Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Kandelak, azak eta aurrera doan herria

Leire Narbaiza 2017/02/27 22:25
Gipuzkoako Hitzan argitaratutan 2017ko otsailaren 24an

Deba, Ispaster, Lemoiz, Tutera. Mantra bat bezala errepikatzen ziren udalerri hauen izenak txikia nintzenean. Espantu keinu batez, zentral nuklear proiektu banari lotuta zihoazelako. Lemoiz baino eraiki ez bazen ere, izen zerrenda bihurtu zen laukotea, eta eguzki antinuklearrez bete zitzaizkigun bazterrak. Hogeita hamahiru urte pasatu dira bertan behera laga zituztenetik –Lemoiz eta beste proiektuok–; hala ere, entzundakoak ez zaizkigu ahaztu. Hiru hamarkada igaro dira, eta kandelen argia ez dugu behar izan, ez bada meditaziorako edo Arraten Ama Birjinari azterketak gainditzeko eskatzeko. Gure menuak ere aberastu dira atzerriko makina bat jakirekin, iragartzen ziguten aza-jan hutsa ezerezean geratuta!

Euskal kosta ez nuklearra

Kandelak kandela eta azak aza, mamu hilgarri horiek uxatuta, ondo-ondoan Garoñako zentrala geratzen zitzaigun. Itxita bazuten ere, eta amesgaiztoa amaitu zela uste genuenean, hara non etorri den baimen berria. Sinestezina, ulertezina. Estatuko nuklear zaharrena, Fukushimakoaren modelo berekoa, atzera ere martxan jartzeko baimenarekin! Noren buruan sartzen da?


Bataila bat irabazita beste frente bat zabalik. Bat gaindituta, beste asko ageri. Zentral nuklearrak ez direnean, urre mehatzea da Kanbon. Edo haustura hidraulikoaren mehatxua (frackinga). Abiadura handiko trena ere hogeita bost urtean beti presente. Ezin ahaztu, zoritxarrez, Zubietako erraustegia, kosta ahala kosta egin beharrekoa.

Garoña-Zubieta
Garoña- Zubieta konparatiboa

Aitatutako adibide guztiak irakurrita, atentzioa ematen dit gobernuetan zein interes dagoen proiektu hauek egiteko, eta gizartean zein errotuta eta instalatuta dagoen aurrerabidea dela azpiegiturak eraikitzea. Desarrollismoa hirurogei-hirurogeita hamarreko hamarkadetako fenomenoa omen zen, baina hortxe segitzen du, herritarren garunean sartuta. Aurrera doan herria!


Esan dudan bezala, bataila bat irabazi orduko, beste bat dago irteteko zain. Ingurugiro kontuetan beti iruditzen zait ez dagoela zereginik hipergarapena defendatu eta bultzatzen duten horien aurrean. Historikoki galtzaileen ezpalekoak izatera ohituta bagaude ere, horrelakoen aurka gaudenon ikuspuntua gogargietsien ikusmoldea dela ematen du.


Badirudi alde daudenek ez dutela errealitatea ikusten eta interes jakin batzuen soinutan egiten dutela dantza. Adierazi zuen Rajoyk bere lehengusu fisikariak kontatu ziola ez zela aldaketa klimatikorik. Oraintsu Trump ahalguztidunak ere ukatu du halakorik denik. Olano ahaldun nagusiak ere berriki esan du erraustegiaren kontrakoek osasuna erabiltzen dutela aitzakiatzat. Tapia azpiegitura sailburua ere pozarren agertu da Espainiako gobernuarekin sintonia ona dagoela AHTri ekiteko.


Dirutzak gastatu ziren Lemoiz eraikitzen. Zubietako erraustegiak porrot ekonomikora eramango ditu Gipuzkoako herri asko. Abiadura handiko trena hondo bako putzua da; ingurugiroari kaltea eragiteaz gain, babes sozialean, osasungintza edota hezkuntzara bidera zitekeen dirua irensten duena, ogro gosezto aseezin baten gisan.


Eta dena zertarako, zeinen mesedetan? Noren aginduetara daude agintariak? Hain itsu ezin baitira egon, begi-bistakoa delako zelako eragin okerra duten gure osasun eta bizi kalitatean.

Gipuzkoako Hitzan

Bizkaierara itzuli? Zein bizkaieratara?

Leire Narbaiza 2017/02/22 16:40
Info7ko Gureaz blai saoiko Egin kontu atalean emititua 2017ko otsailaren 22an

Asaldatuta gauzka Bizkaiko foru aldundiak itzulpen zerbitzuak kontratatzeko jarri duen baldintzetako batek: “Testuen euskarazko itzulpena bizkaieraz egingo da, Bizkaiera.biz atariko ‘Bizkaieraz idazteko jarraibideek’ ezarritako irizpideen arabera”.Bizkaiko batzar nagusiak

Askok desegokitzat jo dute baldintza hau, euskararen batasunaren kontra dagoelakoan, eta atzerapausoa delakoan zentzu honetan. Nik ez dut horrela ikusten. Mendebaldeko euskara -lehen bizkaiera- erabiltzen dudan neurrian, ez zait desegokia iruditzen. Uste dut euskalkiak, ganorazko euskalkiak, izan lezakeela lekurik halako testuetan, batasunaren kontra egin barik.

Ez gaitezen hipokritak izan, eta ez dazagun joka bizkaierarekin zubererarekin jokatzen ez dugun moduan. Izan ere, inor aztoratzen da zubereraz idazten dutelako zuberotarrek? Ez, ezta? Bitxia eta maitagarria begitantzen zaigu, eta euskararen aberastasuna dela aldarrikatzen dugu, Baina bizkaierarekin dena da estuagoa, baita bizkaieradunak eurak ere.

Ni ez nau larritu bizkaierara itzuli behar horrek, ikaratu nau zein bizkaierara itzuli behar den, eta zelako ereduan den. Sartaldeko euskara ez delako homogeneoa, eta sarriegi bizkaiera delako horretan, bizkaiera batua izenekoan, aditzak dira estandar nazionaletik aldentzen den elementu bakarra, lexikoa ia edonongoa erabiltzen delako. Horretarako nahiago dut erabili batuko aditzak, baina hiztegi eta espresio bizkaieradunagoa, zelan edo halan esatearren. Bertakoagotua.

BBN
Adibide bi: Batzar NagusiEI BURUZ; HAUTATZEN. Ez dira bizkaiera, eta bizkaieraz badaude pareko egitura eta berba.

Benetan situ beharko gintuzkeena da itzuli behar izatea euskarara, horrek esan gura du-eta gaztelaniaz produzitzen dela Bizkaiko jaurerrian. Hori da akatsa, Bernardo Atxagak salatu zuena Berriari emandako elkarrizketan:

“ nora bideratuko ditugun itzulpenaren indarrak: izango ditugu udaletxe eta bulego burokratikoetan urrea hautsa bihurtzen? Edo jarriko ditugu, esate baterako, Wikipedia itzultzen?”

Beste gai batek ere kezkatzen nau, azpikontratatu behar izatea enpresa bat. Ezingo ote dute foru aldundiko langileak izan behar, eskubide berberak izan? Derrigor azpikontratatu behar da itzulpengintza enpresa bat?

Honen atzean ez ote dagoen beste asmo ezkuturen bat. Badakizue, beti txarto pentsatzen

Hemen Info7-n


Elkarte gastronomikoak eta patriarkatua

Leire Narbaiza 2017/02/12 21:32
Gipuzkoako Hitzan 2017ko otsailaren 10ean argitaratua

Igandean sozietatean izan ginen bazkaltzen. Gure aitaren elkarte gastronomikoan, alegia (bizkaitarren batek irakurriko balu, txokoan). Familiako ospakizun bat izan genuen eta bertan egin.

Berri on bat eman ziguten otorduan: emakume bi bihurtuko dira bazkide! Bai, sozietate hau matxista hutsa zen, ez baitzuen bazkide andrazkorik onartzen. Sozioren bat hilez gero, bazkidetza ezin zuten hartu ez emazteak, ez alabek. Eskubidea arrena zen, semeena eta alaben senarrena! Ikaragarria!


Arau honen atzean dagoen pentsamoldea matxismoaren isla zorrotzena da. Emazteak ezin du heredatu, ez da gauza; alabak ere ez. Semeek soilik hartu ahal izatea iraingarria iruditu izan zait beti, jakina. Baina alaben senarren bazkidetza onartzea hori bai dela benetan aitakeriarik izugarriena. Izan ere, aurreikusten du alabak ezkonduko direla –neskazaharrik ez gurean–, eta legalki lotuta egongo direla, ez bekatuan bizitzen. Tira, lesbiana izatearena ezin euren buru estu eta zaharminduetan sartu, horrelakorik ez baitago, are gutxiago gurean.


Bada, alaba baten senarrari eman zitzaion eskubidea, baina banatu egin ziren –Jakina, hori ere ez zen aurreikusten, gure alabak ez baitira dibortziatzen!–. Arrapaladan, erabakia hartu behar: zer egin? Senar ohiari giltza kendu! (horrek ere konfliktoa ekarri zuen beste kontu batzuengatik).

Elkarte gastronomikoan bizi izandako diskriminazioak pozen bat ere ekarri zigun, ordea. Kontua da matraka izugarria ematen geniola aitari ahizpa eta biok elkartearen jarrera matxistagatik. Gure aitak, antzinako gizona bera, gauzak horrela zirela eta bakean lagatzeko esaten zigun. Ikusarazi nahi genion eskubidearen jabe izan zitekeela, esate baterako, alabari tratu txarrak eman edo abandonatzen zuen gizonak, eta aitaren ondasuna (dirutza zegoen bertan sartuta) kaleko baten eskuetan jartzen zela. Hala ere, bizimodua ez konplikatzeko eskatzen zigun aitak. Baina, halako baten jakin nuen urteko batzar baten, galde-eskeak egiteko orduan aitak eskua altxatu eta galdetu zuen ea alabek ez zuten bazkidetza eskubiderik izan behar. Orduan, sekulako kalapita sortu omen zen! Ea burutik eginda zegoen, ezin zela halakorik onartu… Azkenean botazioa egin eta galdu egin zuen (genuen) alde handiz.


Sekula ez zigun esan zer egin zuen, kalean jakin genuen. Apal egin zuen egin beharrekoa. Guk emandako matrakak pentsarazi zion eta jarrera erosotik atera, bere alaben alde egin. Bihotzez eman nizkion eskerrak, inoiz baino hunkituago.


Orain hamar urte hil zen aita eta bere bazkidetza nebak du orain. Hil ostean, lagun abokatu batek esan zidan irabazteko aukera guztiak geneuzkala epaitegietara eroanez gero. Hala ere, nik ez neukan ez indarrik ez adorerik, eta ez nuen ezer egin. Damutzen zait, baina ez zen momentua.


Gaur egin, estatutu aldaketa egin behar izan dute eta beste erremediorik ez dute izan, ez zirelako konturatu bazeudela zirrikituak andrazkoei oztopoak jartzeko (bazkide berriak botazioz onartzea, adibidez). Batzuk oso haserre eta erresuminduta daude, baina izorra daitezela! Ikasi behar dute gizon-emakumeok eskubide berberen jabe garela, paperean ez ezik, errealitatean ere.


Borroka luzea, pausu txikiak. Baina aurrera goaz, patriarkatua suntsitu arte!

Gipuzkoako Hitzan

Eibarko kaosa

Leire Narbaiza 2017/02/06 00:30
2017ko otsaillaren 3an ...eta kitton argitaratutakua

-Orduan, hurrengo bazkarixa Eibarren egingo dogu, ezta?

-Eibarren? Bai? Kaos horretan? Ez dakit zelan bizi zeinken bertan, juaten naizen bakotxian, agobixau egitten naiz.


Oso denpora gitxixan entzun dittut holako komentarixuak kanpoko lagun batzuen ahotan. Halakuetan beti esan izan detset gure herrixa trafikua eta zaratia baiño gehixago dala. Baiña euren esperientzixiari ezin kontrarik egin!


Egixa esatera, eureri entzunda neuk be sentidu izan dot ittomena. Eibar ez da leku gozua bizitzeko, maitte dogu geuria dalako eta estimatzen dogun jentia bizi dalako bertan, baiña latza da.


Begiratixozue herrixari kanpoko lagun hórren begixekin, eta konturatuko zarie zergaittik diñuen hori:

Trafiko eta automobil larregi dabillelako, zaratia itzela dalako, porlana eta galipota jaun eta jabe diralako, herrixan bertan berdegune ganorazkorik ez dakagulako, urbanismua kaotikua dalako,... Estuasuna sortzen dau, ittomena. Jentiaren juan-etorri zoruak, espaloi estuak, obren zarata amaibakuak, boziñak,...


Zuetako askok bizittasuna esango detsa horreri guztiari, baina ezin destazue ukatu estresantia ez danik. Gure osasun mentala kaltetu egitten dabela, berba baten esanda.


Konponbide errezik ez badaka be, udalan partetik ez dot ikusten herrixa gozotzeko interesik. Aspaldixan hamentxe esan letxe, parke barrixetan dana da asfalto eta porlana, arbola eta landara gitxi. Obrak be, bata bestiaren ostian, ezer ez hobetzeko, oin 3 hille zabaldutako kalia atzera be zabaltzeko. Trafiko mortala, automobillak edonun.


Pake pixka bat bihar dogu, baiña herrixan bertan, iñora ihes egin barik!

Hamen eta kitton

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua