Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Kantuterapia

Leire Narbaiza 2021/05/30 00:00
Argia astekarian 2734. zenbakian argitaratua.

Gorabehera emozional handiekin nabil azken aldian. Batzuetan, oso berri txiki on batek goian jartzen nau. Baina, era berean, kontrara ere egoten naiz, behean. Eguneroko arazoek eta estres arruntak birikak estutu eta antsiatuta naukate. Ingurutik eta mundutik datozkigun albiste ankerrek ere ez dute laguntzen arnasten. Palestinaren kontrako Israelen sarraskiak, Zaldibarko zabortegian Joaquin Beltranen gorpua bilatzeari uzteak ez didate lagatzen bular aldea nasaitzen, gehiago lauskitzen didate arnasa aparatua. Antsietatea. Pandemiak berak handitu egiten digu ondoeza, eta izurrite sasoi honetan askoren egoera dela badakit.

Halere, itolarriak jotzen nauenerako topatu dut irtenbidea. Ez da behin betikoa, baina momentuko estutasuna baretzen dit, gorako bidean jarri. Bizitzak estu hartzen nauenean, automobilean lanerako joan-etorrietan, musika jarri eta oihuka kantatzen dut, dena emanda. Kantu zahar eta betikoak, epikoak, arrandiatsuak. Baretu eta alaitasuna eragiten dit horrela abesteak. Estutasuna desegin egiten zait, arnasa hartzeko modua onera etorri. Zoragarria da. Proba ezazue!
Funtziona.

Argian

Señora naiz eta harro nago

Leire Narbaiza 2021/05/21 13:00
Gipuzkoako Hitzan 2021eko maiatzaren 21ean argitaratua
Señora naiz eta harro nago

Elena Lakaren argazkia

Hilabete honetan jokatu da bertsolari emakumezkoen Señora Sariketa. Irabazlea Amaia Agirre izan da. Sariketa hori aurkezteko Maider Arregik BERRIAn adierazi zuen: “(…) denok ulertzen dugu zer den señora bat, eta kontzeptu hori aldarrikatu nahi genuen. Izan ere, emakume indartsu bat da señora bat, ahaldunduta dagoena”. Izugarri gustatu zitzaidan izena, eta oinarrian dagoen ideia.

Agian izango da —Atxaga eta Ruper Ordorikaren kantua parafraseatuz— apirilean nahi baino urte gehiago bete ditudala. Señora izateko adinera iritsita nagoela, helduaro bete-betean, sinistu ezinda. Beharbada horrenbeste gustatu zitzaidan Arregiren definizioa, aspaldi luze baten nabilelako defendatzen “señora eibartarra” naizela, izen sintagma horrek inplikatzen duen guztiarekin. Inguruko ez eibartarrek barre egiten didate, ez eibartar adjektiboagatik (ondo dakitelako Eibarkoa naizela, eta harro diodala nongoa naizen), señora substantiboagatik baino gehiago.

Señora izatea modaz pasatuta dagoelako askorendako, demodé, zahar egiten gaituelako batzuen begietan. Señorak dira zaharrak eta estatus soziala dutenak, perlazko idunekoa jantzita dabiltzanak. Eta Euskal Herrian, hainbatek zibilizazioaren dekadentziaren ikurtzat dauzkate perlak!

Baina nik “señora eibartarra” naizela diodanean, beste gauza bat adierazi nahi dut: perladuna edo perla bakoa izan arren, bizitzak eman didala hemen egoteko modu bat, hanka biak lurrean tinko jarrita, gauzei aurre egiteko jarrera bat. Askotan, ahula; beste batzuetan, zalantzatia; besteetan, noraezean eta alderrai. Askotan (gero eta gehiagotan), aldiz, bizitzan eroso egonarazten nauena, nire azalean hobeto. Maider Arregik ahaldunduta daudenei deitzen zien señora. Ez nuke esango neure buruaz ahaldunduta nagoenik —hori lau bizitzatarako lana, gutxienez, badelako—, baina badakit bidean nabilela, gabiltzala. Elkarrekin gabiltzalako bidea egiten señora batzuk batera: eurekin, euren bidez eta eurei esker.

Señora estereotipoak duen irudi txarra ere apurtu behar dugu, gainera. Serie eta nobela klasikoetan ahaldundutakoak gaiztoak dira, oso gaiztoak (nola ez!). Angela Channing bezalakoak: atso zaharra, ahaltsua eta despota, botere-gosea duena. Eta señora ganorazkoak ere badu maltzurretik asko. Ez da betiko matriarka, sarritan takarra eta ez abegitsua izan liteke. Horrek bere gaizto fama handitu egingo du, ez delako ama amultsua, ilobei kroketak egiten dizkien amama. Amantal bako señora. Hain dago gaizki ikusita, ezen señora esaten digutenean, izularritu egiten garen. Ni señora? Mesedez, ez. Ni gaztea naiz.

Bestalde, Simon de Beauvoirren esaldiak —”emakume ez da jaiotzen: egin egiten da”— inoiz baino indar handiagoa dauka señoron kasuan, emakume egin ostean, beste eraldaketa bat behar dugulako señora bihurtzeko. Askoren begietan, ezkonduz gero baino ez da lortzen hori (¿señora o señorita? Madame ou mademoiselle?), beti inoren señora izateko (señora de). Gizonezkoak, aldiz, beti dira señor/mosieur, hamazortzi urteko ezkongabea izan arren. Androk kategoria hori irabazi egin behar dugu. Beti lanean!

Horregatik guztiagatik señora izatea aldarrikatzen dut; adina ez ezik, ahalduntzea ere helburu dugulako. Gora señorak!

Gipuzkoako Hitzan

Zatzaizkit

Leire Narbaiza 2021/05/07 00:00
Gipuzkoako Hitzan 2021eko maiatzaren 7an argitaratua
Zatzaizkit

zatzaizkit

"Zu zatzaizkit axola” irakurri eta jendea aztoratu, dena bat. Iruñeko Udalak euskarazko Twitter kontuan bota zuen duela pare bat aste iragartzeko sanferminik ez dela izango aurten ere. “Zatzaizkit”? Nola liteke! Dena kritika, beharbada zetorren lekutik etorri zelako. Bitartean, Nor-Nori aditz paradigma negarrez dago bazterrean, ulertu ezinda zergatik baztertu dugun, zergatik ez dugun maite. Baina hala da, baztertu egin dugu, eta hainbeste murriztu da gure ezagutza, ezen “zu zatzaizkit axola” txartzat jotzen baitugu. Egoera tristea, egoera anormala gurea.

Askotan galdetu izan didate ea euskaraz nola esan behar den “me gustas“, ea “gustatzen zatzaizkit” den modu egokia. Erantzuna ezezkoa da. Gramatikalki zuzena izan arren —eta zatzaizkit moduko adizkiak atsegin arren—, ez da forma hori erabili inoiz norbaiti gogoko dugula esateko, edota interes erromantikoa (edo sexuala, kasuaren arabera) dugula aitortzeko. Ez. Mesedez: “Gustatzen zatzaizkit”, stop!

Hori komentatzen nenbilela ikasleekin, batzuek aitatu zidaten “norena gustetan zare?” erabiltzen zutela nerabezaroan. Ai, ama! Erdal usain nabaria izanda esaldi horrek, nondik ote zetorren asmatzen ibili ginen. Orduan, gogoratu nintzen guk gaztelaniaz “¿de quién te gustas?” esaten genuela, eta itzulpen literala dela konturatu ginen. Gero akordura etorri zitzaidan madrildar batek esan zidala “¿de quién te gustas?” hori Euskal Herritik kanpora ez zela ulertzen, eta euskararen eragina izan behar zuela non edo non. Baina ez nion inondik inora arrastorik antzematen. Halako baten, aspaldi hil zen gure kaleko andre zahar bat etorri zitzaidan burura: Rosario. Hark galdetzen zigun neska gaztetxooi mutil kontuez (neska konturik pentsaezina zen), eta gaztelaniaz esaten zigun: “¿Ya tienes gustoco? ¿Quién es tu gustoco?“. Orduan sasoian ez nuen lotzen gustoco hori ezerekin (bai, motza naiz), eta tokata eta bokata bezalako hitza zela uste nuen. Enfin! Aurrerago, askoz aurrerago konturatu nintzen euskarazko itzulpen traketsa zela: “Badaukazu (mutil/neska) gustukorik?”, esan nahi zuela Rosariok. Hortxe translazioa, tradukzioa ez esatearren.

Zenbat aldaketa “zein da zure gustukoa?” esalditik “zeinena gustatzen zara?” esaldira. Itzulpenak itzulpen, jatorrizkoa kiribildu eta txiribuelta larregi egindakoa, azken zatian gaztelaniaren morrontzapean. Ematen du Google translate erabilita egin dela itzulia. Itxialdi betean lagun zoro kuadrilla batek Furra, furra Oskorriren kantu ezagunari egin genion antzera: Google translate-n zenbait hizkuntzatara pasatu hitzak, hizkuntza-kate bat osatuta: euskara-gaztelania-frantsesa-txinera-gaelikoa-arabiera. Tartean, beti euskarara. Imajinatzekoa zen moduan, letra absurdo geratu zen —”zeinena gustatzen zara” bezain absurdoa—. Tartean, ez dakigu nondik, “arroz-bola” hitza agertu zitzaigun. Horregatik, “arroz-bolarena” deitzen diogu bideoari.

Google translate-rik gabe ere, euskaldunok gurea ahaztu, eta gazteleraren pean beti.

“Arroz-bola”, “Arroz-bola!”. “Zu zatzaizkit axola!”.

Gipuzkoako Hitzan

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua