Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Urte berri, porlan zahar

Leire Narbaiza 2016/12/28 15:32
Gipuzkoako Hitza-n 2016ko abenduaren 23an argitaratua

Iritsi zaigu 2016ari agur esateko ordua, baita balantzea egiteko ere. Baina zenbat gauza aldatu dira aurten? Badago alderik 2015 urtearekin? Egia esatera, ezin nezake nabarmendu gauza askorik. Eguneroko mikro-aldaketak gehituta ere ezin esan mundua asko mudatu denik.


Beharbada, norbanakook jasandakoak izango zaizkigu agerikoen. Jaiotzak, heriotzak, dibortzioak, bikote berriak, etxe aldaketak, lan berriak, langabezia,... horiek dira eragiten dutenak benetan gure bizitza txikietan.


Baina horrelakorik izan ez baduzue aurten, Gipuzkoa bezala zaudete, aldaketa askorik barik. Izan ere, gure probintzia txiki honetan nobedade gutxi ditugu. Zaharrak berri esamoldea ederki datorkigu. Antzina bezala, porlan zaharra Urteberriko “berrikuntza”  (barka iezadazue, beste substantiborik ez zait burura etortzen).


Bai, erraustegiaz dihardut, gipuzkoarroi buru gainean Damoklesen ezpata legez ezarriko diguten kutsatzeko makina. Megaproiektu absurdo, garesti eta arriskutsua. Alferreko diru xahuketa, betiko gutxiengoaren poltsikoen mesedetan.


Hala da, eta guk ordainduko dugu. 780 milioi euro kostatuko omen zaigu erraustegia, Baina diotenez, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (berariaz erraustegia eraikitzeko sortutako erakundea) darabiltzan datuen arabera, askoz karuagoa izango da azkenean, 1.407 milioi euro, lan publikoak beti garestiago irteten direlako, eta Zabalgarbin ere antzera gertatu zelako.


35 urtean ordaindu beharko dute udalek erraustegiaren eraikitzea eta jarduna. Kalkulatu dute Donostiako udalak urtero 7,4 milioi euro pagatu beharko dituela errefusa erre dezaten. Zorakeria hutsa!

herriz herri ordaindu beharrekoa
Herriz herri ordaindu beharrekoa

herriz herri ordaindu beharrekoa 2

Eredu okerra da hau. Ekologikoki ez ezik, ekonomikoki ere bai. Eta egunotan Espainiako autopistek erakutsi digute zein kaltegarria den modelo hori: eraiki dituzte eta defizitarioak direnez, denon artean ordaindu behar ditugu. Hori bai, etekinak egon izan balira, eraiki zituztenendako izango ziratekeen. Erraustegiak eredu berari jarraitzen dio.


Konturatuko zinetenez, ez dut aitatu zaborra tratatzeko plantak zer eragin izan lezakeen osasunean. GuraSOS plataforma hori dabil lantzen; hauek azaldu digute hainbat ikerketak diotela errauskailu batek atmosferara isurtzen dituen dioxina eta metal astunek gaixotasun larriak sor litzaketela gorputzean metatu egiten direlako, eta gure umeak direla biktimarik babesgabeenak, hazten ari direlako.


Goikoa irakurrita, harrigarria iruditu dakizueke osasunen duen eraginaz berbarik ez egitea. Kontua da, ematen didala diru kontuak min handiagoa egiten digula gaixotasun hipotetiko batek baino. Erruleta errusiar hori urrun ikusten dugulako, agian; guri tokatuko ez zaigulakoan. Baina ez ahaztu erruleta horretan, katua sakatuz gero, bala bakar bat baino gehiago izango direla kargadorean.


Urte berriak porlan zaharra ekarriko digu, esan lez, erraustegiaz gain AHTri buruz ere adostasunak lortu dituztelako Gasteiz eta Madrileko gobernuen artean. Porlan zaharra, aspalditik dabiltzalako matraka jotzen eraikuntza proiektu faraoniko hauekin. Porlanez konpontzen dute dena agintari batzuek, aurrerabidea delakoan eraikitzea, obra handiak eginda.


Burua jan digute obra publikoekin, erraz onartzen baititu gehiengoak. Irakatsi digute porlanean dirua jartzea inbertsioa dela; baina kulturan, euskaran eta hezkuntzan, esaterako, gastua. Porlanak zoriontasuna dakarrelako, aurrerapena eta modernitatea. Eta dirua. Asko, ugari. Baina ez herritar xumeoi, beti-betikoei baizik. Betikoa.


Urte berri on, porlan on.

Gipuzkoako Hitza-n


PISAren akuilua

Leire Narbaiza 2016/12/18 23:15
Gipuzkoako Hitzan 2016ko abenduaren 16an argitaratua

Benetan diotsuet, albiste onen bila ibiltzen naiz haien gainean hemen idazteko. Horrela jardun dut ea zerbait pozgarria topatzen nuen, edo zer edo zer positiboa, sikiera. Eta ahalegindu banaiz ere, eta zantzu baikor bat agertu zaidan arren, azken aldiko notizia etsigarria gailendu zaio guztiari. Izan ere, tristea da benetan PISA txostenak EAEn izan dituen emaitzak.


Askotxok esango didazue Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (OCDEk) sortutako probak direla, kapitalismoaren mesedetan eratutakoak, konpetentzia batzuk baino ez dituela neurtzen, sorkuntza eta imajinazioa alde batera lagatzen dituela,… Bai, egunotan aditu ditut halakoak nonahi. Baina halakorik ez nuen entzun, ez irakurri txostenaren emaitzak onak izan zirenean, edo behintzat, Espainiakoak baino hobeak irtendakoan.

eskola


Kontua da horrek ere ematen digula amorrua, euskal erdiko oasia ez dela hain oasi, alegia. Lehen edozein kontutan estatuaren batez bestekotik gora geunden; eta nahiz eta Europakotik urrun egon, espainiarren gainetik izateak urguiluz eta satisfazioz betetzen gintuen “zein onak garen” esanaz bezala, gainetik begiratuta beste estatukide guztiak. Hain izan zaigu amorragarria probena, ezen nafarren emaitza onei ia ez zaien erreparatu ere egin EAEn. Edo agian, gure tripako zilari larregi begiratzen diogulako autonomia erkidego honetan, euskaldun bakarrak gu garelakoan, ez dakit.


Baina lagunok, konturatu gara zertan atera dituzten hain emaitza kaskarrak gure nerabeek? Bada, irakurriaren ulermenean, matematikan eta zientzietan! Larria, oso larria. Betez ere irakurketa eta matematikakoa, oinarriak direlako beste ikasketa guztietan. Irakurtzen duguna ondo ulertu barik nola ikasiko dugu? Ezin! Matematikan oinarri sendoa izan gabe zelan egin aurrera formatzeko orduan?


Ezin dugu ahaztu jakintzak hanka bi dituela eta biak direla ezinbesteko, biak dira mundua ulertzeko lengoaiak. Utikan “ni letretakoa naiz”, “ni zientzietakoa”. Biak behar dira. Ez dago zientziarik ondo irakurri gabe. Ez dago arterik matematika bere barruan ez duenik. Ez dezagun ahantz 15 urteko ikasleei egiten zaiela proba, oraindik derrigorrezko beste urte bat dutela aurretik, eta gustatuko litzaigukeela gaztetxo horiek ikasten jarraitzea bai batxilerra, bai lanbide heziketa, bai goi mailako ikasketak,… eskola graduatua gutxiegi delako beti.


Jo dezagun, hala ere, gure gaztetxo horietako batzuek hamasei urterekin eta DBH amaituta, ikasteari uzten diotela. Zelan moldatuko dira bizitza errealean irakurritakoa ganoraz ulertzen ez badute? Gai ez badira eragiketa matematiko sinple bat egiteko? Iruzurgileendako biktima perfektuak izango dira, bizitzan tentuz ibili beharko dute.


Dena dela, uste dut emaitza hauek pizgarri izan behar direla, akuilu. Alerta piztu zaigu, joan gaitezen muinera eta indartu dezagun hezkuntza. Gasta ditzagun diruak gure umeengan, inoiz ez delako gastua, inbertsioa baizik. Bultza ditzagun gaztetxoak, ez diezazkiegun ebaki motibazioa eta gogoa. Imajinazioa eta ilusioa erein behar ditugu, zientoka.


Molda dezagun hezkuntza, egin ditzagun libre umeok, ahazten zaigulako euskaraz hezi hitzak bezatu eta otzandu ere esan nahi duela, eta haurrekin eskolan sarriegitan hori egiten dugula, zirkuko animaliekin bezala gure pistan eta guk jotako musikarekin dantza eragiten diegula. Aska ditzagun, gu ere libreagoak izango gara eta.

Gipuzkoako Hitzan

eskola zapatista

Denon hizkerak inporta du

Leire Narbaiza 2016/12/15 16:58
Info7 irratiko "Gureaz blai" saioko "Egin kontu" atalean abenduaren 15ean emititutakoa

Sarritan iruditzen zait amaitutzat ematen genituen antzinako eztabaida batzuk ziklikoki berpizten direla. Esaterako, orain pare bat urte atzera ere irten zen hau: nor da euskal idazlea euskaraz idazten duena ala Euskal Herriko edozein idazle? Aho bete hortz geratu nintzen, orain 30-25 urte ere izan zelako zalantza bera, eta nire ustez behin betiko erabakita zegoelako.

Egunotan, Bibliako Lazaro bezala etorri da gurera aspaldiko eztabaida: euskalkiak versus batua. Batua versus euskalkiak. Ufa! Baina zenbat buelta eman behar zaizkio kontu berari?

Ibon Sarasolaren esanek isiotu dute sua. Bere azken liburua aurkezteko Naiz-i eskaini zion elkarrizketak izenburu hau zuen: Bizkaierak euskalki izateari utzi beharko dio, jatorkeria baztertu (orain aldatuta du izenburua berriak). Gero, Euskadi Irratiko Faktorian duen saioan, leundu egin zituen berbok, eta bizkaiera beharrean euskalkiak zirela zehaztu zuen. Kontua da egunkariko lerroburu handiak bizkaieradunok, edo hobeto esanda, mendebaldeko hizkera dugunok sutu egin gintuela.

Momentuko haserrea pasatuta, hala ere, irratian entzundakoari buelta batzuk eman ondoren, nahasketa hutsa iruditu zitzaidan; izan ere, erregistro formalaz jardun zuen bere etxeko euskaran! Halakorik! Estandarra hori ote da? Desager daitezela euskalkiak, baina nirean egingo dut irratian!

Gainera, kultura popular falta, edo folklorearen ezagutza eza erakutsi zuen Oskorriren ‘Hauxe da despedidia’ diskoaren izenburua kritikatu zuenean. Ea nola jar dakiokeen “despedidia” disko baten izenburuari zioen. Ez du Maurizia Aldaiturriaga ezagutzen euskaltzainak! Jakina, urbanita da! Jakin dezala Maurizia handiak beti amaitzen zuela horrela emanaldia. Ruper Ordorikak ere erabiltzen du horretarako, barren! Keinu bat egin nahi zioten gure figura bati eta bertso zahar batzuei Oskorrikoek! Zer irudituko litzaiokeen beste talde batek Munduyan ezta gauzaric hayn eder ez plazentic Etxeparek idatzi zituen moduan aukeratu izan balu musika talde batek disko baten izenbururako? Horrezaz gain, ez dut elegantea ikusten disko eta talde horren aipamena egitea beti eta hain nabarmen.

Beste kontu bat ere esan zuen, Durangon pankarta feminista bat ikusi zuela bertako euskaran! Durangon bertako euskaran! Zelako sakrilegioa! Nire ustez herri horretako euskaran ondo idatzia, osorik eta ortografia ona badu egokia da, oso egokia!

Baina, finean, ideia entsalada bat egin zuen: estandarra, aldaerak, erregistroa, jasoa, euskalkia, jatorkeria, batua… eta denak dira desberdinak. Alde batetik batua edo estandarra dago deklinabidea, aditza, ortografia eta gauza gutxi gehiago dauzkana batuta. Honek aldaerak ditu adibidez Ladron Aranak bere liburuetan erabiltzen duena edota Eneko Bidegainek artikuluetan baina biak dira batua. Erregistroak ere baditu: jasoa (albistegietan, Urkulluren diskurtsoak,…). Kolokialagoa-edo  magazina den irrati saio batan erabiltzekoa. Lagun artekoa ere badu, kuadrilla giroan edo familian erabiltzen dutena batez ere euskalkia erabiltzen ez dutenek.

euskalkien mapa Koldo Zuazo
Euskalkiak ere aldaerak eta erregistroak dauzka. Ez da berdin berba egiten ume txikiekin, herriko aldizkariko artikulu batean idatzi edo ezezagun batekin, zerbait eskatzeko.
Baina agian amorrurik handiena sortzen dit euskalkia zabarkeria eta jatorkeriarekin parekatzeak. Ez da horrela. Batzuek ahalik eta ilunen eta itxien idaztea, kontrakzioz beteta eta ia inork ez ulertzeko moduan ez da egokia eta ezin da euskalkiarekin parekatu, ezin da esan euskalkian jardutea dela, “det” eta “zai” esatea batuan jardutea ez den bezala.
Denon hizkerak inporta duelako!

Alfabetizazioaren aukera galdua

Leire Narbaiza 2016/12/12 00:30
#MadalenakKafesnetan 2. atala: Kafesne gutxi eta denbora laburrean, madalena siku!

Alfabetatze euskalduntze koordinakundea. Helduen alfabetatze eta berreuskalduntze erakundea. Ezagunak egiten zaizkizue izen hauek? Agian horrela esanda ez, baina akronimoak ematen badizkizuet denok ezagutuko dituzue: AEK eta HABE. Biek ala biek dute alfabetatzea euren zereginen artean. Baina existitzen ote da halakorik?


Hamasei urterekin sartu nintzen euskaltegian alfabetatzera, A ereduko neskatila nintzelako. Euskara berreskuratu -erdi galduta nuen- eta poesia euskaraz irakurri -eta ulertu- helburu jarrita, ekin nion prozesuari. Bi ikasturte eman ostean, zerbait lortu nuelakoan, karrera ere euskaraz egiten hasi eta amaitu nuen. Hori izan zen alfabetatzeaz izan nuen azken berria.


alfabetizazioa

Urtarril honetan egin ditut 26 urte lanean hainbat euskaltegitan, zonalde askotarikoetan, egoera anitzekoak, ezagutza eta erabilera desberdinekoak. Hori bai, denak bizkaiera edo mendebaldeko hizkeraren eremuko ikastegiak dira. Nire lehenengo urte hartan talde bat sortu zen. Iaz beste bat ezagutu nuen Mungian eta ahoa bete hagin laga ninduen. Sui generis batzuk ere ikusi ditut, erretiratuekin esate baterako, Eibarren.


Askok kontra egingo didazue gaur egunean ez dagoela alfabetatze premiarik, jendeak badakielako idazten eta irakurtzen. Arrazoi puntu bat ere baduzue, ez dizuet ukatuko. Ume eta gaztetxo gehienek euskaraz ikasten dute eta hala egiten ez dutenek euskaldundu behar dira, ez alfabetatu. Ados.


Baina badago jende multzo handia helduaroan, euskaraz egiteko gai dena (maila askotakoak), eta ez dena edozein testu euskaraz irakurri eta ulertzeko gai. Edo ikaragarri kostatzen zaio, behintzat. Asko guraso izango dira, edo aitita-amama sasoikoak. Ezingo diete ezertan lagundu umeei. Ez dira izango eredu. Gaztelania edota frantsesa hobetsiko dute irakurtzeko orduan. Erdaldun elebakarrak balira legez.


Biztanleriaren kopuru handia, euskaraz ahoz ondo jakin arren, alfabetatu barik dagoenean kalteak baino ez dakartza gure hizkuntzaren normalizazioan. Ondorio negatiboak kazetaritzan, lehenbizi. Inoiz ez du euskarazko prentsan irakurriko, ezin baitu (ez bada zerbait laburra); beraz, euskaldun horrek beti joko du erdal prentsara eta komunikabideetara oro har (irratia izan liteke salbuespena, baina euskalki periferiko batekoa izanda, zailago). Euskal literatura ere ezin du kontsumitu; edo behintzat ezingo du letrez disfrutatu.


euskal prentsa


Esan bezala, alfabetizazioaren abandonuak eta eskasiak kalte asko dakarzkio euskarari: kultura kontsumo urria, batez ere literaturarena; euskal komunikabideak indartu ezina; euskararen aberastasuna ez sendotzea; elkar ulertzea oztopatzea, hainbat euskalkietakoon artean eta euskara batua ez ganoraz ulertzea; euskararen produkzioa mirrintzea; batua finkatzeko eta osotzeko aukera galdua; zuzentasunari kalte nabarmenak hiztun batzuen hizkera fosilizatuta geratuko baita, ume eta txakurrekin berba egiteko...


Aurreko urteetan abandonatu egin da alfabetatzea, ez delako interesatu. Askok uste zuten ez zutela behar, eurak euskaldunak izanda, erdaldunen lana zela euskara  ikastea. Oso jarrera erosoa. Hau guztiau argi ikusten da: arnasguneetan erdaraz funtzionatzen da irakurtzeari dagokionez, esate baterako. Euskal letrendako arnasgunerik ez

@garaigoikoa @KikeAmonarriz @BlogakCom #arnasguneak ezagutu ditudan neurrian ikusi dut erlajazio handia eta gehiena erdaraz leitzen dela

— rubensánchezbakaikoa (@arlotea) 2016(e)ko urtarrilak 12

Baina zer da alfabetizazioa? Nire ustez, kontu zabal bat da, ez idaztarau multzo soil bat, sinonimo zerrenda hutsa. Izan beharko luke gure artikulugileen testuak irakurri, literatura leitu, eta euskaraz idazten dena ezagutu eta jakin zein den euskaraz idatzi den lehen liburua edo zein nobedade interesatuko zaizkigun hurrengoko Durangoko uztan. Prentsa euskaraz kontsumitzea, interneten euskaraz ganoraz jardun ahal izatea. Berba baten herri kultuagoa izatea.

Baten batek esango du bere aurrekoek ez zekitela euskaraz idazten eta irakurtzen, eta ederto egiten zutela euskaraz, gaztelaniaz baino hobeto. Arrazoia du, baina beste sasoi batean gaude. Orain gutxi dira euskaraz erdaraz baino hobeto moldatzen direnak. Gainera, gure aurreko belaunaldiak ahozko mundu batekoak ziren, orobat; gaztelaniaz ere gutxitxo irakurtzen zuten, alegia. Gaur egun, ostera, letraz egindako gizartea dugu geurea, eta gutxi ala asko itzela da zenbat idatzi eta irakurtzen dugun.

euskarazko liburuak

 

Izan ere, inork imajinatuko luke hizkuntza normalizatu bat bere hiztunen gehiengoa gai ez bada hizkuntza horretan  irakurtzeko? Ezingo genuke, ezta? Lizardik zioena “nahi haunat noranahikoa, jakintza hegoek igoa” ezinezkoa da alfabetizazio barik.


“Denok eman behar dugu zerbait, gutxi batzuek guztia eman ez dezaten”. Erdaldunei euskaraz ikasteko esaten diegu, euskararen alde zerbait egin dezatela. Baina etxetik euskara jaso genuenok ere egin beharko dugu ahalegintxo bat hizkuntza hobetu eta zeozer gehiago ikasteko.


Ikasi ez izanak, edo ganora gutxiko alfabetatzeak beste albo ondorioak ere badakartza: “Marteko euskara” eta “Euskalduna naiz por la gracia de Dios”, Madalenak Kafesnetan beste atal batzuetan garatuko ditugunak.


kafesnea

Save

Madalenak kafesnetan

Leire Narbaiza 2016/12/03 00:43
Madalenak kafesnetan atalaren lehenengo posta

Badira momentuak non buruan bueltaka daukaguna, urteetako hausnarra, ordenatu eta azaldu behar dugun. Hori da “madalenak kafesnetan”.

Hau guztiau Fermin Etxegoienek blogean lagatako erantzun batek isiotu zuen. Berak hitzez hitz hauxe zioen: “Hizkuntza batez jabetuko zara hizkuntza horretako zenbait mutur linguistiko –esamolde- behin eta berriro inguruan entzuten baldin badituzu, zu atrapatu arte.

Ia-ia -esango nuke- prozesu intelektualari uko eginda; hobe errepikapenak”. Irakurritakoan madalenak eta kafesnearen irudia etorri zitzaidan, sarritan ikasleei botatzen diedana: katilu bi kafesne dauzkagu eta madalena bana. Katilu bat kafesnez beteta dago, besteak pixka bat besterik ez du. Beteta dagoen horretan sartzen badugu madalena, di-da, segundo gutxiz madalena ez da bustiko asko. Beste katiluan, kafesne gutxi duen horretan sartzen badugu madalena eta luzaroan badaukagu, pla-pla geratuko da, mela-mela eginda. Azkenean kafesne kantitatea baino, zenbat denboratan izan dugun madalena murgilduta da gakoa madalena blaitzeko.

Horregatik blogeko atal berri honek izango du Madalenak kafesnetan izena. Batzuetan kafesnerik ez dugulako, bestetan astirik ez, hurrengoan, madalena beharrean soletilla bizkotxoak, eta katilua beharrean, basoa…

Euskararen paraderoaz egin gura dut berba, zer gertatu zaigun jakin, eta frankotiratzaile mundu honetan egia pare bat jaurti, izan liteke kamikazeegia naizela.

Euskararen munduan aspaldi nabil. 26 urte lanean euskaltegietan, euskara elkarteetan, soziolinguistika mintegian, ikastaro, jardunaldi eta abarretara joaten, lagun artean hitz egiten eta urte hauetako inpresioak baino ez dira nire madalena hauek.

Aitortu behar dut zertzelada hauek ezkorrak direla oso, ni horrela bainago. Ezkorregi, beharbada, baina gerrera, oso gerrera. Izan ere, ezkor egoteak ez du esan nahi kemen faltan gaudela, ez. Ezkortasunak arazo bakarra dauka, nekea eta hori bai da arriskutsua. Zoritxarrez, inguruan jende asko dut nekatuta egoerarekin.

Agian, porrota aldarrikatu beharko genuke, @martin_kitto-k esan zidan bezala, positibismo on faltsua beharrean. Ez dugu zintzoago jokatuko? Ezkortasunarena aurretiaz laga nahi dut argi, inor harritu ez dadin. Era berean, nire ikusmira txikitik eta pertsonaletik abiatutako hausnarketa eta behaketa da. Nire mundutxotik, nire egoera eta ingurutik. Ni eta nire zirkunstantziak baikara.

Kritikoegia, igual. Irtenbiderik ere ez dut proposatzen, baina hanka sartzeetatik ikasten dugulakoan nago. Horregatik, fokatu horretan eta alda dezagun txarto egin duguna, sasoiz gaude eta.

Eroriz ikasten da oinez!

plum cake eta kafesnea


Doakotasuna, azterketak eta propaganda

Leire Narbaiza 2016/12/02 11:10
Gipuzkoako Hitzan 2016ko abenduaren 2an argitaratua

Doan, debalde, dohainik, musu-truk! Berba paregabeak black friday, merkealdi eta deskontuen sasoi honetan. Kontsumismoaren garaian amu ederrak dira.


Dena dela, kontu batzuetan ezinbestekoa da doakotasuna. Gizarte aurreratu eta moderno batean hezkuntza dohainik izan behar dela deritzot, baita osasuna, gizarte zerbitzuak eta liburutegiak ere, besteak beste. Oinarrizko zerbitzuak direlako eta biztanle guztiendako libreak izan beharko liratekeelako; nahiz eta azken aldian kopagoa edo berrordainketaren mamua hegaka dabilen. Haize berrien patua.


Pasa den astean Eusko Jaurlaritza osotzeko paktua sinatu zuten EAJ-PNVk eta PSE-EEk. Titular asko eman zituen, baina komunikabide askotan nabarmendu zuten euskara ikastearen doakotasuna adostu zutela. Berria-ren beraren titular nagusia hauxe izan zen: Probak gaindituz gero, euskara ikastea doakoa izango da B2 mailara arte.euskaltegia


Urtarrileko merkealdia izan barik, halako albiste pozgarria! Jakina, goitik behera irakurri nuen artikulua, luzaroan zain geunden berria zelako. Nire lehendabiziko poza zapuztuta geratu zen, ordea. Izan ere, akordioan jasotakoa ez da doakotasuna. Atzera ere propaganda, amuari kosk egin geniezaion. Berriro ere dezepzioa, eta adar-jotzean dabiltzan sentsazioa. Kontzeptu okerra darabiltelako. Nahita edo ez. Baina zerbait debalde denean ez da ordaintzen. Eta kasu honetan, ordaindu egin behar da. Ondoren, azterketa bat egin eta gainditu. Oso pedagogikoa dena.


Neurri honek zer dakarren? Lehenengo eta behin, hainbat lagunek ezin dutela matrikulatu, aldez aurretik dirua jarri behar delako. Modulu arrunt batek (8-10 astean) 300 eurotik gora balio du, bi epetan ordainduta (oro har nabil, herri eta euskaltegi bakoitzak arau desberdina duelako). Suertatu izan zait matrikulazio sasoian prezioa esan eta “eskerrik asko, pentsatuko dut” erantzun, baina itzuli ez, edonoren esku ez baitago kurtso hasieran dirutza hori ordaintzea.


Ezintasun ekonomikoa batetik. Bestetik, dirua jaso ahal izateko derrigorrean azterketa –barkatu, “Euskarazko komunikagaitasun-mailak egiaztatzeko probak” dute izena orain, neo-hizkuntza horretan!– gainditu behar izatea. Nongo burutan sartzen da hori? Titulitisak jota geundela salatu izan dugu, orain areagotu egingo da gaixotasun larri hau. Titulurik behar ez duena ere, titulu bila. Dakarren kalte guztiekin: urduritasuna, presioa, klaseak azterketari begirakoak izatea,… Gurpil zoroa, azken baten.


Imajinatzen duzue “euskaltegia” jarri beharrean “eskola” jarriko balu? Ezin eskolara joan garestiegia delako? Azterketa gainditu ezean, ordaindutako dirua ez itzultzea? Ezinezkoa Europa Mendebaldean, ezta? Bada, euskarekin gertatzen da ofiziala den eremuan.


Doan, benetan doan, EAEn gaztelania da. Bai. Eta ez du Espainiako gobernuak ordaintzen, Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailak baizik. Bai, Helduen Hezkuntza Iraunkorreko zentroetan. Horietako batzuetan euskara ere ematen da, baina oso maila baxuan.


Zertan gabiltza, euskararen black friday baten? “Ni ez naiz ergela” aldarrikatzen zuen merkataritza gunea bezala amua jaurtita ea irensten dugun? Edo euskararen kontura hauteskunde kanpaina iraingarria egin zuenari aurpegi garbiketan?


Egia esatera, ez dakit zein den helburua, baina argi dut bihar euskararen egun dontsu horretan denei ahoa beteko zaiela berba ederrez, manifestuak irakurriz, eta argazkian panpox agertzeko asmoz. Nekagarria da, oso!

Gipuzkoako Hitzan

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
Irakurtzen dizkinat hire lanok, gustura. Segi.JOn Jon Etxabe, 2017/06/19 12:51
Iban! Zer esan nahi dok, ez dala bitxia? Kaleko ... leire, 2017/06/08 16:54
Bitxiak... edo "kaleko kontuak" :-( Iban Arantzabal, 2017/06/08 16:38
Artikulu bikaina Leire. Serafin, 2017/06/04 20:25
Gainera, estadistikak ematean, nazionalizatuta ... Ni, 2017/05/23 22:41
Hona hemen aurreko albistearen lotura: ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:51
Pasa den astean beste emakume bat hil zuten ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:50
Politta testua. Artistia haiz gero! Serafin, 2017/05/11 14:44
Milla esker, Serafin! Laztan bat! leire, 2017/05/07 21:23
Oso ona Leire. Biba zu. Serafin, 2017/05/06 21:28
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua