Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Adoktrinatu egiten ei dugu

Leire Narbaiza 2018/05/30 09:36
2017ko abenduaren 14an Info7 irratiko Gureaz blai saioko Egin kontu-n emititutakoa

Abenduaren bata da, eta antzokian gaude “Ez dok hiru” ikusteko zain (ahal baduzue, joan merezi du-eta. Barre piloa egingo duzue!). Funtzioa hasi aurretik Mikel Martinez irten da antzezlan hori Mikel Laboari eskaintzeko, bere heriotzaren urteurrena delako.

ez dok hiru

Orduan, ikasle batek galdetu du: nor da Mikel Laboa?. Klasekide bik begiak talo eginda, “Hegoak ebaki banizkio” kantatzen zuena esan diote, eta pixka bat abestu. Galdera egin duenak leloa kantatzeko eskatu die! Zeharo haluzinatuta, ez duela erantzun diote. Berak inoiz ez duela kanta entzun adierazi digu. Jakina, ni, ondotik oso arduratuta, antzerki-lana euskal kantutegia duelako oinarri.


Amaitu eta galdetu diot ea gustatu zaion, eta baietz, barre egin duela. Baina ezagutzen zuen kantu bakarra “Eskerrik asko, Jauna” zela. “Lau teilatu” ere ez zuen ezagutzen. San Mamesera joan arren, inoiz “Ikusi mendizaleak” entzun bakoa...


Kontua da ikasle honek 30 urte dituela, EAEn jaioa dela, bertan bizi dena, eta hemengo hezkuntza sisteman ikasi duela. Eskola kontzertatuan eta A ereduan, baina berton eta autonomia betean.

Argi dago mutil honek ez dituela begiak eta belarriak zabalik. Baina adierazgarria da euskararekin duen edozer ez ezagutzea, parranda baten ere ez du “Aldapan gora” entzun…


Badakit herri txiki honetan mundu asko daudena, eta asko ez direla inoiz gurutzatzen. Hain gertu bizi izanda, ondokoon berririk ez. Kontua da, guk Mikel Laboa ezagutzen dugunok ezagutzen dugula nor den Joaquín Sabina (barkatu konparazioa, inkonparableak baitira).


Hainbeste urte eskolan euskarako klasea izanda, zertarako? euskara ikasi ere ez bazuten egin, kultura pixka bat transmititu izan baliete, sikiera… Baina hori ere ez! Zein tristea den, benetan.

Gero adoktrinatu egiten dugula esango digute. Bada, eskerrak adoktrinatzen dugun!

Info7n

Geure burua plastifikatzen gabiltza

Leire Narbaiza 2018/05/22 13:41
Gipuzkoako Hitzan 2018ko maiatzaren

Goizean okindegira joan naiz. Etxetik irtetean ez zen euririk, baina zaparrada ederra bota dit bidean. Ogia eta erositakoa plastikozko zorro garden baten sartu dizkit dendariak, busti ez zitezen. Esan diot ea poltsa garden horretan sartu beharrean, heltzeko lekua duen baten sartuko zidan guztia, euria goian-behean ziharduelako; berak ezetz, kobratu barik ezin zidala halakorik eman.

Gero, botikan sartu naiz. Zoritxarrez, gauza bat baino gehiago erosi dut, eta ezer esan gabe, plastikozko poltsa heldulekudun baten sartu dizkit botikok. Eskatu eta kobratu barik. Eskerrak, pentsatu dut, horrela okindegian erositakoa hala moduz eroateko aukera emango dit.

Askoz geroago, Eroskira joan naiz. Ordaintzeko ilaran jarri, eta kutxara ailegatu bezain laster, langileak, agurtu ostean, “poltsarik?” galdetu dit, era guztiz automatizatuan, agurraren partea balitz lez. Ordurako, etxetik pasatuta nengoen, eta zorro iraunkorragoa, errekaduetarako poltsa, hartuta nengoen. Jakina, ezetz esan diot.

Hiru saltegi, hiru errealitate. Beti plastikoa protagonista. Hiruretan, baina, poltsa hauen kudeaketaz badago zer esana. Batetik, okindegian. Eskatu (eta kobratu) barik zorro garden bat eman dit, plastikozkoa, jakina. Heldulekuduna handixeagoa izango da, baina ez horrenbeste. Beraz, zergatik bata kobratu eta bestea, gardena, kobratu ez? Ez ote dute biek antzera kutsatzen? Inguruneari sortzen dioten kaltea ez ote da parekoa?

Bestetik, botikan —inongo botikatan— ez dute inoiz zorrorik kobratzen. Normalean, produktu bakarra erosita ere, zorrotxo ñimiño baten entregatzen ahalegintzen dira botikariak. Eta beti esan behar mesedez ez emateko plastikozko poltsarik, nire eskuko poltsan sartuko dudala. Sarritan, hau esaten dudanean harridura aurpegiz begiratzen didate, jende gutxik errefusatuko dien seinale.

Azkenik, Eroskin egiten dutena bada bitxia, zerbait esateagatik. Arrandiaz zabaldu dute lau haizeetara plastikoen murrizketaren alde dabiltzala, halako neurriak (poltsak kobratuta, alegia) ezarrita. Baina, era berean, soltean erositako produktu batzuk plastikozko doako poltsa gardenetan sartu behar dira, bai ala bai. Esate baterako, fruta eta barazkiak. Pieza bakarra erosita ere, plastikoan sartu behar da pisatu eta etiketa jartzeko (hori zoritxarrez, supermerkatuetan ez ezik, auzoko fruta-dendetan ere pasatzen da). Antzeko-pareko supermerkatuetako arrandegi, harategi, urdaitegi eta abarretan. Baina kutxara iritsitakoan ordaintzeko poltsa eskaini. Zein da helburua, beste salgai bat gehiago izatea zorroa? Edota gizartearen aurrean ekologista itxura ematea?

Honetaz gain, ezin dugu ahaztu alferreko zenbat ontzi daramaten jaki askok, batez ere fruta eta ortuariek. Platanoak, esaterako, poltsaratuta egoten dira ia gehienetan. Absurdoetan absurdoena. Normala da Biluztu ezazu fruta kanpaina martxan jarri izana. #DesnudaLaFruta sartuz gero, edozein bilatzailetan ikusiko dituzue zenbat plastiko alferretan dauden ontziratuta elikagaiak. Noren mesedetan? Zein asmorekin? Etxe, kale eta itsasoak mukuru betetzeko? Gu geu plastiko bihurtzeko?#BiluztuEzazuFruta

Zer egin? Birziklatu! Ezinbestekoa da, jakina. Ezinbestekoagoa, baina, berrerabiltzea. Baina guztiaren gainetik murriztea da premiazkoena, zeharo plastifikatu ez gaitezen, ez gaitzaten. Biluztu dezagun gure erosketa!

Gipuzkoako Hitzan

Izotzmendi plastikoa

Aguazillak eta pistolak

Leire Narbaiza 2018/05/10 10:00
...eta kitto aldikarixan 2018ko maiatzaren 4an agertutakua

Irakorri barri dot Eibarko udaltzain batzuek suzko armia eruatea eskatu dabela. Babes barik sentitzen dira, itxuria; eta uste dabe pistolia mokorrian erabilitta, herrittarrok errespetu haundixagua izango detsegula.

Harrigarrixena da sasoi honetan eskatzia, armagabetze girua bizi izan dogulako oin urtebete. Era berian, Estatu Batuetan be eztabaida betian ibili dira arma kontrolaren gaiñian. Gaztetxuak protesta bizixan jardun dabe gobernuak iskilu-baimena zorroztu daixan. Horretara, esan geinke herriko poliziak haize kontra dabizela eskaera hori eginda.

Delinkuentzia eta biolentzia maillak inguruko herrialdietakoak baiño bajuaguak, eta inoizkorik txikixenak ei diranian, udaltzaiñek sekula baiño babesbakuago sentitzen dira. Aittu ezinda nabil!

Oin denbora bat, honetaz jardun genduan Ermuko udaltzain pistoladun batekin, eta esan zeskun armiak arriskua baiño ez zetsala gehitzen edozein egoerari. Berak ahal izatera, lehengo moduan ibiliko litzakela; hau da, pistola barik.

Arriskuak arrisku, esango neuke gerrikuan armia zintzilik eruatiak jendiarengandik urruntzen dabela udaltzaiña, irudixa gaiztotzen detsalako; aguazil biharrian, poliziago bihurtzen dabelako. Aguazillago izan daittezela nahi neuke, Europako polizia tasarik altuena dakan bazter honetan.

...eta kitto!-n

Gizonok, orain zuen txanda da

Leire Narbaiza 2018/05/09 10:00
Gipuzkoako Hitzan 2018ko maiatzaren 4an argitaratutakoa

Apirila da hilik krudelena”, hasten da T.S. Eliot-en Hilen ehorzketa poema. Apiril hau ere krudela izan da arlo larregitan. Azken astea, batez ere, oso intentsua eta gogorra. Tristura, haserrea, amorrua, higuina, mina… sentimendu horiek guztiak pasatu ditugu, bat baino gehiago batera. Horregatik gaude lur jota, porru eginda.

Ankerra izan da hilabete hau, emakumeen kontrako bortizkeria erakutsi digulako gordin. Oihu kolektiboa egin dugu egunotan. Sentipen horiek denak lagunartean, lantokian, sare sozialetan okatu ditugu. Makina bat artikulu idatzi eta irakurri dugu epaiaz, hamaikatxo ideia eta hausnarketa jaurti dira horietan.

Artikulu honetan, baina, gizonengan jarri nahi nuke jo-puntua, uste dudalako badela sasoia eurek, zuek, zeozer egiteko. Emakumeok aspaldi jarri ginen martxan, baina gizasemeek oraindik buelta asko eman behar dituzte, dituzue. Bada garaia zuek ere mugitzeko! Ondo dago sumindura agertzea, manifestazioetara etortzea eta lagundu nahi izatea. Ederki, baina pauso gehiago daude.

Goizaldean, emakume bat etxerako bidean, kalea hutsik, eta bat-batean atzean pauso batzuk entzuten ditu. Beste emakume bat da. Uf! Zelako lasaitua, pentsatuko du lehenengo andreak. Baina, gizon bat izanez gero, atezuan jarriko da. Agian, giltzak hatzen artean ipiniko ditu, badaezpada ere. Emakume horrek gizona sumatu duenean, ez du pertsona bat ikusi, erasotzaile potentzial bat baizik. Bazenekiten, mutilok? Hori berori lankide gizon bati azaldu behar izan nion pasa den astean, eta haluzinatu egin zuen. Emakume guztioi gertatzen zaigu kontatu dudana. Gizonezkoa izango banintz, eta halakorik kontatuko balidate, lotsa-lotsa eginda egongo nintzateke nire generoak eragiten duen izuarekin! Zelako beldurra sortu diguten txikitatik! Zer egin behar duzue hori aldatzeko?

Inori esajerazioa iruditzen bazaio esandakoa, Twitterren #MeToo, #BalanceTonPorc, #Cuéntalo, edo neurri txikiagoan #KontaEzazu bilatzea dauka. Mundu osoko milaka emakumek bizitzan zehar jasandako eraso sexualak kontatzen dituzte. Batzuetan, ume-denboretakoak ere bai. Leitzeak oilo-ipurdia jartzen du. Are izugarriagoa da jabetzea eguneroko kontua dela, Lur bira osoan gertatzen dela, eta erasotzaileak beti gizonezkoak direla!

Orain ez dadila inor hasi “gizon guztiak ez gara horrelakoak!” esanez. Jakina, hori baino ez genuen behar! Ondotxo dakigu. Horregatik eskatzen dizuegu beste pauso bat emateko: jarki, aurre egin, esan stop emakumeen kontrako mespretxuei, txiste sexistei muzin egin zuen taldeetan, kargua hartu bortxaketaz dihardutenei… Asaldatuta bazaudete, mugitu! Ez onartu lagunartean halakorik! Hori da bide bakarra.

Horretaz gain, beste gauza batzuk ere eskatuko dizkizuet: ez gaitzazue kondezendentziaz trata, ume txikiak bagina lez, aitakeriaz, askotan gertatzen den moduan, ez baikara umeak. Entzun iezaguzue, mesedez, sarriegi gure ahotsa ez delako aintzakotzat hartzen; edota berba egiten dihardugunean ez moztu gure hitza. Eta honekin lotutakoa, ez egin arzalpenik, mansplaining-ik; hau da, ez guri azaldu ondotxo dakiguna, gu ere ikasitakoak gara eta.

Eta izan enpatia gehixeago, jarri gure lekuan. Inflexio puntuan gaude, eta denok egin beharko dugu bira, apiril krudel gehiago egon ez dadin.

Gipuzkoako Hitzan

Titulitisa

Leire Narbaiza 2018/05/08 11:24
Argia aldizkariko 2597. zenbakian argitaratutakoa

Inguruan opositore mordoa daukat, oposizioetan (ez oposaketetan, mesedez!) izena emanda dutenak. Euretako asko ikastarorik ikastaro dabiltza, dezimatxo batzuk emango dien titulutxoaren bila, curriculuma gizentze aldera. Eta horrela dihardute azterketa etengabean: IT txartelak, ontzi-patroi titulua, lehen laguntzetako ikastaroa, jaki-manipulatzaile karneta… Helburua beti papera, jakitea ez hainbeste.

Hainbat ere, gehiengoa ez esateagatik, horregatik datoz euskaltegietara, hizkuntza eskakizun bila; azterketa egitera, alegia. Euskara beharrean, tituluen hizki-zenbaki zopa baino ez dute nahi.         

Badakit, oraintxe “nire eskuetatik” pasatu diren ikasleetako batzuek profila lortuko dutena, baina euskaraz ez dutena inoiz jardungo. Tristea eta penagarria. Jakin, agian bai; egin, inoiz ez.

Hori da gure panorama: agiriak baino ez du inporta. Papera edukitzea, alajaina. Gai garen aitortutakoa erabiltzeko, bost axola, beraz.

Mataza bereko haria da Madrilgo presidentearen ustezko masterrarena. Ziurtagiri hutsen balio hanpatua nabarmentzeaz gain, erakutsi du eraikitako sistema azaluts eta hankamotza dela. Jakintzak ez, tituluak du pisua. Horregatik, iruzurra baino kezkagarriagoa da titulitis zikina!

Argian

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua