Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Urruneko jende exotikoa, bidaiariak eta turistak

Leire Narbaiza 2017/07/31 22:58
Gipuzkoako Hitzan 2017ko uztailaren 28an argitaratuta

Euskal Herrian bidaiariak miretsi egiten ditugu. Hala da. Bereziak iruditzen zaizkigu, ausartak eta bipilak, munduan barrena dabiltzalako motxila bizkarrean dutela, mundua “benetan” eta “sakon” ezagutzera joaten direlako. Lau izarretako hoteletako logeletan ostatu hartu beharrean, mila izarretako lolekuak nahiago dituztelako. Horiek bai esploratzaile bikainak! Eta horregatik, etxera itzulitakoan, askok diaporamak muntatu, hitzaldiak eman, irratian berba egin edota liburu bat argitaratzeko aukera izaten dute.


Hori bidaiari ezagunek edo euren esperientzia ondo saldu dutenek egiten dute. Baina beste maila apalago baten, denok dugu halako esploratzaile bat gure inguruan: leku urrun eta exotikoetara joan dena, eta hango bizipen harrigarriak eta bertakoen dohain zoragarriak kontatzen dizkiguna.


Sarri askotan, lagun abenturazaleak herrialde urruti eta ezezagun horretako ontasun guztiak banan-banan aletzen dizkigu. Etengabe esaten digu hango biztanleek gauza gutxi daukatela, oso pobreak direla; baina, hala eta guztiz ere, zoriontsuak. Gainera, gizaki zoragarri horiek ez dutela izaten presarik, bizitzaz disfrutatzen dutelako. Hori guztia ilustratzeko, pertsona horien argazki irribarretsuak erakutsiko dizkigu ―izan ere, urruneko jende horrek beti egiten du irribarre― euren etxeetan jan eta lo egin duelako gure adiskideak, musu-truk, aitatu dudan moduan, daukaten gutxi hori herrian agertzen den edonorekin partekatzen dutelako.


Kontakizun horiek entzunda, beti alarma gorria isiotzen zait. Bidaiari txatxiguai horiek zer egiten dute herri pobre baten, jende oso txiroaren jatekoa jaten? Ez dira konturatzen beste horien lepotik bizi direla? Bidaia behartsuen pentzudan egiten ari direla? Bidaiariok kapritxoz dihardutela? Pertsona exotiko horiek fede onez ematen dietena, eta eurek onartu, esplotazio mota bat izan litekeela? Uf, galdera kezkagarri askotxo.


Galdetegiarekin jarraituta, neure kolkorako botatako batzuk ere bururatzen zaizkit: ez ote dira bidaiari horiek beste turistak bezalakoak?; alegia, ez ote dute euren presentziarekin toki exotiko eta autentiko horiek kutsatuko Airbnb-en izena emandako pisu turistiko batek beste? Donostiako Alde Zaharrean pintxotan dabilen giriak adina? Sanferminetan Nabarreria iturritik salto egiten duten atzerritarren moduan?  


Beste alde batetik, gauzak aldatu egiten dira gurera datorrenean munduaren beste puntan ezagututako jende zoragarri hori. Gure gizarteak susmopean ditu: guri lana kentzera datoz, hemengo diru-laguntzetatik bizitzera kolpe zorririk jo gabe, lapurretan egiten dute,... Nork ez du entzun halakorik?


Zelako paradoxa gertatzen zaigun: munduan zehar bidaiatzen dugunean paradisu urrun horietako pertsonak eskuzabal eta abegitsuak dira, kontuan hartuta herrialde pobreetakoak direla. Hona etortzen direnean, ostera, gaizkileak dira. Nola izan liteke mugak pasatutakoan hainbeste aldatzea jendearen izaera? Europaratzeak hori ekarriko du, gurekin mimetizatu, eta gure jokaerak kopiatu? Ez dakit, bada.


Bidaiariak miretsi, eta turistak gorrotatzen ditugu, nahiz eta neurri baten denok garen turista. Urruneko jende exotikoa, zoragarria da bere etxean. Hemen, baina, gaizkile ankerrak. Benetan? Oporretan hausnartzeko gaia! Disfutatu!

Gipuzkoako Hitzan

Posturak

Leire Narbaiza 2017/07/25 22:03
Argia aldizkarian 2563. alean argitaratua

“Jokoa ez da errenta” entzun dut txikitatik etxean. Amamak historia beldurgarriak kontatzen zizkigun posturen gainean; frontoian baserria jokatu zuen gizonarena, adibidez. Beti imajinatzen nuen gizona etxera itzultzen, emazte eta seme-alabei esaten bizilekua eta bizibidea abandonatu behar zutela. Gurdi gainean ihesi, lau trepetxu eta piltzar batzuk jasota irudikatzen nituen nire buruan, film negar-eragile askotxo ikustearen ondorioz. Baina beti jartzen nintzen andre horren larruan, zein latza izan behar zuen ganorabako batengatik ordura arteko bizimodua alboratu behar izatea.


Antzinako kontua dirudi honek. Egia da gaur egun estanpa hori ez dela existitzen, baina ezin ahaztu posturak zenbaiten hondamendia direla. Jokoa arazoa da askorendako, eta orain askoz eskuragarriagoa da lehen baino. Ugaritu egin dira joko-aretoak, tabernetan apustu-makinak daude, internetez ere joka liteke erruletan, ordu txikietako telebista saioak ere eskaintzen dute trabes egitea.


Beti aberastasun promesa faltsuekin, zoriontasun eskuragarria krisi sasoi larri honetan. Droga moduko bat, menpekotasuna sortu samatik ondo oratuta eduki gaitzaten. Sistema honen beste tranpa bat; askatasun ekonomikoaren izenean, posturen esklabotza.


Kantuak esan arren bizitza tonbola bat dela, zorizko jokoak sekula ez dira errenta!

Argian

Beix koloreko Euskal Herria

Leire Narbaiza 2017/07/16 12:55
Gipuzkoako Hitzan 2017ko uztailaren 14an argitaratua

Beixa
Beixa da Zumaiako horma. X10-en argazkia


Ez dakit herriek kolorerik duten, eta izanda ere, badakit ezin daitekeela orokortu, giza-taldeak heterogeneoak direlako, denetatik dagoelako eta tar, tar, tar... Ezaguna dut diskurtsoa, nik neuk ere praktikatu dudalako. Baina ez gaitezen engaina, margotu izan balute gure herria, eta bertako guztiok, emandako ikuspegi nagusia beixa izango zatekeen.


Askok usteko dute hanka sartu dudala, esango didate Euskal Herriari ondoen datorkion kolorea grisa dela. Nik ere hori pentsatzen nuen, baina grisa —gure arbasoendako urdina— erraz molda daiteke, belztu, zuritu edota alaitu. Ia kolore guztiekin dator ondo eta gama zabala du. Margo alai baten ondoan jarrita, erraz piztu eta alegre bihurtzen dugu. Gainera, janzteko orduan ere, dotore askoa da, elegantea.


Beixa, ostera, graziarik gabeko kolorea da, kolore motela. Beix argia bada, zuri zikina dirudi, distira bakoa; ilunagoa bada, marroira ere ez da iristen, eta marroia benetan kolore zatarra da! Beraz, zatarra izateko ere falta zaio, txepela eta gatzgabea delako. Hori gutxi balitz, konbinatzeko orduan ere ez du emaitza onik ematen, eta bere gamakoekin bakarrik ezkontzen da ondo. Hori dela eta, alegrantzia gutxi emango digu tonu honek.


Gainera, beixa diskrezioaren sinboloa da. Diskrezioarena baino, diskretukeriarena. Diskrezio kontu honek ez nabarmentzea esan gura du, masa izatea, denon modukoa. Status quo baten lagatzea guztia, betiko moduan, ezer aldatu barik. Uste dut ez dela kointzidentzia, Harrotasun LGTBIQ+eko martxa eta desfileetan kolore aniztasuna izatea ikurra, bandera ere ostarkuarena da, funtsezko zazpi koloreak dituena, zuriaren argiaren deskonposizioa dena. Kolore guztiak, alegia. Beixik ez duzue aurkituko aldarrikapen hauetan!


Beste alde batetik, beixa paisaiarekin mimetizatzeko tonua ere bada. Bestela galdetu Zumaiako udaletxean, ea zenbat litro pintura beix gastatu dituzten Erribera kaleko horma zatitxo horretan! Idazten ari naizen unean 46 mural eginda dituzte, eta beste horrenbeste estali gure gaurko kolorearekin. Tira, ia edozein herritan da arrunta pintura hau horrelako adierazpenak tapatzeko. Gogoratu, bestela, Mikel Laboaren omenez Antiguan egindakoa zelan ezabatu zuten: pintura hori berori erabilita. Hortaz, esan genezake beixa dela adierazpen askatasuna orbaindu eta lausotzen duena, ezta?

Zumaiako horma beixa

Baina zergatik egokitu diot kolore hau Euskal Herriari? Bada, hemen, arestian esan dudan legez, diskretu izatea bertutea delako, ez nabarmentzen irakatsi digutelako. Serio eta formalak izaten, langileak. Etxe askotan lelo hau ikasi dute: ikusi, entzun eta isildu. Hori baino irakaspen zapaltzaileagorik!


Era berean, oso beixa izatea begitantzen zait niri Ibarretxek esan zuena hauteskundeak irabazi ostean: “eta bihar 8etan, lanera”. Hori da gure estiloa, txindurritxoak izatea, berakatzak baino finagoak, nabarmendu barik, alaitasun kontrolatuan!


Batzuek nahiago genuke gure herrialde hau morea balitz, berdea, gorria, edota nabarra (baina ez arrea, koloreaniztuna baino), ostarkuak margotua, aldakorra, distiratsua, alaia, bizia. Beixak, ostera, erdipurdikokeria baino ez dakar, arrisku bariko bizitza, imajinazio bakoa.


Badakigu beixtasunak emandako bizitzak ez dakarkigula sorpresarik. Baina nork nahi du sorkuntzarik gabeko mundua? Bris-bris egiten ez duena, uniformea eta graziarik ez duena? Nik, behintzat, ez!

Gipuzkoako Hitzan

Doan, ordaindu gabe!

Leire Narbaiza 2017/07/02 23:46
Gipuzkoako Hitzan 2017ko ekainaren 30ean argitaratuta

 

Pasa den ostiralean lankide (eta lagun) batek artikulu baterako gaia proposatu zidan: euskara ikasteagatiko diru-laguntzetan zehar ez galtzeko gida. Nik esan nion artikulu bakarrarekin ez zela nahikoa, anabasa hori ulertu eta dominatuko zuenik oraindik ez delako jaio. Izan ere, txolopote ikaragarri honetan Eusko Jaurlaritzak, Diputazioak (ez denak, eta ez modu berean) eta udalek hartzen dute parte! Gainera, udal bakoitzak berea du! Batzuek ez dute, beste batzuek osorik itzultzen dute diruak, beste batzuek zati bat,... Imajina ditzakezuen barietate guztiak eta bat gehiago daude halakoetan. Labirinto esatea labur geratzea da. Guk, honen aurrean, doakotasuna aldarrikatze dugu, jakina.


Hori ostiralean. Eta larunbatean gosaltzen goza eta gozo nenbilela, egunkari eta guzti, hara non Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeari (eta lankide ohiari) egindako elkarrizketan hauxe irakurri nuen: “Doakotasunarena erabilerari lotua dago: erabilera areagotzeko, jende gehiago behar da.(...) Maila gainditu behar da: diru publikoa delako, seriotasunez. Aprobetxamendua nahikoa dela diote batzuek, baina, euskaltegira joanda, lan apur bat eginda, gainditu daiteke. Arazoa da doakoa denean huts egiten hasten dela jendea.” Ejem! Ez dut ulertzen doakotasuna erabilerari lotuta dagoen kontu hori, baina, tira! Esango nuke Dobaranek aspaldi ez duela klaserik eman, B2rik ez zegoenetik, gutxienez! Azterketa ez da euli kaka, horratio! Azkarra izan beste erremediorik ez dirua jasotzeko!


Segi dezagun aurrera. Kazetariak galdetu dio ea nork ordainduko duen. Sailburuordearen erantzuna: Bagabiltza negoziatzen. Erakunde guztien artean lortu behar da. Leku askotan badago: B2 arte doan ikas liteke euskara. Orain nahi dugu erakunde guztiek bat egitea, eta esatea: «Bermatuko dugu B2 arteko doakotasuna maila gaindituz gero, eta, hala ere, manten daitezke beste beka sistema batzuk»”.


Ai, ene! Doakotasun hitzari esanahia aldatu dio Euskaltzaindiak, ala? Ez, hala definitzen du: Doakoa denaren nolakotasuna; doakoa izatea. Tira, agian “doako” berba dago kanbiatuta. Ez, bada! “Ordaintzen ez dena” definitzen du Hiztegi Batuak! Urririk, dohainik, doan, debalde, musu-truk dena, alegia. Txakur txikirik jarri barik lortzen dena. Zuen doakotasuna ez da doan, aldez aurretik ipini behar delako dirua. Eta askok ezin dute dirua aurreratu; etorkizun baten, azterketa gaindituz gero, urte batzuetara, agian, aurretiaz jarritako dirua itzuliko dieten esperantzan. Tartean, aldaketa politikorik ez badago, diru barik gelditu ez badira,.... Hau guztiau gertatu da eta.


Baina irakurtzen segitu eta perla hau topatu dut, komunikabideei dagokienez: “diru publikoarekin gabiltzanean, ikusi behar da eraginkorrak diren.” Apoteosia! Zer iradokitzen digu? Batetik, euskaltegietako ikasteak ganorabakoak direla, doan jarriz gero ez direlako joango. Eta bestetik, komunikabide euskaldun batzuek ez dutela ezertarako balio! Ederki! Diru publikoa txukun kudeatzen du gobernu honek euskarari dagokionean. Baina zer gertatzen da gaztelaniarekin? Hor bai dirua gastatu, debalde baita gaztelania ikastea EAEn, eta Hezkuntza sailak ordaintzen du. Horiek joaten ote dira beti?


Egia esan, euskararekin beti dago aitzakia, beti delako dirua gastatzea eta ez inbertitzea. Gero hala doakigu. Tristea!

Gipuzkoako Hitzan

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua