Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Nagusikeria

Leire Narbaiza 2021/10/27 07:15
Argia aldizkariko 2750. zenbakian argitaratua

Herriko atso autubatzaileek begiradaz goitik behera egiten ziguten errepasoa: “egoki” jantzita geunden, ondo orraztuta, zapatak lustrez ondo garbituta generamatzan… Kontrol sozialerako begirada gaiztoak ziren, bakoitza bere lekuan kokatzeko, eta bakoitzari etiketa bat jartzeko. Ondo/gaizki, onarpena/destaina, irribarrea/bekozkoa. Moralaren zaintzaileak, zentsore eta inkisizio bihurtuta, txutxumutxua zabaltzeko beti prest. Nagusikeria morala.

Jaurtitzen zizkiguten begiradak erdi-disimuluan egindakoak izaten ziren. Nahiz eta guk ederki genekien epaiketa zorrotza eta gupidagabea jasaten genbiltzala. Eurak egia moralaren jabe ziren, besteon gainetik kokatzen zuten euren burua.

Esango nuke, zahar klasista eta moralaren zaintzaile horiek denborarekin desagertzen dabiltzala, edo, beharbada, egindako epaiek inportantzia galdu dutela. Baina erreleboa lortu dute: gazteagoa, kulturetagoa, “nik badakit, zuk ez” esanez lez begiratzen duena, besteen arrazoiak entzuten ez dituena. Beti gainetik begiratu, besteok klasifikatu nagusikeria moralaz, sudurra gorago. Modernoak ustez, baina autubatzaileak lakoak.

Argian

Txipiroiarena

Leire Narbaiza 2021/10/22 15:05
Gipuzkoako Hitzan 2021eko urriaren 22an argitaratua

X belaunaldikook badaukagu gugan gaitz endemiko bat, etengabe errepikatzen duguna: gure gazte-denbora oraingoa baino… (bete zuek hutsunea). Mitifikatu egiten dugu, alegia, gure gaztaroa. Horregatik entzuten da orduko sasoia latzagoa, gogorragoa, bizi ezinagoa zela, eta guk imajinazioz, indarrez, sormenez… aurrera egin genuela. Uf, zelako klixea, belaunaldi guztiek errepikatzen dutena! Gizaldi guztietan izan dira estualdiak eta sasoi gogorrak, bestela galde diezaiegun gerrak bizi izan dituztenei. Ume-denbora, ostera, oraingoa baino naturalagoa, sortzaileagoa, hobea… izan zen, mitozaleon ahotan. Beti hobea gurea. Amama-aitita Kipuleta bihurtzen gara gu baino gazteagoekin berba egiten dugunean. Eta gustatzen zait Kipuleta bihurtzea, batez ere oraingo ume eta gazteei gure bizimodua nolakoa zen kontatzeko, transmisioa egiteko. Ahalik eta gutxien idealizatuta, jakina; albait errealen. Ezin delako jakin nora goazen, ezagutu barik nondik gatozen.

Aurreko baten kontatu zidaten 12 urteko mutiko batzuek bakarrik bazkaltzen zutela euren logelan, etxeko besteek elkarrekin jaten zuten bitartean. Ahoa itxi ezinda geratu zitzaidan luzaroan, begiak talo eginda. Ezin nuen sinistu. Agian koronabirusagatik bakartuta zeudela esan nuen, eta ezetz erantzun zidaten, hori zela etxe horietako errutina. Katakrak egin zidan buruak. Eta beharbada kontserbadoreegia, antzinakoegia, zaharrunoegia nintzela otu zitzaidan. Burua galderaz gainezka neukala, barruan daroadan Amama Kipuleta esnatu zen, eta lezioa emateko prest zegoela sentitu nuen.

Joera berri horrek arrazoi askogatik asaldatu ninduen. Praktikotasunetik, esaterako, ez da batere eraginkorra eta garbia gelan bazkaltzea, ezta? Zoparik edota lapikokorik jaten ote dute aurrenerabe horiek? Ezezkoan nago, kuartoan gaitza delako halakorik hartzea. Sardexkaz irensten diren jakiak jango dituzte, ezinbestean. Dieta hala moduzkoa, nire iritziz. Beti pantaila baten aurrean. Garbitasun eta elikaduran kale, eta teknologian morrontza.

Hain zuzen ere, bazkalorduko bakartzea horretarako da, inoren kontrolik barik jokoari ekiteko, euretako batzuek guraso kontrolak aktibatuta ere ez dituztelako sakelakoetan. Logelak, gainera, teknologia guztiaz hornituta dauzkate (telebista, tableta, telefono, ordenagailu, switch…) eta wifia ere libre. Harreman barik etxean, hikikomori izatetik gertu.

Astegunetan ume handi horietako batzuek eskolako jangelan bazkaltzen dute, eta asteburuetako eguerdiko otorduetan bakartzen dira gelan. Beraz, noiz egoten dira familiako beste kideekin? Eskola eta eskolaz kanpokoak badituzte, lagunekin ere ibiltzen dira, afalordua ere antzekoa izango da… Nola egiten dituzte familia harremanak? Ezin, ez dute unerik horretarako. Argi dut jatorduak tripazorriak akabatzeko ez ezik, komunikaziorako tarteak ere badirela. Heziketa jasotzeko, berriketan egiteko, forma onak ikasteko, aholkuak, barreak, haserreak… konpartitzeko. Elkarrekin egoteko, berba baten. Nire barruko antzinako andreak munduaren akabera ikusten du moda horretan, desafekziorako urrats itzela, gizartearen gainbehera.

Erabat aztoratuta Txipiroiaren estrategia telesailaz jardungo dugu, nolatan ikusten duten hain txikiek. Bada, horrela, lagunok: utzikeriaren tinta beltza baino ez dugu behar pantaila aurrean txipiroiak izateko.

Gipuzkoako Hitzan

Ostrukarena

Leire Narbaiza 2021/10/08 17:50
Gipuzkoako Hitzan 2021eko urriaren 8an argitaratua

Batzuetan ostrukarena egin nahiko nuke: burua zulo batean sartu, ea arazoen aurrean ez ikusiarena eginda desagertu egiten diren, berez. Baina, zoritxarrez, ez du funtzionatzen. Beste arazo batzuen aurrean, ostera, su eman nahiko nioke problema eragin duen horri. Baina horrek ere ez du askorako balio, amorrazioa ateratzeko baino ez.

Zenbait albisterekin ere ez entzunarena egin nahiko nuke, izugarriegiak direlako. Batzuetan gustura amatatuko nituzke irrati eta telebista, egunkaririk ez zabaldu edo Interneten ez sartu, horrek guztiorrek balioko balu notizia ikaragarri horiek ezabatzeko. Baina, jakina, ostrukarenak ez du inoiz funtzionatzen.

Halako berri batzuk izaten ditugu nahi baino sarriagotan. Azken asteotan Euskal Herrian gertatutako bik itzel asaldatu naute beste batzuen gainetik.

Arabako Fiskaltzak hamar heldurendako kartzela zigorra eskatu du abusuengatik eta prostituziora bultzatu omen zituztelako foru aldundiaren tutoretzapean zeuden adin txikikoak. Sansohetako egoitzan bizi ziren gaztetxoak, eta 2016an eman zen ezagutzera gertatutakoa.

Bestalde, Gipuzkoako zahar etxeetan egoera inhumanoa eta lotsagarria dela salatu dute langileek, egoitza gehienetan egoiliarrek ematen dituztelako hamalau ordu inguru oheratuta, eta ezer jan gabe.

Astebetean jakin ditugu biak. Eta ileak laztu zaizkigu. Batean nerabeak, bestean zaharrak. Lehenengoan, teorian erakunde publiko batek babestuta euren etxeetan nahikoa babes ez zutelako; bigarrenean, euren kabuz bizitzeko gai ez diren pertsonak, instituzio kontzertatuen anparoan, ustez.

Tutoretzapeko gaztetxoak, egoitzetako zaharrak, mundu bi zeharo desberdinak, baina komunean puntu bat dutenak: zaurgarritasuna. Kostako da kolektibo kalteberagorik topatzea gure gizartean. Babes handiena behar dutenek tratu arbuiagarria jaso dute babestu behar zituztenen eskutik. Eta okerrena, begirale lanak egin behar zituzten erakundeek ardura efektiborik hartu barik. Gainera, ez dezagun ahantz kaltetuak “geure” nerabe eta zaharrak direla. “Gureekin” horrela jokatzen bada, zer ote da “gureak” ez direnekin? Paper bakoekin? Ezin dut imajinatu, ez dut imajinatu nahi, hobeto esanda.

Sala genitzake tutoretzapeko etxeetako eta zaharren egoitzetako arduradunak. Erakundeak eta agintariak akusatu, eta ardurak eskatu. Baina gu denok, gizarte osoa, jartzen gaitu ituan. Izan ere, gertakariez gain, gehien harritu nauena izan da zein oihartzun gutxi izan duten biek. Zer garrantzi gutxi eman zaien biei, sumendi bati begira geundelako, agian, milaka kilometrora dagoen sufrimenduari begira. Presbizia moduko bat sufritzen dugu, gertukoa ikusten lagatzen ez diguna, eta selektiboa izaten da sarritan. Esan liteke ostrukarena egiten dugula, ikusten ez duguna existitzen ez delakoan. Horrela bizi gara Euskal Oasian, ongizatean omen.

Kontua da makalenei egi(te)n diegula kale, eta asko dio gutaz horrek. Zer sozietate ustel muntatu dugu ahulenak horrela tratatzen baditugu? Ongizatearen mitoa sinistu eta irentsi dugu, eta pozarren gabiltza burua estalita. Baina ostrukarenak ez du inoiz funtzionatzen, burua ezkutatzeak bidea libre lagatzen dielako errudunei, kaltetzen jarrai dezaten.

Gipuzkoako Hitzan

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua