Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Mapatxeak eta mandarinak

Leire Narbaiza 2019/04/04 10:00
Argia aldizkariko 2635. zenbakian argitaratua

mapatxea  mandarinak

Nafarroako oraingo gobernuko Hezkuntza Departamentuari izena aldatu beharko liokete, eta Hezkuntza Zaila jarri. Ez dut ortografia-hutsegitea egin, ez. Sail da sinonimoa, baina hizki aldaketak definituko luke departamentuak jasaten duen guztia zeozer proposatzen duen bakoitzean.

Departamentuak inkesta batean ikasleei sexua markatzeko eskatzen die: neska, mutil, bertze aukera batzuk. Oraingoan ere Ana Beltran PPkoak bota du perla, ornitorrinko ere izan litezkeela Nafarroako ume eta gaztetxoak. Ez dut andrazkoa definituko, bere burua ederto (des)kalifikatzen du-eta.

PPko beste andre “ilustre” batek, Ana Botellak, sexu bereko ezkontzak legeztatzear zeudela, bota zuen sagar bat eta madari bat gehitzean ezin dutela inoiz sagar bi eman. Komentariorik ez.

Harrigarria zait andrakume bien konparazio naturalistikoa, sofistikatu plantak eginda, naturatik urrun, jendea mespretxatzen dutelakoan daude. Ez, bada!

Ornitorrinko edo mapatxe, madari edo mandarina, denak ederrak, barruko sena hori da-eta. Naturala delako gu garena; gu natura ere bagarelako. Horregatik, sentitzen duguna izan gintezke.

Argian

‘Corpore sano’, bai. Baina ‘mens sana’?

Leire Narbaiza 2019/04/02 15:26
Gipuzkoako Hitzan 2019ko martxoaren 29an argitaratutakoa

Ez dakit aspaldian mediku azterketarik egin ote duzuen, baina jakingo duzue galdera pila bat egiten dutela. Niri duela gutxi tokatu zitzaidan lanekoa egitea, eta galdeketa sakona da batez ere kirolaren gainekoa: Kirolik egiten duzu? Zein? Zenbat denboraz? Zenbat bider astean? Xehetasun guztiak eman behar txintxo portatu garela adierazteko, gorputz osasuna zaintzen dugula esateko. Gainera, normala iruditzen zaigu hala izatea. Amaitutakoan, ostera, buru eta adimen osasunaz ezertxo ere ez zidatela galdetu ohartu nintzen. Ez zidaten itaundu ea zenbat liburu irakurtzen ditudan hilean, eta zein motatakoak. Ezta noiz izan zen kontzertu batera joandako azken aldia ere, edo antzerkira, edo museo batera… Mens sana in corpore sano aldarrikatzen dute, baina ez dakit, bada. Corpore sano bultzatzen da, baina mens sana?

kirola

Kultura kontsumitzea (ai, zein gutxi gustatzen zaidan berba hori!) adimenerako erregaia da, mens horrendako. Eta kontsumitu jarri dudan lekuan gozatu eta disfrutatu jarri behar nuen. Halere, esango nuke, gure gizartean ez dela horrela ikusten, eta entretenimendutzat hartzen duela gure herrikideen zati handi batek. Bestela ez da ulertzen lokal txikiei urtean hamabi ekitaldiko muga jartzea. Arteak Irekik egindako lanaren ondorioz, erretiratu dute proposamen hori, eskerrak! Izan ere, formatu txikiko emanaldi horiek ezinbestekoak dira oinarrizko kulturarentzat, hasiberriek esperientzia hartzeko, publikoak proposamen berriak ezagutzeko… Era berean, jendeak ikuskizunekin topo egitean, ohitura sortzen da, eta bizitzaren parte bihurtu. Zelako gozatua den taberna batera joatea eta antzerkitxoa edota zuzeneko musika izatea! Ez da nahikoa Bruce Springsteen entzutera joatea, edo Berri Txarrak-en azken kontzerturako sarrera lortzea, edo La Pollak bi egunetan BEC betetzea; baina ikuskizun txikiekin zer gertatzen da?

antzerkia

Debako Arte Eskola ere itxi dute. Oteizak sortu zuen 70eko hamarkada hasieran, eta eskulangintzako ofizioen transmisioaz arduratu da azken urteotan. ‘Eskulana ez da artea’ esango didazue, ‘ez da kultura’. Baina profesional barik nola egin ezer?

Kontua da inori ez diotela ardura musikak, antzerkiak, dantzak, literaturak, arte plastikoek… Edergarritzat dauzkate gizarteko arlo askotakoek. Gainera, Euskal Herrian lan produktiboa, esfortzua baino ez da preziatzen, langilea izatea. Musika eta beste arteak, ostera, distrakzioak dira, egonean dagoen jendearen kontuak.

Gurea ez da herri kultua, edo kultuarekiko atxikimendu berezia duena. Sufritzea baloratzen da gurean, kirol balentriak egitea, lanaren ideiarekin lotuta doalako. Kultura behar izanez gero, nahikoa dugu tabernen kulturarekin: jan eta edan.

Euskal burgesia ere ez da izan oso letrazalea, edo mezenasa beste kultura batzuetan bezala. Are gutxiago euskaraz.

Hemen estudiatzen dugu, bai. Oso barneratua dugu formakuntza ona behar dugula, baina betiere lan hobea izateko, titulua edukitzeko. ‘Ikasi euskara’, ‘ikasi ingelesa’ esaten digute, baina beti papera lortzeko, ez beste ezertarako. Inoiz ez digute aholkatu hizkuntzak ikasteko beste bizimodu bat, beste kultura bat ezagutzeko, beti esfortzua diruarekin lotuta.

Irauli beharko dugu panorama, ezta? Hartu liburu bat, joan antzerkira, entzun musika, bisitatu erakusketa bat… Osasunak eskertuko dizu!

Gipuzkoako Hitzan

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua