Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Bentanak

Leire Narbaiza 2020/04/24 15:35
Gipuzkoako Hitzan 2020ko apirilaren 17an argitaratua
Bentanak

Bentanak

Bentanak nahi ditut aitatu gaurkoan. Bentanak ezeren gainetik, bentana-egunak bizi ditugulako. Bat baino gehiago harrituko zen berba hori aukeratu izanaz, zatar eta erdarakada iritzita. Hala leporatu digute geuri, euskara kaskarra darabilgula “bentana” esanda. Guk, lotsatuta, men egin izan dugu. Baina liberatu garenez, aldarrikatu eta erabili beharko genukeelakoan nago. Harro. Bentana ez delako leihoa, leihoa ez delako bentana.

Bentana-egunak bizi ditugula esan berri dut. Bai, balkoiaren kontrapuntu. Nonahi aipatzen direlako balkoiak eta terrazak, baina denek ez dute pribilegio hori. Herri eta hirietan etxe barruko aterabideek markatzen dute gure estatusa konfinamenduan: goi maila, terraza; erdi maila, balkoia; eta behe maila, bentana (edo leihoa, bale, tira). Orain konturatu gara —lehen inori oharkabean pasatu bazitzaion— zein garrantzitsuak diren fatxadako zulo horiek: zenbat eta nolakoak diren, zein orientazio duten. Orain jakin dugu metro koadroko balkoia zelako arnasgunea den. Bizitza eta zeruertza, hegal baten.

Bentana

Bentana-egunak dira, ez soilik aurrerago esandakoagatik. Etxezuloan sartuta, sofatik badugu modua munduari begiratzeko: telebista. Gailu hori da etengabe zabalik dugun leihoa. Antza denez, egunotan aspaldian baino audientzia handiagoak dituzte telebista kateek, ETB 1ek izan ezik. Ia zero izan da pantaila kuota. Eta normala begitantzen zait; izan ere, erreposizioak baino ez dituzte jartzen. Hori, printzipioz, ez da txarra berriro ere jartzen diren saioak onak eta askotakoak badira. Baina aurreko asteburuan, esaterako, jarri duten bakarra izan dira antzinako kirol probak. Ostiral Santuan txirrindularitza, 2012ko Itzuliko etapa bat (2012koa!), ostean meza eta ondoren estropadak! Gauean, pilota partida. Partida hori hain zen zaharra, ezen frontoiko hormak zuriak ziren! Pasa den mendeko partida! Batzuek begi onez ikusiko dute kirol emankizun zaharrak berrematea. Kontua da euskaraz dugun kate publiko bakarrak askoz bideoteka handiagoa duela, eta era askotako saioak emititu litzakeela, ahalik eta euskaldun gehienengana iristeko. Ez da fikzioa versus kirola, ez. Jende gehien aseko duen eskaintza ematea da, ikusleak kontuan izango dituena, eta euskara helburu ere baduena. Bentana hori, ETB 1ena, gero eta itxiago, gero eta alferrik galduago; tapiatuta.

Bentana-egunak dira, telebistako pantailak ez ezik telefono, tablet eta ordenagailuetakoek sekulako garrantzia hartu dute gure artean. Lanerako, ikasteko, munduaren berri izateko. Windows egunak bataia ditzakegu apple, ubuntu edo android erabili arren. Bentana horiek ere nabarmen laga dute gure klase soziala eta estatus ekonomikoa zein den. Zenbat gailu eta nolakoak ditugun, zelako wifia, zenbat datu gasta genitzakeen, zein prestakuntza dugun teknologia hori guztiori erabiltzeko… Argi ikusi dugu telelanean gabiltzan irakasleok: egoera honek arrakala soziala handitu baino ez du egingo. Baina segi dezagun berba egiten streaming bidez ikusi beharreko serieez, ezer gertatuko ez balitz bezala, denon eskura balego lez.

Bentana-egunak dira. Ahalik eta ondoen eman ditzagun, ate-irekien egunak etorri eta gozatu arte! Zaindu zeuen burua, zaindu elkar!

Gipuzkoako Hitzan

Laixetan, garixetan: basarrixa Eibarren

Leire Narbaiza 2020/04/15 01:55
Untzetabarrenetxea ahiztak akorduan.
Laixetan, garixetan: basarrixa Eibarren

Enrike eta Asier trontzan erakusketan

Florentina Untzetabarrenetxea hil dela jakin dut. Florentina Barrenetxe baserriko alaba zen, eta bizirik geratzen bakarra. Pena handia sentitu dut ikusi dudanean eskela. Florentina eta bere bi ahizpa (laugarrena ez nuen ezagutu) ezagutu genituen "Laixetan, garixetan: Basarrixa Eibarren" erakusketa prestatzen ibili ginenean.

1997an Asier Sarasua, Enrike Gisasola Sosola, Ibon Rokandio eta laurok proiektu erraldoi baten sartu ginen, Eibarko baserrietako tresneria, hiztegia eta kontuak jasotzea. Ego-Ibarra batzordeak babestuta. 1998ko urtarrilean inauguratu genuen erakusketa erraldoia Eibarko Portaleako erakusketa-aretoan, orduan Gipuzkoako areto publikoetako bigarren handiena. Eta, hala ere, trepetxuz bete genuen! 

Orduan sasoian, herri askotan egin ziren halako erakusketak. Moda bat-edo izan zen, edo agian, ia desagertzear zegoen mundu bati oratzeko azken saioak. Ez dakit. Kontua da guk geure buruari makaleko beharra jarri geniola. Eta hasi ginen arakatzen. Makina bat baserri pasa genuen: Sosola (jakina), Sumendixa, Larrañeta, Biriñao, Sagarbitsa eta Barrenetxe. Beste batzuk ere bisitatu genituen, baina sei horiek izan ziren oinarri eta informatzaile handi eta onenak gure bilketan.

Barrenetxe zen baserri bakarra jenderik ez zuena, nahiz eta Untzetabarrenetxea ahizpak ia egunero joan. Bertan ezagutu genituen. Emakume bereziak ziren, karakter eta bizimodu aldetik. Gurekin oso ondo portatu ziren, euren etxeko joia asko jaitsi genituen Eibarrera erakusketara. Objektu guztien artean, berezienetako bat: XVIII. mendeko ohe bat, barku-ohe bat. Erakusketako pieza ikusgarrienetako bat.

Itzela izan zen egin genuen lana, eman genituen orduak, egindako bisitak. Erakusketa asko bisitatu genituen, errotak, Lasturko beste baserri bat, museo etnografikoak, San Telmo museokoek argibideak eman eta aholkatu gintuzten, baita lihoa lantzeko pieza batzuk laga ere! Ikaragarria!

Zenbat ikasi genuen! Ze aberasgarria izan zen! Zenbat historia, prozesu, berba, bizimodu ezagutu eta sakondu! Pieza batzuk benetan estimatu nituen, laiotz bat, kobrezko kaldero bat... Lihoaren prozesuarekin liluratu eta obsesionatu ere egin nintzen.

Esan nezake proiektu hau izan dela egin dudan proiektu inportanteenetako bat, zalantza barik. Intentsua izan zelako, asko disfrutatu genuelako eta asko markatu nauelako.

Eta hori guztiori Florentina bezalako pertsonei esker. Beti bihotzean eroango zaituztegu. Mila esker, Barrenetxe!

Gerrari intsumisioa

Leire Narbaiza 2020/04/12 15:15
Gipuzkoako Hitzan 2020ko apirilaren 3an argitaratuta

Ez dakit nola sortuko zen ustea, baina badabil bolo-bolo estereotipo ustel bat: sexualki gizonezkoak gustuko duten uniformedun bat ikusita zoratu egiten direla, txoratu, tontotu. Uniformeak baduela erakarmen berezia, rock izarrek oholtzaren gainean dutenaren antzekoa. Ni, ostera, uniformeek erakarri beharrean, uxatu egiten naute, kasurik onenean. Txarrenetan, beldurra eta higuina ernetzen didate.

Baina zergatik ote da batzuendako hain xarmagarria, besteendako errefusa? Gako bi eskain nitzakeelakoan nago. Batetik, euskalduna izateagatik; bestetik, gaztaroan bizi izandako giroagatik.

Lehenengoa argi dago, euskaldunoi armadek ez digutelako inoiz ezer onik ekarri. Bigarrenak gazte-denborara naroa. Nire adineko gizonezkoak izan ziren lehenengoetakoak soldadutzaren kontra egiten. Kontzientzia eragozleak hasieran, eta intsumisoak ondoren. Ez ziren lehenak, ez guztiak, gerotxoago bezala, baina orduan hasi zen masiboagoa izaten. Inguruan geneuzkan bideetako bat hartutako mutilak, zalantzan zeudenak ere bai. Talde anti-miliak sortu ziren herri guztietan, eta Euskal Herri osorako beste hainbat elkarte. Horixe zen airean zebilena. Soldadutzari ezetza esateko geldialdi, manifestazio eta jaiak egiten ziren modu koloretsu, irudimentsu eta dibertigarrian.

Orduko barre eta festa aldarrikatzaileek ez zuten bakarrik jendea erakartzen euren aldera. Informazioa ere banatzen zen, eta gizonezko gazte haien zalantzak eta noraezak eztabaida eta hausnarketa eragiten zuten inguruko guztion artean. Eta denok ere, zelanbait, intsumiso bihurtu ginen, batzuek autoinkulpazioak ere aurkeztuta. “Banqueros y militares, parásitos sociales” (bankariak eta militarrak, gizartearen bizkarroiak) esaten ikasi genuen. Beraz, uniformeen topikoak ezingo du inoiz funtzionatu gurekin.

Amama Kipuletaren kontu horiek guztioriek etorri zaizkit Espainian militarrak pandemiaren kudeaketaren buruan ikusita. Medailaz eta kondekorazioz betetako papar horiek begi bistan izan ditudanean, ileak laztu zaizkit. Hizkera belikoa entzun diedanean, belarriak odola dariola. Eta okerrena da nornahi kutsatu dela guda-hiztegi horrekin. Gerran omen gaude, baina ez nago konforme: ez da gerra bat, gaixotasuna ez da etsaia, ni ez naiz soldadua, eta osasungintzakoak ere ez dira heroiak.

Lengoaia ez ezik, balkoiak ere kutsatu ditu ustezko gerra giroak. Kontu egizue, makina bat salatari agertu da bentanetan, gerra zibilaren ostean bezala, autubatzaileak auzoan, seinalatzen, frustrazioak eta herrak jo-puntu errazetan diana egiten. Pikutero larregi zelatan.

Ez da gerrarik, berriro diot. Baina tematuta daude baietz. Tira, hala bada, zergatik ez dituzte konfiskatzen estetika-klinikak, ipurdi eta titiak operatzen dituzten kirofanoak, arnasgailuak jasotzeko? Zergatik kirol-pabiloiak erietxe bihurtu, ospitale pribatuak egonda? Bertako jabeak ez ote dira soldadu eta heroi? Pribatuak ez du gerraz ezer jakin nahi?

Gerra, armadaren loriarako. Propaganda gastu militarra zuritzeko. Hainbeste sos xahutu urteetan aireportu eta geltokiak desinfektatzeko soilik? Ejerzitoan alferrik galdutako dirua badago beste nonbait gastatzerik, bistan denez. Babes zibileko talde indartsu bat eratzeko, adibidez, guda-airerik zabalduko ez duena, munduaren hobe beharrez.

Nahikoa borroka jasan dugu, orain gerrari intsumisioa!

Gipuzkoako Hitzan

Konfinamenduetan ikasitakoa

Leire Narbaiza 2020/04/02 13:31
Gipuzkoako Hitzan 2020ko martxoaren 20an argitaratutakoa

Konfinatuta gaude etxean. Batzuondako ez da aurten bizi izan dugun lehenengoa. Oraingoa, ostera, orokorragoa da, eta askoz ere zorrotzagoa. Aurrekoan, gure osasunagatik egin genuen, eta hau gure osasunagatik ez ezik, osasun kolektiboagatik ere bada. Otsailean, furano eta dioxinek etxeratu gintuzten Eitzaga ingurukook; martxoan, aldiz, koranabirusak erretiratu gaitu. Lehenengoan, ezin genituen leihoak zabaldu, eta bigarren honetan, terraza edota balkoirik ez dugunok besteon inbidiatan gaude, halakoak izateak askatasun pixka bat ematen duelako.

Katastrofe bi bizi (izan) ditugu 2020aren hasieran. Fuerte hasi dela urtea, Iñigo lez, esan genezake. Hondamendi biek konpondu barik jarraitzen dute. Zaldibarkoak hor segitzen du, nahiz eta komunikabideetatik desagertu. Joaquin eta Alberto zaborpean daude, eta pentsatu nahi dut bila dabiltzala oraindik. Zarama pilatuta A-8aren bazterrean, eta kamioikadak ateratzen, zabortegia husteko, jakin barik nora daramaten bertatik irteten dena.

Birusarena konpontzeko ez dakit zenbat beharko den. Egia da halako egoeran ezin garela luzaroan egon; hau da, honek (etxetik irten barik, lana eta lanpostua kolokan…) ezin du hileak iraun.

Egunen batean normaltasunera itzuli arren, kontu asko kanbiatu beharko ditugu. Begitantzen zait tragedia biek hausnarrarazi beharko liguketela gure munduaz eta bizimoduaz. Eta sakonki eragin gugan, ezin dugulako jarraitu orain arte moduan. Ezinezkoa da dirua eta negozioa pertsonen gainetik jartzea. Ezin liteke gure modeloa etenbako hazkundean oinarritzea. Hazkundea ekonomian kontu positiboa da; zenbat eta gehiago hazi herrialdea, orduan eta hobea. Hobea norendako? Haztea mugarik gabe, gigantismoa litzateke. Noraino handitu liteke produkzioa? Zertarako? Zeren eta noren lepotik?

Pertsonen gainetik dago beti produkzioa, hori hala da. Egitea da garrantzitsuena gure ereduan. Egin, dirua irabazteko. Berdin dio nor zapaldu behar den, noren osasuna jarri jokoan. Gauzak fabrikatu, kontsumi ditzagun. Arin, bizkor. Komuneko paper barik gera ez gaitezen. Bete dezagun erosketako orgatxoa mukururaino, badaezpada. Bost kilo arroz, zazpi oilasko, lau pakete makarroi, eta hogeita hamar jogurt!

Erdia, gero, iraungitze data pasatuta zaborretara botatzeko. Ai, eneka jardungo dugu gastatutako diruaz damututa. Psikosiak jota egon diren supermerkatuetan ibiliz gero, denok kutsatu gara kontsumismo konpultsibo horrekin, koronabirusarekin kutsatu ez bagara, behintzat.

Baina zein gizarte mota nahi dugu? Zertan aldatu beharko genuke? Nik, adibidez, asko eskertuko nuke jendartea hain konpetitiboa ez izatea. Ez dadila izan nork gehien eduki, nork azkarren egin. Dena berdintsuago, bizitza ez delako Egunean Behin, nor lehenengo geratu rankingean.

Era berean, bizitza jarriko nuke erdigunean, zaintza denaren muina izan dadin. Laguntzak iragarri dituzte enpresendako, baina zaintzarako zer? Zaintza barik ez dago bizirik, konturatu ote gara? Zaintza jaiotzetik hil arteko ekintza da, aurrera egin, eta ondo elikatuta eta jantzita ibiltzen laguntzen diguna, kariñoa eta oinarrizko euskarria dena. Zergatik dira garrantzitsuagoak, esaterako, futbolariak zahar-etxeetako zaintzaileak baino?

Pertsonak aurretik beti, makalenak batez ere. Hau ez da onkeria, zentzuna besterik ez. Ea ikasi eta lortzen dugun!

Gipuzkoako Hitzan

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua