Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

"Hau dek umorea..."

Leire Narbaiza 2018/10/25 11:05
Gipuzkoako Hitzan 2018ko urriaren 19an argitaratua

"Hau dek, hau dek umoria. Kontsolatzeko, kontsolatzeko euskaldun jendea!”. Halaxe amaitzen da euskal kantu ezagunenetakoa, umoreari erreferentzia eginda, kalean gora eta behera ibili ondoren. Denok irribarrea ahoan abesten dugu bukaera hori, parranda giroan kantatuz gero, behintzat.

Umorea hain gauza inportantea da, non euskaldun jende guztia kontsolatzeko balioko duen. Egia esatera, ez zait inoiz argi geratu kontsolamendu beharrean geunden euskaradunok, ala kontsolatzeko jenderik onena euskaldunak ote garen. Ez dakit. Kontua da umorea aitatzen dela abestian, umore ona eta dibertimentua.

Euskarazko abesti tradizionala izateak asko pozten nau; izan ere, askotan leporatu izan digute euskaldunoi serioak eta umore bakoak garela, barrerik egiten ez dugula. Egia da kalean betozko gehiago ikusten direla irribarreak baino, eta etengabe haserre eta muturtuta gaudela leporatzen digute, batez ere espainiarrek. Ez da gezurra motibo gutxi izan dugula barre egiteko; hala eta guztiz ere, irria beti egon da presente geurean. Esango nuke gu ezagutu barik egiten dutela berba, azalekoarekin baino ez direla geratzen, topiko eta estereotipoetan, alegia.

Kontuan hartzen baditugu guri buruz egindako umorezko film biak, grazia zipitzik ere ez dutela esan nezake. Espainiarrek Ocho apellidos vascos eta frantziarrek Mission Pays Basque egin dituzte. Barrea eragin beharrean, harridura eta espantua baino ez didate sortu. Aitortu behar dut bakarra ere ez dudala osorik ikusi. Ezin. Espainiarrak haserrea piztu zidan, eta frantziarrak… zer esan frantziarraz? Begiak talo eginda laga ninduen, nolabait esatearren. Euskal Herri kontinental desberdinak ezagutu ditugu film egileak eta nik, itzela begitandu zitzaidan. Norbaitek esango du pelikulak egin zituztenek karikaturizatu egiten dutela gure izaera. Baina karikaturek pertsonek duten ageriko ezaugarri bat hartu, nabarmendu eta esajeratu egiten dute. Zer gertatzen da, baina, ezaugarri nabarmendu hori existitzen ez denean? Edo ezaugarri hori bihurritu eta manipulatu egiten denean? Ez dela karikatura, fikzioa baizik.

Baina jo dezagun film horietan agertutako estereotipoak benetakoak direla; beste batek egindako ustezko umore horrek grazia egin behar digu? Gustuko izan behar dugu? Pelikulek barrea eragin ezean, umore gabekoak gara? Ozpindu kuadrilla? Hori esaten digute, azken baten, geure buruari irri egin behar diogula jaurtitzen digutenean. Oso garrantzitsua omen delako hori. Baina justu kanpotik markatzen digute zeri egin behar diogun barre, eta hori ez da geure buruari egitea, beste batzuek agindutakoari obeditzea baizik. Ahalegin berezia egiten dute agindu horretan, setati samarrak dira eurek egiten ez dutena besteoi exijitzen.

Baina umoretsua izateko modu bakarra dago, ala? Denoi gauza berberek egin behar ote digute grazia? Inori esan ahal zaio zerekin barre egin? Ala bezatu nahi gaituztenek halakoak esanda barregarri laga nahi gaituzte, nabarmen denen aurrean?

Euskaraz ez dakitenez, ezin ikasi kalean gora umorez bete (eta kontsola) genezakeela euskaldun jende guztia.

Gipuzkoako Hitzan

Fernando

Leire Narbaiza 2018/10/21 16:23

Fernando Abanzabalegi Deportibuan ezagutu neban, Kultura kominsiñuan. Euskal Jaixa antolatzen ibili giñan luzaruan, astero-artero batzarra egiteko alkartzen giñan. Bera beti irribarretsu, lasai eta positibo. Gaiñera, gu gaztetxuak izan arren, beti adi entzutzen zittuan gure ideak, zoruak izan arren. Eta animuak emon.

Zelan ahaztu pasautako estuasunak, egindako eskursiñuak, Duzunaritzen emondako asteburua?

Persona ona, benetakua, oso-osokua. Momentu eskasetan be pazientziaz jarduten zebana. Umore onekua, lagun ikaragarrixa. Kolpe handixa izan da, ez siñistekua, estimatzen Taldian guztiori zulua eragin deskuna barruan. Bere famelixiandako itzela.

Taldian genbizenian bere ardura nagusixa egitaraua finkatzia zan, baiña lasaitzen genduan koltxoia genduala esanda (diruaz arduratzen zan!). Zeiñek deittuko detse oin Azpeittiko joalduneri?

Besarkada handixena Marines, Egoitz eta Urtziri. Baitta Abanzabalegitar guztieri be. Ez dogu ahaztuko!

Gugan egongod

 

Beti-gazte jendea

Leire Narbaiza 2018/10/14 14:37
Gipuzkoako Hitzan 2018ko urriaren 5ean argitaratua

Eskuko telefonoan instalatzen diren joko horietan ibiltzea gustuko dut, erlaxatu eta burua husten laguntzen didatelako. Halakoetan ibili zareten guztiok badakizue publizitateak tartekatzen dituztela, eta ikusiz gero, sariren bat ematen dutela. Segundo gutxi irauten dute iragarkiok, eta horregatik sakatzen dut play. Baina aurrekoan spot horietako batek pot eginda laga ninduen.

Sloganak gaztelaniaz hauxe zioen: “¿Quieres conocer hombres jóvenes mayores de 50 años? (Gizon gazteak ezagutu nahi dituzu, 50 urtetik gorakoak?)”. 50 urtetik gorako gizon gazteak? Ezinezkoa da hori! Adin horretara ailegatutakoan gaztaroa pasatuta dago, barren! Helduaroan bete-betean murgilduta egoten gara bizitzako edade horretan.

Anekdota horrek beste bat ekarri zidan gogora, hilabete pare bat lehenago gertatutakoa. 9 urteko ilobarekin nengoen berbetan, eta halako zeozer esango nion: “Zuek, umeok…”. Berak —adin horrek ematen duen seriotasun eta duintasunarekin— bota zidan: “Leire, ni ez naiz umea”. Begiak talo eginda galdetu nion ea zer zen orduan, eta “ni gaztea naiz” erantzun zidan. Hori entzundakoan ia-ia The Exorcist filmeko neskatilari bezala burua jira eta bira hasi zitzaidan, sinistu ezinda. “Ez, laztana, zu ez zara gaztea. Umea zara, eta ume-denboraz disfrutatu luzaroan” izan zen nire berrerantzuna.

9 urteko mutikoa eta 50 urtetik gorako gizona, biak gazte? Noiz hasi eta amaitzen da gaztaroa, orduan? 8 urterekin hasi, eta erretiroarekin amaitu? Ez dakit, bada, luzeegi irizten diot; bizitza ia osoa, horretara.

Ulertzen dut zer adierazi nahi zuen iragarkiko leloak, ez naiz hain leloa. Baina esaldia bera begitandu zitzaidan kontraesan hutsa. “Gizon gazteak” irakurriz gero 30 urte inguruko (edo gutxiagoko) mutilak datozkit burura, gazte-txartela indarrean (edota iraungi berri) dutenak, alegia. Inoiz ez ditut imajinatuko gazte epitetoarekin aurre-jubilazioa begi-bistan duten pertsonak. Badakit adjektibo hori erabilita, itxura eta sasoiari egin nahi diotela erreferentzia, jakinekoa delako adin horretan alde handia dagoela plantan. Beharbada, gaztelaniaz mayor berba erabiltzeak nahastu ninduen gehien, hitz horrek nagusi, adindun, zaharrago esan nahi duelako. Oximoron hutsa, hortaz.

Umearena ere konprenitzen dut, umetan denok hazi eta nagusi bihurtu nahi izan dugulako. Baliteke gaztetasunean baino, gure ilobak begiak eta erreferentzia aurre-nerabetasunean jarri behar izatea. Baina mutikoak eskolako txikiena ez dela adierazi nahi zidala uste dut, zentzuduna bazela, ezaguerara helduta zegoela. Egia da, adin horretakoak ez dira txikitxoak, baina umeak izaten jarraitzen dute.

Zer du gaztetasunak denok sasoi horretan egon nahi izateko? Dirutzak xahutzen dira krema antiaging-ak erosten, zimurrak disimulatzen, botox injekzioak jartzen, liftingak egiten… itxura gaztea izateko. Baina horiek guztiek gazte mantenduko ote gaituzte? Ala azaluskeria baino ez da kontua? Gainera, beti-gazte izan nahi hori ez ote da ilusio hutsa? Kalterako baino ez dela begitantzen zait: dugun edadea onartzea osasun mental eta oreka pertsonalerako onena da, ahaztu barik helduaroak ere badauzkala gauza positiboak, uste baino gehiago. Gaztaroan kateatuta geratzea ez da ganora.

50 urteko emakume gaztea ez naiz izango, beraz!

Gipuzkoako Hitzan

Baloiak eta makuluak

Leire Narbaiza 2018/10/03 08:50
...eta kitto! aldizkarixan iraillaren 26xan argitaratuta

Mendiarte estuan eraiki zan Eibar. Errekia bera tapau bihar izan zan herrixari zabalgunia emoteko. Ez dakagu ixa tokirik ezer egitteko, batez be lauan.


Gatxa da pasiuan ibiltzia herrigunian, batez be oiñazian egitteko arazoren bat euki ezkero. Ez da erreza burpil-aulkixan mobitzia, umien kotxiekin, errekauen karruakin, taka-taka edota makuluekin. Leku falta, eta enbarazuan aldaparak, maillak, zinttarri eta zuluak. Ez da erreza, ez. Gaiñera, toki lauak urrixak diranez, bete-beteta egoten dira: banko gitxi eta kerizpe gitxiago.


Umiak eta gaztetxuak be ez dake hobeto kontua. Egixa da parke edo holako espazio bat egitten danian, udalak beti txikixak izaten dittuala buruan, eta horregaittik gune publiko hórretan zinbili-zanbuluak jartzen dirala. Ez dago txarto. Dana dala, umiak ez dake ixa lekurik beste jolas edo joko batzuetarako. Soka, baloi, bizikleta, skate, patin eta abarrekin ibiltzeko. Eta edonun hasten dira ostikoka eta bueltaka.


Hor dator alkar-bizitza arazua: oiñaz eziñian dabillenari ―ume txiki, zein nagusi― trepetxu hórrek guztiak miña (kolpiengaittik) eta (jausteko) bildurra baiño ez detsez eragitten.


Banko eta kerizpedun leku gehixago egittia izan leike konponbidia, baitta baloi eta patinendako gune espezifikuak egittia be. Danon onerako, lehenbailehen.

...eta kitton!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua