Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Kirolez blai

Leire Narbaiza 2018/11/22 09:00
Gipuzkoako Hitzan 2018ko azaroaren 16an argitaratua

Pasa den igande goizean, irratia piztu eta Behobia-Donostia lasterketako kide batzuen elkarrizketa entzun nuen. Hara —pentsatu nuen neure kautan—, amaitu denez, ez dut gehiago entzun behar izango. Baina oker nenbilen, elkarrizketak amaitu ostean, saioa agurtu, eta futbol partida bat emateari ekin zioten. Informatiboa ere aurreratu zuten zertxobait, inork minuturik galdu ez zezan, badaezpada ere!

Kirola jaun eta jabe. Futbola, batez ere. Eta, batik bat, jaun, gizonena eskaintzen delako, oro har. Neguan. Udan, estropadak beste ezeren gainetik. Hori bai, gizon eta emakumeenak. Eskerrak. Neguan, astean zehar, ordea, gizonezkoen futboleko Lehen Mailako euskal talderen batek partida jokatzen badu (eta lau talde dira!), jokatzen duten orduan jokatzen dutela, betiko programazio osoa, kanpora. Ondotxo dakite hori Nekane Peñagarikanok eta Arantxa Iturbek, Arratsean saioko gidariek, Euskadi Irratia + izeneko web zerbitzura desplazatzen baitituzte. Futbola izan zitekeen mugitutakoa, ezta?

Hori Euskadi Irratian. Pentsatzen dut Radio Euskadin antzera izango dela. Baina zer gertatzen da ETBn? Portaera desberdina dute Euskal Telebistako kate biek. Kirol emanaldi guztiak ETB1en egiten dituzte, ez dago bakarra ere ETB2n. Beraz, kirol zama guztia euskarazko katean kargatzen dute. Gainera, ezin da ahaztu, asteburuetako ia emisio guztia kirolek betetzen dutela. Ostiral gauetatik, igande gauetara. Saio gutxi daude kirolari eskaini bakoak: meza, Oholtzan eta informatiboak. Horiek salbuetsita daude, ordutegi horretan ez dagoelako probarik. Nahiko nuke ikusi, bestela, kateko arduradunek noren alde egingo luketen: meza ala kirola.

Beraz, asteburuetan kirol telebista bihurtzen da ETB1. Berdin da zer eman. Ez du axola pilota partida zahar bat den, edo futbolean kadeteek jokatzen duten. Kontua da kirola ematea. Eta diot nik, hain ezinbestekoa bada futbola jartzea larunbat arratsaldeetan, zergatik ez dute ematen Lehen Mailako emakumeen partidarik? Behintzat, berdintasunaren alde egingo luke telebista publikoak. Era berean, emanaldietako batzuk ETB2n eskaini beharko lirateke, baina euskaraz, jakina. Horrela ere, euskarara erakarriko lukete inoiz ETB1 isiotu ez duen jendea, eta euskaldunoi espazioa eskainiko ligukete bestelako programazio bat izateko, premia gorria daukagu-eta.

Askotan, egia da saiook betegarri lanak egiten dituztela. Beste batzuetan, ostera, kirolzaleen gozamenerako ere izango dira, ez diot ezetzik. Baina ez du sustatzen eta bultzatzen benetako kirola. Espektakulua baino ez du indartzen emanaldi uholde horrek. Produktua, merkatua eta negozioa, besterik ez. Izan ere, bultzatzekotan, norgehiagoka eta lehia bultzatzen ditu, eta euskaldunon arteko ezinikusia eta probintziakeria. Hori guztia batzuen mesedetarako.

Nire ustez, kirola egitea sustatu beharko litzateke. Eta askotariko kirola, pilotarekin eta futbolarekin orekatze aldera, ehunka modu daudelako gorputzari eragiteko. Era berean, sedentarioak garenok ipurdia mugitzera animatuko gaituen zerbait ere eman behar luketelakoan nago. Ez dut esango aerobika, gure nerabezaroan Eva Nasarrek TVEn egiten zuen bezala, baina bai zeozer aulkitik altxatu gaitezen. Horrela ere zerbitzu publikoa egiten da eta.

Gipuzkoako Hitzan

"Begiprest, klikbizi"

Leire Narbaiza 2018/11/05 12:36
Gipuzkoako Hitzan 2018ko azaroaren 2an argitaratuta

Azaro estreinatu berri honek nobedade handia ekarriko digu amaiera aldera. Euskaraldiari ekingo diogu hilaren 23tik abenduaren 3ra arte. Lehenengoz, euskara elkarteek Euskal Herri osoko erakundeen laguntzarekin martxan jarri dute plangintza erraldoia. Helburua, euskaldunak aktibatzea eta elkarrizketa mistoei ere bultzada ematea. Ahobizi eta Belarriprest izango gara. Ahobiziok nonahi euskaraz egiteko konpromisoa hartu dugu, Belarriprestek ulertzeko gai direla adierazi eta eurekin euskaraz egitera gonbidatuko gaituzte. Lotsabako denok, behar den moduan. Amaitu dira aitzakiak euskaraz ez egiteko, akabo “ez didate ulertuko”, ahaztu erantzun txarrak, “háblame en cristiano” tipokoak. Harro eta ahaldunduta kalean ibiltzeko sasoia izango da.

Euskaraldia

Euskaraldiari ariketa soziala ere deitu diote. Ez dakit izendapen hori gogoko dudan; izan ere, hala bataiatzeak beste gauza bat dakarkit burura: Gran Hermano (Big Brother) saioa. Lehenengo sasoiari hasiera ematerakoan ere esperimentu soziologikotzat har genezan nahi izan zuten, garrantzi pixka bat emate aldera. Baina, benetan, telebista programa hutsa zen, reallity show-a, alegia. Euskaraldia, ostera, ariketa hutsa baino gehiago da, aktibazio eta akuilu denondako, reallity show-tik gutxi dauka ariketa honek.

Aktibazio horrek mihiak dantzan eta belarriak adi ipiniko dizkigu, eta horri bikain deritzot. Baina behin abian jarrita, euskaren antiojoak jantzita, beste gauza batzuetan ere arreta ipini beharko genukeela uste dut. Eta Rikardo Arregi kazetaritza sarietan Martxelo Otamendik eta Luistxo Fernandezek asmatu zituzten Irakurgogo eta Idazpetral hizkera euskaraldianoan (Martxelok dixit). Nik ordurako beste bi neuzkan buruan proposatzeko: begiprest eta klikbizi.

Imanol Epelde blogari eta youtuber zarauztarraren azken bideoan argi azaltzen du 750.000 euskaldun ei garela, baina 40.000k baino ez ditugula kontsumitzen euskaraz prentsa, diskoak eta liburuak. Beste 33.000k prentsa eta liburu bi irakurtzen dituzte gure hizkuntzan. Eta 116.000k liburu bakarra irakurtzen dute. Guztira ez gara 200.000ra ailegatzen. Non daude, hortaz, falta diren 500.000k?

 

Horregatik, Ahobizi denak baina euskaraz irakurtzen ez duenak egin beharko luke esfortzu bat euskaraz leitzeko. Hain zuzen, horri Begiprest deitu diot nik; Belarriprest-a bada euskaraz egiteko oihura ez duena, baina ulertzeko gai dena, Begiprest-ak ere ez du irakurtzeko ohiturarik, baina esfortzu pixka batekin lor lezake.

Beste alde batetik, Klikbizi ere bihurtu behar genuke. Bai, hau ere asmatu egin dut. Erraz azaltzeko moduko kontzeptua da: nonahi eta noiznahi eskura dauzkagun aparatu elektronikoak euskaraz erabiltzea da Klikbizi. Askotan erdaraz ditugu konfiguratuta, axolagabe jokatzen dugu. Sarritan, egia da ez dagoela euskaraz jartzeko aukerarik. Baina beste batzuetan utzikeria ere bada, erraz-erraza delako euskara gaitzea. Ez dugu ahaztu behar zelako garrantzia duen gure gailu guztietan euskara erabiltzeak. Izan ere, zenbat eta gehiago erabili gure hizkuntza, orduan eta gehiago hartuko gaituzte kontuan tresna, aplikazio, programa eta abarren garatzaileek. Ezinbestekoa da, esate baterako, bilaketak euskaraz egitea. Horregatik, hain zuzen, izan beharko ginateke Klikbizi.

Ahobizi, Belarriprest, Begiprest edota Klikbizi. Euskaraldia edonon dagoelako.

Gipuzkoako Hitzan

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua