Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Hizkuntza eskakizunak Erresuma Batuan

Leire Narbaiza 2017/11/27 10:00
2017ko azar0aren 16an Info7 irratiko Gureaz Blai saioan emititutakoa, Egin Kontu atalean

Albiste baten berri izan dugu azken egunotan: Erresuma Batuan lanean jardun behar duten atzerriko erizainek C2 ingeles maila izan behar dute. Azken urteotan herrialde askotako erizainak joan dira Britainia Handira lanera, han langile kualifikatu hauen premia zuten-eta. Orain arte, ez diete eskatu inolako hizkuntza mailarik, pentsatzen dut nola-hala komunikatzeko gaitasuna izan behar zutela. Dena den, orain eskatuko zaien maila oso altua da, EGAtik gorakoa, 4. hizkuntza eskakizuna, dagoen altuena. Hemen bakarrik halako titulua langile espezializatuek behar dute, teknikoek, euskaltegiko irakasleek... Baina agintari britainiar hauek zer nahi dute, erizain onak ala ingelesez ondo dakitenak?


Imajinatzen duzue halakorik Osakidetzan? Erizain, mediku eta beste hainbat beharginek B2 maila behar dute teorian, nahiz eta askok tutik ere ez jakin. Perfilak jarri zirenean osasun zerbitzuan “kafea guztiendako” egin zen, eta ia guztiei B2 hori ezarri zitzaien. B2 2. hizkuntza eskakizuna da, EGA baino beherago dagoena. Bitxia da, ezta? Ingalaterran erizainek EGA baino goragoko titulua behar dute, eta hemen  EGA baino gutxiagokoa.


Zergatik ote? Euskaldunok azkarragoak ote gara? Izan ere ingelesdunek behar dute hizkuntza maila altua duen jendea azaltzeko zein gaixotasun duen, zein tratamendu eroan behar duten, zelan zaindu behar duten euren burua… Baina guk, ostera, maila baxutxoagoa duen osasun profesionalekin nahikoa daukagu. Azkarragoak gara, ez dago dudarik! Ez ahaztu etb2ko informatiboak etb1ekoaren ia bikoitza irauten duela, dena ulertzeko gutxiago behar dugun seinale! (Barkatu badakit ironia txarto ulertzen dela irratian, eta hau ironia da, e? Badaezpada diot!).


Kontua da euskaldunok beti ibili behar garela minimoetan, nerabezaroan moduan prakak labur geratzen zitzaizkigunean, hazi egiten ginelako. Beti barrenak ateratzen; baina, halere, beti labur, beti luzatzen ginen-eta. Zergatik ez ditugu praka luze batzuk erosten? Barrenak hartu, eta hobe soberan izan, faltan baino.


Planteatu beharko genituzke gauza asko, baina merezi duela uste dut

Info7-n

Gezurra egia bihurtzen dutenean

Leire Narbaiza 2017/11/22 10:30
Gipuzkoako Hitzan 2017ko azaroaren 17an argitaratutakoa

“Los rojos separatistas incendiaron Guernica” (Gorri separatistek erre zuten Gernika) esan zioten gure amari eskolan, “formación del espíritu nacinal” zeritzon ikasgaian, frankismo betean. Amak, oraindik gazteegi kontzientzia politikoa izateko, gezurra zela erantzun zion irakasleari; ondo baitzekien zer gertatu zen, bonbardaketatik bizirik irten zen baten alaba zelako, lekuko zuelako ama, zeinak etengabe kontatzen zuen apirileko egun horretan bizi izandako beldurra eta estutasuna. Gure amak lehengoz egin zion horrela aurre sistemari, jarki zitzaion gezurrari; eta, ohikoa zen moduan, zigortu egin zuten, ebidentziak errepresioarekin estali nahian.


Kontatutako hau adibide txikia baina adierazgarria da. Halako hamaikatxo kontu izango dira familia guztietan: bizi izandakoa ukarazi, gezurra egia bihurtzeko asmotan. Gezur bat mila aldiz errepikatuta, egia bilakatzen delakoan. Tanta txinatarraren metodoa da hau: txirin-txirin buruan sartzen zaigun baieztapena, zirimiri etengabeak lurra blaitzen duen moduan.


Barneratu ez ezik, normalizatu eta ahotsa eman ere egin izan zaio ukapenari. Esaterako, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenean, etb2n saio berezi bat egin zuten, erreportaje bat Iñaki Lopezek aurkeztuta. Bertan, Cesar Vidali eman zioten hitza, bonbardaketaren negazionista ezagunari, ekidistantzia eta ahots aniztasunaren izenean. Asko zeharo minduta sentitu ginen, biktima baten iloba izanda besterik ezin. Are minduago denon diruarekin ordaindutako telebistak espazioa eman ziolako gezur hedatzaile interesatu horri.


Gezur-jario hau azken bolada honetan piztu eta hauspotu dela esango nuke. Frankismo sasoian hori zen eginbeharra, Errepublikako onurak desitxuratu, eta gerrako ankerkerien gaineko errelato berri makillatu eta eraldatua eraiki. Diktadura baten modus operandi-a.


Frankismo-osteko 40 urte luzeetan ez zen hainbeste haizatu aurreko sasoiko errealitatearen eraldaketa. Hala eta guztiz ere, txitean-pitean zabaltzen ziren buru-jan interesatuak. Baina isiltasun ozen bat sumatzen zen estamentu askotan, baita herritarren xumeen artean ere.


Azken bolada labur honetan, ostera, lotsagabe aditzen da gero eta altuago, diktaduraren egia faltsu horiek. Normalizatzen hasiak direla esango nuke. Adibidez, irakurri dugu euskara inork ez zuela debekatu. Edota euskara batua asmakeria dela, hizkuntza berria, alegia; zer eta batzuek lana izateko!

Zenbat horrelako: frankismoak agian askatasunik ez, baina pobreziarik ere zela izan. Diktadoreari esker paga bi ditugula, eta gizarte segurantza… Jamaika entzuteko jaioak gara!


Eusko legebiltzarreraino iritsi da birusa, eta eskatu dutenean diktadurapean balio barik uzteko orduko “justiziak” jarritako penak, ezezkoa irten da, orduko borrero eta biktimak bat eginda. Interesak memoriaren gainetik, sasoi honetako patu krudela.


Garaiotan, gainera, oso modan dago berba berriak asmatzea errealitate zaharrendako, hauek birbataiatuta aldatuko balira bezala, edo horrela engainatuko ez bagintuzte legez. Neo-hizkuntza horrek “egia-ostea” deitu dio fenomenoari. Hau da, gezurretan ibiltzeari zien itxurosoagoa jarri diote, errazago sinistuko dugulakoan. Egia-ostearen sasoian omen gaude, gezurtien erresuman, eta lotsagorritu barik botatzen dizkigute gezurrok. Manipulazioa, beti ere botereari eustearren! Sasoi krudel kamuflatua, lagunok!

Gipuzkoako Hitzan

Xenofobia eta matxismua Eibarren

Leire Narbaiza 2017/11/19 13:13
...eta Kitto aldizkariko 1035. zenbakixan argittaratua, 2017ko azaruaren 17xan

Eibar beti izan da jendian hartu daben herrixa. Ez dakit noiztik etorri izan diran kanpotarrak gurera biharrera. Baina herittar gitxi egongo da lau aitxitxa-amamak eibartarrak dittuanik. Nik neuk, esate baterako, bakarra.


Etorri izan dan jendia ingurukua zein urrinekua izan da. Markiñarra zein txinatarra, beti sasioan arauera. Bolada batzuetan, Espaiñiako estatukuak; hurrenguan Marokokuak, beste batzuetan Latino Amerikakuak edota Europako ekialdekuak.


Azken aldixan, baiña, komentarixo kezkagarrixak nabil entzuten. Jakin dot Urkusuko parkiari “el parque de las moras” deitzen detsela batzuek, gaztelania ederrian, jakiña. Itzela begittantzen jata. Izen horren pian ezkutatzen dana bildurgarrixa da: xenofobia, matxismua. Eta espaiñolismua be bai!

Batetik, andrazko hónek markatzen dittue modu gatxesgarrixan musulman paiñelodunak diralako. Eta erlijiñua nahastatzen dabe jatorri eta sexuakin totum revolutum, bardin detse.


Bestetik, matxismua, emakumiak seiñalatzen dittuelako. Ikusgarrixaguak diralako, nahiz da gizon musulmanak askoz gehixago izan herrixan. Mora berbia be xenofobua da, eta oso espaiñola, sentidorik txarrenian.


Zer pentsaua emotiaz gain, tristura handixa eragitten desta kontu honek. Nun geratu da gure Eibar ha?


Halakorik esan aurretik, buelta bi emon buruari, mesedez!

...eta kitton!-n

Fakeak

Leire Narbaiza 2017/11/11 20:17
Argia aldizkarian 2573. alean argitaratua

Fake-ak

Argazki bat ikusi dut twitterren: Bilboko udaletxe aurrea jendez lepo, baita zubia ere. Idatzita du euskaldunon protesta dela 155. artikulua aplikatzearen kontra. Baina erretratuko jende oldean kolore bat nagusitzen da, gorria. Bitxia. Era berean, egun horretan eguraldi tristea egin zuen. Fotoan, ostera, eguzkitsu dago. Fakea da, faltsutze bat, alegia. Argitu digute Athleticen ospakizun batekoa dela.


Halako asko zabaltzen dira sare sozialetan, borondate txarrez ia beti. Manipulazio galanta, erraz irensten duguna, astirik hartzen ez dugulako jatorria non duen ziurtatzen. Ia beti, datsegit batek, edota bertxioek askoz gehiago arduratzen gaituztelako. Azkar klikatu, ahalik eta gehien zabal dadin.

Sare sozialek informazioa kontsumitzeko modu hau ere bultzatzen dute. Dena bizkor, dena bat-batean, arin eta atseden barik. Ez dago astirik ezer berresteko, informazio kopurua, osotara, irentsezina delako.


Engainatu egiten gaituzte. Edo, hobe esanda, engainaerrazak garenez, esku-eskura jartzen diegu aukera faltsutzaile hauei. Baina benetako galdera da zergatik argitaratzen dituzten iruzurgileek fakeak: loriazko 15 minutuak izateko. Nartzisismoak besterik ezin du azaldu erridukulu hau.

Argian

Ilun, zikin eta zaratatsu

Leire Narbaiza 2017/11/05 17:03
Gipuzkoako Hitzan 2017ko azaroaren 3an argitaratua

Umeak izan ginenean, gure herria ilun, zikin eta zaratatsua zen. Ez zegoen orain beste automobil, baina edonondik ibiltzen ziren. Adibidez, eskolarako bidean ez zegoen espaloirik, eta hantxe ibiltzen ginen ume eta gaztetxoak auto eta kamioi artean, aldapan gora.

Aldapan behera, ur-erretenetatik errekasto zuriak zihoazen, taladrina ildoak, euria egiten zuenean, asfaltoaren gainean ostarkuak sortzen zituzten, zazpi koloretan desegiten zelako olio hori uretan. ―Seguruenera zuetako askok ez du jakingo zer den taladrina: makinak koipetzeko erabiltzen den olioa da―.  Zikina. Kea isurtzen zuten tailerretako tximiniek eta fundizioetako galdarek. Gizonen buzoak ere lohiz beteta etortzen ziren etxeetara barixakuetan, umeek bezala ostiraletan amantalak etxera eroaten zituztelako.

Zikina eta zaratatsua zen gure herria. Asteburuetan burrundara eza sumatzen genuen, isiltasuna entzun egiten zelako, zerbait falta balitzaigu bezala. Bai, makinen zarata falta zen. Astegunetan, ostera, Alfako sirenak hamabietan jotzen zuenean bazkalordua iragartzen zuen, herri erdiri. Orain futbol kontuetako baino ez da geratu turuta. Sasoiaren erakusgarri.

Hala ere, gure herriak segitzen du izaten zikin eta zartatsu. Argiagoa da etxeen fatxadak pintatu ditugulako, eta gris/beltzaren ordez beste kolore batzuk ere agertu direlako. Baina zikina eta zaratatsua da, ez makinen burrunbagatik, trafiko etengabea eta obra amaigabeen erruz baizik. Zikina ez du taladrinak eragiten, txakur kakek eta aitatutako automobilen kutsadurak baino. Lehengo lantegiak hondakin industrial fantasma bihurtu zaizkigu, iragan behargin baten lekuko abandonatuak.

Gure herritik kanpora ere antzera gertatu da. Lan kontuengatik pasatu naiz berriro hamarkada luze batean itzuli ez naizen tokietara. Errepide zaharrak ibili ditut atzera ere. Toki ezagun haiek itxuraldatuta daude, normala den moduan. Baina han ere, hondakinak ikusi ditut: fabrika hutsak, lantegi zaharren hezurdura abailduak, orubeak hondakin birrinduez beteta. Iragan industrial baten gainbehera tristea.

Errepidetik jarraituta, eta hondakin hauen artean eraikin berriak antzeman ditut, hala-moduz plantatuak, inongo zentzurik gabe, planifikazio barik. Ez dago errepide horren eskuma-ezker kilometro erdirik eraiki ez denik. Etengabean fabrika, biltegi, denda, hipermerkatu, errepideko jatetxe, putetxe, ermita, kontzesionarioak, ibilgailuak desegiteko guneak, gasolindegiak, etxe solteak, eskola entzutetsuak, gazteendako zentroak, AHTren lanak… Denetatik, eta guztia beteta. Desastre hutsa, lurraldearen antolakuntza existitzen ez den seinale, anabasa kaotikoa, txolopote galanta.

Hiriburuen erdigunea, aldiz, inoiz baino ordenatu eta txukunago. Dagoeneko ez dago hiriburu ilun eta zikinik (zaratatsuak ezinbestean dira hiri handiak). Titanioaren bris-brisak ezkutatzen du  sasoi honetako opakotasuna, liluratu egin gaitu hogei urte hauetan. Eta itsutu, ikusi ezinda baikabiltza bide-bazterretan ditugun paisaia-hondamenak, eta errekak jotako iragan industrialaren hondakin mespretxatuak.

Modernitatearen bernizak hiriguneak makilatu ditu, eta denda-leiho bihurtu, garbitasun esteril eta orbangabe batez. Gatzgabe eta aseptikoak dira orain, klonikoak. Ilun, zikin eta zaratatsuak zirenean, baina, nortasuna zuten; eta horregatik maite genituen.

Gipuzkoako Hitzan

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua