Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Aparkatzeaz

Leire Narbaiza 2021/07/16 00:00
Gipuzkoako Hitzan 2021eko uztailaren 16an argitaratua

Herri eta hiri askotan automobilak aparkatzearen kontrako neurri ugari ezarri da. Gurutzada baten moduko zerbait jarri dute martxan, eta autoa kalean lagatzeko aukerak urritu egin dituzte. Hori dela eta, gero eta buelta gehiago egin behar dira aparkaleku egokia lortzeko.

Egia da autoak gaur egun erabiltzen ditugun moduan erabilita mesede baino kalte handiagoa egiten duela. CO2a isurtzen dute, besteak beste, eta beroketa globala eragin. Beraz, argi dago mugatu egin behar dela erabilera, baina leku libreak kentzea huts-hutsean ez da modua. Beste neurri batzuk ipini beharko lirateke; adibidez, disuasio-aparkaleku zainduak ondo argiztatuak eta konektatuak daudenak, bertara beldur barik eta seguru joateko, eta hurrengo egunean kotxea osorik egongo dela bermatuko digutenak. Eta garraio publikoa indartu, ezer baino lehen.

Herritar askok egokitzat hartzen dute aparkalekuak kentzeko joera, uste dutelako automobilek eragiten dituzten arazoak horrela gutxitu egingo direla. Baina ez da egia. Aitatu ditudan beste neurri horiek ezartzen ez diren bitartean, kalteak gehitu egiten dira, bueltaka jardun behar izateak kutsadura eta zarata biderkatzen dituelako, trafikoa larritu, eta kaos sentsazioa txartu. Oinezkoendako arriskuak ere ugaritu egiten dira. Eta zer esanik ez gidarien nerbioak dantzan, eta eroapena agortu. Azkenerako umorea gaiztotu.

Ezin dugu ahaztu jende askok lanerako joan-etorriak egiteko erabiltzen duela kotxe pribatua. Ezinbestean, muntatu dugun sisteman eten barik beharginak gabiltzalako alde batetik bestera, puntarik punta. Ia beti automobilean garraio publikorik ez dagoelako, edo dagoena ez delako nahikoa edota egokia. Batzuetan, lan ordutegi zabalegiak ez dira konpatibleak garraio publikoa erabiltzearekin, bizitza pribaturako aukera barik geratuko ginatekeelako. Sistema zoro eta absurdu honetan kuiak gurpilean bezala gabiltzalako, etengabeko mugimenduan.

Baina, batez ere, autoa lagatzeko neurri murriztaileek kolektibo ahul batzuei eragiten diete. Beti legez, diru gutxi eta mugitzeko arazoak dauzkatenen aurkakoak dira. Izan ere, dirua izanez gero, garajea edukitzea erraza da. Diruz eskas ibilita, hamaika jira-bira egin behar etxera edo lanera iritsi orduko. Bitartean, pazientzia erre, eta denbora alferrik eman kontziliazioaren kaltetan. Kutsatuz.

Kaltetuenak, baina, mugitzeko arazoak dituzten pertsonak dira. Horietako askok osasun zentrora joateko, esate baterako, derrigorrean behar izaten dute beste pertsona bat, atarian bertan jasotzeko, eta medikuaren —lehengo adibidearekin jarraituta— ateraino bertaraino eroan behar izaten dira. Horretarako, taxien prezioa ikusita, automobila edukitzea ezinbestekoa da, administrazioren batek beste irtenbiderik jartzen ez badu, behintzat. Laguntzailea ere derrigor, batzuetan bi. Zelan garraiatu pertsona horiek helmuga duten gune horietan aparkalekurik ez badago? Elbarriendako leku bakarra, eta beteta dagoenean? Nola jaso pertsona etxean ezin bada autoa inon laga? Pibotez josi dituztenean bazterrak? Lekuak kendu gune estrategikoetan, baina tabernen terrazak jarri? Zaurgarrienengan inork ez du pentsatzen, eta eurak buruan izatea hiri-planifikazioetan ere zaintza da.

Arauok neurri kosmetiko hutsak dira askotan, edo garajeak saltzeko estrategia. Garbiketa berdez (greenwashing) makillatuta, makalenak ahaztuta.

Gipuzkoako Hitzan

Bakarrik

Leire Narbaiza 2021/07/04 00:00
Argia astekarian 2739. zenbakian argitaratua

Espainiako El Pais egunkariak elkarrizketa egin zion Miren Arzalluzi, Palais Galliera Parisko Modaren Museoko zuzendariari. Elkarrizketa galdera maltzurrez josita dago, modarekin zerikusi gutxi dutenak. Aurreiritziz beteta, Arzalluz Xabierren alaba delako. Kargu berean aita anonimoa duen beste bat egongo balitz, ez lizkiokete egingo. Alabari zuzentzen zaio galdetegiaren zati handi bat, erabat desegokia nire ustez. Itaun batzuek higuin puntu bat ere ematen dute, baina Arzalluzek egoki eta ondo egin die aurre. Primeran.

"Emakumeok adin batera iritsita ez badugu bikotekiderik bakarrik gaude"

Beste galdera batzuk onartezinak dira. Adibidez hau: ¿Está sola porque quiere estarlo? (Bakarrik zaude nahi duzulako?). Halakorik! Bakarrik, ez duelako bikotekiderik! “Nahi duzulako” horrek, gainera, iradokitzen du ezin duela gizonik (beti hetero, jakina) lortu, edo ezin eutsi! Uf!

Emakumeok adin batera iritsita ez badugu bikotekiderik bakarrik gaude. Baina ez dut inoiz entzun harreman sentimental iraunkor bako gizonei buruz bakarrik daudenik. Urrezko ezkongabeak direla, bai; bizizaleak, playboy-ak ere bai. Itzela.
2021ean, emakume kazetari batek. Zenbat dagoen aldatzeko!

Argian

Makillatu, makilatu

Leire Narbaiza 2021/07/02 00:00
Gipuzkoako Hitzan 2021eko uztailaren 2an argitaratua

Aurreko larunbatean altxatu zuten kalean maskara jantzita ibiltzeko agindua. Aurrerantzean barruetan eta egoera konkretu batzuetan baino ez da derrigorrezkoa izango. Gustura jaso dugu askok berria, eta musua agerian izatearen plazeraz bagabiltza disfrutatzen.

Igandean bertan lagun maite batzuekin bazkaria izan nuen. Aspaldi bertatik bertara ikusi bakoak ginen, eta irrikaz espero genuen hitzordua. Halakoetan askori gustatzen zaigu ahalik eta itxura onenarekin agertzea, eta zer arropa jantzi-eta izaten dugu buruan. Aurpegia libre izateak ere margotzeko aukera ematen du. Zertarako ezpainak pintatu estali behar baditugu?

Ezpainetakoa atera eta jardun nuen aspaldiko partez gorritzen muturra. Gaitza egin zitzaidan, adinarekin ezpainak fintzen direlako, eta inoiz ez dudalako ganoraz makillatzen ikasi. Eskulanetan ez naiz batere trebea eta, gainera, berandu hasi nintzen langintza horretan. Sekula ganoraz ikasi ez, eta ohitura falta.

Bai, gure belaunaldiko askok ez genuen ikasi makillatzen beste belaunaldi batzuek ikasi zuten adinean, nerabezaroan edo gaztetxotan. Moda kontuak. Takoietan ibiltzen ere ez dugu askok ikasi, eta lurretik pixka bat igotzeko ziri-takoiekin baino ez gara moldatzen.

Takoiak txarto ikusita zeuden gure gaztaroan. Safari izeneko zapatak (pisamierdak) zeuden modan, oinetako lauak eta unisexak. Horrelakoa zen orduan modan zegoena, tradizionalki gizonezkoena izan zena. Marinelen jaka, jertse, txanodun euritako eta katiuskak top-topean zeuden, denok desio genituenak. Mahoizko prakak ere janzten genituen, eta aitaren zenbait jertse ere bai, nahiz eta hiper handi izan. Jantzi guztiak ziren handiak. Eta arropa geruza horien azpian ezkutatzen genituen gure emakume gorputz berriak.

Izan ere, moda unisex hori aho biko ezpata zen. Alde batetik, ordura arte emakume janzkeratzat hartzen zena desagertu egin zen. Neska eta mutilen arropak eta oinetakoak antzekoak edo berberak ziren, eta aurpegiek ere ez zuten gainean ezer emanda, “garbi” generamatzan, estalki barik. Neskok adatsa, orokorrean, ez genuen oso luzea, demodé zegoelako. Beste ileekin, ostera, ez zen halakorik gertatzen: genero bereizketa mantentzen zen, eta depilazioa inposatzen zitzaigun. Lastima.

Jakina, hau guztiau —depilazioarena salbu— liberatzailea zen, erosotasuna ematen duelako, denbora gutxiago behar delako prestatzeko, eta perfektu egon behar izate hori deuseztatzen duelako.

Beste alde batetik, joera honek behartzen gintuen gure gorputzen formak ezkutatzera, biribiltasun berriak disimulatzera. Bular oparoa zeukaten neska askok bizkarra okertzen zuten titiak ez nabarmentzeko, ipurtaldea nahikoa disimulatuta ez bazegoen, jertseak lotzen zituzten gerrian, ikusi ez zedin. Unisex horrek gure gorputza ukatzea ere bazekarren, oraindik gorputz berria onartuta ez geneukanean. Gorputz egokia mutilena zela adierazten zitzaigun txantxa eta barreen bidez, gainera.

Ez zait damutzen ganoraz pintatzen edo takoi altuetan ibiltzen ikasi ez izana. Baina bai gu makillatu ez arren, makilatu gintuzten modu sotilean, gure gorputzak mespretxatzen irakatsi zigutelako.

Nahiz eta modak aldatu eta oraingo neskatoak makillatu, makilatzen jarraituko dute beste bide batetik, geure buruarengan ziurtasunik ez izatea komeni zaielako, zaurgarriago garelako.

Gipuzkoako Hitzan

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua