Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Porlanaren jonkiak gara

Leire Narbaiza 2019/05/19 20:58
Gipuzkoako Hitzan 2019ko maiatzaren 10ean argitaratua

Azken boladan nahiko zeregin gogaikarrian nabil sartuta; medikutan, alegia. Laguntzaile gisa joaten naiz proba eta kontsultetara, eta aukera izan dut Eibarko ospitale berrian probatzeko. Estetikaz ez dut ezer esango, baina barruko kolore eta uniformetasunaz asko idatz liteke. Aurreko baten, erradiologian sartu ginen. Ez zegoen inor karraju luze hartan, eta beldurrezko film baterako lokalizazio egokia izan litekeela begitandu zitzaidan. Hormak eta ateak kolore berdekoak, baina ilar-pureak duen berde hori, 70eko hamarkadatik ateratakoa iruditu zitzaidan. Dena berdina ospitale osoan, ez dago mediku edota espezialitateen izenik ateetan, zenbakiak besterik ez. Eta zenbakiak Osakidetzako urdin horretan… Ez dira ondo ezkontzen kolore biak!

Tira, baina iritziak baino ez dira horiek, eta dekoraziorako gustu gutxi izateak ez du ezer esan nahi. Arazoa ospitalea bera da, nola sortu zen, eta zein izan zen osasun etxe horren helburua. Patxi Lopezek, lehendakari izan aurretik, Eibarren (justu oraingo ospitale parean dagoen auzoan) eman zuen mitin baten dago sorburua. Orduan egin zuen promesa. Baina erietxea egiteko orubea errepide biren artean ez ezik, kutsatuta ere bazegoen. Proiektuak tikili-takala iraun zuen buruetan, nahiz eta Lopezen lehendakari-denbora amaitu. Ez zitzaien ahaztu, eta kromo trukaketan lortu zuten gauzatzea.

Eibarkoa anbulatorio handi bat da. Torrekua osasun etxea hustu, eta bertara eroan dute, baita Mendaroko espezialista batzuk ere. Oheak ere badauzka subakutuendako, baina besterik ez. Gainera, erdi hutsik dago, aparkalekurik ez dauka, eta elbarriendako espazio bat du gordea errepidean, baina hiru taxirendako…

Ospitalea

Egin behar zen, nahiz eta Mendaroko ospitalearen handitzea geldirik egon diru faltagatik. Eta denok pozarren. Nork egin liezaioke kontra ospitale bat egitearen ideiari? Ezin da! Nahiz eta gero medikuak lanez gainezka egon, ordezkorik kontratatu ez, eta pazienteari emandako atentzio denbora murriztu, oso txarto dago ikusita ospitale baten aurka egotea.

Izan ere, desarrollista hutsak gara. Azpiegiturak egiteak du erakarmena gure herrian. Bost aireportu izan arren, Hondarribikoa handitu behar, txikiegia delako. Navarra Arena erraldoia, Balentziaga museo gaindimentsionatua. Superportu bat ez, bi behar genituen. Supersur errepidea inork erabiltzen ez badu ere, bigarren fase bati ekin behar zaio. Erraustegi demasa egin behar zen, hainbeste erretzeko zabor nahikorik ez ekoitziagatik. Inora ez garamatzan abiadura handiko tren batekin tematuta 25 urtean. Ez dakit nola ez ditugun proiektatutako lau zentral nuklearrak! Gero barre egingo diogu Castelloko aireportuari. Berdinak gara, barren!

“Horrek ez du ogirik jaten” esaten zuen gure amamak; hau da, ez zekarrela gasturik zerbait soberan edukitzeak (seguruenera, “jakiteak ez du ogirik jaten” esaera zaharraren bere moldaketa izango da). Horrela funtzionatzen dugu, azpiegituren Diogenes sindromea dugu —barka diezadala Edu Lartzangurenek—, eta auzo bakoitzean nahi genuke ospitalea, edota abiadura handiko trenaren geltokia, nahiz eta gero ospitale horretan ez egon medikurik, eta geltokian trenik inoiz ezin hartu. Ospitale eta geltoki horien promesek ilusioz betetzen gaituzte, edukitzearen lilurak itsutu. Porlanaren jonkiak gara.

Gipuzkoako Hitzan

Adina

Leire Narbaiza 2019/05/13 10:30
Argia aldizkarian 2641. zenbakian argaitaratua

Urteak bete eta konturatzen zara bizitza erdi baino gehiago egin duzula. Etapa batzuk pasatu direla, atzean laga duzula fase bat baino gehiago, gorputza ez dela atzera ere bera izango. Emakume bazara, gainera, umeak egiteko gaitasuna desagertu dela ziurtatuko duzu.

Zelan gertatu den galdetuko diozu zeure buruari, noiz bihurtu zinen nagusi, oraindik ere heldutasuna ez zaizula osorik iritsi begitantzen zaizu-eta.

Ingurukoek lasaitu gura zaituzte eta adina nortasun agirian jartzen duen datu bat baino ez dela ziurtatzen dizute. Bai zera! Behin edade bat beteta beharrerako ere ez zaituzte nahi; antza denez, urteekin gauzaeztana bihurtzen zara. Eta andrazkoen kasuan ikusezin, zenbaki horrek kanonetik urrundu egiten zaituelako: ez zara desiragarri, beraz, ez duzu balio. Gazte denboran zuretzako lekurik ez eremu publikoan; eta orain ere ez, gazteen mesedetan.

Adinak ez duela inporta esaten dizute etengabe. Orduan, zergatik merkatuak bonbardatzen zaitu gaztetzeko produktuekin? Zimurrak ederrak direla aldarrikatu zuen Adolfo Dominguezek, baina argi dago oihal zatiez baino ez ziharduela.

Argian

Lurraren gainean

Leire Narbaiza 2019/05/09 10:30
2018ko HITZEZ ETA AHOTSEZ 5. ediziorako idatzi eta irakurritako testua. Lurra zen gaia

 

Hitzez eta ahotsez 2018

                          Lurra da gure alaba,

                          Lurra da gure ama,

                          Lur ahizpa, lur arreba

                         Lurra gu, lurra gara.

                         Ez ehortzi gure lurra,

                        Gu baikara lurra bera.

                        Lurra da gure alaba,

                        Lurra da gure ama

 Zaldibobok kantatzen duen Amurizaren letra honek diosku Lurra ama dugula, Amalurra. Berarengana doa Eguzkia lotarakoan; izan ere, Lurrak alaba bi ditu: Ilargia eta Eguzkia. Baina beste bat ere ba omen du: antza denez, zerua eta lurra aspertuta zeuden baten, itsasoa egin zuten-eta.

Ama, beraz, denona, lurrezkoak ere bagarelako, lurrez eginak. Beharbada lehendakariek horregatik egiten dute zin “Euzko lur ganean zutunik”. Baina kasu honetan, amatzat hartu beharrean, ez ote dute behegaintzat, zorutzat hartzen? Zoru etiko ala pelbiko?

Lur gainean zutik jarkitzen gara, Scarlett O’Hara bagina lez, ukabilean lur apurra dugula, Amalurra defenda dezagun —dezaten— eskatzeko. Oi, lur; oi, lur; oi, ene lur nerea...

Halere, imajinario euskaldun klasikoan lurra ustela eta faltsua da, jaten ematen badigu ere, lurrekoak garela diogun arren: lurrak hazi, eta lurrak jan behar gaitu.

Agian hankak lurrean ditugun bitartean, errealistak garelako. Eta askotan egoerak ez zerurako ez lurrerako jartzen gaituelako, besterik egin ezinda.

Beldurrak airean garabiltzanean, oinetako lurra ikaran dabilela sentitzen dugu. Zur eta lur ere gelditzen gara, ikusten dugunean gure planetakideak, lurtar asko, goian zerua eta behean lurra bizi direla. Horregatik exijitzen dugu: lurra lantzen duenarentzat! Lur-jabe handiek jakin beharko lukete, azkenean, lurrak berdinduko gaituela, eta lurrak gureak beharrean, gu garela lurrarenak.

Lurra da gure planeta, gure etxea. Horregatik nik, Ruperrek kantatzen duen bezala, ez dut zerutik gertu egon nahi, hemen egon nahi dut, lurrean etzanda, bere taupadak, amodioak eta miseriak entzunez, sagarrondoen loreen zain, labexomorroen muxu goxoa, goruntz begira lainoak nola pasatzen diren.

Lur gainean etzanda.
Hitzez eta ahotsez-en

Taladrina zainetan

Leire Narbaiza 2019/05/07 17:11
Gipuzkoako Hitzan 2019ko apirilaren 26an argitaratua

Taladrina usaina gustatzen zait. Edo agian esan beharko nuke taladrina usainak nire ume-denboratara eroaten nauela, eta aromek duten oroitarazte indarraren bidez txikitako sasoira itzultzen nauela. Lerrook irakurri dituzuen asko zeuen buruari galdetzen ibiliko zarete ea zer demontre den taladrina hori, zein perfume gozo izango den hain atzera naroana. Bada, lagunok, ez lurrin, ez gozo, makinak olioztatzeko likido zuria da taladrina, esne itxurakoa eta usain sarkorrekoa, hatsa edo kiratsa ez esateagatik. Memoriaren bideak adigaitzak dira, gero!

Zeuen kautan pentsatuko duzue haurtzaro bitxia izan nuela, baina korriente baino korrienteagoa izan zen nirea. Hori bai, hiper-industrializatutako herri batekoa izanda, normala zen taladrinaren berri izatea, eta usaina hain ezagun bihurtzea. Ez ahaztu, gainera, herriaren orografiarengatik, tailerrak herrigunean zeudela askotan, eta gure familiaren kasuan bezala, etxebizitza lantegiaren gainean zegoela. Dena zen bat: etxea, fabrika, familia… zarata eta usainak ere bai, jakina.

Tailla+etxia

Baina denbora horiek joan ziren. Krisi ekonomiko sakon bi jasan ditugu (eta beste krisi txiki batzuk ere bai; ados jarri ezinda baikabiltza data zehatzetan), eta krisi horiek zeharo aldatu dituzte herriaren konfigurazioa, zaratak, usainak, eta azken finean, bizimodua.

Aurreko desindustrializazioak gogor eragin zigun, Euskal Herri osoari, jakina. Nonahi zeuden lantegi hutsak eta orube kutsatuak, denak abandonatuak. Bilboaldean urteak pasatuta, eta diru-goseak bultzatuta, terreno horietan zentro komertzial, museo edota makro-proiektu urbanistikoak eraiki zituzten. Fabrika abandonatuak chic eta cool bihurtu ziren. Ehun industriala komertzio eta turismoaren truke. Orduan garbitu zituzten errio-ertzak, eraikin zatarrak kendu, estetika hutsagatik deuseztatu. Edo, beharbada, ondare industrialaren hondar horiek desastrea onartu edota bideratu zituztenendako galdutako guztiaren oroigarri iraunkorra zirelako desegin zituzten.

Ezin dugu ahaztu bigarren krisi erraldoi bat ere sufritu dugula, eta aurrekoan bezala, hondakinak edonon daudela. Beste leku batzuetan, baina gure inguruan. Nahikoa da pasioan ibiltzea auzoetan, edo errepide ertzei arretaz begiratzea, ikusteko nahi beste eraikin industrial abandonatu, asko bidoi eta kupelak barruan dituztela oraindik. Bertan behera lagata, behin atea itxita, ahaztuta geratu ziren produktuak daude, eta sarri askotan kimikoak dira gai horiek. Horrek ingurugiro eta osasunerako dakartzan kalte guztiekin. Gainera, eraikin horiek oso arriskutsuak dira inguruan ibil litezkeen pertsonendako jausteko arriskua dagoelako hainbatetan.

Baina nork arduratu beharko luke pabiloi zaharrak zaindu edota botatzeaz? Jabeek ez lukete kontu izan beharko? Ala diru etekina atera dakiekeen bitartean bakarrik kontu izan behar dute jabeek? Gero, betiko moduan, denon lepotik egin behar garbitzeko eta deskontaminatzeko lanak? Jabego pribatuaren paradoxa ankerra!

Usina itxiek arriskuak dauzkate, bai, baina tristezia ere eragiten dute, herri bat zelakoa zen, eta orain nola dagoen adierazten dutelako. Eurekin batera, iragan bat ere galtzen da, bizimodu bat, ogia nondik ateratzeko lekua, beharra. Agian taladrina daroagulako zainetan, taladrina usainak bizi gintuelako, beharbada.

Gipuzkoako Hitzan

"Basque is my name"

Leire Narbaiza 2019/05/02 15:59
Gipuzkoako Hitzan 2019ko apirilaren 19an argitaratuta

Bihar amaituko da Basque Country itzulia, Lower Deba Valley-ko Eibarren. San Sebastian region-en dago eskualde hori, as you know. San Sebastian eta Basque Country, oro har, oso ezagunak dira food ona dutelako: pintxos, txorizo eta txakoli. Gainera, Basque Culinary Center ere badago, eta bertan ahalegintzen dira everybody jakintza horren jabe izaten. Very cool!

Itzulia

Baina Basque Country honetan San Sebastian Region ez da bakarra. Badaukagu Biscay ere, justu Deba Valley-ren ondo-ondoan. Eurek Bilbao Exhibition Center daukate, horretan aitzindariak izan dira. Orain, gainera, Bay of Biscay Festival dute Mundakan, Urdaibai Bird Centerretik gertu, Bermeo Tuna World Capital-erako bidean! Wonderful!

Basque Country honetan ere badugu Green Capital bat: Vitoria-Gasteiz. Bertan orain Wine Berria jaia egingo dute, bertako wine eta txakolina dastatzeko. God save the wine!

Badirudi beste Euskal Herrietan (edo Big Basque Country-n) ez daudela in. Tira, Navarre-n (Navarre shall be the wonder of the world, Shakespeare) hasi dira, eta Navarra wine lovers badute bertan. Good job!

Baina marvelous-ena Twitterren ikusi nuen kartel bat izan zen: Biscay Bay Startup Campus (BBSC) 2019: Where youngs entrepreneurs learn, get inspired and connect. Edición liderazgo femenino (enpresari gazteek ikasi, inspiratu eta konektatzen duten lekua. Emakumezkoen lidergoaren edizioa), eta ilustratzeko adarbakar baten marrazkia! Oh, yeah! Harrapazank, Txiribiton!

Adarbakar

Full experience bat ere agintzen dute abonua erosiz gero; izan ere, formakuntza tailerrak, ponentzia inspiratzaileak, speed eta mentoring sesioak, eta muturreko networking-a izango da bertan. Hori bai, euskarazko berba bat ere ez da ageri kartel osoan! Larriena da antolatzaile nagusia Euskal Herriko Unibertsitatea dela (Bilbao Valley izeneko zerbait ere badago tartean). Gainera, laguntzaileak Zitek, Bizkaiko Foru Aldundia eta Getxoko Udala ere badira, beste batzuekin batera. Nolatan onar dezakete erakunde publiko horiek horrelako kartel bat, erdara hutsean dagoena, gainera? Zelan izan litezke erakunde horiek hain kosmopaletoak horrelakoak diseinatzean? Langile batzuek horrelako izenak asmatzen denbora ematen dutela pentsatze hutsak gogotxartu egiten nau, eta hori gutxi balitz, denon diruarekin dihardutela jakinda, sumindu. Baina ez ote dago arrazoi ezkutuagoren bat horren atzean?

Kontua da halakoak ikusten ditugun ia guztietan ingelesaren presentzia absurdo horrek, testua iluntzeaz gain, euskara ostentzen duela. Gaztelania nabarmentzen da ingeleskada horien guztien artean. Euskarendako ez dago espaziorik. Beraz, euskara desagertu egiten zaigu paisaia linguistikotik.

Izendatze mordoilo horien bidez moderno itxura eman nahi dute, baina baldarkeria eta ezjakintasuna baino ez dute nabarmentzen. Munduko hiritar (citizen of the World) direla azpimarratu, eta txokokeria txikiek, euskara bezalakoak, izpiritu kultura gabekoa adierazten dutela aditzera eman nahi digute. Eta betiko moduan, horrelakoetan ere gaztelania irabazle, euskara baztertuta mundurako pasabide naturaltzat aurkezten zaigulako. Dena all right, my friend!

Gipuzkoako Hitzan

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua