Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Euskara Lapurdin, bisitari baten begietatik

Leire Narbaiza 2017/04/27 16:55
2017ko apirilaren 27an Info7 irratiko Gureaz blai-ko Egin kontu-n aireratua

Aste Santuko egun batzuk Lapurdin eman ditugu, bertako edertasunaz gozatzen. Paraje zoragarriak, herri ederrak eta etxe politak ikusi ditugu. Ezagutzen genituen lekuak berriro bisitatzen, eta toki ezezagunak deskubritzen. Gozatu hutsa!

Hizkuntzari ere erreparatu diogu, nola ez! Ibili garen lekuetan, behintzat, ia seinale guztiak elebidun zeuden. Bistatzeko leku askotan ere emandako paperak eta panelak euskaraz zeuden, eta euskara onean, gainera. Horrekin ere konturatu ginen. EAEn, esaterako akatsak eta hanka sartzeak oso arruntak izaten dira, eta itzulpenak traketsak. Guk aurkitutakoak, ordea, ederki zeuden.

"Alde orotara" modu erraz eta eraginkorra norabide/noranzko korapiloari.
"Alde orotara" modu erraz eta eraginkorra norabide/noranzko korapiloari irtenbidea emateko.

Onerako harritu gaitu horrek; izan ere, aldaketa sumatu dugu, onerako hori ere. aspaldian euskara ikusi ere ez zen egiten-eta.

Ahozkoan, oztopo gehiago izan ditugu. Ahalegindu izan gara euskaraz eskatzen, baina ez da posible izan kasu guztietan. Batzuetan ulertzeko gai baziren, baina berba egiteko ez. Dena den, jarrera oso positiboa aurkitu dugu, EAEn sarriegi gertatzen ez dena: no te entiendo modu txarrean erantzun izan digute herri nahiko euskaldunetan. Egun hauetan, aldiz, beti adeitsu. Edukazio kontu bat ere ba ote da?

Baina gutxien gustatu zaiguna izan da euskara=espainiarra identifikazioa. Askotan gertatu zaigu euskaraz eskatu eta zuzenean español esatea eta gaztelaniaz segitzea. Amorrua! Euskara izango ez balitz bezala Lapurdiko hizkuntza propioa! Badakit askok kortesiaz egiten dutela, gaztelaniaz ere badakitelako gutxienez zertxobait, baina askotan ez da gure frantsesa baino hobea izaten, gu frantsesez ere moldatzen baikara.

Nire arrangura, ostera, ez da frantsesa ezin izan dudalako praktikatu. Haserrea eragiten dit oso kezkagarria deritzodalako kontu honi. Azpian gauza asko dauzka. Batetik, badirudi euskara gureganatu dugula Hegoaldekook, guretu egin dugula, eta Ipar Euskal Herrikoak  desjabetu egin ditugula, titularitatetik kendu. Hegoaldekoona dela, batez ere gipuzkoar eta bizkaitarrena.

Bestetik, esan gura du bertako ia inork ez duela erabiltzen halako inguruetan. Ez eskatu, ez galdetu. Tristea benetan. Baina jasandakoa jasan eta gero normala ere bada. Egoera tamalgarria, benetan.

Errua ez da inorena eta denona da. Baina oraindik buelta emateko modua dagoela iruditzen zait. Nola? Gaitza, baina lehenengo pausua elkar bisitatzea da, elkar ezagutzea. Eta, jakina, beti euskaraz.

Gal diezaiogun mugari beldurra eta Espainiarantz gutxiago joan eta gehiago Euskal Herri kontinentalera, horrela ere herria egiten baitugu.

Hemen Info7n

Sehaskak, sabelak eta bihotzak

Leire Narbaiza 2017/04/22 12:55
Gipuzkoako Hitzan 2017ko apirilaren 21ean argitaratua

Benetan ez zaizu sartzen sehaska bat etxean? zuzen-zuzen galdetu zigun nonahi Bizkaiko foru diputazioak egindako iragarkiak. Helburua zen abegi-familiak lortzea aldundiaren babespean dauden adingabeendako. Pasa den astean iragarri zuten oraindik ere familia beharrean daudela ume hauek aterpetzeko, kanpainak ez duela nahi beste eragin, zoritxarrez.

Kuma

Hego Euskal Herrian 2016ko amaieran aldundiek eta Nafarroako Gobernuak emandako datuak zenbatuta, 2.220 haur eta nerabe zeuden erakunde horien tutoretzapean. Datua ikaragarri altua begitantzen zait. Harrera familietan 992 besterik ez, erdia baino gutxiago. Horregatik, Bizkaiko diputazioak Gipuzkoakoaren bideari jarraituko dio eta familia profesionalak ere izango dira ume hauek babesteko. Hau da, familia batzuek soldata izango dute ume hauen kargu egiteagatik. Nafarroako gobernuak ere legez onartu du neurri hau, baina oraindik ez du martxan jarri.

Sehaska batendako lekua. Esloganak zeharo harrituta laga ninduen; izan ere, ume baten ardura hartzea sehaska batendako lekua izatea baino gehiago da. Nahiko friboloa ere iritzi nion. Harrera-familia izatea ez delako tontakeria, seme edo alaba biologiko bat edukitzea kuma kokatzea baino gehiago den moduan. Gainera, odol bereko seintxo batez erditzeko ez da behar inongo baimenik. Bai, ostera, harreran hartzeko. Azterketa-miaketa pasatu eta formazio ikastaroa egin behar da. Sehaskarako lekua baino, denbora, ordutegi egokia eta egonkortasuna ere behar dira. Gogoa ez da nahikoa.

Horregatik ez dut ulertzen nolatan guraso izan nahi duten pertsona askok gastatzen duten hainbesteko energia, denbora eta dirua atzerrian umeak adoptatu nahian, jakinda hemen ere badaudela haur babesgabeak, behar gaituztenak. Egia da adin txikiko horiek ez dutela seguruenera ordezko gurasoen abizenik eroango, zaintzaile horiek ez dutela inoiz ziurrenik guraso-ahala edukiko. Baliteke egunen batean bere familia biologikora itzultzea, baina beti izango da umearen onerako, gizartearen aldeko lana. Arazotsuak ere izan litezke, bai. Baina adoptatutako seme-alabekin ere gerta liteke, biologikoekin gertatzen den bezala.

Beharbada, horregatik ez dut oso ondo konprenitzen zerk bultzatzen dituen alokairuko sabelen bidezko ugalketara bideratzea euren guraso-nahia. Hainbesteko esfortzua eginarazi beste pertsona bati –diru-truke, beti ere– norberaren geneak transmititzeko? Ez zait buruan sartzen.

Bai, bolada betean dabil gaia nonahi. Guraso izan nahi duten horiek aitatzen dute inkubatzen duen emakumeak eskuzabaltasun hutsez egiten duela. Uler nezake familiako norbaitek bere burua eskaintzea maitasunagatik, edo lagun-min batek, giltzurruna batzuek ematen duten moduan. Baina ezezagun batek? Bederatzi hilabete zaintzen oso zorrotz, debeku askorekin, hasierako zorabioak eta botagurak jasan, tripa handitzea, pisua hartzea, gorputz aldaketak, orkatilak puztea, azaleko orbanak, hormona aldaketa bortitzak, mokorretako hezurrak zabaltzea, erditzea, episotomia, puntuak, esnea igotzea, titi puztuak, esnea moztu behar izatea,... Kontuan hartu barik emakumeek erditzean edukitzen dituzten arrisku larriak. Gaitza zait sinistea, benetan. Negozio usaina du horrek.

Horregatik ume larregi babes faltan egonda, eta nagusi gehiegitxo maitasuna eman nahian, sehaskendako lekua bilatu beharko genuke denon artean; etxeetan ez ezik, bihotzetan ere.

Gipuzkoako Hitzan

Udaberriko egun hauek

Leire Narbaiza 2017/04/07 20:57
Gipuzkoako Hitza-n 2017ko apirilaren 7an argitaratutakoa

Umetan udaberria izaten zen gure idazlanetako gaia. Irakaslea gelan sartu eta esaten zigun urtaro honen gainean idatzi behar genuela. Imajinatzen dut orrialdeak lorez eta txoriz beteko genituela, baita ostarkuz ere, jakinekoa baita sasoi idealizatua dela.


Agian horregatik, martxoaren erdi aldetik aurrera kantatzen dugu ahots betez Zea Mays-en “Negua joan da ta”, arao bat balitz legez, jakin dakigulako oraindik ere hotza, haizea eta ekaitzak jasan beharko ditugula.


Euskal Herrian aurtengo udaberriko egun hauek inoiz baino udaberriago direla esango nuke. Primadera garai nahasia da, baina, era berean, esperantzaz betea. Sentimenduak azal-azalean dauzkagu. Halaxe gaude motibo askoregatik. Aurten Korrika urtea ere bada, gainera.

Korrika ostarkua
aek-Korrika

Bai, Korrika dabil gure errepideetan, eta zoro kuadrilla horrek antxitxiketan egiten duen bitartean, besteoi begiak betetzen zaizkigu malkoz, gure hizkuntzaren alde etengabe norbaitek diharduela edozein txoko galdutan pentsatze hutsarekin.


Malkoak eta sentimenduak ere azaleratzen zaizkigu udaberri guztietan Durangon eta Otxandion. Aurten, batez ere, bonbardaketen laurogeigarren urteurrena oroitu -ez ospatu, mesedez!- dugulako. Durangaldeko ekitaldiez gain, aurten lehenengoz omendu dira euren etxe eta herrietatik, Gipuzkoatik, frankistek egotzi zituztenak, batez ere emakume eta umeak. Hauena estali eta makillatutako sufrimendua izan da luzaroan, andreak eta haurrak izanda errazago zela, edo gutxiago interesatu delako, beharbada. Ihes egin zutela esaten zen, baina bota egin zituzten, goian zerua eta behean lurra. Begi ertzetan malkoa, berriro ere.


Durangoko 80. urteurrena
Txelu Argoitiaren argazkia


Eta sailean etorriko zaizkigu beste bonbardaketa eta erreketen konmemorazioak: Eibar, Elgeta, Elorrio, Gernika, Bilbo,... gerra galdu izanaren oroitza. Horrela urterik urte. Negarrik negar.

Baina bedatse honek izango du malkoak xukatzeko aukera emango digun ekitaldi ezin garrantzitsuagoa, bihar bertan Baionan. Bakearen Artisauek lortuko dute lortzeko gaitza zirudiena, berritasun itxaropentsu bat. Izan ere, Euskal Herri kontinentaleko euskaldun hauen inplikazioari Bake artisauen ikurraesker beste urrats bat emango da aurrera. Begira diezaiogun ekitaldiari begi espainiar edo frantsesekin: Espainiako barne arazo bat, Frantziako hegoaldea zipriztintzen zuena, eta konponduko da esku hartu dutelako frantses batzuek, arazoaren parte ez zirenak. Dena musu-truk! Gratis et amore! Bitxia bada, behintzat. Euskaldunon begiekin begiratuta, maistraki egina. Ezinbestekoak zaizkigu artisauok.


Gainera, aurkitu dute modu irudimentsu bat desarmea gauzatzeko, estatuetako arduradunek ezingo diotenari ezetzik esan, orain arte bezala. Armak entregatuta, irudikatuko da bakearekiko konpromiso irmoa. Historia ilun eta hits baten amaieraren azken aurreko urratsak. Hemen ere begiak lausotuko zaizkigu, emozioz, batez ere falta ditugunak gogoan.


–Eta bitartean, aitatutako ekitaldi eta oroitza guztiak egiten direnean, zoro batzuek jarraituko dute korrika kilometroak egiten Euskal Herriko edozein bazterretan euskararen alde–.


Eta segituko dugu kantatzen “Negua joan da ta” udaren esperoan, lore eta txoriz beteko zaigulakoan esperantzaren leihoa, jakin arren oraindik ere elurra egin lezakeela, hotzak eta ekaitzak eraso liezagukeela, udaberria beti delako urtaro nahasia.

Gipuzkoako Hitza-n

Korrikia

Leire Narbaiza 2017/04/07 10:55
2017ko apirilian 7xan ..eta kitton azaldutakua

Gabian pasauko da Korrikia Eibartik. Zelako emoziñua! Baiña, lagunok, Korrikiak emozionatzeko eta antxitxiketan egitteko baiño gehixagorako balio bihar desku! Emon deixogun euskeriari lekua egunerokuan! Zelan, baiña?


-Euskeraz bizi zarien euskaldunok: lelehengo berbia euskeraz beti, sorpresa eder asko jasoko dittuzue. Pazientzixia izan ikasten dabizenekin,  eurek be euki bihar dabe gure hizkuntzan berba egitteko aukeria, eta animaizuez. Zaindu darabilzuena, ez zaittie narrasak izan. Ez erabili euskañola, gai zarielako hori berori euskeraz esateko. Irakorri gehixago, ez detsue kalterik egingo-eta!


-Euskeria jakin baiña gitxi erabiltzen dozuienori: emon pausua eta egizue berba gehixago, inguruan seguru dakazuela beti euskeraz egitten daben nonor. Atrebitzen ez bazarie komentau konfiantzako baten batekin, aldaketia errezago egitteko. Hasieran biolentua egingo jatzue, baiña danok pasau gara hortik.


-Euskeria ikasten zabizienpndako: Esplotau zuen onduan dagozen euskaldunak! ez dabiz, ba, esaten ikasi bihar zenduela? Ba, ointxe da euren txandia laguntzeko! Lotsia emoten badetsue, hasi sosiguz, esaldi laburrak botatzen. Umiak horretarako primerakuak dira. A! Milla esker esfortzuagaittik!


Eta danori ANIMO, karrera luzia da hau-eta, fondokua, egunero egin biharrekua. Tipi-tapa, tipi-tapa, poliki, gero korrika juateko! Eibar euskalduna lortzeko!

...eta kitto!-n

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua