Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Ustezko

Leire Narbaiza 2017/06/26 16:28
Argia aldizkarian 2558. zenbakian argitaratua

Albistegiak delituz eta salaketaz zamatuta iristen zaizkigu begi-belarrietara. Urliak lapurretan egin omen duela; ustez Sandiak iruzur egin diola ogasunari... Omen, ei, bide, ustez, antza, itxuraz, dirudienez, agidanez, nonbait.

Hanka-puntetan dabiltza kazetariak inor ez mintzeko (beti ere euskalduna ez izatekotan mindua). Edota demanden beldurrez, sekula ez dago jakiterik-eta.

Ustezkokeria hau, baina, hedatu egin da; behar ez zen lekuetara, gainera. Ustezko bortxaketa, eta ustezko eraso sexuala errepikatzen dituzte mantra baten moduan. Ustezkoak atxilotutakoak dira epai batek kondenatu arte; ez, ostera, delitua, sekula ez ustezkoa. Halakorik ez da gertatzen lapurretekin, esate baterako. Salatutako lapurretak lapurreta dira, eta kitto!

Beraz, ustezko erabilita zalantza jartzen da erasoa eta emakume salatzailea. Andrakumeon berbak ez duelako balio, poliziak berak norbait atxilotu arren. Komunikabide askok ez digute sinisgarritasunik ematen andrazkooi halako denuntzia bat egiten dugunean. Antzina ere ezin ginen epaitegietan lekuko izan, adibidez. Historikoki emakumeen esana gutxietsia. Beti, antza, justiziaren izenean. Itxuraz, egiaren mesedetan, emakumeok ustezko gezurtiak baikara.

Argian

Euskara bihotzean?

Leire Narbaiza 2017/06/21 16:18
Info7 irratiko Gureaz Blai saioan emititutakoa 2017ko ekainaren 20an, Egin Kontu atalean

Eusko Jaurlaritzak abian jarri du euskararen erabilera sustatzeko kanpaina berri bat. Iragarkietarako-eta aukeratu duen leloa hauxe da: Euskara bihotzetik ezpainetara. Eslogan honen antzeko batzuk erabili izan dira azken hamarkadotan, ezpaina beharrean mihia eta ahoa aitatuta, baina bihotza beti lehenengo zatian.

Nire zalantza da, baina, bihotzean daramagun euskara. Edo hobeto esanda, batzuek benetan maite duten euskara.

Pasa den astean Eusko Jaurlaritzako sailburu bik hori erakutsi ziguten. Aspiazuk eta Beltran de Herediak. Aspiazu Ogasun eta Ekonomia sailburua da, eta ezagutzen ez zuenak ere ezagutu du “desazelerazioa” berbari esker.

Ez diot barre egingo Aspiazuri hitz baten kateatu delako, ezinesana eragin diolako, ederra naiz, bada, ni aho-korapilatze kontuetan. Arazoa da, krisi betean zegoela “aceleración” bota zuela inongo arazorik barik, ahotrabatu barik. Horrela, bere hizkuntza nagusia zein den erakutsi zuen, gaztelaniaz zatia hobeto moldatzen dela, alegia. Euskara bihotzean edukitzea ote da hori?

Bestalde, Estefania Beltran de Herediak ere ederra bota du egunotan: ertzainak ezin izan direla euskaltegira joan ETArengatik, eta euren lekuan jartzeko! Makaleko pieza!


SATIRITA BAT, MINA ZORROZTEKO: "Estefaniatxu, eta euskararako idazlana?". "Nik egin dut e, ira, baina eske... eske... ETAk jan dit!" pic.twitter.com/CEAiuExmMD

— h28 (@H28aldizkaria) 2017(e)ko ekainak 16

Sutu egin nau adierazpen honek. Batetik, inoiz ez delako inor euskaldunon lekuan jartzen gure hizkuntza eskubideak zapaltzen direnean. Orduan, hor konpon!

Bestetik, gezur galanta esan duelako. Aspaldi dabiltza ertzainak euskaltegietan, nik neuk izan ditut hainbatetan gelan.

Gezur hori, baina, ez da bakarrik egia ez esatea, euskaltegiak kriminalizatzea ere bada. Horrela esanda, badirudi gure zentroetan pistolekin ibili garela, edota ideologia konkretu bateko ikasleak baino ez direla matrikulatu. Honek erakusten du oso gutxi ezagutzen duela Beltran de Herediak gure jarduna, ezagun du euskaltegirik ez duela zapaldu. Berari ere, agian, ETAk eragotzi zion euskara ikastea.

Indarkeria giroa aitzakia perfektua da ezkutatzeko Ertzaintzaren lehenengo erabilera plana 2014koa dela. 1982an sortu zuten, beraz 30 urte baino gehiago hizkuntza politika penagarriarekin. Izan ere, plangintza ez izatea hizkuntza politika egitea da, txarra eta kontrako. Hala ere, eskatuko digute euren lekuan jartzea, isunik ez badigute jartzen, behintzat, autoritateari men ez egitegatik; izan ere, horrelakoak gertatu izan dira.

Horregatik, Estefania Beltran de Herediak eta bere sailekoek euskara bihotzean daramatela esango dute, asko maite dutela gure hizkuntza. Baina zalantzan jartzen dut nik, zerbait maitatzeak beste modu baten jokatzea dakarrelako. Horrela ulertzen dut nik, behintzat, maitasuna.

Loteria, soldatak eta duintasuna

Leire Narbaiza 2017/06/18 12:12
Gipuzkoako Hitzan 2017ko ekainaren 16an argitaratua

“Lan egin barik bizitzeko, zenbat diru tokatu beharko litzaiguke loterian?”. Halako itaunak egiten dizkiegu ikasleei euskaltegian, berba egin dezaten, mintzamena lantzeko; beti ere testuinguru baten, jakina. Gogoan dut halako galdera bota nien azkenekoan, milioi bat euro irten zitzaigula zifra adostua. Milioi garbia, zergak ordainduta. Gure kalkuluak halakoak izan ziren: 200.000 euro inguru etxebizitza bat erosteko, 1.200 euro hilean jaso, eta berrogei-berrogeita hamar urte bizi. Tartean, “kapritxoren” bat: auto bat erosi, amaren etxean leiho berriak ipini, edo ahoa ganoraz konpondu. Egin kontuak, ez da asko geratzen hasierako milioi horretatik.

 

1.200 euro jarri genizkion geure buruari. Soldata minimoa zelakoan, oinarrizko gastuak bete zezakeena, baina gastu larregi barik. Beharbada, ez du ematen askorako, baina handikeria gabe jokatu nahi genuen kontuak egiterakoan. Ez  dezagun ahaztu loteria irabazleen rolean jarri ginela. Irabazle xumeak esango du norbaitek, besteren batek irabazle triste handinahi bakoak. Hipotesiak lantzeko zoragarria. Bizitza errealean, ostera, irreala.

 

Izan ere, hori eskatzen dute, besteak beste, Bizkaiko zaharren egoitzetako beharginek: 1.200 euro garbi hilaren amaieran. Luxua, alajaina! Luze doa gatazka, ordea. Iaz ere grebak egin zituzten, eta aurten apiriletik daude huelgan. Gaitza da euren borroka, sektore marjinatu biren kontuak daudelako mahaigainean. Alde batetik, zaharren zerbitzuan daude, gure gizartean baztertutako talderik badago nagusiak (ez aitita-amamak, mesedez) dira, karga hutsa bihurtu direlako, gastu handia dakarkigutelako eta ez dutelako balio produkzio mundu honetan. Eta bestetik, langileak eurak. Guztiz feminizatutako sektorea, tradizionalki emakumeon betebeharra izan dena. Zaintza da rolen banaketan “tokatu” zaigun lana, askotan kobratu barik egiten dena, sozialki inongo prestigiorik ez duena, imajinario kolektiboaren arabera prestakuntzarik ere behar ez duena, andrazkoon genetikan txertatuta baitator, horretarako jaio baikara. Zaila dute!

 

Zaila, ukitzen dituen kolektiboengatik ez ezik, azpikontratatutako beharginak ere badirelako. Gizarteari ematen diote zerbitzua egoitza hauek, zergak ordaintzen ditugunok pagatzen ditugu zentruok, eta tarteko enpresek ere etekinak atera behar. Tartean, dirua galdu, zerbitzu merkeagoa ordain, publikoa izan beharko litzatekeen zerbitzuan, diru-itogina infinitua; beraz, langileendako sos gutxiago.

 

1.200 euroko soldata eskaera hori zorakeria irudituko zaio Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari. Emakume honen arabera 650 euro nahikoa da bizitzeko. Baina ez digu azaldu zergatik, orduan, berak 7.000 eurotik gora irabazten duen. Nahikotasuna bider hamar jasotzen du-eta! Adierazpen horiek bere kontra itzul genitzake, eta iradoki genezake larregi kobratzen duela, diru publikoa alferrik xahutzen dela bere soldatetan.

 

Horregatik, sailburu honen kastakoek pentsatuko dute egoitzetako zaintzaileek eskatzen dituzten lansariak lortuz gero, pribilegiatuak direla langile hauek. Baina jarriko nituzke egoitzetakoen beharra egiten, Artolazabal 650 eurorekin bizitzera behartuko nukeen bezala. Horrela jakingo lukete zein den errealitatea. Ikasiko lukete hala bizitzea ez dela loteria, askori hori tokatu bazaie ere!

Gipuzkoako Hitzan

Guardia Zibilla

Leire Narbaiza 2017/06/11 19:35
…eta kitto! aldizkarixan argitaratuta 2017ko ekaiñaren 9xan

Eibarren, herrixan, berdegune klase bi dakaguz: berdez pinttautakuak, eta Guardia Zibillaren kuartela, Egigurentarren kalian. Arbola gitxi dittugu, uniforme berde larregi


Toki edarra okupatzen dabe todo por la patriakuok, zezen-plaziakin batera.


Eibarren aspaldittik dagozen arren, oin zegaittik segitzen dabe hamen? Lehen, bildurra eragitzen ez zebizenian, probaderuan armak zaintzen zittuezen. Star itxi zanetik, eta armak entregau, zertarako dakaguz? “Euskal” berbia daken kartelak kentzeko? Kuartel inguruan aparkau gura dabenak molestatzeko? Gasolinia gastatzeko bueltak emoten patrolekin? Ze funtziño betetzen dabe Eibarren? Zer “zaindu”?


Izan be, euren ate pareko negozixuetan lapurreta nahikotxo izan dira azken boladan, baiña eurak ez ei dira konturatu, mutur aurrian izan badira be. Lapurrak uxatzeko be ez badabe balio, zer egitten dabe gure herrixan? Ez da nahikua Ertzaintza eta polizia munizipalarekin?


Polizia nazionala be juan zan aspaldi baten. Hárek be urtiak emonda herrixan, baiña iñungo penarik barik esan gentsen agur. Txapelokerreri be gustora esango detsegu adixo. Nahi izan ezkero, jaixa be antolatuko detsegu. Baiña egin daixiela ospa, lehenbailehen. Zona berde hori benetako berdegune bihurtu deigun, arbola eta landariekin, uniforme eta pinttura barik!

…etakitto!-n

 

 

Kaleko kontu bitxiak

Leire Narbaiza 2017/06/07 17:21
Gaur eguerdian kontu bitxi batzuk gertatu zaizkit, oso denbora gutxian, eta bata bestearen atzean. Hari ikustezin bat badute, eta harilkatzen ahaleginduko naiz, geratu zaidan gorputzaldi eskasa testuan josteko.

Eskaparate bati begira nengoen, eta ondoan emakume heldu bat eta mutil gazte bat. Nahiko ozen berbetan, edukazio maila gutxikoak ziruditen. Biak zuri eta bertakoak, baina itxuraz diru gutxikoak. Beste aldean, neska batzuk, bata hiyaba buruan zuela. Neskak mugitu egin dira, eta emakume helduak zerbait esan du. Hiyabdunak erantzun eta andreak "Esa mora qué me va a decir". Nerbioak dantzan, "orain hemen montatu behar da!" pentsatu dut.

Hurbildu egin naiz, badaezpada ere. Gertu, adi eta jagoten geratu naiz. Igarri dut nire moduan beste emakume bat ere bazegoela egoera behatzen, hiyabdunaren defentsan irteteko prest. Bete emakume zelataria ere zuria zen, eta markako boltso garestia zeraman, pija estiloa ere bazuela esango nuke. Ikaragarri poztu nau beste bat ere ikusteak alerta egoeran, ezer gertatuta ere ez nintzela bakarra izango.

Kontua da, andre helduak arrio egin duela eta semearekin berbetan zebilela esan diola musulmanari. Hor geratu da kontua, eta bakoitza bere aldetik joan gara, arnasa luze hartuta.

Aurrera egin eta hadik 20 metrora non gelditzen nauen mutil gazte zuri potxolo batek, aingeru aurpegia duen horietakoak, ortodontziak lortutako hortzeria perfektua irribarrean ageri zuela. "Perdona, me llamo X, y soy nuevo en esto. ¿Me prestas dos minutos?". Begiratu dut eskuan zer zeukan eta Save the Children erakundearen karpeta!. "Uf ‑esan diot euskaraz- ez, ez zait interesatzen". Berak euskaraz "Baina utzi kontatzen". Nik, atsegin baina mozten "ez dizut denbora galarazi nahi, ez naiz egingo bazkide". Eta ospa egin dut. Bere lankide bat ere bazebilen beste neska bat konbetzitzen. Aurrera egin dut.

Kale bat aurrerago mutil beltz eta eder talde bat sinadurak biltzen. "Contra la ablación, guapa" esan dit batek. Segundo baten ehunka gauza pasatu zaizkit burutik, eta ez dut sinatu. "Ahora no, tengo prisa" (ez zen gezurra). "Otro día" erantzun dit. Baina ze kanpaina da hori? Nori emango dizkiote sinadurak? Zer lortu nahi dute nire datuekin?

Bitartean, kale bazterrean ijito itxurako gizon bat lurrean jesarrita eskean, kartel handi batekin: Vivo en una chabola y tengo tres hijos. No tenemos ni luz, ni agua. Acepto comida". Bihotza apurtu dit, eta lanera joan behar izan ez banu, berarengana joango nintzen zer janari behar zuen galdetzera.

Itzuli naiz geroago, baina eskalea ez zegoen. Firma biltzaileak ere ez. Jakin-minez geratu naiz, eta lagundu nahian. Baina ezin. Hustasuna sentitu dut. Ondoeza eta tristura

Hauxe da gure herria, lagunok: aniztasuna eta elkartasuna; pobrezia eta dirua; mundua konpondu nahia, baina albokoen gabeziak ahaztuta. 

Gure ume hilak

Leire Narbaiza 2017/06/04 19:08
Gipuzkoako Hitzan 2017ko ekainaren 2an argitaratua

Orain laurogei urte beste lau mila umerekin batera, gure aita ebakuatu zuten Frantziara Goizeko Izaŕa itsasontzian. Hiru urte zituenez, eta anaia txikiago bat, amarekin joateko suertea izan zuen. Horregatik, bera eta osaba ez dituzte inon gerrako umetzat aitortzen, lagunduta joan zirelako.

Beste bost izeko-osaba ere eroan zituzten Belgika, Ingalaterra eta Frantziara. Amamak zortzigarren bat ere bazeukan, baina hemen laga behar izan zuen, Gorlizko ospitalean, gaixorik zegoelako poliomielitisak jota. Ezin dut imajinatu zer izan behar den ama batendako halakorik bizitzea: umeak Europan barreiatuta, gerra baten erdian, jakin barik berriro ere ikusiko zituen; eta hala fortunatuz gero, noiz eta zelan. Latza, oso latza.


Hala ere, sufrimenduak sufrimendu, denak itzuli zituzten Euskal Herrira. Argi dut, abaro eman zieten herrialdeetan borondate hori izan ez balitz, gutako asko ez ginela jaio ere egingo. Hala da! Horregatik ezin dut ulertu zelan ez dioten behingoz konponbidea ematen errefuxiatu eta migratzaileen tragediari. Aylan Kurdi Turkiako hondartza baten itota agertu zenetik ez dira urte bi pasatu, eta kalkulatzen dute mila eta bostehun hil direla Mediterraneoan, berrehun aurten. Gure familiakoak bezala gerratik ihesi, bizimodu lasaiago baten bila, hazteko, jolasteko, eskolara joateko.

Aylan

Gure gobernuek eta Europar Batasunak beste alde batera begiratzen duten bitartean, komunikabide askok fokua jarri dute beste ume hil batzuengan, Manchesterkoengan, alegia. Hogeita bi hildako Ariana Granderen kontzertuan bonba bat lehertu zutelako. Biktima hauetako hamaika hogei urtetik beherakoak ziren. Euren izen-abizenak, aurpegiak, zaletasunak ezagutu ditugu. Zenbait komunikabidek “gure haurrak” deitu die britainiar txiki hauei. Aylan baino gureago, antza.


Egia da, zirrara eragiten duela gaztetxo horien zerrenda ikusteak, baina “gureak” direla esatea larregi iruditzen zait. Aurreko baten idatzi nuen moduan, Siriako umeen begirada ikusten dudanean, Goizeko izarra eta Habana itsasontzietan partitutako senideen begi beltzak ikusten ditut, neure-neureak, gureak, berba baten.


Gureak, diogu, kanpoko ume hil horiez jardutean. Biolentzia jasandakoak, gerra eta mundu injustu honek eraildako haurrak. Baina Mediterraneoan itotakoak edo Manchesterren zartatukoak benetan dira urrunekoak. Gure herrian, Euskal Herrian ere hil dira eta. Ez dira ihesean itsasoan ito, ez die inork bonbarik jarri. Pobreziak eta marjinazioak hil ditu Bilboko Zorrotza auzoan ume bi eta gurasoak. Suak kiskali die etxe zaharra.


Neure buruari galdetzen diot ea inork bilbotar txiki horiengatik “gure umeak” esango duen. Ziur nago ezetz. Etxea zonalde degradatua zegoen, orain ia bi urte Bilboko udalak konpromisoa zuen hartuta bertako desegituratze soziala aztertzeko eta beharrezko neurriak hartzeko. Baina berba bete barik etorri da desgrazia eta familia oso baten heriotza.


Bilboko ume hauen izenik eta erretraturik ez dugu ikusiko komunikabideetan. Horregatik, ziur nago ez dela dolu ekitaldi masiborik izango, etxe degradatuetan bizi diren umeek gutxi inporta dutelako, oro har. “Gure umeak” dioten titularrik ez dugu ikusiko, bertakoak izan arren.


Batzuetan, gure hirietako auzo pobreak Manchester baino urrunago daude, zoritxarrez!

Gipuzkoako Hitzan

Save

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua