Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Publizitatea, iragarle

Leire Narbaiza 2018/12/14 09:00
Argia aldizkarian 2624. zenbakian argitaratua

Sekula gauzatu ez dudan proiektu bat dut aspaldian buruan: arratsaldeko telebista saioen etenetan ematen dituzten iragarkiak grabatu, eta ostean iruzkinak egin. Ziur naiz irudi terrible bat aterako litzaidakeela. Izan ere, publizitateek urteko sasoiak adierazi ez ezik, modan eta bogan dagoena ere markatzen dute.

Proiektua egin bitartean, aspaldion ikusitakoekin konformatu behar. Poker, erruleta eta postura etxeen iragarkiak nagusi dira, diru erraz baten promesa egin, era ludiko eta errazean. Jokoaren plazera saldu, desplazera erakutsi barik. Jokatu ostean, badirudi etxea zaindu behar dela. Zorriak Lehen Hezkuntzako gela batean lez ugaritu dira segurtasun enpresen spotak. Alarma sortu, alarmaz arma gaitezen, etxean gotortu, segurtasunaren izenean.

Baina deigarrienak zaizkit medikuntza-aseguruen iragarkiak. Desagertuta zeuden ia, eta orain tsunamiaren olatua dirudite. Medikuak telefonoz artatuko gaituela dioskute gure asti ezaren arazoa konpontzeko! Kalitatea!

Iragarkiek etorkizuna iragartzen ei dute. Beldurra zabaldu, lapurretak normaldu, eta osasungintza pribatua izango dela anuntziatzen digute. Bihar-etzi lapur eta tratatu ezineko gaixoak baino ez da izango gurean. Etorkizun iluna.

Argian

Sentimendu kontentzioa

Leire Narbaiza 2018/12/12 12:20
Argia aldizkarian 2619. zenbakian argitaratua

"Mundua ez da beti jai, inoiz tristea ere bai” diosku Mendian gora haritza abestiak. Eta mila motibo egon arren kantatzeko alai, tristeak ere hamaikatxo dira. Hauetaz gutxi egiten dela berba begitantzen zait.

Bizitzak zaplazteko ederrak ematen dizkigu, eta egungo euskaldunok erreakzionatzen ez dakigula uste dut. Gaixotasuna eta heriotza tabu bihurtuta, pena eta negarra ezkutatu beharra dugu. Hori da gure patua. Halere, sentimen horiei begiratu eta aurre egin behar zaie.

Gaitza da, batez ere gure kulturan, eredua sentimenduei barruan eustea denean, erreprimitzea. Hor dator arazoa, inoiz inpostore ere sentitu izan gara batzuk, kontentzio giroan; hileta batean, esaterako.

Izan ere, oso-oso gertukoa ez bada hildakoa, ez dago ondo ikusia negar egitea. Gogo ikaragarria izan arren norbait besarkatzeko eta malkoei lasai atea zabaltzeko, ezin egin, ez ei delako gure estiloa.

Baina nork marka lezake pertsona batekiko dagoen afektua? Zirkulu gertukoenean egon ez arren, heriotza hori oso barruan senti genezake, pertsona maitagarria zelako, lagun ona, edota, beste barik, maite genuelako. Halere, begiak siku, bihotza gainezka gaude. Halakoengatik bakardadean negar egitea benetan da tristea, gero.

Argian

Oporrak, Gabonak eta hauteskundeak

Leire Narbaiza 2018/12/04 12:51
Gipuzkoako Hitzan 2018ko azaroaren 30ean

Matrail-hagin batean arazoak izan ditut, eta nahi baino gehiagotan joan behar izan dut dentistarenera. Azkenerako, hagina salbatu ezinda, erauzi eta inplante bat jarri behar didate. Mindua dut oia, are minduago poltsikoa. Prozesu luzea da, faktura bezainbestekoa, eta eman didaten hurrengo hitzordua datorren urteko otsailerako izan da. 2019ko otsaila! Baina noiz da hori? Non egongo ote naiz? Zenbat gauza gerta litezke epe horretan?

Lehengo batean, batek aitatu zidan inauterietarako kuadrillako mozorroa erabakia zutela. Aratusteak! Lekutan daude, barren! Haginlariarekin dudan ordua baino urrunago! Gero, beste batek kontatu zidan eurak Gabonetan hasten zirela prestatzen udako oporrak! Eta oraintsu jakin dut lagun batzuk badabiltzala datorren udazkenean egingo duten asteburu-pasa kontratatzen! Gure amamak horri guztiorri “gauzei aurrea hartzea” esaten zion, prebenitzea!

Supermerkatu jabe batzuek ere gauzei aurrea hartzen diete, eta urri hasierarako jartzen dituzte Gabonetako turroiak eta enparauak. Orduan oraindik sandaliatan ibiltzen garenok begiak talo eginda geratzen gara produktu horiek ikusita. “Zelan izan liteke, hilabete luze bi geratzen dira-eta?”. Urtero harridura bera, beharbada, guk ez dugulako horren premiarik ikusten. Ze nezesidade Eguberriak aurreratzeko?

Gabonak baino urrunago daude, ordea, maiatz bueltako udal eta foru hauteskundeak, baina dagoeneko kanpaina betean murgildu dira alderdiak. Horiek bai direla espezialistak botazioei gaina hartzen. Gurean, daborduko alderdi bi ahalegindu dira saltzen txarto amaitutako ospitale bat, lehendakari izandako trenzale batek mitin baten inspirazio une bat eduki eta agindu zuena. Kromo truke baten ostean, hementxe daukagu (Eibarren) trafiko handiko errepide biren artean egin duten erietxea, momentuz osasun-etxe handi bat baino ez dena. Mugitu kontsultak beste leku batzuetatik, ospitalea hornitzen dugulakoan. Fantastikoa!

Beste alde batetik, aurrea hartzeko lasterketa horretan, psikoanalista bihurtu zaizkigu Gipuzkoako diputazioko publizistak, “Gipuzkoa gehiago, konplexu gutxiago” aldarrikatzen baitute. Ez dakit “Gipuzkoa gehiago” esanda zer proposatu nahi diguten: Ermua, Hendaia, Aramaio eta Leitza okupatu nahi ote dituzten, herri horiek geureganatuta txikitasun konplexua desagertuko zaigulakoan. Kolonizatu eta handitu Gipuzkoa. Auskalo. Baliteke New Guipuscoa bat aldarrikatu gura izatea Nevadan, beste Gipuzkoa bat gehiago egon dadin munduan. Edozer izan liteke, inoiz ez dago jakiterik batzuek zer duten buruan jira-bueltaka; prebenitu, badaezpada ere!

Aurrea hartze horretan, agintari askok Olentzerori gutuna idazten diharduen ume bat ematen dute: eskutitzean ondo portatu dela adierazi, obra pila bat inauguratu, argazki askotan agertu, eta ez-dakit-zenbat aurresku adi-adi ikusi dituztela adierazi. Trukean, Olentzeroren lau arroako zahagia ardoz hornituta barik, boto-kutxak euren alde beteta ekarriko dizkioten ustean, besaulkia ipurdipean itsatsita jarraitzeko.

Aurrea hartzea biharkoan begia jarrita, atzokoa mantentzeko. Gain hartzea, gainean segitzeko. Burua biharkoan, ipurdia atzokoan. Orainean, inoiz ez, aurrea hartuta ezinezkoa delako.

Gipuzkoako Hitzan

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua