Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Sasoian sasoikoa?

Leire Narbaiza 2019/09/30 21:50
Gipuzkoako Hitzan argitaratua 2019ko irailaren 13an

Abuztu betean zaude, oraindik udazkenerako hilabete luze geratzen da, eta oporrak pasatzeko aukeratu duzun leku horretako kaleetan firin-faran zabiltza denbora ematen, paseo lasaian. Gustuko duzu ezagutzen ez dituzun tokietako dendak eta tabernak ikustea, menuak aztertzea, erakusleihoei begiratzea. Beti dago zer deskubritu, konparatu eta kritikatu. Herri horretako moldeak ere ezagutzen dira, turistendako moduan bada ere.

Pasiera horretako erakusleihoetan merkealdiak ikusi dituzu, udako arropa arina eta koloretsua. Interesa sortzen dizu, eguzki galdatan zaude eta. Baina komertzio batzuek baztertu dituzte udakoak, eta hurrengo denboraldiko jantziak dituzte: ilunagoak, sendoak, berogarriak… Orduan, imajinatzen duzu zer litzatekeen halakoak janztea, espaloian beroaz urtuta. Gorputzaldi txarra egin zaizu, eta ez zaizu burutik pasatzen halakorik erostea. Baina denda batek baino gehiagok aldaketa egitea erabaki badu, saltzen duen seinale, zuk ulertzen ez baduzu ere.

Herrira itzulita, ikusi duzu abuztu hondarrean zabaldu duten denda batzuek udazkeneko moda dutela dagoeneko, eta bihotza uzkurtzen zaizu pixka bat, ez bakarrik oporren amaieraren lehen zantzua delako, janzki horien kolore ilun eta hitsek barrena tristatzen dizutelako, tontakeriak amaitu direlako, eta orain betikora itzuli behar duzulako baizik: diskretukeria eta janzkera aspergarria, bizitasun bakoa…

Hori guztiori buruan darabilzula, hara non irakurtzen diozun Ion Ansa Mendizabal twitterkideari honako hau: “Ez al gara aspaldian beti hurrengo urtaroan bizi? Edo nire sentsazioa da? Gabonak sanmartinetan hasten dira eta udazkena abuztuaren 31n. Nahastuta banago, balio dezala txioak unea bizi nahiko nukeela gogoratzeko, bederen”. Ansak bete-betean asmatu duela pentsatzen duzu, etorkizuna luzarorako planifikatzen gabiltzalako, eta planifikazio horrek etorkizunean jartzen gaituelako beti. Sarritan, orainaz disfrutatu ezinda, geroan dugulako burua. Inoiz ez dagokion lekuan eta denboran.

Ez al gara aspaldian beti “hurrengo urtaroan” bizi? Edo nire sentsazioa da? Gabonak San Martinetan hasten dira eta udazkena abuztuaren 31n 😅 Nahastuta banago, balio dezala txioak unea bizi nahiko nukeela gogorazteko bederen ☺️ https://t.co/GvSeUIgQi1

— Ion Ansa Mendizabal (@ionansa) September 2, 2019

Hori argi ikusten da egunerokotasunean. Jende asko, astegunetako monotonia eta gogortasuna arintzeko, asteburuari begira bizi da, astegunak ahal bezala pasatzen. Jakina, asteburua dena delakoagatik zapuzten bazaie, frustrazioa, egonezina eta haserrea. Baina bizitza astegun gris mordo bat da, errutina eta normalitatea. Ezin beti goiak jotzen ibili, betiereko subidoian bizi. Bizitza oso leku korrientea da, ia beti gatz bakoa.

Eta bizimodua tetris baten moduan antolatu dugu. Egin beharrekoak ahal den moduan kokatuta. Lana, hizkuntza bat ikasi, umeak, pilates eta irakurketa kluba. “Tira, klasera joan ahal izateko hamar minutu berandu, irakasleak onartzen badu. Bertatik irten, eta umeak jaso. Baina bost minutu lehenago atera behar”. Halakoak ikusten dira. Hamar minutuak ordu laurden luzea bihurtzen dira, eta bost minutu lehenago irteteko, aurretik dena jaso behar, eta hanka bat atera begira izan, umeengan du burua jasotzen hasi aurretik; beraz, klase denbora hori ere alferrik. Dena egin nahi, eta momentua ez disfrutatu. Estresa.

Baserritarrek ere sasoian sasoikoa jatea gomendatzen digute, baina supermerkatuan fruta eta berdura batzuk gero eta goizago agertzen dira, garaiari ezin diogulako eutsi, oraina ezin dugulako jasan. Patxada hartu behar dugu, etorkizuneko gurpil zoroak harrapa ez gaitzan.

Gipuzkoako Hitzan

Beldurraren albistegiak

Leire Narbaiza 2019/09/24 01:20
Gipuzkoako Hitzan 2019ko abuztuaren 2an argitaratua

Uda betean egon arren, oraindik ez dut telebistan ikusi urteroko aholku andana, minutuak betetzeko erabiltzen direnak. Baliteke Espainiako Gobernua osatzeko ahaleginek (edo ahalegin ezek) betelan horiek baztertu izana. Fartsak fartsa alboratu (fartsa sukaldaritzan betegarria delako).

Izan liteke albistegiak Nafarroako Gobernua muntatzeko lanek okupatzea, batasuno-proetarren gaineko adierazpenek denborarik ez lagatzea aurreko urteko ohiturei jarraitzeko. Azalpen bat emateagatik. Baina abuztu hasiera bada ere, ez dut entzun lapurreten kontrako gomendiorik: oporretan joanda, zer egin etxean lapurrak sar ez dakizkigun; turismoa egiten gabiltzala zelan saihestu kartera-lapurrak… arriskua gure bizitzetan, ondoko kalean. Beldurra zabaltzen, berba baten. Ostean, publizitatean alarma-etxeen iragarkiak. Alarma eragin, alarmak saltzeko.

Udan nabarmenagoa izaten da, baina neguan ere ez da halakorik falta. Telebista saioak gertakari beldurgarriz josita egoten dira. Lehen telebistan edo prentsa serioan ia espaziorik ez zuten berriek orduak eta lerroak betetzen dituzte orain. Denak kezkagarriak, ikara eragiteko modukoak. Hori ote da errealitatea, baina?

Egia da gertakizun horiek pasatzen direla, ez dituztela kazetari aspertuek asmatzen, baina 80ko hamarkada bizi izan zuen edonork esan lezake orduko segurtasunik eza eta lapurreta kopurua oraingoa baino askoz handiagoa zela, heroinaren kontsumo itzelak eragin zituelako delitu haiek. Oraina seguruagoa dela, alegia, ardura eta egonezina saldu nahi badigute ere.

Zergatik, ordea, jendea beldurtzeko nahi hori? Alarma eta segurtasun negozioagatik soilik? Ez da larregi? Nire ustez, hondoan dagoena askoz sakonagoa eta indartsuagoa da: zentzatu nahi gaituzte. Beldurraren bidez herritarrak moldatu.

Zentzatu, zelako berba! Euskaltzaindiaren hiztegian esanahi bi dauzka: zentzudun bihurtu, eta bide onera ekarri edo etorri. Ikaragarria! Beldurra sortuta arrastoan sartu nahi gaituzte, markatu diguten bidetik atera ez gaitezen.

Emakumeok, esate baterako, badakigu beldurrak nola moldatzen dituen jokabideak. Txikitatik errepikatu digute zenbat arrisku izan genitzakeen gauean bakarrik etxera itzultzean, arropa konkretu bat jantziz gero, bakarrik bidaiatuta edo jaietan ibilita… Horregatik aldarrikatzen dugu etxerako bidean ez dugula ausartak izan nahi, askeak baizik. Egia da gizonezkoek baino peligro gehiago ditugula, baina ez digute erakutsi horiei jarkitzen, aurre egiten. Seguruenera, izu horren helburua andrazkoak lorratzean sartuta ibiltzea delako, gure lekuan jarri eta guk geure burua mugatu. Hori delako beldurrak egiten duena.

Alarma pizten dute telebistek albiste horiek aireratuta, eta batez ere adineko pertsonak dira helburu, ordu gehien ematen dutelako pantaila horren aurrean. Segurtasun falta dagoela zabaltzen dute uhinetan, jende ikaratua moldaerrazagoa delako, eta euren buruaren (eta ondokoen) polizia bihurtzen delako. Kontrol sozialerako arma hutsa, hitz bitan esatearren.

Baina uda hemen dago gozatzeko, eta izutu egin bazaituztet, barkatu. Kendu lotsak, ikarak, beldurrak eta izuak, eta disfrutatu ahal beste, beldur barik!

Gipuzkoako Hitzan

Udako trantze latzak

Leire Narbaiza 2019/09/16 12:10
Gipuzkoako Hitzan 2019ko uztailaren 19an argitaratua

Uda bueltan trantze gutxi izango dira bainujantzia erostera joatea bezain latzak. Normalean, sasoi hasieran egiten da erosketa hori, eta, horregatik, zuri-zuri egoten gara, negu osoan arropapean ezkutatutako azala guri eta bizigabe bezala egoten delako. Probagelan sartu, arropa erantzi, eta hondartzarako janzkia jantzita ispilu aurrean, tente, gure gorputzak dituen inperfekzio guztiez jabetzen gara: irten zaizkigun girgiloak, irabazi dugun tripa, nabarmendutako barizea, azaldutako azal-ildoak, haragi eroriak… Zelan erosi horrela hondartzarako ezer? Gainera, depilatu barik joanez gero, akabua! Argentinara ospa egiteko gogoa pizten da, udarik berriro ere ez bizitzeko.

Jakina, bigarren trantze latza izaten da erositako bainujantzi hori soinean dugula hondartza edota igerilekuan luzitzea! Batez ere inguruan ezagunak badaude. Lehenengo momentu hori itzela da, zeren probagelan, bakarka, ikusitako guztiak hortxe jarraitzen du —agian, depilatuta gaude, baina beste dena bere horretan dago—. Gure gorputzaren miseriak agerian publikoki, begiradapean, epai zain.

Batek baino gehiagok drama hori guztiori irakurrita pentsatuko du arazo gutxi ditugula, lehenengo munduko problemak direla horiek, eta bainu-sasoiko kontuez karaktereak alferrik galtzen nabilela EAEn pobrezia %46 hazi denean hamarkada baten —hari izugarri argigarria egin zuen Jule Goikoetxeak Twitterren, benetan irakurri beharrekoa—. Itxura kontuekin dihardudala euskal oasiko 130.965 biztanle benetako pobrezian bizi diren bitartean.

 

[EUSKAL OASIA]
1) Etorkizunean pobrezia, batetik, eta enpleguaren polarizazioa, bestetik, handituko da: kualifikazio handiko enplegua eta batez ere "inolako" kualifikaziorik behar ez duen enplegua geroz eta ohikoagoak izando dirahttps://t.co/xyCj3hqz47

— Jule Goikoetxea (@JuleGoi) July 12, 2019

Bai, fribolitatea da, handia. Baina nago guztia sistema beraren isla dela. Sistema bihozgabe bat, non gure gorputzek ere lotsa eman diguten. Naturala dena, ukatu. Gorputzak zein bizimodu duina. Kontentagaiztasun etengabean bizitzeko, menpekotasun absolutua helburu duena.

Kontua da gorputz-perfekzioa eskatzen zaigula, kanon batzuen araberakoak izan behar dugula. Hori ezinezkoa da, ordea, perfekziorik ez dagoelako. Gainera, perfekzio hori azalutsa da, itxurakeria, besterik ez. Hala eta guztiz ere, zeharo barneratua dugu, eta helburu hori lortze aldera, denetatik egiten da. Gurpil zoro baten sartuta gabiltza, imajinaren erresuman murgilduta, beti asegaitz, beti ezinean eta lotsatuta. Beti eredu anker horren esklabo.

Gobernatzen gaituen edertasun kanonak menpeko gauzka, eta sakon-sakonean eragiten digu, zeren onartua izateko kanonera ahalik eta gehien hurreratu behar dugun. Jakina, beteezina denez, geure buruarekin gustura ez egotera garamatza, insatizfazio hutsera, beti deseroso, gauza terribleak egitera. Esate baterako, naturalak diren ileak, arbuiatu eta erauztera modu biolentoan, mina jasanda. Izan ere, luzitzeko sufritu behar da leloa oso barneratua dugu, eta luzitze aldera —kanonaren barruan, betiere—, dena da onargarria.

Onargarria dirua gastatzea tratamendu, krema eta abarretan. Kanonak atzean duena kontsumoa delako, gastua eta enpresa batzuen irabaziak gure lotsen kontura. Sistema bete-betea, pobretzen gaituena, eta kontsumoaren sorgin-gurpilean prekaritatera bidaltzen gaituena. Konbo perfektua!

Eta laster txanda eskatu behar dut depilatzeko, hazten hasi zaizkit-eta ileak. Ai, ene!

Gipuzkoako Hitzan

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua