Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Zartadak

Leire Narbaiza 2021/02/28 07:55
Argia aldizkariko 2722. zenbakian argitaratutakoa

Orain urtebete lehertu zen dena, amildu zen magala Eitzagan. Halere, amiltze horren benetako arrazoiak zeintzuk diren ez dakigu oraindik. Zabor olatu erraldoiak  beste horma batzuk ere zartatu zituen, barnekoak. Nire barruan eta beste askoren barruan. Zartatu zen agintarienganako geneukan konfiantza txiki hori. Uste genuelako ―txarto ala ondo, gustatu ala gustatu ez―, kargudunak gu babesteko zeudela halako hekatonbe larri baten aurrean. Konturatu ginen ezetz.

Ikasi dugu ez garela ezer eurendako, ez diegula ardura, orduko hartan inguruko biztanleok babesgabe eta abandonatuta laga gintuztelako. Inork ganorazko argitasunik ez zigun eman. Bitartean, gu noraezean genbiltzan, ezer aditu ezinda. Ez-itzultze puntu bat izan zen, eta batzuoi behingoz begiak zabaltzeko balio izan zigun.

Tristea da guztia. Tristea, Alberto eta Joaquin galdu zirelako. Tristea, hondamendi ekologikoa eragin zuelako. Tristea, desanparoa bizi izan genuelako. Tristea, bertan zer dagoen ez dakigulako. Baina tristeena da gogoa arrakalatu zigunak ―zabortegiak azaleratutako sistema ustelak― zartatu digula konfiantza.

Argian

Azalutsak

Leire Narbaiza 2021/02/26 18:55
Gipuzkoako Hitzan 2021eko otsailaren 26an argitaratutakoa

Azal gosea dabil bazterrotan. Aspaldi gabiltza esaten izurrite sasoi honetan azala ukatzen zaigula. Inoren azala, gurea baino ez daukagulako. Gehienok gogo itzela dugu beste batzuk besarkatzeko, laztantzeko eta ferekatzeko. Baina egoerak ukatu egiten digu keinua, eta hamaikatxo estutze, musu eta ukitu kolkoan gorde dugu, sasoi ez-pandemikoetarako, besarkada eutsiezinezkoren batzuk eman baditugu ere. Horrek guztiorrek azaleratu digu azal hutsa garela, haragi baino gehiago.

Besteen azalaren antsiak, baina, azaleratu digu azalekoak garela, ez batzuk azal eta hezur daudelako, azal-azalean geratu garelako baizik. Azalutsak garela, alegia. Eskaparatismoa praktikatzen dugulako ia gehienetan. Zelofan-gizartean bizi garelako, lagun batek dioen moduan. Kanpokoak baino ez duelako inporta sarriegi. Opari itxuroso horietakoen antzera: pakete ondo batua, paper polita duena, zinta ederduna, lazo, begizta, erroseta eta guzti. Zabaldu, eta txinatar bazarreko euro bateko plastikozko objektu bat, imitaziokoa, gainera! Itxurakeria.

BERRIA egunkariaren sasoi bateko leloa Azala eta mamia zen. BERRIAk azala eta mamia badu, baina gizartean mamia desagertzen dabil, azal ederragoa lortzeko asmotan, beharbada. Azala, kanpoa delako saltzen duena, irudi fiktizioa eman, ez garena azaltzeko postureo hutseko jardueretan, atsegiteen bila sareetan. Plantak baino ez.

Uste genuenean zenbait ideia eta ikuspuntu mamiraino sartuta zeudela, sexismoa eta genero berdintasuna, besteak beste. Konturatu gara polemiken bidez, ideal horiek azalean baino ez direla geratu. Atzazalarekin azka eginda azalean, kla-kla-kla, eta ui, zer dago hemen? Betikoa: matxismorik zaharminduena, zahitsuena, erreakzionarioena azaleratu da. Gizon moderno, euskaldun eta ezkertiarren ahotan eta teklatuetan entzunda, gainera. Batzuk, gazteak; besteak, zaharrak. Matxismoa eta sexismoa iraultzarako tresna! To eta no! Barkatu, to! besterik ez.

Emakumeak azal eta mamia gara: azal, hezur, haragi. Gure gorputzek balio diete hainbati barre egiteko, iraintzeko, erabiltzeko. Objektu hutsak bilakatu gaituzte. Baina nazkatu gara, higuinduta gaude.

Aliatutzat geneuzkanek defraudatu egin gaituzte, eta benetan azaleratu dute zer diren, ematen zuten mezua azalekoa zela, mamira ez zirela iritsi. Kanpoan krak egin, eta Kaliforniako intxaurren moduan erraz kraskatu da euren ustezko konpromisoa, eta oskol hutsa zen zeukatena. Konturatu gara barrukoa lehengoa dela, mami eraldaturik ez, arima betikoa hondo-hondoan.

Gizonezko horietako askok esan digute ez dugula ulertu, ur-azalean geratu garela, mamira ez dugula jo. Azala behar da, gero, halakoak botatzeko. Betikoa, betiko moduan. Azal tatuatua, usain zaharra. Histerismoa aitatzea baino ez da falta izan.

Orduan orain artekoa azalkeria hutsa zen? Hipokrisia? Fribolitatea? Engainua? Ondo gelditzeko egiten zena? Haize-boladak norakoa markatzen zuena aldarrikatzen zuten: eguzkiak nora, zapiak hara. Orduan uste baino azalekoagoak dira, faltsuagoak. Dezepzioa infinitua izan da, barruraino iritsi zaiguna, batzuoi behintzat.

Baina zer gura dugu sasoi likido hauetan? Zahagiak, azal hutsez eginda daude eta.

Gipuzkoako Hitzan

Urteurrenak

Leire Narbaiza 2021/02/22 09:40
...eta kitto! aldizkarixan agertutakua 2021eko otsaillaren 22xan

Hillabete honetan gure herrixak 675 urte bete dittu, Santa Ageda egunian, hain zuzen be. Urteurren edo urtebetetze, ezin esan zein berba dagokixon. Ixa zazpi gizaldi ekiñan, jo eta keian.

Gure herrixak aurre egin detsa kontu askori. Batetik orografixiari, ibar estua, maldez inguratuta. Bestetik, historixiari. Liberala, ingurua karlistia zanian; ezkerrekua, bestiak eskumakuak ziranian. Ixa beti kontrara. Jarki jakozen gure aurrekuak orduan nagusi ziran haixieri, eta eutsi egin zetsen pentsatzen zeben hareri. Kosta ahala kosta, siñistuta zertan zebizen. Ondoriak gogorrak izan arren, bildurra alde batera laga, eta ekin zetsen biharrari, eta idealak gauzatziari. Edo behintzat, ahalengitziari.

Holan erre zeskuen herrixa gitxienez bittan. Baiña holan be proklamau zan republikia. Atrebidu eta egin.

Alde horretatik Eibarko jendia ausarkixa izan da, ez detsalako muzin egin pentsatzen zeban ha defenditziari. Beti. Baiña hori kontu historiko hutsian geratu dalakuan nago. Batek diñuan moduan: tótal bájauta gare!

Hillaren 5ekua, baiña, ez da izan febreruan izan dogun urteurren bakarra. Hurrengo egunian, hain zuzen, urtebetia zan goguan hartu genduana. Urtebete Eitzagan jausi zanetik zakar mendixa. Urtebete informaziñua ezkutau, guzurrak esan eta anparo barik laga ginduezenetik, furano eta dioxinen bende.

365 egun luze pasau dira, baiña ordukuak ahaztu jakuez eibartar askori. Edo ez zala hainbesterako izan pentsatzen dabe: “neri ez desta eragitzen”, konponduta dago. Konformismo gozuan instalauta hobeto bizi garalako. Ostantzian, zelan aittu protesta jendetsueri ingurukuen begirada txepelak? Gure aurrekuak ez leukie onartuko gertaeria hain errez, eta egixan alde egingo leukie burrukan.

Barriro be gertatu ez dein, aurretikuak akorduan, egin deigun bihar Zaldibarko hondamendixa argitzeko!

...eta kitto!n

Silueta bi

Leire Narbaiza 2021/02/12 07:15
Gipuzkoako Hitzan 2021eko otsailaren 12an argitaratua

Untzaga plaza, Eibarren, herriaren armarria den San Andresen gurutzearen gainean silueta bi Joaquin eta Alberto izenekin, margarita zuri sorta bana dutela. Euria ari du, eta euripean egin dugu manifestazioa. Lelorik oihukatu ez denean isiltasun ozena entzun da. Biko lerroan, maskarak musuan, “Zaldibar argitu!”, gure eztarrietan.

Plazan, biribilean jarri gara ixaren inguruan. Plaza zabala da gurea. Irakurri dute manifestua, urtebetean jasandakoa. Sufrimendu handia egon da, eta oraindik ere badago. Malkoak begi ertzean entzun dugu iazkoa, emozioa gainezka, erdiko siluetei begiratu bitartean. Zer ote da haien tartekoa izatea? Jaso duten tratu txarrarekin, egin dizkieten mehatxuekin, hasieran inoratu zituzten moduan. Txarrena, oraindik Joaquin ez dela agertu, zaborpean galduta dagoelako.

Zabortegiak amiltzean behargin bi hil ditu. Hondamendi ekologikoa eragin du, gure Prestige. Denok dakigu Eitzaga alde hori ehunka urtetan kutsatuta egongo dela, bertan geratuko delako bertara botatako guztia. Gertakari horiek aitatzen dira katastrofeak gogoratzean, baina inork ez du sentimenduez hitz egiten, zer sufritu zen egun horietan. Nigan eragindakoa kontatu gura dut, aldatu egin ninduelako. Akordura ekarri, ahaztu ez dakigun.

Otsailaren 6an sorpresak hartu gintuen: magala amildu zen A-8aren gainean, desagertu bi zeuden. Agintarien helburu nagusia autopista zabaltzea izan zen, eta dena horretara bideratu zuten. Langileen bila zebiltzan erreskate taldekoak jantzi arruntekin ibili ziren, amiantoa zegoela konturatu ziren arte, esku hutsik, inerteen zabortegia zelakoan. Halere, metanoak suteak sortu zituen. Larrituta, informazioa eskatzen genuen. Baina alarmista eta sarraskijale deitu ziguten. Ez genekien zer geniharduen arnasten, usain kimikoa zegoen, eta eztarrian azkura geneukan. Haatik, ez kezkatzeko esan ziguten. Baina hurrengo egunetan leihoak ixteko agindu furano eta dioxina maila altuegia zelako. Gizonezkoen Espainiako Lehen Mailako futbol partida ere suspenditu zuten; horrek larritasunaren neurria eman zigun.

Ostegunean gertatu eta asteburu osoan inongo informaziorik ez. Igandean Urkulluk prentsaurrekora deitu zuen. Zerbait esango zuelakoan, eta bai zera! Hitz erdirik ere ez. Bielorrusian gertatu izan balitz bezala. Iñaki Iriondoren galderaren ondorioz esan zuen zerbait: Twitterren egiten diren kanpainengatik, ez. Sare sozial horretan #UrkulluNonZaude galdetzen zelako. Jakin nahi genuen, eta informazioa espero genuen, lasaitzeko. Halakorik ez zen gertatu, ordea. Kontua da burua hauteskudeetan zeukatela, ez gure ongizatean. Sentitu genuen babesgabetasuna izan zen hain handia, ezen barrua irauli egin zitzaigun askori. Eta jabetu ginen ez diegula ardura Eitzaga inguruko biztanleok, 50.000 pertsona baino gehiagok. Mina, tristezia, amorrua eta dezepzioa. Abandonatu egin gintuzten.

Gestioa negargarria izan zen, inprobisazioa nagusi. Urtebete pasatu da, eta oraindik ez daukagu ez erantzunik ez erantzukizunik. Halere, asteburu honetan Tapiak eta Erkorekak publirreportajea egin dute zabortegian, buzo zuriak jantzita, iaz bata mendian eta bestea missing egon baziren ere. Lotsarik ez.

Zapatuan siluetei begira egin nuen promesa: gertaeraren memoria izango nintzela, bizi izandakoa ahaztu ez dakigun, berriro ere egin ez diezaguten. Zaldibar Argitu!

Gipuzkoako Hitzan

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua