Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Matrikula zabalik!

Leire Narbaiza 2018/09/29 01:32
Argia aldizkariko 2416. zenbakian argitaratua

Miguel Bilbon bizi da, eta lan-kontratu txiki bat du. Astia duenez, orain ikusi du unea euskarari ekiteko, A ereduan “ni Miguel naiz” baino gehiago ikasi ez zuelako. Baina informazio bila joan denean, dirutza ordaindu behar duela jakin du. Gainera, ez dago diru-laguntzarik. Tira, esan diote matrikula pagatu, kurtsoa egin, asistentzia ona izan, eta azterketa gainditzen badu, dirua itzuliko diotela, edo hurrengo ikasturtean matrikulatzeko bono bat emango diotela. Berak aurrez jarri beharko ditu otxinak. Bere egoeran, ezinezkoa.

Carme katalana da, eta Euskal Herrian bizi da, ez hiriburu batean, herri ertaina da berea. Astia du, euskara ikasteko gogoz dabil, dirua ez da arazoa; gainera, bere herrian behe urratsetan dabiltzanendako matrikula erdi prezioan dago. Animatuta dago, baina herriko euskaltegi bietan ez da sortu talderik, zortzi ikasle behar direlako gutxienez taldea abiatzeko. Beste herri batera joan beharko da, ea bertan talderik ateratzen den. Seguruenera, ezingo du asmoa bete.

Euskara gaitza ei da. Karua ere bai. Sarri, ezinezkoa izena ematea. Gaztelania ikastea, ostera, doan da; eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak ordaintzen du. Zein da irtenbidea Miguel eta Carmerendako?

Argian

Abituak, burukoak eta plastikoak

Leire Narbaiza 2018/09/23 12:23
Gipuzkoako Hitzan 2018ko irailaren 21ean argitaratutako artikulua

Uda honetan nobedadea izan da Arraten, moja komunitate bat bertan jarri delako bizitzen antzinako ostatuan, gero Krabelin jatetxe-hotela izan zen horretan, iritsi eta ezkerretan dagoen horretan. Ez dakit noiztik, baina mende erdi baten, gutxienez, egon dira leku horretan ostalaritza negozioak, gorabehera handiekin. Kontua da elizbarrutiarena dela jabetza, eta horregatik lortu dutela lekaimeek espazio hori.

Mojen selfia
Gari Otamendiren argazkia, Kezka dantza taldearen twitter kontutik aterata

Klausurako mojak ei dira, baina Arratera joan garen guztiok ikusi ditugu gozo-gauzak saltzen, selfieak egiten festetan, herri kirolak ikusten… Klausura berezia, horratio!

Gazteak dira, batez beste 34 urte dituzte Jesusen Bihotzaren Karmelita Samariar horiek, …eta kitto aldizkariko artikuluan azaldutakoaren arabera. Antza denez, javierada batera joan ziren euretako batzuk, Munillaren ondoan suertatu, apezpikuari erdi txantxetan etxe bat eskatu, eta hurrengo egunean Arratekoa eskaini zien gipuzkoarrak! Sinestezina Elizaren presa kasu honetan. Beste edozein gaitan luzamenduan ibiltzen da, baina oraingoan argiaren abiaduran.

Munillaren alaba horiek euren ordena berria ekarri dute herri historikoki laiko batera, Elizaren pisua —inguruko herriekin alderatuta— askoz txikiagoa duenera. Gainera, Eibarren, desagertuta zeuden moja ordena bi, eta bakarra geratzen zen. Gipuzkoako gotzainak, ostera, lortu du abitu eta burukodun moja gaztez betetzea erlijiosoa ez zen eraikina. Gol bat eskuadratik.

Irailaren zortzian izaten dira Arrateko jaiak, eta argazki berezi askoren protagonista izan ziren abitudun horiek, bitxia zelako euren presentzia. Egun berean, Gipuzkoako beste puntan, emakume (eta gizon) ausart askok plastiko beltzez inguratuta aurre egin zieten oihu, irain eta zaratei herriko jaietan parte hartzeagatik. Urteetan izandako alarde parekidearen kontrako eraso bortitzena izan omen da aurtengoa. Aurrera egin beharrean, atzera Hondarribian ere.

Gipuzkoako mutur bietan fundamentalismoaren aurpegi bi ikusi ditugu, eta ez da kasualitatea bietan emakumeak izatea atzerakadak aurrera egiteko erabiltzen duen parapetoa. Arraten, komentu bihurtu dute ostalaritza gune bat, emakume erlijiosoei eskaini kristautasuna indartzeko herrian, lekaime horiek eredu izan daitezen, ea neskarik erakartzen duten gozotasun, dibertimendu eta sinpatiaren bidez. Hondarribian, era zakarragoan jardun dute integristek, eta kasu honetan ere emakumeak jarri dituzte lehenengo lerroan.

Arrateko mojek nahi dutelako janzten dute burukoa, emakume musulmanen moduan. Eta Hondarribikoek ere gura dutelako ezkutatzen dute euren burua plastiko beltzen ostean. Baina musulmanei egozten diegu islamizazioa, integrismoa eta engainatuta daudela. Mojena eta plastikodunena hautu pertsonala da, baina. Zelan aldatzen diren gauzak segun eta nork egiten dituen!

Inori ez diot ukatuko moja izateko elekzioa, ezta hijab-a janztekoa ere. Alarde parekidearen kontra egotea ere zilegi izan liteke, plastiko beltza soinean eroatea lez. Irainak eta jazarpena, ostera, ez dira bidezkoak. Janzkera hautu horiek ez naute larregi kezkatzen. Arduratzen nau, benetan, emakumeak ariete gisa erabiltzeak, andrazko horien (eta guztion) askatasuna aitzakiatzat hartzeak integrismoa berriro ezartzeko, denboran atzera egiteko.

Inboluzioa Gipuzkoan, puntarik punta.

Gipuzkoako Hitzan

 

Parkean udan eta desorduetan

Leire Narbaiza 2018/09/10 02:44
Gipuzkoako Hitzan 2018ko irailare 7an argitaratua

Ia guztiok izan dugu parkeetan ibili eta egotearen esperientzia. Batzuek umezain ibiltzeagatik eskolaz kanpoko egun eta orduetan. Ia guztiok ume denboretan. Haurren kargu ibili zaretenok, jakingo duzue parkea ekosistema konplexua dela, bere arauak dituena, eta ohitura bereziak. Umeendako bada leku atsegina, baina esango nuke bertan dauden helduendako leku deserosoa dela, behintzat habia eta taldea egin artean. Freelance ibiltzeak ekar lezake jokoz kanpo egotea, eta familia gabeko txori bakartia sentitzea.

Askotan esaten dugu gure sasoiko parkeak eta oraingoak oso desberdinak direla, ez hain babestuak zanbuluak eta lurrak, dena zaharrago eta askoz zabarrago zegoela. Baina urteak ez dira parkea aldatzen duten eragile bakarrak, ikaragarri kanbiatzen da segun eta zein funtzio betetzera bertaratzen garen. Sasoiak eta orduak ere mudatzen digute espazio horren izaera eta pertzepzioa. Uda honetan izan naiz horren lekuko.

Harira ez datozen arrazoi batzuengatik parkean ibili naiz, eta hala segitzen dut, momentuz. Eta esan dudan moduan, desorduetan. Ez goizaldeko ordu txikietan, askok pentsatuko zenuten bezala. Ez, desorduak parkeetan izaten dira umeak ez dauden uneak, batez ere, eguerdi edo bazkalordu sasoia.

Eguneko zati horretan haurrak etxean daude bazkaltzen edo siestan. Asko herritik kanpora egongo dira oporlekuetan; halakorik ez dutenek hondartzara edo igerilekura joateko fortuna izango zuten. Beraz, parkea ume bako lekua da une horietan.

Ume faltak gune fantasmagoriko bihurtzen ditu gorgoinak, haizearen eraginez mugitzen direnean. Gainera, herriaren udako isiltasuna askoz ozenagoa da umeleku huts horietan, haurren barre, oihu eta negarretara ohituta baikaude. Atmosfera berezia.

Baina umeak falta badira ere, ordu horietan eta urte sasoi horretan, jolastokia ez dago zeharo hutsik. Gerizpetan dauden banku bakar batzuk okupatuta daude, eta bertan eseritako jendea ez da beti bertan egoten dena, antza. Badirudi normalitateak lekua egin diola berezitasunari. Izan ere, jarlekuak populatzen dituzten pertsonak ez daude gizartearen zentroan. Ordura arte parkean erdigunea eta muina haurrak baziren, udan eta desorduetan marjinetakoak daude/gaude.

Jesarleku baten zauriz betetako gizon bat dago, altuan dabil berbetan, ez dakit guri deika ala bere buruarekin. Pare bat banku harantzago mutil pakistandar bi daude, lasai asko eguraldiaz disfrutatzen. Beste baten, hiru gizonek elkarrizketa berezi bat dute, ez dira oso nagusiak, baina osasun arazoez eta heriotzaz dihardute; esaten dutenagatik, pentsatzen dut ez zutela bankuan jesarri aurretik elkar ezagutzen. Bitxia, benetan. Aurrerago eginez gero, zaharrak aurkituko ditugu, gurpil aulkian edo makuluak aldamenean dituztela. Eurekin eserita zaintzaileak daude, emakumeak ia guztiak, eta ia denak Hego Amerikako jatorrikoak. Noiz edo noiz, adineko batzuk senidea den laguntzaileren batekin ere ikusten dira, baina, orduan, aparteko jarleku baten egoten dira familiak.

Arratsaldeak aurrera egin ahala, parkea betetzen hasten da. Hasieran gaztetxoekin, geroago betiko guraso eta umeek betetzen dute jolastokia. Ez mukuru, beste urtaroetan bezala, baina itxura arruntagoa du.

Desorduetan zeuden pertsonek ere bertan segitzen dute, urte guztian lez, baina lanbrotu zaizkigu, ikusezin bihurtu. Normalitateak bere lekua hartu du.

Gipuzkoako Hitzan

Autoktono, "txomingero" eta "beraneanteak"

Leire Narbaiza 2018/09/10 02:36
Gipuzkoa Hitzan 2018ko uztailaren 27an argitaratua

Euskal Herri atlantikoan kostalde eta barrualdearen arteko muga nahiko difusoa da. Jakina, Idiazabal edota Leintz-Gatzagakoa izanda, zalantza gutxi egon liteke. Baina gauzak aldatu egiten dira kilometro batzuk iparrera eginez gero. Baiona edo Bilbo barrualdea dira? Kontua da gure imajinarioan itsasoan bertan dauden herriak direla kostaldea. Hamar kilometro barnera eginez gero, barrualdetzat dugu herria. Horrek sekulako nahasteak eragiten dizkigu eguraldi iragarpena entzutean, adibidez. “Kostaldean fresko egingo du, baina barrualdean bero”. Errenteria/Orereta edo Eibarkoa izanda, zer jantzi behar dut, mahuka luzea ala laburra? Badaezpada, mahuka motza txaketa arintxo batekin…

Uda sasoian, ostera, kostaldea zeharo definituta geratzen da, eta litoral hutsa da kostalde kontzeptua. Hau da, olatu hotsik entzuten ez bada, barrualdea da. “Barru” definizioa bertako giroak ere ematen digu: inor ez da geratzen bertan, herri fantasmak bihurtzen zaizkigu, eguzki galdatan asfalto urtuaren eraginez. Beste urtaroetan leku atsegin eta goxoak zirenak infernuko zuloak dira orain, sauna publikoak.

Horregatik, aspaldi batetik, bertako biztanleek —ahal izanez gero— ihes egiten dute. Herria zutenek, herrira —herria, leku goretsi hori, non guztia den zoragarria eta idilikoa—. Baina herririk izan ezean, zer egin atsedenaldia gozoagoa eta samurragoa izateko? Oso erantzun sinplea: kostaldeko herriak inbaditu.

Halaxe izan da, modalitate bitan, gainera. Batetik, igandezaleak (domingueroak gaztelaniaz, eta gure argotean txomingeroak). Bestetik, udatiarrak (edo beraneanteak gure hizkeretan). Biak ala biak gorrotatutako pertsonaiak, bai kostaldeko herritarrek, bai euren artean ere.

Txomingeroen ezaugarria da egun-pasa joaten direla hondartzara. Horretarako, familia osoa ez ezik, etxeko tramankulu guztiak ere aldean daramatzate. Gainera, mahaitxo tolesgarria, aulkitxoak eta lau platereko bazkaria ere atonduta ekartzen dituzte. Zarraparra eta buila besterik ez dago eurengandik gertu. Eta hori gutxi balitz, inguru guztia perfumatuta lagatzen dute ozpin-olioz. Festa hutsa!

Beraneanteen ezaugarriak, bestalde, sotilagoak dira; eta arreta handiagoa jarri behar da inbaditzaile horien portaeretan nortzuk diren deskubritzeko. Kostaldekotzat har ditzaten nahi lukete, autoktonoak balira legez, baina ez dakite kamuflatzen. Izan ere, udatiarrak hondartzara ondo jantzita joango dira, arropa guztiz konbinatuta. Askotan markakoak izango dira janzkiak, eta harro luzituko dituzte. Era berean, erdeinuzko begiradaz begiratuko diete txomingeroei, jakinekoa baita udatiarrek klase eta gustu hobeak dituztela. Dirua erakutsi egin behar dela, alegia.

Kostaldekoena da udako faunako hirugarren hanka: autoktonoak. Beste espezie biak jasan beharko dituzte, dirutxo bat lortze aldera. Muturbeltz ugari ikusiko dugu tribu horretan, kokoteraino daudelako igandekari eta udatiar inbaditzaileak pairatzeaz, baina ez diete uko egingo ateratako gauza onei.

Agian, gauzak aldatu egin dira orain, eta hiru espezietakook —asmatuko zenukete zeinetakoa naizen?— turista bihurtuta gabiltza edozein bazterretan. Hori bai, kexatuko gara hirurok inbaditzen gaituen turismoaz. Paradoxa!

Edozein espezietakoa izanda ere, disfrutatu abuztuaz.

Gipuzkoako Hitzan

Fribolitatea, mesedez

Leire Narbaiza 2018/09/10 02:05
Argia aldizkariko 2609. zenbakian argitaratuta

Mundua drama hutsa da. Badirudi gizateriak autosuntsiketaren bidea hartu duela, eta ezer gutxi dagoela horren kontra egiteko. Agian horregatik, idazten ditugun artikulu eta iritzi guztiak serio eta tristeak dira. Goibeltasun geruza batek blaitzen ditu guztiak, eta ezkortasunez betetzen zaigu burua.

Hein batean normala ere bada, gure egoera halakoa izanda. Baina ez genuke umore pixka bat gehiago erabili beharko? Ironia nonahi txertatu beharko genuke, baina ez bakarrik satira politiko-soziala egiteko.

Era berean, antzeko zerbait ere gertatzen da kultura arloan. Mursegok Eusnob kantan ondo definitu zituen intelektualak: denak gauza serioak egiten, kontu inportanteak, kultura gai serioa eta garrantzitsua delako.

Nik, ostera, barrea ere behar dut. Horregatik aldarrikatzen dut ganberrotasuna, gangarrarena egitea, zoroen moduan algaraka jarduteko, barruko penak libratzeko.

Fribolitatea ere eskatzen dut. Apur bat, sikiera, aipatu dudan mundu terrible honi aurre egin ahal izateko, asaskatzeko. Noizean behin hauxe egitea beharrezkoa dut: burua erantzi; fribolitatean murgildu; eta atzera ere, egurastutakoan, burua jarri eta jantzi, aurrera egin ahal izateko. Euskaraz, jakina. Mesedez.

Argian

Traganarruak jan ez gaitzan

Leire Narbaiza 2018/09/10 02:00
Gipuzkoako Hitzan 2018ko uztailaren 13an argitaratua

Aurreko astean irudi lazgarri batzuek bete zituzten komunikabideak eta sare sozialak. Milaka pago lurrera botata ikusten ziren fotografietan, eta beste asko, kaltetuta. Araban izan zen, Entzia mendikatean, pasa den asteko asteazkenean tornado batek eraginda. Hamaika kilometro inguruko perimetroa ei du hondamendiaren zonaldeak, eta 72 hektareatik gora daude hondatuta. Ikaragarria!

Izugarria bezain bitxia zaigu tornado batek eragin duela kalte itzel hori. Izan ere, haize-zurrunbilo bortitz horiek Ameriketako Estatu Batuetako Ordoki Handiekin lotzen ditugu, ez Europarekin eta, are gutxiago, Euskal Herriarekin. Baina egon badaude, edo kasu honetan egokiago, ibili badabiltza. Horren lekuko traganarru eta tragarroia hitzak. Wikipediaren arabera, haize-zurrunbilo indartsuak dira, azpian itsasotik jasotako ur-tantaz edo lurretik jasotako hauts, harea edo zaborrez osaturiko anabasa bat edukitzen dute, gainera. Traganarru, beraz, berba ederra izateaz gain, arriskutsua ere bada.

Tristuraz bete gaitu tornadoak egindako triskantzak, bat-bateko fenomeno meteorologiko batek eragin duelako, beharbada. Denbora laburrean hondamendi handia sortu du pagadi eder batean. Larria da, baina ez gara kontziente egunero eragiten ditugula txikizioak, oharkabean.

Brastakoan iritsi zaigu uda, eta kantsatuegi gaude hain luzaroan jantzitako arroparekin. Gainera, merkealdia da, eta hain gutxi saldu dutenez, dendetan prezio ezin hobeak daude. Hara joan gara, ustez behar dugun kamiseta erostera. Baina hain merke topatu dugu soinekoa non erosi egin dugun, behar ez izan arren. Segituan jarri diogu aitzakia geure buruari: familiako urteko bazkarira joateko ezin ederrago egongo gara. Sartu gara zurrunbiloan, jan gaitu traganarruak.

Txapliguak jaurti dituzte erakunde ekologistek Espainiako estatuko supermerkatuetan plastikozko poltsak kobratuko direlako. Baina fruta erosteko orduan, plastiko maskaleko poltsetan sartzea beste erremediorik ez dugu; hori bai, dohainik. Kobratuko dizkigute batzuk; ontziratzeko erabiltzen duten plastikoa, ordea, tonaka xahutuko dute. Zirimola etengabea, beraz, tragarroi bihurtu da, eta atzera ere xurgatu gaitu.

Iaz suteek goitik behera kiskali zuten Portugal. Hildako eta zauritu ugari izan zen. Eragile asko izan ziren errudunak, baina sua zabaltzearen faktore garrantzitsuena eukaliptoa izan ei zen, zuhaitz pirofitoa, sua maite duena, alegia. Erre egiten zaizkio adarrak, baina sustraiak bizirik mantentzen ditu, gero ingurua kolonizatzeko. Gainera, Australiako arbola honek ur guztia kontsumitu eta lurra azidotzen omen du. Orain, Gipuzkoan gure pinuak dirurik eman ez, eta gaixotasun bat duenez, bada, eukaliptoa sartzeko programa egin dute. Ederki! Epe laburreko etekinen sorgin-haizeak irentsi gaitu, eta klima-aldaketaren zikloia hauspotuko dugu.

Europako Batasunak argitaratu berri du Europako AHT sarea garestia, mantsoa eta ez-eraginkorra dela, eta berriro ere planteatu beharko litzatekeela osorik. EAEn, ostera, obrek aurrera jarraitzen dute, milioika euro alferrik xahutu arren. Negoziokeriak eta modernokeriak burmuina hurrupatu digute, eta hemen gabiltza haize-erauntsian ziba baten moduan bueltaka, buru barik.

Geldi dezagun haize-bolada zoro eta zentzubako hau, kontsumismo eta diru-gosearen traganarruak jan ez gaitzan.

Gipuzkoako Hitzan

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua