Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Eguzkitan

Leire Narbaiza 2021/11/22 17:55
Argia aldizkarian 2755. zenbakian argitaratua

Urriko domeka eguerdi ederra da, freskoa baina eguzkitsua. Ogitara eta egunkaria hartzera irten naiz, igande bazkal aurreko buelta egitera. Hain eguraldi ederra dago, ezen parkeko banku batean jesartzeko gogoa piztu zaidan berripapera irakurtzera. Udazkenean gaude, eta badakigu egun argi hauek aprobetxatu beharrekoak direla.

Halaxe egin dut: bankuan eseri, eta goxo-goxo egunkaria leitu. Bat-batean konturatu naiz igande eguerdi horretan jarleku publiko batean nagoela; parkean egonean, zaintza lanik egiteko ez badut ere; ezer kontsumitu gabe; periodikoa paperean irakurtzen. Irakurtzen. Euskaraz. Paperezko egunkaria euskaraz irakurtzen.

Egoeraz kontziente izan naizenean, outsiderra sentitu naiz lehen momentuan. Gerora, zaharrunoa, beste sasoi batekoa.
Ez dut performance bat egin nahi izan, baina hori dirudi. Inguruan kazeta gutxi ikusten dira, eta ikusten direnak kirol prentsa eta elperiodico dira, denak gaztelaniaz.

Kontsumitu ez, eta espazio publikoa okupatu. Definitiboki, periferia naiz eta demodé nago.

Haize kontra nabil, baina hain da goxoa (eta erraza) eguzkitan hori egitea!

Argian

Azaroa ez da arazoa

Leire Narbaiza 2021/11/19 17:55
2021eko azaroaren 19an Gipuzkoako Hitzan argitaratua
Azaroa ez da arazoa

Gaztaina erreak

Udazkeneko ordu aldaketaren ostean inguruko askok komentatu didate azaroa dela hilabeterik tristeena. Niri ere hala begitantzen zait: lehenago iluntzen du, tenperatura freskatu eta eguraldia gaiztotu. Urriko egun gozoak atzean geratu direla kontziente egiten gaitu, eta negua gurean maiatzera artekoa izan litekeela konturatu. Hilabete txarrena.

Udazken honetan euskara irakasteaz gain, eguraldiaren gaineko gomendioak ematea ere tokatu zait. Badakizue euskaltegian lanean jarduteak kontu zoro eta zoragarri askorako ematen duela. Aurten eguraldiak hartu ditu klaseak: hotzak, hain zuzen. Izoztuta daude ekainean eta irailean Euskal Herrira etorritako gure klaseko kubatarra eta perutarra. 12 gradutik jaitsita ez dela fresko dioste, hotza dela. Nik ezetz, handiagoak ere egiten dituela, urtean behin-edo elurra ere egin lezakeela. Begiak talo eginda adierazi dute beren egoneza. Azkenean, kamiseta termikoa eros dezatela aholkatu diet. Esan eta egin. Dagoeneko ez dute hotzik pasatzen. Ezin ukatu gurea zerbitzu publikoa ez denik!

Hotz dela, freskoa dela ibili gara. Hemen urte gehiago daramatzatenek gure klima era gordinean azaldu diete. Ez dakit Euskal Herrian ala Antartikan nagoen. Niri neuri ere kamiseta eta praka termikoak erosteko gogoa eragin dit, barren! Eta goretexezko gabardina! Nola liteke bizirautea klima horrekin? Mesedez! Esango nuke biek unetxo baten birplanteatu dutela hemen bizitzen segitzea, jasangaitza egingo zaielakoan. Ikaragarria da pertsona batzuk zein tremendistak diren, eta zenbat gustatzen zaien beste batzuk ikaratzea! Ni ere laga naute eguraldia bezala: triste eta ilun. Azaroko musua ez ezik, azaroko gorputzaldia eta umorea.

Egia esatera, ikasle bi horiek izaten ditut akorduan eguraldi iragarpena entzuten dudanean, eta koitaduek zenbat sufrituko duten egun horretan pentsatzen dut. Ikasleekiko ardura txarto ulertua, edo pertsonekin lan egitearen ondorio zuzena, ez dakit.

Azaroa azaro dabil: ospel eta goibel. Ni ere zertxobait kutsatu nau, nahiz eta ez didan eguraldiak beste batzuei beste eragiten. Azaroak ez dauka kontu onik, inguruko askoren eguna bada ere.

Aldarte hori neroan iluntze baten etxerako bidean, errekadu ez gogoko batzuk amaitu ostean, gaztain erreen usaina hartu nuenean airean. Gaztain saltzaileek jarri dituzte postuak, jakina! Eta badago usain ederragorik gaztain erreena baino udazkeneko iluntze hotzetan? Badago ezer iradokitzaileagorik? Suspergarriagorik? Ezezkoan nago. Egur errearenarekin batera, promesaz betetako usaina da: etxera iritsitakoan txoko epela izango dugula aditzera ematen digu, udazkenaren alderdirik desatseginena ere edari bero batekin konpon litekeelako iragarpena ere egiten digu. Konfort egoera lortuko dugula ziurtatzen digun usaina da.

Beraz, hori guztiori airean usainduta dozenatxo bat gaztain erre erosi nuen. Zatar-paperean batuta eman zizkidan saltzaileak, eta hamabi fruitu gozoak poltsikoan sartuta egin nuen etxerainoko bidea, eskua epel, irribarrea ahoan, betetasun moduko bat barruan eta soinean, patrikako kukurutxoan dozena bat zorion txiki neramatzalako. Azaroa ederra ere badela erakutsi zidan gaztain erreen usainak. Eguraldiak eguraldi, zapuztaileak zapuztaile: azaroa ez da arazoa!

Gipuzkoako Hitzan

Ipurdipeko hotza

Leire Narbaiza 2021/11/05 17:50
Gipuzkoako Hitzan 2021eko azaroaren 5ean argitaratua
Ipurdipeko hotza

Metalezko bankuan EuskoTreneko geltokietan

Gaueko bederatzi eta erdiak dira, eta azken trena hartzera zoaz. Leher eginda zaude, oraintxe bertan irten zarelako lantokitik, eta etxera ailegatzeko deseatzen zaude. Oraindik hamar minutu falta dira trena iristeko, traste asko daramatzazu, eta zain egoteko bankuan eseri zara geltokian bertan. Baina, ai, aulkia metalezkoa da. Ipurdia izoztu egingo zaizu, asko freskatu duelako, baina hain kantsatuta zaude, non jartzea erabaki duzun. Gora zistitisa!

Zoritxarrez, ipuintxoa ez da geltoki bakarrean gertatzen, ezagutzen ditudan Euskotreneko geltoki guztietan ipini dituzte metalezko bankuak. Nori bururatu ote zaio metalezko jesarlekuak ezartzea? Gainera, ez dira denak berdinak, hiru modelo badaude, gutxienez: metalezko barra urdinak dauzkana (kalean ere badaude halakoak); zulo laukiak dituzten jarleku baxuak; eta berrienak, egurrezkoak beharrean osorik metalezkoak direnak. Hiruretan ez dakit zein den okerrena, baina hiruretan metalaren hotza eta beroa sartzen da izter-ipurdian.

Jakina, eserleku hauek guztiauek geltokiko eraikinetik landa daude, beti nasetan; kanpoko aldean, beraz. Bertan hotzaren eta beroaren eragina askoz handiagoa izanda, okerrago. Nori bururatu ote zaio jesarlekuak kanpoan baino ez ezartzea? Tiketa erosita eser liteke, bestela ez.

Nioen moduan, geltoki barruko aldean ez dago non jesarri. Tira, inoiz leihoan eserita ikusten da jendea, ezinbestean. Neguan, eguraldi berdea denean, nonbait babestu behar; izan ere, nasetan dauden aterpetxoak Almerian erabilgarriak lirateke, baina Euskal Herri ozeanikoan estalpea benetakoa izan behar da, euriak eta haizeak gogor erasaten dutelako ezker-eskumatik. Nori bururatu ote zaio nasetan babesleku subtropikalak ezartzea? Beharbada, hegoalderagoko klima lehorragoetan ere ez lirateke aterpeok eraginkorrak, eguzkitik ere justuan babesten dutelako.

Baina merezi du artikulu oso bat Euskotreneko metalezko bankuei eskaintzea? Jakina, baiezkoan nago. Ez da bankuen kontra dudan amorrua, adibide zehatza baino ez da adierazten diguna espazio publikoak ez direla jendearendako pentsatzen. Eta garraio publikoan makinatxo bat adibide topa genitzake pixka bat erabiliz gero. Esate baterako, autobus geralekuetan, markesinetan, gero eta banku gutxiago dago. Batzuei eserleku deitzea ere asko esatea da, inklinatutako taula —egurrezkoa oraingoan— da, justuan ipurdia pausatzeko, ez jesartzeko. Nori bururatu ote zaio halako oholak ezartzea aulkien ordez?

Kalean ere agerikoa da gero eta banakako aulki gehiago dagoela, erdian besoa duten bankuak gero eta ugariagoak direla, eta iturri gutxiago daudela. Helburua? Inor ez dadila behar baino luzaroagoan egon, inor ez dadila egonean geratu, sustraiak bota izan balitu bezala. Espazio publikoa igarobidea izan dadin, tabernara joan gaitezen, dendetara. Problemarik eman ez dezagun, kontsumi dezagun. Pasokoak izan gaitezen. Nori bururatu ote zaio herri eredu hori ezartzea?

Erraza da: herrien planifikatzaileei, espazio publikoen diseinatzaileei, eta hiri altzariak erosten dituztenei. Arduradun horiek erabiltzaile berba darabilte gu izendatzeko. Ez gauzkate pertsonatzat; beraz, ez dugu egarririk, ez txizagurarik, ez gaude inoiz nekatuta. Gainera, horiek guztioriek ez dute garraio publikoa erabiltzen. Hor dago koska: inoiz ez dute probatu ipurdipean metalaren hoztasuna edo errea.

Gipuzkoako Hitzan

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua