Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Esperantzarako argi izpia

Leire Narbaiza 2021/06/18 00:00
Gipuzkoako Hitzan 2021eko ekainaren 18an argitaratua

Gutako askok ondoez larria daukagu barruan azken hamar egunotan. Ondoez sakona, barrua nahasten diguna eta tristatu egiten gaituena. Egoera animikoan eragin ez eze, larritu ere egiten gaitu. Jakin ezinda gabiltza zein den egoera bidegabe honen irteera, ez dakigu zer egin horrelakoak berriro gerta ez daitezen. Geratzen zaigun arma bakarra ahotsa da; protesta egitea, kalean zein sare sozialetan. Berbalizatzea guztia, zurian beltz egitea; gure amorrua eta ezinegona plazaratzeaz gain, ea esnatu eta aldatzeko gaitasuna ere lortzen dugun.

Eivissan (Herrialde Katalanak), aurreko asteko ostegunean, Elena Livigni bere bikotekide gizonak balkoitik bota zuen. Hil egin zuen. Sevillan (Espainia) Rocio Caiz 17 urteko neska egun batzuetan desagertuta egon ondoren, bere bikotekide ohiak —eta lau hilabeteko umearen aita ere badenak— aitortu zuen erail zuela, eta ondoren gorpua zatikatu. 45 egun bahituta egon ostean, Olivia 6 urteko haurraren gorpua aurkitu dute Tenerifen (Espainia). Urtebeteko Anna ahizparena, momentuz, ez dute aurkitu. Aitak desagerrarazi eta hil zituen biak. Ostiralean, Basaurin (Bizkaia) gizon batek haurdun zegoen emazteari labana batekin eraso zion. Chalon sur Saonen (Frantzia) hastekoa da Valerie Bacoten kontrako epaiketa. Aitaordea Valeriek 12 urte zituela hasi zen hura bortxatzen eta jotzen. Prostituitu ere egin zuen 25 urtean. Ihes egin ahal izateko, Valeriek hil egin zuen bortxatzailea. Bizitza osorako kartzela zigorra ezar liezaiokete emakumeari. Irune Costumerok salatutako Bizkaiko Foru Aldundiko lau langileen kontrako epaiketa egin zuten pasa den astean. Alaba kendu zioten GAS (Guraso Alienazio Sindromea) delakoa argudiatuta, existitzen ez den sindromea. Fiskalak gogor jo zuen Costumeroren kontra, defentsaren abokatua balitz bezala, eta Costumero akusatua balitz lez. Igandean Senpereko (Lapurdi) gizon bat atxilotu zuen Frantziako Jendarmeriak, 55 urteko bikotekide emakumea hiltzeagatik Lot eta Garonan (Frantzia).

Hori guztiori astebete eskasean. Dakizkigunak baino ez dira, eta mendeko gauzkaten bi estatuetan, Herrialde Katalanetan eta gurean baino ez. Ondoeza sentitzea normala da, ezta? Emakume izanda, gutxieneko sentimendua dela esango nuke. Hotzikara etengabea eragiten digute gorago aitatutako guztiek. Hitzak ere labur geratzen zaizkigu deskribatzeko orduan: “latza”, “itzela”, “etsigarria”, “izugarria”, “negargarria”… Sinonimo hiztegi guztiak erabilita ere ezingo genituzke ganoraz kalifikatu.

Berba barik geratzen gara halakoetan. Eta askok horrela nahi gaituzte: isilik. Horregatik, sare sozialetan-eta gure egonezina adierazi dugunean izan ditugu komentario batzuk (gutxi, dena esan beharra dago) guri eraso egin eta iraintzen gintuztenak. Patriarkatuak hil egiten gaituela esate hutsagatik. Berriro ere hitzen bidezko bortxa eta indarkeria.

Irain horiek botatzen dituztenek haizatu eta hauspotu egiten dituzte zerrendatutako basakeriak. Esajeratu egiten dugula esaten digute, gure eldarnioak direla diote, histerikoen berbak. Horrela, ahoa estali nahi digute, isilarazi. Baina argi izan dezatela: ez gara isilduko, eta aurrean izango gaituzte.

Eskerrak bestelako ahotsak ere entzun ditugun, egoera aldatzeko eta eraldatzeko nahia azaldu dutenak. Gehiago dira, gainera. Horiek ardura dute benetan. Esperantzarako argi izpitxo bat dira.

Gipuzkoako Hitzan

Bota eta barrixa egin

Leire Narbaiza 2021/06/14 00:00
...eta kitto aldizkarixan 2021eko ekaiñaren 14an etaratakua

Bueltau da zaratia Eibarko kalietara. Esango neuke etxeratze agindua altzau zebenetik mugimendu haundixagua dabillela herrixan. Automobil gehixago dabiz, eta trafikuak eragitten dabena, poluziñuaz gaiñera, zaratia da.

Amaiera bako obren kontuak ez gaittu abandonau, konfinamenduan salbu. Mailluka pneumatikuen tratatata gogaikarrixak segitzen dau geurian. Errebalen inguruan bizi garanori galdetu bestela. Obra bat amaittu baiño lehenago beste batzuk jarri dittue martxan. Hamaika hillabete badira kale-zinttak zulatzen, tubuak sartzen, eta aparkatzeko lekuak kentzen betiko.

Baiña beste zulatze zarata batzuk be batu dira gure eguneroko orkestra desafinatu eta astunera: etxe barrixetako obrena. Bai, makiñatxo bat etxe dabiz eraikitzen, lasterketa zoruan. Batzuk iñork pentsauko ez leuken lekuetan, eta kolpian Eibarrera inguruetako biztanle guztiak bizitzera etorriko balitzaz lez. Proiektu asko ei dagoz 200 bat etxebizitza egitteko. Hasieran zeken asmua 500 egittia zan. Baiña 1.000 bat etxe huts izanda herrixan, ze zentzun daka hainbeste eraikitziak?

Jarraitzen dogu 2008. urtiaren aurreko mentalidade berarekin: bota eta eraiki. Ez dogu ezer ikasi. Bitarttian, ondare industriala txiki-txiki egin edo abandonatuta.

Desarrollista izatia oso barruan daroiagu, zer egingo detsagu, bada!

Izurrixak zeozer erakutsi badesku izan da Eibar ez dala herri gozua bizitzeko. Lehen be bagenkixan hala zana, baiña hainbeste ibili gara gure zulo honetako baztar guztietan urten ezinda eze, benetan konturatu gara dana dakala hobetzeko.

Horregaittik, eraiki barik dagozen orubietan jendiarendako espaziuak egittiaren aldekua naiz, ez bakarrik zinbili-zanbuluak dittuenak (hórrek be bai, jakiña), arbolak eta bankuak dittuen guniak, zelaixa dakenak trankil jarritta egoteko moduko lekuak. Herrigunian bertan. Porlan eta adreillu gitxiago eta naturaleza gehixago. Ze danok ezin dogu Kalamura igo, ezta mendixan pasiuan ibili be.

Plan general barrixa egittekuak dirala entzun dot: gure ondaria zaindu eta bizi-girua bizkortuko ahal dau!

...eta kitto!-n

Kiribil infinitua

Leire Narbaiza 2021/06/04 00:00
Gipuzkoako Hitzan 2021eko ekainaren 4an
Kiribil infinitua

Wikipediatik hartua

Udaberri bitxia da 2021ekoa. Apirilean, maiatzeko eguraldia; eta maiatzean, apirilekoa. Euri gutxi, oro har, eta egun eguzkitsu asko. Klima aldaketaren zantzuak, duda barik. Gorabehera handiak tenperaturan, eta ezin asmatu zer jantzi. Beroa bat-batean, eta denboraldi guztian erabilitako arropa soberan. Horregatik, zer edo zer arinagoaren bila ibili gara armairuan, eta gainezka egon arren, ez dugu ezer aurkitu. Hiru bizitzatan janzteko beste jantzi baditugu ere, ez dugu asmatzen eta dendara zerbaiten bila joateko desioa pizten zaigu. Arazoa. Lehenengo Munduko arazoa.

Hainbeste janzki izango genituela inoiz ez genuen pentsatu. 14 urterekin batxilerra (BBB-BUP) egiteko eskolaz aldatu ginenean, praka pare bat eta jertseren bat erosi zizkiguten gutako batzuoi, ordura arte uniformean ibili ginenez, praka bakero pare bat, eskolako jertse urdin iluna eta alkandora zuria eta asteburuetako arropa besterik ez genuelako. Klaseko aberatsenak ere ez zeukan askoz arropa gehiago! Eta ekonomikoki ez geunden txarto. Ez naiz gerra osteko umea, ez. Horrela zen, eta kito. Austeritatea genuen arau, eta arropa merkerik ez zegoen. Horra hor gakoetako bi.

Beraz, gazte denboran aisialdia betetzeko ez ginen erosketak egitera joaten arratsalde pasa, orain jende askok egiten duen moduan. Urtean bitan egiten genuen, egitekotan, denboraldirako hornitzeko. Nahikoa. Beharrezkoa baino ez, eta gurean, ahal izanez gero, merkealdian.

Orain pare bat urte, merkealdi baten lagundu nion gertuko bati Eibarko El Corte Inglesera kamiseta baten bila. Sasoi aldaketa zen, eta arropa pila bat zegoen sobera. Milaka jantzi zebiltzan erretiratzen, beste horrenbeste jartzeko. Eta horrela El Corte Ingles guztietan, eta munduko jantzi-denda erraldoi guztietan. Milioika arropa alferrik, sasoiz pasatuta. Zer egiten ote dute sobera geratu zaizkien oihal tona horiekin? Egun horretan ikusi nuen telazko itsasoak kortozirkuitua eragin zidan buruan.

Aurreko zapatuan, Euskadi Irratiko Amarauna saioan Danel Agirre zutabekide ohiari entzun nion Alemanian Amazonek aitortu duela itzultzen diren produktuen %5ek erraustegian amaitzen dutela, erre egiten direla, merkeago irteten zaielako, biltegietako espazioa oso neurtuta dagoelako, eta kostu ekonomiko (ez bestelakoa) handia duelako. Ehunka mila tona urtean! Bere burua defendatu du Amazonek, esanda beste enpresa batzuek ere egiten dutela, eta ahalegintzen ari direla gero eta genero gutxiago deuseztatzen. Entzun nuenean, burua lehertu zitzaidan! Merkeago? Norendako?

Orain galdetzen diot neure buruari ea El Corte Ingleseko telazko itsasoa ere erraustu egingo duten. Ea Amazonek Oiartzunen jarri nahi duen banaketa zentroko pakete itzuliak errefus bihurtuko diren, eta Zubietako erraustegian erreko dituzten. Beharbada, hori behar zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak suzko munstroa elikatzeko.

Ez dakit, dena hain apokaliptikoa iruditzen zait, hain zoroa eta burugabea! Jendea ia esklabo izan produktu bat egiteko, milaka kilometro egin produktuak, eta suntsitu! Burutik eginda dago kapitalismoa, eta kontsumoaren kiribil infinituan sartuta gaude gu. Izan ere, armairuak gainezka izanda, dendetako erakusleihoetan imajinatzen gabiltza zer erosiko dugun, klima aldaketa eragiten, klima aldaketak eragindako eguraldi zoro honi aurre egin nahian. Uf!

Gipuzkoako Hitzan

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua