Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Zaharren zaintza eta nerabeen sexu abusuak

Leire Narbaiza 2017/01/31 15:01
Gipuzkoako Hitza-n 2017ko urtarrilaren 27an argitaratuta

Irmarekin topo egin nuen lehengo egunean, aspaldiko partez. Luzaroan egon ginen berriketan kalean. Irma ikasle izan nuen orain hamabost bat urte. Zoritxarrez, gaztelaniaz jardun genuen, ezin izan zuelako aurrera egin, familiari lagundu behar izan ziolako. Irma kolonbiarra da, eta interna dabil lanean, zaharrak zaintzen. Neska azkarra eta bizia den arren, triste samar ikusi nuen, eta lanarekin kokoteraino zegoela aitortu zidan.zainketa

Kontua da, hainbeste urte emanda lan horretan oso nekatuta dagoela. Batez ere, langile horiei baldintzak okertu egin zaizkielako. Nola ez, bada, denon egoera gaiztotu denean, eta eurak gure piramidean azkenak badira? Atzerritarrak, emakumeak, zaharrak zaintzen,... osagai guztiak ahaztuenak izateko langileriaren munduan.

Erreta dago, baloratuta ere sentitzen ez delako. Bai zaindutako nagusiak, bai familiarendako bere lana egonean egotea da, jesarrita besaulkian telebista ikusten. Hori da duten ikuspuntua. Baina iritzi hori dutenek ez dituzte kontuan hartzen behargin horien betebeharrak. Zaintzen duten nagusiaren etxea daramate: garbiketa, jatorduak, gobada, konponketen ardura, errekaduak,.... Horretaz gain, jagoten duten pertsonaren ardura osoa; zaintza ez ezik, lagun papera ere egiten dute, paseatzera atera, konpainia egin etxean, berba egin eurekin, kariñoa eman. Hori egunean 24 orduz eta askotan astean 6 egunean. Bertan egotea egonean ere lana da, hala ikusten ez badute ere.

Askoz gauza gehiago ere esan zizkidan, baina hemen ezin esan. Zaharren egoitzez ere egin genuen berba, eta halakoetan ikusitakoaz ere ibili ginen berriketan: askok ez dutela nahikoa jende lanerako, zaharrak telebistaren aurrean jartzen dituztela pertsonala ezinean dabilelako, eta hori bertan bizi direnak dirutza pagatzen dutela.

Irma agurtu ostean, etxerako bidean buelta asko eman nizkion esan zidanari. Gure gizarte honen krudeltasuna, zaharrak eta migratzaileak sozietatearen marjinetan dauden sektore bi elkartu eta biei arazoak konpontzen dizkiolakoan ikusezin bihurtzen ditu eta horrela, zokoratu.zahar bikotea

Hori guztiori nerabilela buruan, ideia lotura bitxia otu zitzaidan. Zaharren zaintza eta adingabekoei egindako abusu sexualak. Abusu sexualak izan dira denon ahotan egunotan, eta esango nuke badagoela erlazioa gai bien artean.

Abusu kasuak denon ahotan ibili dira. Gipuzkoako Mendizabal apaizarenez gain, Leioan dagoen Opus dei-ren Gazteluetakoaz hitz egin da, baita Kote Cabezudoren auziaz ere (hau gutxiegi). 

Asaldatu egin gaituzte; niri neuri, batez ere, Berrian biktima batek egindako kontaketak. Predatzaile baten jokaera azaltzen zuen. Higuina eta horrorea eragin zizkigun. Hala ere, ez gintuen harritu, gutako hainbatek horrelako abusuak entzunak geneuzkalako. Botere egoera batean daudenek egindako erasoak, gazteago, eta euren pentzuan lagatako nerabe zaurgarriei eragindakoak. Ikaragarria!

Bitxiki lotu ziren neure buruan nerabeei eragindako abusu sexualak eta gure zaharren eta euren zaintzaileen bazterketa, eta sozietate honen irudi penagarria marraztu zidaten. Zer gizategi klase dugu, ahulenei erasotzen diena? Nazkagarria, hitz baten. Zaharrak eta umeak zaintzen eta babesten ez dituen gizartea, gizarte ustela eta krudela da!

Hemen Gipuzkoako Hitzaneliza barru bat


Hiztun 0+ak

Leire Narbaiza 2017/01/25 18:01
Info7 irratiko "Gureaz blai" saioko "Egin kontu" atalean 2017ko urtarrilaren 25ean emititutakoa.

Azken boladan atentzioa eman didaten elkarrizketa bi entzun ditut, pasadan, nahi barik, leku egokian momentu konkretuan nengoelako, kasualitatez. Biek zituzten antzeko osagaiak, biek dute zer hausnartua.

Lehenengoa trenean nindoala entzun nuen. Atzeko konpartimentuan aitaita-amamak zihoazen iloba txikiarekin. Berba egiteko moduagatik umeak 6-7 urte izango zituela kalkulatzen dut. Gaztelaniaz ari ziren eta ilobak amamari esan zion:

-tú no sabes euskera, amama

-No, no me enseñaron

-Pero aita sí sabe

-claro, me encargué yo de mandarle a una escuela donde le enseñaran.

-Aita ya sabe

-Por eso tienes que hablar en euskera, porque lo sabeís

Beste elkarrizketa supermerkatuan entzun nuen. Aita-alabak aitaren lagun batekin zeuden. Alaba txikiak 5 bat urte izango zituen. Aitak eta lagunak erdaraz ziharduten eta umeak aitaren lagunari halaxe esan zion:

-Tú sabes euskara?

-No, maitxia no sé. Pero tú que sabes tienes que hablar en euskara

Denbora gutxian halako bi entzuteak zer pentsatua eman dit. Euskaraz ez dakiten bik, eta honezkero ikasiko ez dutenek umeei esanez euskaraz egin behar dutela, nahiz eta eurek ez jakin.

Egia da askotan erdaldun elebakarrak oztopo zaizkigula euskaraz jarduteko, baina beste hainbatetan ahazten zaigu elebakar horietako asko edo batzuk, behintzat, laguntzaile izan ditugula, bai treneko amama horren moduan sasoi batean ikastolak eraikitzen, umeak eredu euskaldunetan matrikulatzen, eta abar. Eta beste batzuk, supermerkatukoaren moduan, besteok euskaraz egin dezagun bultzatzen eta babesten.

Txepetxek hiztun tipologia egin zuenean erdaldun hauei 0+ izena eman zien. Zero ez zekitelako, baina +, positibo hori aldekoak direlako, ezin bestekoak zaizkigulako euskarak aurrera egin dezan.

Egia esatera, halako gehiago behar genituzke, euskara biziberritzeko. Korrika eta halakoak espaloitik txalotzen edo halakoetan laguntzen ez ezik, erabil dezagun animatzen.

Halako gehiago alde behar ditugu, irribarrez, askotan ahazten zaigu eta zein garrantzitsuak diren. Gure esker onenarekin, euskara eurena ere badelako.

Info7ko webean

Marteko euskara

Leire Narbaiza 2017/01/20 11:51
#MadalenakKafesnetan 3. atala: Kafesnea "café con leche" edo "café au lait" denean.

martitz


Hala deitu izan dio Koldo Zuazok batuan ekoitzitako testu batzuei. Marteko euskara zeritzon inon ez baita euskara hori erabiltzen. Nik ere izendatze hori erabiliko dut egokia begitantzen zaidalako.


Aurreko baten alfabetizazio ezaz jardun nuen, eta esango nuke alfabetizazio eskas horren ondorioz sortu dela euskara martiztarra. Alde batetik gutxi alfabetatutako, eta euskararen ezagupen sakona ez dutenen artean zabaldu da halako molde fantastikoa: zenbat eta arraroagoa, hobe! Horrela, hartu dira esamoldeak eta hitzak, eta entsalada ederra egin dute zenbaitzuk!


Gutxiagotasun konplexu batetik ere badator kontua, lotuta dagoena ezagutza faltarekin. Eta exotismoa, euskaldunoi forma exotikoak gustatzen zaizkigulako ikaragarri.


Hau guztia elkartuta koktel mortala bihurtzen da, eta gaztelaniaz Madrileko politikoek sortutako “neoleguatik” ere badu pixka bat. Ulergarri izateko baino, ezkutatzeko egindakoa, alegia.


Ahalik eta anti-"naturalen" idatzi behar da. Badirudi premisa hori ugaritu dela nonahi. Zaila, korapilatsua eta gure auzoko erdaren estiloan: pedante eta ponposo! Ustezko dotorea!


Txostengintzako euskara ere bada Marteko euskara. Sasoi bateko ezker abertzalearena ere bai! (hori beste post batean garatuko dut)


Eskerrak medio batzuetatik lan handia egin den modu hori saihesteko, Euskaldunon Egunkariaren sasoietatik hasita, gaurko Berria-ra arte, besteak beste. Komunikagarritasuna delako hizkuntza idatziaren helburua.


Baina funtsean, hizkera martzianoan egindakoak erdaraz pentsatutako testuak dira. Izan ere, idazki horiek egin dituztenen erreferente kultural eta idatzizkoak gaztelaniazkoak dira. Irakurri ere ez delako egiten euskaraz. Eta sarriegitan, gaztelania eta frantsesezko moldeak dauzkagulako euskaraz. Txantiloia horixe baitugu, eta berbak euskarazkoak.


Ahozkotik urrunegi, komunikatzetik are urrutiago. Euskara martiztarrak gure lurraldea inbaditu du!

Kafeole mada

Etxeak, baserriak eta desjabetzeak

Leire Narbaiza 2017/01/14 00:00
Gipuzkoako Hitzan argitaratua 2017ko urtarrilaren 13an

Nire ametsetako etxea. Espainiako TDTan ematen duten saio iparramerikar baten izena da. Antzeko asko ere ematen dituzte. Neguko arratsalde hotzetan, sofan jarrita mantapean, gustura ikusten ditut. 200 metro karratuko etxea txikiegi geratu zaielako bigarren umea jaiotzean etxe handiagoa behar dute, esaterako. Guk barrezka gaude geure pisu txikietan. Open concept eskatzen dute guztiek, eta lagun batek dioen bezala, sardina asko erretzen ez duten seinale. Nahiko klonikoak izaten dira saio guztiak, lagun eta bisitei begira eraldatu nahi baitute euren etxea; hau da, itxura eman nahi dute, aberats berriak balira moduan, baina zorri hil piztuak dirudite, aberaskiloak, alegia.


open concept


Egia esatera, saio horiek hotzean pentsatuta obszenoak dira. Dirutzak xahutzen dituzte kapritxoetan, dena iruditzen zaie gutxiegi euren helburuendako, kexa baten ematen dute programa guztia. Halakoak entzun behar, pertsona askok etxebizitza duinik ez duenean. Baina, agian, urrunekoak direnez, sortzen digutena harridura eta barregura baino ez dira. Edo fikzioa direla iruditzen zaigu, film batean legez.


Dena den, harrigarriena da, nire ustez, AEBetako saio eta filmetan halakoak baino ez agertzea, azken hamarkadan sekulako hekatonbea izan denean zabor-hipoteken (edo subprime hipoteken) kontura. Ez dago reallity-rik, ez bazkal osteko dramarik. Fikzioan ez dago halakorik. Eta badakigu jakin, telebistan agertzen ez dena, ez dela existitzen.


Hemen eta estatuan ere etxe desjabetzeek portadak eta teleberriak betetzen zituzten. Agian ez zituzten okupatzen titular handienak, baina ia egunero ageri ziren. Orain, ostera, desagertu dira. Nork desagerrarazi ditu etxebako horiek albistegietatik? Zer gertatu zen kalean geratu ziren familiekin? Nola egin dute aurrera? Isiltasuna, AEBetako telebista saioetan bezala.


Isiltasun horrek, aitzitik, ez du esan nahi etxegabetzerik ez dagoenik. Ez da orduko asmakizuna, zoritxarrez, beti bota izan dutelako jendea bizi zen etxeetatik, jasan dugunok ondotxo dakigun moduan.


Gaurko eguna urteko egunik latz eta tristeena izaten zen gure aiton-amona baserritar pobre maizterrentzat #SanTomas #esanbeharnuen #memoria

— Garbiñe Larrea (@Gar2Larrea) 2016(e)ko abenduak 21


Aurreko krisian ez ezik, historikoki ere arruntak izan dira etxegabetzeak. Hala gogoarazi ziguten twitterren San Tomas eguna zein traumatikoa zen baserritar errenteroendako, egun horretan ordaintzen zelako leku askotan urte guztiko errenta. Uzta eskasa izanez gero urte hartan, gosea segurua; eta urte txarra izan balitz, etxea husteko agindua: ondasun gutxi eta pobreak aldean hartu eta baserria laga behar. Eta ez dezagun ahantz, baserria familia horiendako bizilekuaz gain, lantokia ere bazela, hortik atzeratzen zutela bizimodua, sarriegitan bizirautea baino ez bazen ere. Miseria bazterretan, argitara atera duenez Naiz-eko artikulu batek, 1927ko Eusko Ikaskuntzako txosten baten oinarrituta. Ikerketa horrek salatzen du gehiegizko errentak eta etxeen egoera txarra. Orduan ere, aberatsak pobreenen pentzura bizi.


Esan duan lez, baserria etxe eta lantoki izan da historikoki. Identitatea ere bai, abizena eman zielako gure aurrekoei etxeak, adibidez. Hori eta beste gauza asko azaltzen ditu Xamarrek “Etxea” bere liburu ederrean, azken Durangoko azokan aurkeztu zuena. Zutik geratzen zaigun ondarearen bilduma, ametsetakoa baino erreala.


Etxea


Etxea beti ametsa izan da, poz eta malkoen iturri, Iparramerikan zein Euskal Herrian. Amets eta bizimodu.

Gipuzkoako Hitzan

Save

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
Progreak beti inmigranteak "onak" bezala jarri ... nazka nazka eina, 2017/04/20 12:47
http://www.diariovasco.com/[…]arrio-20170413010958... Ikusi eta begiak ireki, 2017/04/14 00:28
Ados nago zurekin Leire. Titularra tendentziosoa ... Sosola, 2017/03/30 11:43
Leire, eskerrik asko egin zenuenagatik eta idatzi ... Markos Zapiain, 2017/03/30 11:06
Arrasti on, Zegatik ez dago ergatibo famatua ... Aitzol Agirre, 2017/03/29 19:17
Zorionak zeure jarreriai, baña sarritan albora ... maite leturiondo, 2017/03/28 10:25
Eskerrik asko guztioi erantzuna lagatzeagatik! ... Leire Narbaiza, 2017/03/27 13:56
Leire-ri erantzuna. Kontua ez da anonimoekin ... Leireri erantzuna., 2017/03/27 12:34
Zorionak, Leire! TXalogarrixe hartu dozun jarrera ... Mari Eli Ituarte, 2017/03/26 13:26
Eskerrik asko Verónica, 2017/03/25 22:08
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua