da, eta Eibar.org-eko blogak ere bai. Izen propioetan errore bat portzierto: Gabi Araolaza ;-) Fofo eta Miliki falta ja ja ja

Nik ostiral goizez emango dut nirea Euskaldunan. Josu Landak arratsaldez. Aldrebes beharko luke izan, bereak hartuko duelako "errepikakor" itxura horrela, eta nireari zegokion paper hori.

CD-tik ateratakoa kopiatu, eta Eibartarrak zerrendara bidali dut, baimenik eskatu barik eta hala, por el morro. PDF batetik atera dut, eta hala hola dago lerro mozketa-eta.

Hemen duzue, beraz, Josu Landaren hitzaldia

Eta errebelazio honen ondoren, ea bihar denbora pixkat hartzen dudan nire mezu sortako azkena edo azkenak osatzen.

Kokein

Luistxo Fernandez 2004/11/10 07:50

Gauza bat aitortuko dut: ez naiz joaten kontzertuetara. Internetek isolatuta nauka; joan zen mendetik, 1996-2004 tartean, honetan hasi nintzenetik (1996 edo), uste dut hiru kontzertutara joan naizela bakarrik (herriko plazan jaietan Mikel Urdangarin ikusteak ez du balio, niretzat): The Lemonheads ikusi nituen Bilboko Kafe Antzokian, eta Cafe Tacuba New York-en andrearekin egin nituen opor batzuetan.

Eta joan den ostiralean, Kokein, Eibarko pop taldea. Joan den ostiralean ikusi nuen Kokein, Altza-Larratxoko kultur etxean, Donostian. Split 77 taldeak jo zuen lehenago. Lokal majoa, zabala, gimnasio itxurakoa, Nirvanaren smells like teen spirit bideoko eszenarioa dakarkizu gogora... baina, klaro, 50 lagunekin huts samar.

Onak dira Kokein, euskal musikan estilatzen denerako. Baina ez da nire taldea: horixe deskubritu nuen, ze haien ezer entzun barik joan nintzen, bakarrik seguruenik Gabiriak irratian entzundako singlea, kasu honetan nik DVD-bideo batean ikusia (oso polita, oso mobidua).

Suerte txarra ere izan zuten soinuarekin, eta hori aurrekoak, Split 77, soinu potente eta majoarekin entzun nituela. Gau osoan gauza bakarra ulertu nion Zaloa kantariari: aupa, eskerrik asko, kantu-tarteetan.

Eibartarrak zerrendan gurekin dabil Jatsu baxujolea. Eta haren musika deskubritu du Julen Gabiriak, mezu batean esaten digunez. Guapoak iruditzen zaizkio Juleni Kokeinekoak eta egia da guapoak direna. Eibar.org-en, duzue irudi parea, eta diskoaren informazioa.

Hori bai: ikusgarriena kantaria da. Halako tripatxo biribil bat dauka, eta oso ondo mugitzen du, sabel-dantza hipnotiko batean darabil kantu gehienetan, a-lo-Shakira, baina Arrateballeko estiloan. Ezin ulerturik zer zioen, horri erreparatu nion kontzertuan: biejoberde bat naiz, zer egingo diogu.

Kazetari talentua blogetan: kazetari sena eta teknika

Luistxo Fernandez 2004/11/10 07:42

Blogak irakurtzearen plazerra aipatzen nuen atzoko mezuan. Bai, gauza onak irakurtzen ahal dira. Kazetaritza ona. Badago kazetaritza talenturik blogetan.

Niretzat bi gauza dira, funtsean, kazetari talentua: sena eta teknika.

  • Kazetari sena, funtsean, gauza batentzako gustua izatea dela uste dut, berria apreziatzen jakitea, euskaraz eta gutxi gora-behera gure inguruko erdaretan terminoak duen adiera bikoitzean: albiste zer den detektatzea eta hura gustatzea, eta gauza berriak apreziatzen jakitea, betikoa hauesten duen aldaketa zerk dakarren igartzea... eta aldaketen aurrean zirrara sentitzea.
  • Kazetari teknika ere, gauza bat da, funtsean, Interneten: idazten jakitea, gauzak kontatzen jakitea. Internet oro har, eta bereziki blogak, medio idatziak dira. Ez multimedia eta ez kristorik, ez sinistu holakorik: medio idatzien kategoriakoa da Internet. Eta hortaz, abilezia tekniko nagusia behar du Interneteko komunikatzaileak: ondo idaztea, oro har, eta bereziki Interneterako. Horrez gain, Interneteko teknologiaren gaineko kontrol hobea duenak hobeto komunikatu ahal izango du, baina bigarren mailakoa da hori...

Eta... badago talentua Interneten?

BAI, ugari. Kantitate handiagoan, ale gehiago. Mila bloggerren artean 10 ale on egongo dira akaso. Ba 2000ren artean, 20 izango dira.

Talentuak beste esparru batzuetan ez dituen askatasunak dauzka sarean:

  • "bitartekarien" morrontzarik ez
  • zierre ordurik ez (karaktere zenbaketarik ere ez)
  • soldatarik ez (abantaila moduan aurkeztuko dut, bai!!!): bizimodua irabazi beharra vs. zerbait esateko gogoa daukazulako esateko aukera

Talentua ez da hain gauza urria, eta Interneten talentua ugari dago (artikulu interesgarri bat honi buruz Escolar.net-en ). CD-en edo DVD-en salmenta gainbehera etortzearekin, musika edo sormenerako talentua arriskuan jartzen dela esaten digute, baina ez dago horren frogarik: sarean irudi eta soinu sorkuntzarako zelako grina dagoen ikusi besterik ez dago. Enpresa batzuek software-patenteak bultzatzen dituztenean, enpresaren jakintza eta informatikarien talentua babestu nahi dutela diote, baina software librearen munduak erakutsi du Bulgariako logela urrun batean lanean dabilen mutil batek ere eskain dezakeela bere talentu programatzailea sarea erabiliz, talentua partekatzeko sistema bat eskaintzen bazaio (software librearen eredua).

Hedabide tradizional batzuetatik esaten digute adi ibiltzeko (Jabi Zabalak komentatzen ditu halako ahalegin batzuk hemen ),zentzua eraikitzeko Interneteko informazio-itsasoan, beharrezkoa dela erakunde mediatikoaren eta bere kazetari berezituen talentu prozesatzaile ofizialdua...

Nik kontrakoa uste dut, hedabideen informazio-kate "bitartekatuan" talentua egon badagoela, baina ez dela han argiago ikusten Interneteko blogosferan baino. Hartzaile bakoitza igorle bihurtzeko aukera eman, eta ehun hartzailetarik bat igorle bihurtuko da, eta hamar igorletarik batek talentua erakutsiko du, edo hamar igorleren mezuen kakofoniatik, bestela, zentzun apur bat eraikiko da... Sarearen efektu ireki horretan sinesten dut, eta talentu askearen ugaritasunean. Oro har, gainera, ez dut uste erredakzio jakin batean, 30 kazetariko lagina harturik, sarean lanean ari diren 30 injineruko laginarekin alderatuta, batean bestean baino kazetari-talentu handiagorik dagoenik. Ez hedabideek gaur egunean duten lan egiteko modua, ez kazetariek izaten duten prestakuntza, ez dira berme kazetari-talentuaren pizteko, nire ustez.

Eta talentua dagoenean ere, kazetari talentudunak sen hori zierre ordurako dagokion espazioa betetzen gastatu behar du, eta aldiz, akaso sarean lanean dagoen injineruak, zierre ordu barik, blog batean inbertitu dezake daukan kazetari-sen ezkutu hori...

Kazetari batzuek buelta eman diote kontu honi. Finlandiatik BBCko korrespontsalak zer kontatuko ote duen, ez dakit (Finlandiako aktualitateak ez nau horrela bereziki erakartzen), baina Fiona Romeo alias foe delakoak, blog interesgarri bat badaukala badakit...

Gainera, hedabide-egitura batean sartuta ez dagoen blog batek, hedabideen munduko morrontza ekonomikoetatik askeago egoteko aukera dauka. Hedabide tradizionala, eta hartan lan egiten duten kazetari eta prozesatzaileak, presio eta oreka ekonomiko zailetan lan egitera behartuta dauden negozio garesti batean dabiltza: paper produkzioa, edo telebista produkzioa (ez horrenbeste irratia), oso garestiak dira. Hortaz, faktore ekonomikoen bitartekaritza eta presioa handiagoa da.

Soldatarik gabe bloga egiten? Inbertsio bat egiteko modu bat

Internet merkeagoa da. Blog bat edukitzeko ez da diru asko behar. Baina dirua kostatzen da, hala ere. Akaso ordutan neurtzen den dirua. Eta, sarrerarik, edo ez dago, edo oso murritzak dira. Baina nik uste dut blog-lariarentzat kostu hori ez dela gastu hutsa: nik uste inbertsioa dela.

Blog-lari batek bere bloga bere kasa finantzatzen du, soldata beste nonbaitetik lortzen duelako normalean (hedabideko kazetari gehienek ez bezala), eta, zentzuren batean edo bestean, retorno-a ere ekarriko diolako blogak. Badako konpentsaziorik blog-lariarentzat: bere lanbidean esperientzia trukea, kontaktuak edo ezagutza gehiago garatzea... horixe izan daiteke ebidenteena. Propaganda ere bai, lan, kontratu edo enkargu ekonomiko berri edo hobeak lortzeko. Eta satisfakzio intimo eta emozionalak ere badaude, eta ez dira txikiak.

Blog-eko, sareko, kazetariaren motibazioak hauek izan daitezke, beraz:

  • Inork ez ditu hauek esaten, ba nik esango ditut
  • Promozio profesionala / kontaktu profesionalak
  • Norberaren egoa elikatu, edo konplexuak uxatu, edo...
  • ...

Hartzailea igorle: blog edo weblogak

Luistxo Fernandez 2004/11/09 17:57

Informazioaren ziklo zuzen-zuzena deskribatu dizuet aurreko mezu batzuetan, erakundeak informazioa zuzenean publikoari bidaltzekoa. Baina, horrez gain, informazio ziklo konplexuagoak ere badaude Interneten. Hartzailea igorle bihurtzeko gaitasuna duen medioa delako Internet, benetako komunikazioa, bi norabidetakoa, gauzatzeko bidea ematen duen tresna da. Horrek, sorkuntza kolektibo eta indibidualerako aukera handiak ematen ditu. Informazioaren hedapenerako ere bai.

Informazio hedapenerako modu batzuk ezagutzen ditugu. E-posta bidezko komunikazioa, posta-zerrendak... Baina azken aldi honetan, indar bereziz ezarri direnak weblogak dira.

(Ostiralean emango ditut kontu hauek Kazetaritza Kongresuan. Espero dut jendeak ez diola kasu egingo Andu Lertxundiri gaur, eta ez dela joango Leioara, baizik eta Bilboko Euskalduna Jauregira.) Weblog-a estandar bat da dagoeneko. Informazioa, albisteak antolatzeko modu arketipikoa weblog-arena da gaur egunean. Azken albisteak goian, haren azpian, atzeranzko ordena kronologikoan, gainerakoak. Lehen orrian hamar sartzen badira, bat berria kargatzen denean, 10.a orritik irten egiten da, baina (idealki bederen) artxibatuta jarraitzen du. Weblog-aren eredu sinple honi jarraitzen diote albistegi ia guztiek Interneten. Baita berez blog-ak ez direnek: egunkari digital gehienak eta prentsa-ohar korporatiboen bildumak, adibidez, goitik beherako ordena kronologiko horretan egituratzen dira.

Hortik aurrera, ñabardurak has daitezke. Bi motako weblogak daudela esan daiteke:

  • Kolektiboak, lehen jeneraziokoak. Slashdot izan zen aitzindari, eta Kuro5hin haren ondorengo nagusia. Gaztelaniaz Barrapunto sortu zen, eta tinko dirau. Euskaraz, Sustatu. Oro har, weblog terminoa erabiltzen da horientzat.
  • Pertsonalak. Pertsona edo taldetxo bakarrak sortzen eta kudeatzen dituenak. Intimitate bitxiak anonimatotik kontatzen zituen neskarena izan zen, beharbada, era honetako lehen weblog esanguratsua, baina harrezkero espertoenak asko indartu dira. Hauentzat, gehiago erabiltzen da bitakora terminoa, edo blog, laburtuta, forma luzearen ordez.

Berez, blog eta weblog gauza bera dira, baina badago halako ñabardura lexiko bat bien artean, kolektiboak (weblog) eta pertsonalak (blog) desberdintzen dituena.

Blog-ak, halaber, idazteko orduan partehartze-aukera desberdinen arabera ere sailkatu daitezke. Kolektiboetan, erantzunak posible izaten dira ia beti, eta parte-hartze ireki samarra ere egoten da, baina mezu nagusien zein erantzunen argitalpenerako, moderazio, ponderazio edo kontrol sistema desberdinak egon daitezke.

Blog pertsonaletan ere, egileek batzuetan ez dute nahi erantzunik, eta ez da egoten. Beste batzuetan, erantzun moderatuak egoten dira, eta blog-gile batzuek erantzun libreak ere sustatzen dituzte. Blog pertsonaletan beste erantzun mota ere badago: trackback-a, artikulu bati beste blog batetik egiten zaion deia edo erreferentzia.

--- Bitartekariek, bitartekotza ezabatzeko funtzionatzen dutenean

Aurreko mezuan azaldu dut batzuetan hartzaileengan miraria gertatzen dela. Hartzaile bat espertoa da esparru jakin batean, iturri askotarako sarbidea du sarean, hango informazio desberdina prozesatzeko gauza da, eta bera ere, igorle bihurturik, informazio-banatzaile bihurtzen da: Bitartekari bat gehiago (bloglari esperoa), baina bitartekaritza gutxiago informazioaren zikloan, horra Interneten ondorio bat.

Batzuetan ez da ezinbestekoa esperto handi bat izatea informazioa prozesatzen duena. Esperto txiki mordoak, edo, nahi bada, tonto mordoxka batek ere efektu bera egin dezakegu. Honela, blog kolektiboan:


Era honetako informatibo kolektiboak badaude, eta ez nolanahikoak. Hartzaile mordo baten artean osatutako Barrapunto.com albistegia da, adibidez, espainolez informatikaz eta teknologiaz oro har informatuta egoteko mediorik onena.

Hartzaile bakoitza igorle izan daiteke Barrapunton, eta beharbada mezu ertaina edo hartzaile bakoitzak interesekotzat jotzen duen gai medioa memelokeria handi bat da, baina oro har, zaborraren artean, harribitxiak ere sortzen dira, analisi sakonak, edo informazio benetan berriak.

Gainera, artikulu bakoitza ere, jatorrizko "informatikaren mundu informatiboa" bezala, hartzaile mordo baten eskuetatik pasatzen da, eta erantzunez hornitzen da, datu osagarriz, errefutazio biribilez, eztabaidez... Kakofonia horretan askotan zarata besterik ez da sortzen, baina beste batzuetan, zentzua eta benetako informazioa.

Era berean, Armentiaren bezalako bloga, edo blog kolektibo hauek, informazioaren ziklo orokorrean sartzen dira. Nik sartuta ditut zenbait blog eta filtro nire informazio-iturrietan, eta feed-irakurgailuen bitarteko teknikoak erabiliz, zentzu zehatzagoa ere lor dezaket horrela. Honela jarraitzen du Luistxok informatika enpresa handi-handi batzuen informazioa Interneten:


Googlek eta Microsoftek zuzenean esaten didatena sinistu baino, beste batzuek informazio-katean ezarritako filtroen bidez irakurtzen dut. Filtro horiek ez dira, inola ere ez, "hedabideen bitartekaritza", beste internauta batzuek ezarritakoak baizik... Armentia eta bere bloga, edo Barrapunto, teknologiaren inguruko blog kolektiboa: horrelakoak eskura izanda, zertarako behar ditut kazetariek prozesatutako zientzia eta teknologiari buruzko albisteak? Ezertarako ere ez. Prozesatzaile hobeak dira haiek...

Blog irakurketa: zutabegilearen esperientzia, eta tabernako tertulia

Gainera blog irakurketak badu beste ezaugarri kalitatezko bat. Blog bat irakurtzea, zutabegile bat jarraitzea bezala da. Eta zutabegileak bezala, gai zehatz batean duten ezagutza apreziatzen duzu batetik, baina ez hori bakarrik, bere idazteko era ere apreziatzen duzu... Mikel Elorza irakurtzen dut igandero Berrian, eta politikaz ematen dizkidan pistak gustatzen zaizkit, baina baita txiste txoroak egiten dituenean ere. Nire blog faboritoak ere hala irakurtzen ditut: apreziatzen ditut Mini-D-ko [6] argentinarrak web diseinuaz esaten dituenak (maisutzat daukat horretan), baina bere fetitxe japoniarrak aipatzen dituenean ere interesa du bere blogak.

Zutabea ez da, gainera, beti sorkuntza literarioarekin lotu behar... perfil teknikoa, akademikoa edo ekonomikoa duten blog-gile asko dago sarean. Hauen zutabeak jarraitzea, nolabait, aholkularitza zerbitzutxo bat izatea bezala da...

Blog kolektiboak, berriz, zutabe pertsonalarena baino gehiago, kafetegiko tertuliaren antza daukate. Eztabaidak proposatzen dira, eta ideiak trukatzen dira, edo desbideratzen dira... Tertuliano nagusienek gidatzen dute eztabaida, eta arau demokratiko edo autokratikoak egon daitezke tertulia bakoitzean, baina guztietan dago, gutxienik, adi-adi egoteko aukera, eta ia beti, halaber, norberak aportatzekoa.

Hortaz, gorago egindako blog-en sailkapenean, beste ezaugarritxo bat:

  • Blog pertsonalak, zutabegileeak jarraitzea bezala.
  • Blog kolektiboak, kafetegiko tertuliak.

Informazio ziklo honetan sarturik, blog-gile bakoitzak ziklo bitartekatuan beste begizta bat suposatzen du:

Feed eta blogak irakurtzen dituzten hartzaile aurreratuak dira, era berean, igorle bihurtzeko aukera gehien dutenak. Eta igorle direnean, feed-arekin hornituta irteten dira plazara: Informazio zikloaren zentzu-kalitatea hobetzen dute, bitartekotza katean katebegi gehiago azaltzen dira, baina informazioa bera araztuago, garbiago, irteten da amaierna.

Blog-en arrakasta non dago: ez hedabidean, baizik eta kontsumitzailean

Eztabaidak ikusi ditut Interneten: Blog fenomenoaren arrakastaren faktorea zein da?

  • Arrakastazko blogak, oso irakurriak, komentatuak, eragina dutenak? ze ezaugarri dituzte.

Eztabaida okerra iruditzen zait. Niri hau interesatzen zait:

  • Arrakasta duten irakurleak: ondo informatutako jendea

Blogak jarraitzearen porbetxua neuk ateratzen dut. Horretan datza blogen arrakasta, ez horrenbeste Euskara eta Publizitatea blogak izan ditzakeen irakurle edo audientzia handi edo txikian, baizik eta bere harpidedunak hura irakurtzetik lortzen dugun jakintza apurrean. Hori da blog arrakastatsu bat niretzat, niri laguntzen didalako, berak, eta beste mordoxka batek, jarraitzea erabaki ditudan blog eta Interneteko iturri multzoak...

  • Blogosferan, ez da hedabideen, igorleen, arrakasta komunikazio-prozesuaren faktore klabea, irakurleena baizik.

Gainera, blog jarraipenean, orakurtzearen plazerra ere aurkitzen dut:

  • Kazetari sen oso-osoa duten blog-gileak: "berria" ulertzen dutenak, eta idazten dakitenak
  • Zutabegilea jarraitzearen ohitura: idazkera gustuko dugulako, profesional informatutzat daukagulako
  • Enpatia: artikulu pertsonalen xarma (mezu profesionalen artean, nota pertsonalak sartzea oso normala da), tertulia giroa weblog kolektiboetan

GeroZZZZZZZZZ eta hurbilago

Luistxo Fernandez 2004/11/08 11:47

Belarriko mina ematen didan gipuzkoarrismo horietako bat: geroz eta..., geroz-ta

Euskaltzaindiak aspaldi dio gero eta ...ago dela, eta hala dago jasoa Hiztegi Batuan baina hainbat tokitan ez dira enteratu.

Joan den astean berritu zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunea, eta Gipuzkoa.net berrirako lema bat ere aukeratu dute: Gero eta hurbilago. Hala ageri da gunearen goiburuan.

Lema horrek kalitate-kontrola pasatu duela ematen du, baina ez erabatekoa: e-postaz bidaltzen duten buletinean, beste lema bat ageri da: Geroz eta hurbilago. Irudian ikusten da nola:


Kalitate kontrolak ez zuen buletinekoa detektatu, baina bai ordea webgunekoa, eta bada zerbait: zorionak dagokionari.

Izan ere, beste kalitate kontrol batzuk hobea izatea demostratu du euskararen gainekoak: joan den astean inauguratu zenean, Gipuzkoa.net ez zen egoki ikusten Mozilla nabigatzaile libre eta euskaratuarekin. Hiruzpalau egunen buruan etorri da zuzenketa.

Hartzailea, informazioaren kontsumitzailea, zentzu eraikitzaile eta igorle

Luistxo Fernandez 2004/11/07 09:57

Printzipioz, Interneteko informazioa beste edozein kanaletakoa bezain manipulatua dator. Gehiago akaso, informazioa duten erakundeek nahi bezala zuzen-zuzenean banatzen dutelako: bitartekaririk ere ez dute behar sarean, gugana iristeko.

Koxka zera da, informazioa bitartekatua eta desitxuratua etor daiteke... baina nor bere "zentzua" eraikitzeko gauza ere bada


Erabiltzaileak, esperientzia lortu ahala, zentzu gehiagoko informazioa bereganatu zezakeela ere adierazi dut beste mezu batean (XML Feed-ak tarteko). Edonolora ere, bakoitzak zer zentzu lortu ala ez lortu, nork berea transmititu ere egin dezake.


Bakoitzak zer sortzen duen, beste kontu bat: zentzugabekeriak, astekeriak, manipulazioaren transmisio fidela... Baina batzuetan, miraria!

Hartzaile batzuek, miraria egiten dute: informazioa hobetzen dute, bitarteko guztien filtroen gainetik, eta transmititu egiten dute.


Egunkari bateko irakurleak ere berdin egin dezake, baina puntu batera arte. Diputazioek propaganda transmititzen digute autopisten kontuan, eta hedabideek loritoak bezala errepikatzen digute propaganda hori. Jakina, gu gauza gara propagandaz gaindi gure zentzua eta ondorioak ateratzeko... Baina Bizkaia eta Gipuzkoa osoan banatuko den egunkari propioa sortzeko ez. Interneten ordea, bai.

Gorago irudian daukagu Javier Armentia, blog-lari ezaguna: planetario bateko zuzendari. Zertarako behar dut kazetaririk nik astronomiazko berriak egoki jakiteko, Armentia ( Por la boca muere el pez ) irakur badezaket? Berak, bere aldetik, sareko astronomia iturri interesgarri mordoa jarraitzen ditu, eta batzuetan gauza interesgarriak eta beste batzuetan propaganda edo esajerazioak aurkituko ditu: berak desberdintzen jakingo du, nik baino hobeto, eta horregatik hari bitartekatuta etortzen zaion informazioa, bere galbahetik igarotakoan, garbiagoa eta puruagoa da.

Gaur egungo hedabideetako informazio zeharo bitartekatua

Luistxo Fernandez 2004/11/05 18:03

Nik uste dut Internetek permititzen duela bitartekaritzarik gabeko kazetaritza. Hori defendituko dut Kazetaritza Kongresuan datorren astean, Bilbon.

Premisa batetik abiatzen naiz: gaur egungo hedabideekin, informazioa oso bitartekatua, esku eta filtro askotatik iragazia iristen zaigu.

Orain, informazio zikloa oso bitartekatua dago:

Informazioa, erakunde batzuen baitan dagoenetik, publikora iritsi arte, bitarteko askotatik pasatzen da. Eta bitartekari erabakigarrienak EZ dira kazetariak. Bitartekari pisuzkoak dira:

  • Informazioaren jatorri den Erakunde-sorburuaren komunikazio aparatua
  • Dirua
  • Kazetaria enplegatzen duen hedabidea


Goiko eskema honetan, informazioa toki jakin batean dago. Era bateko edo besteko erakunde batean. Informazio horrek, publikora iristeko, kapa asko igaro behar ditu. Lehenengo eta behin, erakundearen beraren komunikazio politika edo kabinetea edo dena delakoa dago. Publikoki edo zeharka, erakunde bakoitza saiatzen da bere informazioa bere eran ematen.

Ondoren, kazetariak ere ez du inguru erabat aske batean jasotzen informazio hori. Hedabide jakin batean dago, eta hedabide horren politika eta lerroetara moldatzen da, modu batean edo bestean.

Hedabidea bera, edo bere zuzendaritza, erakunde informatzaileen presio zuzenen mendean dago. Edo diruaren presipean. Dirua, kontestu honetan, sarri askotan informazioa duen erakundea bera da, edo erakunde haren lehengusua...

Bestetik, hedabideak esparru informatibo osoaren presioa ere sentitzen du: lehian dago etengabe. Besteek esaten ez dutena esaten saiatu behar da, nobedadea ematen; eta aldi berean kontrakoa, besteek X gaiaz jardun eta jardun badihardute, hartaz ez jardutea gero eta zailagoa izango zaio. Talde mediatikoen garaian ere, informazioa eta mezua kanal ugaritatik transmititzeko premia eta presioa ere hor dago.

Medio bakoitzaren kanal bakoitzak baditu gero bere presioak: zierre ordua, testua, irudia edo soinua prozesatu eta garaiz prest izateko presioa... Askotan, zierrearen betebeharrarekin, beste kreatibitate aukera handirik ez du kazetariak.

Eskema honetan, marraztu ditudan lauki horietarik (1. irudia) gehienak dira presio-gileak, eta apenas bi katebegi dira presioa jasaten dutenak: informazioa bera, eta kazetariak.

Kazetariak honetara dedikatzen dira, Zaldi Eroak maisuki Berrian argitaratu zuen bezala:


Nik ez dut uste informazioaren zikloan, hedabideen munduan, presioen eta bitartekaritzen nahasmen hori arindu egingo denik.

Prentsa-kabineteen tirania salatzen idatzi dira tesinak eta tesiak, eta idatziko dira hemendik aurrera ere, baina haien aurkako borrokak ez du exito handirik edukiko.

Etorkizunean ez da prentsa-kabinete gutxiago egongo. Gehiago egongo da, bitartekari gehiago egongo da. Edozein dantza-taldek ere, azkenean, komunikabideekin harremanetarako pertsona bat izendatzen amaituko du. Dantza taldekoak komunikatu, kontaktu edo prentsaurre bidez helarazten baditu gauzak, publikatuko zaizkio, zeren eta...

  • Publikora iristen dena ez da berez interesgarriena, komunikazio ziklo bitartekatuan ondoen txertatzen den informazioa baizik

Hala ere, eskema egiazkoa izan arren, esajeratua litzateke esatea hedabideen eskema honetan lan egiten duten kazetari guztiak prozesatzaile hutsak direnik. Ez da egia. Benetako kazetaritza ere irakurri edo jaso daiteke. Hedabidearen zuzendaritzak edo lerroak analisia eta eduki sakonak ematea erabaki dezake, eta emango ditu, interesatzen zaion esparruetan (edo iristea posible zaion esparruetan), eta kazetari batzuek kasu horietan benetako kazetaritza egiteko aukera izan dezakete. Baina kazetaritza egiteko libre geratzen diren esparruak, medioak erabakitzen ditu, diruari erreparatuta. Euskarazko medioetan, Nafarroako Gobernuari buruzko artikulu kritikoak irakurriko ditugu, ze apenas dago dirurik galtzeko (UPN-koekin, dena galdutzat jo dezakegu), baina Jaurlaritzaren inguruan, bertsio ofizialetatik harantzago doan ezer entzutea, irakurtzea edo ikustea euskaraz zaila da.

Baina oro har, kazetariak zera dira gaur: prozesatzaile espertoak

Egunkarietan irakurtzen dugu unibertsitatearen udako ikastaroak arrakastatsuak izan direla aurten. Perfekto. Prentsa-bulegoaren informazioa prozesatu dute, eta helarazi zaigu. Egia ala gezurra den, ikastaroen interes maila benetakoa zein izan den, ez da notizia izaten sekula. Ez dago jakiterik.

Eta Internet eskema honetan sartuta zer?

Ba, informazioa manejatzen duten erakundeek, Interneterako bederen, ez dute behar tartekorik: ez hedabiderik, ez kazetaririk. Zuzenean, beren komunikazio aparatuek informatzen dute.

Hala nola erakundeak edo enpresa batek...

 

Informazio instituzionala edo enpresa-informazio komertzialarekin ikusita, eskema honek itxura kaskarra dauka: diruak agindutako kontrol mediatikoa dakargigu gogora. Baina eskema bera aplika dakioke edozeini. Erakunde alternatibo batek salaketak hedabideen bidez zabaltzeko, gainditu behar dituen filtroak ez dira gutxi: Diruaren eta hedabideen interesak daude batetik, eta kazetarien ahalmenak gero, ea ondo esango duten esan nahi duguna. Horren aurrean, Interneten zer? zuzenean bota. Erakunde ekologista batek ez du medioetara informazioa zabaldu beharrik Interneten zer aterako dioten ikusteko, bere webgunean gauzak esan, horixe da egin dezakeena eta egin behar duena.


Indymedia informazio sare alternatiboaren lema gogora dezagun: don't hate the media, be the media.

Erakundearen eta publikoaren arteko komunikazio modu honetan, kazetarientzako tokirik ez dagoela ematen du... Ezabatu ditugu eskematik hedabideak eta kazetariak.

Baina ez dugu ezabatu kazetaritza lana. Komunikazio kabineteetan kazetariak edo komunikatzaileak egoten dira lanean, beren jabeek behar dutena esateko, noski, baina ez da horren desberdina egoera hori hedabide arrunt batekin alderatuta.

Erakunde alternatiboan ere, azken batean, kazetaritza lana tokatzen da egitea Internet bidez informazioa zabaltzeko: grafiestek eta argazkilariek egin dezakete beren partea, idazleek berea...

Eskema hau bitartekaritzarik gabeko kazetaritza da?

Goiko adibide horietan ditugu bitarketari gutxiago, baina informazioa, hasiera-hasieratik bitartekatua eta manipulatua datorkigu... Erakunde bakoitzak nahi dituen gauzak kontatzen ditu nahi bezala Interneten. Ez dago kazetaritza benetakorik hor! ez bada medio alternatiboen ereduan...

Bai, hala da, baina Internetek baditu zirrikitu gehiago, eta bitartekaritza ezabatzeko moduak ere eskaintzen ditu. Beste baterako utziko dut.

Hartzaileak Interneten informazioa jarraitzeko dituen moduak: zori hutsetik, gogokoetara, eta XML feed-etara

Luistxo Fernandez 2004/11/03 08:09

Azaroaren 12an hitzaldi bat eman behar dut Euskal Kazetaritzaren I. Kongresuan: Bitartekaritzarik gabeko kazetaritza. Era berean, azaro honetan Gipuzkoako Foru Aldundiko langile talde batentzat ikastaroa prestatu dut, Nola bilatu informazioa Interneten.

Bietan (Kongresurako txostenean eta prestaturiko ikastaroan), hartzaileok, Interneten informazioa bilatzeko, informatuta egoteko, ditugun estrategiak aztertzen ditut. Eta, zehazki, estrategia horien eboluzioa: denboran Internet aurreratzen doan heinean, eta baita gu erabiltzaileok gero eta arituago bihurtzen garen heinean.

Nik kontu hau zentzu eraikuntzarekin lotzen dut. Hau da, Internet informazio itsaso ikaragarria da. Multzo hori zarata da gehienbat. Nola atera zentzua zaratatik? Kongresuan ikuspegi batetik jorratuko dut: informatzaileen ikuspuntutik:

  • nola egin dezake igorle batek berak banatutako informazioa ez dadin zarata hutsa izan, norabait irits dadin eta kontuan har dadin?

Eta ikastaroan beste ikuspuntutik, hartzaileen ikuspuntutik:

  • nola egin hartzaile batek informazio-zarata itsasoan ez itotzeko eta informazio interesgarria aurkitzeko, informazioarekin zentzua eraikitzeko?

Hori azalduko dut mezu honetan. Azken batean, bi ikuspuntuak lotuta daude, eta are lotuago egongo dira aurrerantzean, hartzaileak igorle ere izan daitezkeen heinean. Izaten ari dira, jada, blogekin-eta.

Gaurko honekin, eta hurrengo egunetako beste batzuekin, Kazetaritza kongresu horretan esango dudan jasota geratuko da blog honetan.

Hartzaileak informazioa jarraitzeko dituen moduak: zori hutsetik, gogokoetara, eta XML feed-etara

Hartzaileak informazioaz jabetzeko prozesuan, era berean, beste gauza bat ere interesatzen zait: zentzua sortzeko ze aukera duen. Informazioari mamia ateratzeko gauza den ala ez...

Lehen fasea:

  • Hartzaile hasberria
  • Informatzeko taktika: al buen tun-tun
  • Zentzua sortzeko aukera mugatua


Zera da koxka: zerbait irakurtzen dugu, iragarki bat, entzun dugu zerbait, eta orduan bisitatzen dugu webgune jakin bat edo saiatzen gara bilaketa baten bidez zeozer topatzen.

Informazioa horrela jasotzea eta banatzea zaila da. Bilatzaileen kapritxoen mende daude informazio ekoizleak eta hartzaileak, eta erreferentzien dantza ere aldakorra da. Webgune batek prentsa-aipamena lortu eta bisitak lortuko ditu, erreferentzia horiek idatziz zirkulatzen duelako, baina 24 orduren buruan, erreferentzia zakarrontzira doa.

Zorte hutsaren "bitartekaritza" sufritzen du informazioak hartzailearengana iristerako, eta horren gainean "zentzua" eraikitzea zaila da.

Erabiltzaile aurreratuagoak, zorte hutsaren bitartekaritza kenduko du, apurka-apurka, Interneteko bere informazio kanalak zehaztean. Lehen urratsa, gogokoenen edo faboritoen zerrenda egitea da.

Bigarren fasea:

  • Hartzailea ikasten hasi da
  • Informatzeko taktika: Iturri eguneratuak, gogokoetara
  • Zentzua sortzeko aukera gehiago (bai berak, eta bai igorle hautatuek)


Hartzaileak zentzua eraikitzeko aukera gehiago dauka horrela. Jakina, informazio esparru jakin batean, ez interesik, ez eguneratzeko modurik, ez erabiltzeko erraztasunik ez duten webguneek ez dute faborito edo gogokoenen zerrenda jakin batean agertzeko aukerarik. Kriteriodun hartzaileen informazio multzoetatik kanpo geratuko dira informatzaile horiek.

Informazio bideek hierarkia argi bat dute, gogokoenetatik datoz kontsulta eta informazio esanguratsuak, eta besteak bilaketa+erreferentziak, lehen bezala, zortearen bidez informaziorik inoiz filtratzen bada, ba ondo, baina normalean...

Internauta gehienak iritsi dira, esango nuke, informazioaren gainean kontrol apur bat izatera metodo horren bidez. Baina laster etorriko da informazioaren gaineko kontrol are estuagoa egiteko garaia. Une jakin batean, gogokoenen zerrenda handi bat kontrolaezina bihurtzen da: gogokoetan loturak egon badaude, uzten ditugu, baina haiek egunero bisitatzea... gogokoetan klikatzea, asko pilatzen direnean (informazio gehiagotara iristeko premia sentitu ahala), zortearen faktorearen pareko bihurtzen da: gogoratzen garenean klikatzen dugu. Azkenean, gogokoenen zerrendan, igual 40 lotura ditugu, baina egunero bisitatuak pare bat besterik ez dira izaten.

Baina erabiltzaile espertoa, beste fase batera iristen da:

Hirugarren fasea

  • Hartzaile aurreratua
  • Informatzeko taktika: iturri eguneratuak, feed bidez
  • Zentzua sortzeko aukera gehiago (bai berak, eta feed-a duten igorleak)


Zentzua eraikitzeko modu zuzena hau da. Blog-erako informazio iturrietatik datozen feed-etara harpidetza eginez, benetako diskriminazio bat egiteko aukera dugu internautok. Kostatu da hona iristea, baina behin aurkitzen duzuenean informatzeko modu hau, kateatuta geratzen da bat, e-postaren ezinbestekotasuna bezainbestekoa bihurtzen da feed-harpidetzen gaineko zainketa eta irakurketa.

Feed-harpidetzaren "bitartekaritza" hartzaileen zentzunean eta informazio beharretan du oinarria. Informazio ekoizleek kontuan hartu beharko lukete hori. Gogokoen bidezko bisitak, eta bilaketa+erreferentzia metodoaren bidez informazioa hedatzeko moduak, informazio hedapena zoriaren mende uztea ekarriko dute. Informazioa egoki enpaketatu behar da medio berri honetan, ez edozein modutan, eta Interneteko web nabigazioa 10 urte zahar bada dagoeneko: estandarrak badoaz finkatzen, zerk funtzionatzen duen eta kea zer den argiago ikusten da honezkero, 2004. urtean.

Gero eta webgune eta informazio gehiago dago sarean, baina erabiltzailearen arreta esparrua orain bezalakoa izango da: minutu batzuk goizero lanean, ordenagailuaren aurrean lanari kentzen ahal dizkiogunak. Minutu gutxi horiek, hartzaileak, harpidetza zehatz batzuetan igaroko ditu gehienbat, eta aldiz, informazio-ekoizleek, minutu gutxi horietan irakurle bakoitzak emango dizkien segundu apurretan lortu behar dute arreta piztea. Sarearen inflakzio informatiboa ekoizleentzako ere bitarteko filtro handi bat da, baina horretan, bitarteko tekniko berri honek (XML feed-ak) laguntzen du zikloaren bi aldeetan: aukera ematen die ekoizleei informazioa zuzen enpaketatzeko, eta hartzaileei informazio-itsasoan aukeraketa zehatz bat egoki egiteko.

Hortaz:

  • XML Feed bidez informazioa hedatzen dutenek lortuko dute arreta, epe ertain edo luzera.
  • Zentzuzko informazioa eskuratzeko modua, feed-etara harpidetutako irakurleek izango dute.

Hortik, kanpora: informazio desegituratua.

Nik, adibidez, honela jarraitzen ditut, nire ofizioagatik, interesekoak zaizkidan Interneteko hiru enpresaren jardunak:


  • Google zertan dabilen, Dirsonek kontatzen dit, eta haren feed-aren bidez jakiten dut nik.
  • Microsoft zertan dabilen, hainbat tokitan agertzen da disekzionatua: Barrapunto jarraituta, eta tarteka beste hainbat blogetan agertzen diren erreferentziekin, nik nahikoa daukat.
  • Sun zertan dabilen, insider oso interesgarri baten blogaren bidez jarraitzen dut nik, Tim Fosterren blogera harpideturik.

Eta, nik bezala, beste askok ere berdin egiten dute, eta horietako batzuek, gainera...

  1. Egoki informatuta daude.
  2. Jasotako informazioa liseritu, prozesatu eta zentzunez hornitzeko gauza dira, ez dira prentsa-ohar ofizialen sinesdun hutsak.
  3. Batez ere, eurak ere igorle bihurtzen dira


eta holako blogak jarraitzen ditugularik, hain zuzen, informazioaren zikloa zentzunez osatzen doa... Hedabide tradizionaletako propaganda eta informazio erabat mediatizatua gaindituz.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.