Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Klasismo naturalizatua

Leire Narbaiza 2018/01/26 12:17
Gipuzkoako Hitzan 2018ko urtarrilaren 26an argitaratua

plaza

Gipuzkoako herri ertain bateko enparantzan nago, herriko plazan, plaza nagusian. Ez dabil automobilik bertatik, oinezkoentzako gunea baita. Umeak jolasean ari dira. Zehaztapena egin behar dut: mutikoek dihardute futbolean plazaren erdian. Mutikoek. Baloia jaun eta jabe da, beraz.

Alboetan, tabernetako terrazak dauzkagu, eta azken boladan baino giro epelagoa denez gaurkoa, jendez beteta daude ia. Ertz batean bankuak daude, jesarlekuak, gaurkoan nahiko hutsik, igandea den arren.

Enparantza botereguneetako eraikinek (faktiko eta praktikoek) zedarritzen dute, hiru erpineko triangelua zirkulu zentripetu bihurtuz: eliza, udaletxea eta batzokia. Sorgin-gurpil infinitua kalean irudikatuta.

Plazan daude uso-pasea eta tontodromoa ere. Bertan azaltzen ez dena, ez da nor. Plazaratzen ez dena, ez da existitzen herrian, auzotegi periferikoetako bizilagunei gertatzen zaien bezala. Herriaren imajinarioan agertu ere ez dira egiten; eta agertzekotan, anekdota hutsa dira. Horregatik da zuria plaza; edo hobeto esanda, plazakideak dira zuriak.

Herriaren bihotza ei den leku honek argi adierazten digu hiribilduko hierarkia. Erdigunean mutiko futbolariak daude, dena okupatzen, pilotakada galdu baten mehatxuak mugatzen duelako euren espazio izugarria. Erdigunean daude, espazioa eskuratu dute. Ez, baimendu egin zaie plazaren zorua okupatzea, guraso eta zaintzaile axolagabeek onartu diete molesta ez dezaten.

Mutiko ez-futbolista eta neskatilak arkupeen barrunbeetan aterpetuta dabiltza, aldiz; euren jolas eta berbaldi ezkutuak babesteko asmoz, jakin badakitelako inoiz ez dutela erdigunea lortuko pilotaren erreinu despotikoan.

Terraza eta tabernetan umeen gurasoak daude, lasai eta patxadaz. Batzuk egon beharraz ere aspertuta badaudela esango nuke. Euren ondoan herriko señoraz osatutako korro eseriak, betiere, lehenengo ilaretan, ikusgarriagoak izan daitezen, okasiorako jantzita eta orraztuak. Era berean, señor gutxiago ikusten dira jesarrita terrazetan, euren jarrera zutikakoa baita. Bertikaltasuna praktikatzen dute aginpidea halakoa da-eta.

Bankuetan, ostera, zaharrak dauzkagu. Oso zaharrak, edota ezgaituak direnak, terrazetarako zaharregiak edo baldarregiak. Beste zirkulu batekoak dira horiek. Eta, zelan ez, euren zaintzaile atzerritarrak, betiere jarleku publiko horietako ertzetan jarrita, enparantzaren periferian ere hierarkiak agintzen duelako, jakina. Eserlekuetan, noizean behin andrazko zapidunak ere egoten dira, euren seme-alabak futbolean edo arkupeetan ibiltzen direlako, betiere eskolatik irten ostean. Baina gaur, igandea izanda, periferian geratzea tokatzen zaie, herrigunea asteburuetan ez delako eurendako. Jesarleku publikoetako okupatzaileek ez dute dirurik gastatu nahi, edo ezin dute. Hierarkia eta klasea gurutzatzen diren lekua dira bankuak.

Mundu oso bat da plaza, edozein herri txikitako enparantza izan litekeelako Euskal Herri osoa. Konplexutasuna agerian lagatzen duelako bizitzaren ordena honek. Ordena betierekoa.

Terrazan eta banku publikoetan eserita egoteak eragin dizkit burutazio hauek. Leku bietan jesarrita, ikuspegi ezberdinak izan ditut, elkarrengandik hogei metrora, plazaren erradiografia egiteko. Eta orain arte normalena egiten zaidana aztertzeko aukera izanda, emaitza argi bat izan dut: klasismo naturalizatua da plaza nagusia, herria ere halakoa delako.

Gipuzkoako Hitzan

Asmo on ahaztuak

Leire Narbaiza 2018/01/12 11:00
Gipuzkoako Hitzan 2018ko urtarrilaren 12an argitaratuta

2018ko lehenen artikulua da hau, eta zalantza eragin dit: “Urte berri on” opa beharko nizueke? Ala beranduegi da? Seguru nago Iban Zalduak gaizki iritziko liokeela oso-osorik Euskal Zutabegilearen Dekalogoa beteko nukeelako (alferrikako agurrei dagokionean). Baina, bestalde, noiz laga behar diogu urte berri ona desiratzeari? Noiz dauka iraungitze data zoriontzeak? Zer da hobea, astun izatea eta konplimenduz betetzea gure jarduna? ala siku, takar eta edukazio barik jokatzea? Ez da erraza erantzuten!

Berdin dio gazte edo zaharruno, idazle edo bertsolari: beti betetzen da Euskal Zutabegilearen Dekalogoa, (alferrikako) agurrei dagokienean.

— Iban Zaldua (@IbanZ) 2017(e)ko irailak 1

Abenduaren 31tik hamabi egun baino ez zaizkigu joan, eta dagoeneko ahaztuta dauzkagu Gabonetako otoruntzak eta arrandia. Era berean, denbora labur honetan, bidean galdu ditugu geure buruari egindako promesak. Aste bira ez gara iritsi, eta emandako berba jan dugu. Bai, konfirmatuta, planari huts egiteak adierazten digu ofizialki zoriontze iraungipen-datara ailegatu garela!

Bidean galdutako hitzemate hauek zerikusia dute perfekzioarekin, eta beharbada horregatik alboratzen ditugu hain agudo. Badirudi zerbait berria hastean ―oraingo honetan, urtea― xeheki aztertzen dugula zelakoak garen, eta zertan egiten dugun kale. Eta jomuga perfektua izatea denez ―benetan ezinezkoa, zorionez―, helburu gaitzak jartzen dizkiogu geure buruari: erretzeari laga, kirola egin, txokolate gutxiago jan, ingelesa ikasi, ordenatuagoa izan, urruneko lagunei sarriago deitu, pazientzia handiagoa izan familiarekin… Hau da, gure akatsak deuseztatu, eta bertutez blaitu. Laburbilduta, eredu eta modelo (adiera bietan) bihurtu. Oso errealista guztia, horratio!

Urtarrilaren batean zein ikasturte hasieran egin litezke asmo on hauek. Irakaskuntzarekin lotuta bizi garenoi urtea irailean hasten zaigu, eta normalean, orduan planifikatzen dugu guztia, eta orduan egiten dugu gure asmo onen zerrenda. Adibidez, ikasle sasoian, beti agintzen nion neure buruari egunero ikasiko nuela, pixka bat baino ez bazen ere. Jakina, asmoa ez zen sanmigeletara iristen...

Ikasle-denboran legez, esan dut goraxeago abandonatuta laga ditugula bazter baten intentzio horiek. Ia beti Erregenak pasatu ostean martxan jartzekoak izaten dira egitasmo dontsuok; hala ere, urtarrilaren 7rako ahanzturaren kutxan gordeak edukitzen ditugu.

Gutunak idaztea ere izaten da izaten dugun ideiatako bat. Eta badakigu euskaldunok gutunak eskribitzen ditugunean, kartzeletara bidaltzeko direla, zoritxarrez. Espetxeak benetako ahanzturaren kutxak direla badakigulako. Horregatik eskutitzak, horregatik manifestazioak, presoak ahantz ez dakizkigun. Zurian beltz eginda, akorduan izan ditzagun, eta eurekin gogoratzen garela jakin dezaten.

Hori dela eta, badugu milaka pertsonak urteberrirako eginkizun on bat, urtero-urtero egin behar izaten duguna azkena izateko helburuarekin. Presoak etxera ekartzeko premia, alegia. Xede hori buruan, bihar gutako askok Bilboko kaleak beteko ditugu iaz eta aurrekoetan legez, 2018rako gogo sendoa aldarrikatzeko: elkarrekin aurrera egiteko prest gaudela.

Espero dezagun intentzio on hori gauzatzea, inork abandonatu ez dezala, Gabon zaharrean egindakoak bezalaxe. Azkenekoa izan dadin, eta urteroko asmo on ahaztua berriro ez izateko.

 Gipuzkoako Hitzan

Sare, Prest gaude

Imanoltxu

Leire Narbaiza 2018/01/11 13:43

Imanoltxi eta bixok

Gabon aurretxuan hil zan Imanoltxu, Imanol Trebiño Barruetabeña. Halan deitzen gentsan eibartarron zerrendan, ez dakit zergaittik, txikixa ez zan-eta!

Bertan ezagutu neban Imanol. Kaletik be ezaguna egitten jatan, baina gure posta zerrendan eta afarixetan egin genduan benetako ezaupidia. Sarrittan, eztabaida hutsian, kontrako pentsamenduakin, baiña beti ondo. Izan be, Imanoltxu benetako zirikatzaillia zan, eta akulua ziztatzen zeban jakiñeko tokixan. Iñoiz ez zan jakitzen nundik urtengo zeban, botatako haxe nundik nora zetorkixon, begirada diferentia eskintzen zetselako gaixeri. Horrek beti harrittuta lagatzen ninduan, zelako bueltia emoten zetsan danari. Era berian, batzuetan desesperau be egitten nintzan berakin, nik botatakua azaltzeko edo errepikatu eragitzen zestalako! Baiña hori be bazan bere enkatua.

Horregaittik deitzen gentsan Imanoltxu, oin jakin dot: bere xaxatze horretan desesperau arte jardutzen bazeban be, beti goxo eta modu onez hartzen zittualako gure arramuskadak. Nik, behintzat, hala imajinatzen dot bera pantailla atzian, irribarre erdi batekin gure berbaldixak irakorri, eta nun zirikatu pentsatzen.

Igarri dogu bere faltia azken urtiotan, eta hala segiduko dogu, beti egongo dalako zibereibartarron bihotzian, kariño handixa gentsan-eta! Adixorik ez, Imanol!

Famelixa eta laguneri besarkada bat!

Mariana Pineda euskaldunak

Leire Narbaiza 2018/01/07 13:51
Gipuzkoako Hitzan 2017ko abenduaren 15ran argitaratuta

Abenduaren bostean 41 urte bete ziren Jose Angel Iribar eta Iñaxio Kortabarriak Atotxa futbol zelai zaharrean ikurrina atera zutela. Euren atzean Reala eta Athletic talde biak zihoazen, derbia jokatu behar zutelako. Orduan euskal bandera ilegala zen Euskal Herri kontinentalean, urtarrilaren 18an legeztatu zuten-eta.

Ekintza historiko hori gaurko perspektibatik ikusita, beharbada, gertaera txikia eta garrantzi bakoa begitanduko zaigu, normalitate baten barruan. Baina orduan kartzelaratzea ere ekar zezakeen ikurrina agerian ateratzeak.

Kontua da gaur egunean ikurrina elementu ia kitsch bat bihurtu zaigula, folklorekeriaren ikur nagusia, turistendako apaingarri hutsala, zentzua ere galdu duena. Ezin dugu ahaztu Euskal Herri kontinentalean, Iparraldean, alegia, souvenir denden dekorazio nagusia dela, “autentikoaren” zigilua frantses ederrean. Inori ahaztu zaio uda honetan Larrun tontorrean egindako argazkia, non modelo bat agertzen zen ikurrina mordo batekin egindako goi mailako soinekoa jantzita? Niri neuri ez, behintzat!

Askotan esaten dudan moduan gurutzebidun bandera nahiko baztertuta dugu. Ez dakit zergatik zehazki, baina hala da. Polemikak ere baditu: ea berak izan behar duen euskaldunon sinbolo ala Nafarroako banderak; instituzionalizatu egin dela; alderdi bati lotuegia dagoela… Dena oso euskalduna, ados ezin jartzea, lortutako zerbaiti muzin egitea. Enfin!

Demodé dago ikurrina. Baina aitatu lez, derbiaren sasoian debekatuta zegoen, eta horregatik izugarrizko sona izan zuen ekintza hark. Koadernoak ere egin zituzten, barren! Nik izan nuen bat, asko maite nuena. Koadernoa amaitutakoan, tapa erauzi eta beste korrienteago bati grapatu nion, kontserbatzearren. Ederra txapuza, baina ez nuen bota nahi. Berrerabiltzearen ajeak.Ikurrina atotxan

Euskadi Irratiko erreportaje batek ekarri dit hau guztiau akordura. Hilaren bostean emititu zuten, efemeridearen egunean, alegia. Salva Iriartek eta Iribarrek kontatu zituzten nondik norakoak. Lehenak lortu eta eman zuen ikurrina Atotxara. Bigarrenak zelaira atera Kortabarriarekin.

(0:42:30-tik aurrera)

Iriarteren arabera, ez zen batere erraza izan dena lotzea. Lehendabizi, ikurrina bat lortu behar zuen. Ondoren, Donostiara eroan eta Atotxan sartu. Bidean kontrola ere izan zuen! Abentura hutsa!

Ordura arte pentsatu barik nengoen non lortzen zituzten ikurrinak. Sekula planteatu barik gure aitak Artzain Onaren kanpandorrean jarritakoa nondik eskuratu zuen. Balentria handia zen ateratzea eta eskegitzea. Baina bazuen oihartzuna. Jostunen lan ausarta, ostera, beti ezkutuan.

Zelan otuko zitzaidan halakorik? Legalizatu ostean oihal dendetan saltzen zituzten-eta! Ikurrina pila bat jarraian. Metroak eta metroak biribilkietan batuta. Bat eskatu, eta dendariak moztu biribilkitik bat. Gainera, orain, bakarka denda txinatarretan ere saltzen dituzte, barren! Nola planteatu nondik irteten ziren?

Beraz, Iriarte andre horrek josi zuen Atotxako bandera ilegala. Gure Mariana Pineda partikularra; Granadakoak ez bezala, errepresiorik jaso ez zuena, zorionez. Zenbat Mariñe Piñueta ote dago gure artean ahanzturan murgilduta? Ikurrin-jostun horiek, askatasunaren ikurrinak egiten zituztenak, emakumeak zirela esango nuke, zalantza barik.

Garcia Lorcak antzerki lan oso bat eskaini zion Mariana Pinedari, kaleak ere badauzka. Guk ez diegu gureei omenaldi xumerik ere egingo?

Gipuzkoako Hitzan

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua