Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Turismoa katalanez

Leire Narbaiza 2018/06/20 10:02
Gipuzkoako Hitzan 2018ko ekainaren 15ean argitaratua

Eguraldia dugu hizpide Euskal Eurian, halabeharrez. Gutariko asko eguzki-gosez gabiltzanez, egun libre batzuk izanda, hor abiatu ginen Eba Mirentxu legez eguzki bila hondartzara. Abestiko protagonistaren moduan Mediterraneorantz jo genuen, nahiz eta Benidorm ez izan helmuga. Kataluniara joan ginen, Tarragona aldera, kosta hartan dauden herri hiperturistikoetako batera, ezlekutzat har genezakeena. Komertzioak, dendak eta abarrak ikusita non dagoen jakin ezin den horietako bat. Kanarietan, Katalunian, Murtzian edo Huelvan egon zitekeen leku hura.oportxoak

Aspaldi baten ere izanak ginen bertan, euskaldun asko bezala. Baina oraingoan topatu genuen harritu gintuen zerbait, aurrekoan antzeman ez genuena: hizkuntza erabilera.

Jakinekoa da halako turismo mota duten herrietan sarri ingelesa dela jaun eta jabe, kartelak hala egoten direlako. Edo asko jota, gaztelaniaz, Katalunia izan arren. Oraingoan, ordea, katalanaren presentzia askoz nabarmenagoa zen, edo hala begitandu zitzaigun guri.

Gure hotelean hizkuntza asko entzuten ziren. Kale-neurketa eginez gero, Euskal Herriko leku askotan baino erabilera altuagoa emango luke euskarak. Jakina, beste batzuk ere entzun genituen: errusiera, frantsesa, ingelesa, gaztelania… eta katalana. Ostatu hartutako lagun asko katalanak ziren, eta bertako mintzaira erabiltzen zuen.

Horregatik, beharbada, hizkuntza-paisaia osoa katalanez zegoen, errotulazioa elebidun ia beti, baina katalana lehenengo lekuan. Harrigarriagoa egin zitzaigun jatorduetan buffetean plater guztietako karteltxoak lau hizkuntzatan izatea, eta beti katalana agertzea lehen postuan. Horrela ikasi genuen olagarroari pop esaten diotela; hori dela eta, pop musikak beste dimentsio bat hartu zuen gure irudimenean!

Hotelak bainugelan eskaintzen dituen xanpu, gel eta abarretan ere berdin: lau hizkuntzatan eta lehenengo postuan katalana.

Era berean, langile askok “bon dia” esanez agurtzen gintuzten, jakin gabe nongoak ginen. Euren artean ere katalanez jarduten zuten (hori agian ez da hain bitxia gure begietatik ikusita).

Baina benetan begiak talo laga gintuena telebistarena izan zen. Telebista bi zituzten etengabe isiotuta eta ahots barik hall-ean, harrera-lekuan bata, eta bestea itxarongela moduko baten. Bietan TV3 (telebista katalana) zegoen jarrita edozein ordutan!

Ezin saihestu gurearekin konparazio etengabekoa egitea! Jakin arren Euskal Herrian ez dagoela horrelako turismorik hartzen duen gunerik, eta euskarak ez duela halako masa kritikorik, ezinezkoa iruditzen zitzaigun halakorik; adibidez, Donostiako hotel handi baten era horretako hizkuntza-erabilerarik. Agian jarriko lukete Ongi etorri-ren bat sarreran; pintxos, txakolí tx-z idatzita, baina ezer gutxi gehiago. Eta ETB (bat zein bi) ipinia izatea? Zientzia fikzioa!

Egia esatera, Euskal Herria txikia da, eta esango nuke gure mugetan barruan bidaiatuz gero normalagoa dela landetxeren baten egonaldia egitea, ohiko hotel baten baino, eta landetxe askotan euskararen erabilera zabalduago dagoela. Hala ere, esango nuke kostatuko zaigula aurkitzea Tarragonako hotel horretakoaren modukorik.

Ez dakit hotel-enpresaren jarrera den, edo proces-ak hauspotutako ahalduntze nazionalak eragindakoa, berdin dio. Hemen ere gustura hartuko nuke halako zerbait, naturaltasunez euskara nonahi agertzea. Eskutik oratuta lortuko ahal dugu!

Gipuzkoako Hitzan

Pilota kontuak

Leire Narbaiza 2018/06/14 15:13
Argia aldizkariko 2602. zenbakian argitaratuta

Parkean nago, umezain. Zanbuluak daude, eta espazio huts bat. Inguruko pretilean jarri naiz. Badaroat tartetxo bat, eta mutiko batzuk hasi dira futbolean, aurrean. Halako batean, indarrez, pilotak oinean jo nau. Min handirik ez dit egin, baina ume bat altzoan dut, eta beldur naiz ez ote duen beste jaurtiketa batek magaleko umea kolpatuko; izan ere, konturatu naiz porteria bat kokatu dutela, eta ni atearen erdi-erdian nagoela. Agiraka egin diet, eta hamaika urte inguruko mutiko batek, hartzekoekin, esan dit ea ez ote den parkea denona. Nik, baietz, baina gurea ere badela.

Egia esan, espazio gutxi dago kalean horrelako kiroletan jarduteko. Gune bat dagoenean, gainera, enbarazu egiten dute, eta lekuz aldatzera behartzen ditugu, Donostiako Egiako kantxetan lez.

Halere, eremu ez espezifikoetan elkarbizitza gaitza da. Eskoletako jolastokietan ondo dakitenez, futbolak dena okupatzen du, zentralitatea hartu, beste guztiak periferiara baztertu, eta jaun eta jabe bihurtu. Batez ere jaun, baloi erabiltzaileak nagusiki mutilak direlako.

Uste nuen gaztelaniazko por pelotas esamoldeak gizonezkoen anatomiaren zati bati zegokiola. Baina baloien kontuari begiratuta, ez ote dago dena lotuta?

Argian

Aspaldiko gazteak

Leire Narbaiza 2018/06/05 09:21
Gipuzkoako Hitzan 2018ko ekainaren 1ean argitaratua

"Gazte ziren, gazte, eta ez daude konforme”, horrela kantatu beharko diegu geure erretiratuei Lurdes Iriondoren abesti famatu haren bertsio eguneratua; izan ere, euren gazte denboretakoa da, eta ziurrenera, makinatxo bat bider abestuko zuten. Orduan sasoian zuten kemena, orain ere badute-eta gure jubilatuek, zorionez.

Erretiratu berba gomendatzen digu Euskaltzaindiak lan-bizitza laga duenarentzat, baina baten bati irakurri nion moduan, erretiratu izendatuta, gizarteak baztertutako pertsona dela dirudi; jubilatu-k, ostera, latineko iub?lume hitza omen du jatorrian, eta poz, bozkario, poztasun, alaitasun esan nahi du. Ederra aldea, ezta? Gainera, aktibo eta bizi daudela erakusten dute etengabe.

Kontua da erreibindikazio hutsean dabiltzan nagusi horiek ohituta daudela borroka egitera. Euretako batzuek Pariseko 68ko Maiatz famatu hura bizi izan zuten. Gehiengoak esan lezake benetan grisen aurrean egin zutela antxintxika. Ondo gaztetxotik ezagutu eta sufritu izan dute diktadura eta errepresioa. Sasoi baten eguneroko ogia izan zuten protestan jardutea.

mobilizazioa

Hori dela eta, erraz batu zaizkie beste borroka batzuetako kolektiboak. Aniztasuna delako euren ikurra. Adibidez, feminismoa integratu dute, ezin bestela izan. Izan ere, emakumeak dira pentsio txikienak kobratzen dituztenak, Hego Euskal Herriko emakumeen %71k dute mila eurotik beherako pentsioa, eta %25ek, berriz, Iparraldean. Andre adindu askok diru-sari barregarria jasotzen dute. Sarritan, alargun pentsioak kobratzen dituztelako, miseriazkoak. Bestetan, euren lan-jardun ordaindua beltzean izan delako, kotizatu ez zietelako enpresetako buruek, gizonezkoena baino soldata txikiagoa izan dutelako, edota etxetik kanpoko lan-bizitza oso txikia izan delako —andrazko horietako gehiengoari gertatu zitzaion ezkondu zenean enpresak berak dotea ematen ziola etxera joan zitezen. Eta beharginok onartzen ez bazuten, lehenengo umearekin lan egiteari laga egin behar zioten, ia behartuta—. Normala, horretara, jubilatuen borroka emakumeen borroka ere izatea.

Gure zaharrak (eta zahar hitza ez da mespretxagarria!) oso ohituta daude borroka egitera, ez dutelako bizitza erraza izan, oro har. Pazientzia handia ere badutelakoan nago. Eta haserre baino haserreago daude. Hori dela eta, agintean banengo erne egongo nintzateke, ez dutelako hain erraz amore emango antzinako gazte horiek. Gainera, ez dute ezer galtzeko, baina bai irabazteko. Denbora ere badute, eta konstantzia. Ekinak dira, eta argi ikusi da ez direla %1,6 horren amarruan jausi. Ez dute irentsi aurrekontuen itunaren amua.

Badakit PPk kontu larriagoak eta premiazkoagoak dauzkala Gurtel auziak ekarri duen guztiarekin. Baina boterean itsatsita segituz gero (gaurkoan erabakiko da hori), hobe luke jaramon egitea aspaldiko gazteei. Era berean, EAJk ere badu zer zaindu. Garbi ikusi da jeltzaleek ez dutela ia inor despistatu sinatutakoarekin, eta disgustua etor lekiekeela hurrengo boto-kutxetan, plantak egitea ez baita inoiz ona.

Kantuak dioen moduan, zaharra ez da izandakoa, luzaroan dena baizik. Eta gehituko nuke: luzaroan gazte dena baizik. Gazte eta heldu asko baino biziago, orduan bezain kementsu. Eredu dira, bejondeiela!

Gipuzkoako Hitzan

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua