Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Belarritakoek markatzen gaituzte

Leire Narbaiza 2019/12/21 23:05
Gipuzkoako Hitzan 2019ko abenduaren 6an argitaratua

Gure belaunaldiko emakumeoi, jaio bezain laster, oraindik amategian geundela, gauza bi egiten zizkiguten: bataiatu eta belarrietan zuloak, belarritakoak janzteko. Orduan bataioa derrigorrezkoa zen, eta Euskal Herria katolikoegia sakramentu garrantzitsuenari uko egiteko. Ahalik eta lasterren kristau bihurtu, hiltzeko arriskua bizia zelako. Zeremoniara ama ezin zen joan, batetik klinikan zegoelako, eta bestetik elizan sartzeko ezpurua zelako, berrogei egunez lohia Elizaren begietan. Aurreragoko emakumeek etxetik ere ezin zuten irten koarentena bitartean, andrazkoa izatea beti izan delako kontu zikina gizarte atzerakoiarendako; hain zikina, non Ama Birjinaren tituluetako bat “sortzez garbia” den, bekaturik gabekoa, alegia. Garbia. Hara hor gakoa, araztasuna. Detergente merke baten iragarki iruzurtia dirudi guztiak.

Ez dakit zein ordenatan izaten zen belarriak zulatu eta bataiatzearena, baina markatuta irteten ginen sortu ginen ospitaletik. Izan ere, bataioa eta belarritakoak markak dira. Bata, erlijio marka, sekula ez digutena kenduko, inoiz ez gaituztelako euren erregistroetatik ezabatuko, apostasiak apostasia. Bestea, emakume marka.

Janzteko osagarriak oso gustuko ditut, eta, zelan ez, belarritakoak. Ez dakit zenbat pare ditudan, azken boladan 3-4 baino erabiltzen ez ditudan arren. Urteekin metatu ditudanak, batzuk, bakarka, galdu eta apurtu bazaizkit ere. Askotan oparitu didaten apaingarria, esker oneko erregalua.

belarrittakuak

Ahaztu ez bazaizkit, behintzat, ez naiz inoiz kalera arrakada barik irteten; ispiluan begiratu eta zerbait falta zaidala begitantzen zait, biluzik moduan sentitzen naiz. Ezinbesteko txinparta belarrietan, nire parte bat, finean.

Halako komentario batengatik emakume bati irakurri nion txio bat. Asaldatuta zegoen, eta zioen ikaragarria iruditzen zitzaiola biluzik sentitzearena, gizarteak emakume garela identifikatzeko tresna gure partetzat hartzen genuelako.

Zapalkuntzaren biribiltze perfektua.

Mindu egin nintzen hasieran, baina, pixka batean hausnartu ostean, arrazoia zuela pentsatu nuen. Zeren, zertarako egiten zizkiguten belarrietako zuloak —zuloak ez ezik, belarritakoak jantzi ere bai— hain goiz, guri galdetu gabe? Markatzeko, ganadua markatzen den moduan. “Zein neska polita” esan ziezaguten kalera ateratzen gintuztenean, denek jakin zezaten emakumeak ginela. Betiko.

Behin zartziloak jantzita, ez genituen eranzten. Urteetan egon gintezkeen belarritakoak kendu barik, ezta lotarako ere. Nola ez ziren, bada, gure autoirudiaren zati izango, beti hor egonda? Ezinbestean, gure aurpegiaren parte bihurtu genituen.

Zorionez, gaur egun neskatoak ez dira ospitaletik zuloak eginda irteten. Beharbada, denbora gutxira egingo dizkiete, baina berariaz eroan beharko dituzte neskatilak mutilatu eta markatzera. Bidean galduko da baten bat, nagusiagoa denean erabakiko duena zer egin bere belarrietako gingilekin. Era berean, mutilek ere zulatzen dituzte belarriak; ez da emakumeen kontua soilik. Beraz, orain ez dira hain markagarriak arrakadak. Baina, lasai, gizarteak segitzen du-eta emakumeak egiten, ez garelako emakume jaiotzen, Simone de Beauvoirren arabera. Hori, ordea, Irene Arraratsek euskaratutako Bigarren sexua irakurtzean kontatuko dizuet, argitaratu berri dago-eta.

Gipuzkoako Hitzan

Besarkadak, telemaratoiak eta mila kandela

Leire Narbaiza 2019/12/11 16:55
Gipuzkoako Hitzan 2019ko azaroaren 22an argitaratua

Zenbat aldatu diren albistegiak! Lehen politika eta nazioarteko gatazkek okupatzen zuten lekua, eguraldiak, gertakariek eta albiste bitxiek betetzen dute orain. Lehen, kontu serio eta larriez elikatzen ziren informazio zerbitzuak; orain, ostera, fribolitate hutsenak ere ase lezake minutu behar hori. Gure mundu honen adierazgarririk garbiena dela esango nuke.

Lehengo irudi gordinak ezabatze asmoz edo, gertaera happyagoek absorbitzen dute informatiboen denbora oraingoan, eta beti dago zer aipatua ildo horretatik. Solidaritatea delako gure sasoiko leitmotiv-a. Guaiak gara, jatorrak, eta elkartasunez beteta dakartzagu poltsa eta bihotza.

Gaurkoan hizpidera ekarriko dut pasa den ostiral eta larunbatean Bilboko elizbarrutiak egindako ekimen parea, zeinua, deitu dioten moduan. “Mila led kandela pobreziaren kontra”. Hori zen izenburua. Azalpen askoz gehiago barik, ekitaldian azaldu zuten mila gaztek isiotuko zituztela mila kandela Bilboko katedralean eta Basaurin, pobreekin elkartasuna adierazteko. Atentzioa eman zidan hori izatea helburua, elkartasun hutsa, ez diru bilketa, esate baterako.

kandelak

Neure kautan pentsatu nuen led kandela hori erosi egin beharko zutela gazteek, modu merkean, eta horrela dirutxo bat batu. Baina euren web orrian sartu eta ez dut halakorik aurkitu, harritzekoa. Hurrengo hau da ematen duten informazioa: “Mundu osoan Aita Santuak deituta ospatzen (sic) dan Pobreen Munduko Egunaren harira. Barikuan [ostiralean] mila ikasle baino gehiago batu ziran Santiago Katedralean itxaropen argiak pizteko. Atzo, Basaurin hirurehun lagun baino gehiagok tailerrak eta alkartasunezko bazkaria euki eben [eduki zuten]. Gaur parrokietan gogoratuko da danon artean itxaropen printzak zabaldu geinkezala [genitzakeela] txarren dagozanen alde. Beti be injustizien kontra eginez eta beharrizanean dagozanei eskua luzatuz”. Kortxete artekoak nireak dira, publiko giputzak hobeto uler dezan.

Beraz, keinu hutsa izan da, beharbada gazteak kontzientziatzeko balio lezakeena, baina ez du diru-batzea helburu (kandela horiek ere diru bat balioko zuten); errepresentazio soila da. Gaur egunean oso boladan dagoen kontua. Datorren igandean ere Bilbon Guggenheimi egingo zaio besarkada solidarioa haur minbiziaren kontra. Besarkada bat museoari? Bai, antza denez, bertaratutakoek elkarri eskua emango diote, eta museoa inguratzen ahaleginduko dira. Bitxia, oso bitxia, zeren parte hartzeko ez da inskripziorik ordaindu behar, ez. Beste keinu bat da, solidaritate adierazpena.

Hori bai, EITBren telemaratoiaren barruan dagoenez, horko merchandising-a salduko dute. Baina museoa besarkatzea? Zein zentzu du horrek? Besarkada batek transmititzen duen pertsonen arteko epeltasuna, indarra, babesa eta afektibitatea titaniozko museoak behar ote du? Minbiziak erasotako umeek eta euren familiek beharko dute beso artean lauskitzea, ez latazko arte-ontziak, ezta? Aitatu barik, jakina, telemaratoi horiek eragiten dizkidaten kezka eta ernegua. Hori esanda dudala uste dut, eta ziur nago atzera ere tokatuko zaidala errepikatzea, zoritxarrez.

Postureo berba asmatu da gaztelaniaz halakoak izendatzeko. Sare sozialetako atsegin dut, eta bertxiokatzeak lortzeko. Ekintza azalutsak inondik inora ere, itxurakeriatik asko, baina sakonean ezer gutxi dutenak.

Gipuzkoako Hitzan

Arzalpenak

Leire Narbaiza 2019/12/03 17:11
Argia aldizkariko 2665. zenbakian argitaratuta

Aparkatu nahian, parkingean sartu naiz. Barruraino joan arren, ez dut leku librerik aurkitu. Aparkaleku estua da, eta buelta emateko maniobra asko egin behar izaten da. Ez zait inporta, direkzio lagundua izanda dena delako erraza. Jeurt egiten nabilela, gizonezko adinkide bat dut begira-begira, inguruko ibilgailu guztiak mailatzear banengo lez.

Zuzendu dut autoa beste leku batera joateko, eta bikote batek kotxea aterako duela abisatu dit. Hurrean jarri naiz, zain eta pozik.
Begira neukan gizona leihatilara gerturatu eta, irribarre batekin, hasi zait esaten zelan egin behar nuen buelta errazago emateko, gidatzen jakingo ez banu lez.

Jator jokatu zuela pentsatu zuen, benetan, baina nik buruan jira-bueltaka nerabilen Rebecca Solniten liburuaren izenburua: Gizonek gauzak azaltzen dizkidate. So-egile orojakilea andrazkoekin. Ni ezagutu barik eta nire esperientzia gidatzen jakin gabe atrebitu zen ez eskatutako aholkua botatzen. Andre ezjakina baino ez zuen ikusi. Zeren aholku emaileak nire edadeko gizon bati gomendioa horrela emango zion? Ez, ezta? Beraz, mansplaninga jasan nuen, arzalpena.

Argian

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua