Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

"Apaizen gela"

Leire Narbaiza 2016/11/28 15:03
Info7 irratiko "Gureaz blai" saioko "Egin kontu" atalean azaroaren 17an emititutakoa.

Whatsappez “Apaizen gela-Sala de curas” idatzita zuen kartel baten argazkia jaso nuen, Osakidetzako atondo guztien ondoan daudenen berdin-berdina, kolore korporatibo eta diseinu berarekin.

Barre egin nuen, negar ez egiteagatik. Ikaragarria iruditu zitzaidan hain hanka sartze nabarmena egitea halako instituzio batek, eta berehala twitterren jarri nuen, halakoekin hori egiten delako. Bertxio eta atsegite artean ibili ginen itzulpena komentatzen. Eta zalantzan jarri genuen benetakoa zela “apaizen gelaren” zenbakia 000 zelako, eta numerazio horrekin ez delako gelarik inon.

Twitterreko erabiltzaile gehiagok ere bazuten jarrita ditxosozko argazkia. Epidemiak jota zeuden sare sozialak, antza. Leku guztietatik heltzen zelako “apaizen gela” dontsuaren argazkia.
Handik ordu batzuetara, hara non jaso nuen Jon Darpon osasun sailburuaren beraren erantzuna twitterren: “Kartel hori gezurrezkoa da” eta benetako argazkia jarrita zeukan txioan. Nik eskerrak eman nizkion eta bertxiotu egin nuen.

@txargain Kartel hori gezurrezkoa da. pic.twitter.com/CmFD9B9bKK

— Jon Darpón (@jdarpon) 2016(e)ko azaroak 1
Norbaitek ziria sartu nahi izan zigun, eta ederki sartu ere. Ziztu bizian zabaldu zen interneten, eta hau harritzekoa ez bada ere, jende gutxik jarri zuen zalantzan kartela benetakoa zela.
Fakeak, gezurra zabaltzeak asaldatuko ditu asko, ziur naiz. Esango digute datorkigun guztia itsu-itsuan sinisten dugula. Egia izan liteke, baina ikusi izan dut beste kasu batzuetan jendeak zalantza egiten. Kasu honetan kezkatu beharko lukeena da zein erraz onartu genuen egia izan zitekeela. Hori da larria, aukera handia zuela benetakoa izateko.
Zer dela eta pentsatu genuen kartel hori erreala zela?, posible litzakeela halako astakeria metakrilatoan inprimatzea? Egia esatera, ohituegi gaude horrelakoetara, nonahi aurkitzen dira halakoak-eta. Ala ahaztuta daukazue “drogarik gabe, atsedenik ez” famatu hura?

Jar ezazue edozein bilatzailetan #zazpikia (traolarekin) edota “euzkal errian euzkaras”, eta ikusiko duzue nola ez dudan gezurrik esaten. Makinatxo bat kartel, idazki eta iragarki ikusiko duzue antzeko akatsez josiak, ortografia faltez eta euskara ulertezinean. Leku ofizialetakoak edo pribatuetakoak, baina itzela da zenbat eta zenbat dauden jasota.

Ekiditu Osaquidecha

Osakidetzan ardura ei die euskarak, baina oraindik zaila da atentzioa euskaraz jasotzea, edo osasun sailburu euskalduna izatea (ba ote da inoiz halakorik izan?). Euskarak axola die, baina kasualitatez, “apaizen gelaren” pasadizoa gertatu eta egun batzuetara nire osasun-etxera joan eta paperezko kartel bat aurkitu nuen, Osakidetzak inprimatutakoa inprentan, dotore diseinatuta. Elebidun, jakina, baina akastuna. Akatsak euskarazko bertsioan, noski. Hori dela eta, ez dakit zergatik halako errektifikazioak egin eguneroko ogia direnean euskararen kontu honetan.

Beraz, jada ezerk ez gaituenez harritzen, sinestuko ditugu, dulantzi barik.

Hemen Info7ren webean

 

Lanerantz, esaneko baina errudun

Leire Narbaiza 2016/11/18 17:10
Gipuzkoako Hitzan 2016ko azaroaren 18an argitaratua.

Lanerantz irten gara. Aurretik egun luzea daukagu, ordutegi zoroari esker. Lan egin behar dugu bizi behar garelako, dirua ezinbestekoa zaigulako irauteko. Era berean, umeak ekarri behar direla esaten digute, etengabe. Emakumeko X haur behar dela gure gizarteari eusteko. Beste ardura bat gehiago andrazkoon bizkarrean. Seme-alabak ekarri, ederto. Hazi, ostera, zelan egin lan ordutegi infinitu hauekin?

Lanerantz irten gara. Esan ziguten lanagatik edozer egin behar genuela, lanpostua zegoen lekura joan behar zela, kosta ahala kosta beharrari eusteko. Harantz goaz, kilometroak eta kilometroak egin hara iristeko. Lan jardun eternala gutxi ez balitz, gehitu behar diogu bidean ematen dugun denbora. Automobilean joaten gara, garraio publikoan ezinezkoa delako: ez dagoelako, edo, egonda ere, bertan emandako denbora lotarako denborari ostu beharko geniokeelako. Horregatik egiten gaituzte aldaketa klimatiko eta kutsaduraren errudun. Kontzientziabako erosozale fama ere ezarri digute.

Lanerantz irten gara. Horretarako automobila erosi behar izan dugu, dakarren gastu eta arrisku guztiekin. Kexatu egiten gara xahutu beharreko dirutzagatik. Horren aurrean, auto ofizialean doazenek errieta egiten digute: uste badugu autobidearen kostua handiegia dela, har dezakegula errepide nazionala. Trajedun horiek errepide hori egunero erabiltzen ez duten seinale.

Lanerantz irten gara. Jakin badakigu osasuna galtzen gabiltzala auto-ilaretan eta istripuetan. Nerbioak galduta aparkatu ezinda ibiltzen gara, tentsio etengabean. Esaten digute garajea erosi edo alokatzeko, denon esku balego moduan aparkalekua ordaintzea. Aparkatzea ere, dirudunen mesede.

Lanerantz irten gara. Patronaleko arduradun ahoberoak esan digu ez dakiela denondako beharrik egongo den, gaztelaniazko maskulino plurala erabilita: para todos. Femenino pluralarendako, lanik ez. Gizonek lanposturik ez edukitzearen errudunak ere bagara etxetik kanpora lan ordainduan gabiltzan andreak.

Lanerantz irten gara, dirua kobratzeko asmotan. Gastatzeko esan ziguten, gure eskubidea zela, eta ekonomia indartuko genuela. Guk, esan eta egin. Orain ere, errudun bihurtu gaituzte, gure posibilitateen gainetik bizi izan garelako, maila sozial horretakoak ez ginenez, larregi gastatu, eta krisi ekonomikoa geuk sortu dugula.

Lanerantz irten gara, eta solidarioak izateko eskatu digute. Baina solidaritate bakarra gurea izan da, inortxok ere ez duelako elkartasun keinurik ere egin gurekiko. Zerbaiti ezetz esanez gero, gu gara errudunak.

Lanerantz irten gara. Eredu neoliberalak egin du ondoen dakiena egiten: errudunak aurkitu. Eta beti gara gu, norbanakook: umerik ez dugulako, kutsatzen dugulako, arazoak eragiten ditugulako errepideetan, emakumeok dagokigun lekuan egoten ez dakigulako, solidarioak ez garelako, krisia sortu dugulako. Errudunak norbanakoak, lanerantz irteten garenok. Sistemak, ordea, ez dio inoiz errurik egozten sistemari. Eta errudunak beti izango gara errudun, egiten duguna egiten dugula; kontrakoa egiten badugu ere. Neoliberalismoak norbanakoa kulpadun bihurtu du statu quo-ak bere horretan jarrai dezan.

Eta guk lan egin besterik ez genuen nahi…

Gipuzkokako Hitzan

Herio, Halloween eta hileta zibilak

Leire Narbaiza 2016/11/04 10:55
2016ko azaroaren 4an Gipuzkoako Hitzan argitaratua

Sartzea egin dugu azaroan, heriotzarekin estuki lotuta dagoen hilabetean. Baliteke, argi orduak murriztu eta egunak laburtzeak laguntzen duela konexioa egiten. Agian, udazkenak udaren amaiera dakarkigulako, eta iragartzen digulako naturaren lo-aldia. Horrek ere izango du eragina. Arbola askok ere hilda dirudite hostoak galduta. Tristura eta akabua irudikatuta izadian neguaren atarian.


Tradizionalki, heriotzaren errito eta jaialdiek bete dute urteko hamaikagarrena, Gaztainerre egunak, kasurako, Debabarreneko zati baten. Edo galiziarren Magostok. Jakina, Eliza katolikoak ere aprobetxatu zuen abagunea eta aste honen hasieran izan ditugu Domu Santu eta Arimen egunak. Eta nola ez, joan-etorriko Halloween dontsua, orain sustraietara itzuli ezinda darabilguna. Denetan Herio, guztietan hiltzea.


Kuriosoa egiten zait Halloweenen itzulera reloaded hau: bizirik dauden hildakoak, mamuak, fantasmak agertzen zaizkigu nonahi, heriotza inoizkorik taburik handiena denean. Saihesten den gaia, inork aitatu nahi ez duena. Eta elkarrizketan sartuz gero, mintzakide asko deseroso sentitzen dira. Izan ere, ostrukarena egiten dugu. Gaiari itzuri eginda, ematen du guri ez zaigula gertatuko; ez garela sekula hilko, alegia.

Eibarko umiak Halloweenen
Arimen gaua Eibarko Sosolan

Hori ikasi nuen etxeko bat hil zenean. Harreman handiko ezagun batzuek ahaleginak eta bi egiten zituzten nirekin topo ez egiteko, izkin egiten zidaten. Ez zekitelako zer esan, nola zuzendu niregana. Gure amamek bazekiten, ostera. Gure aurrekoen heziketan bazegoen heriotzaren aurrean zelan jokatu, guri erakutsi ez zigutena, tabua delako horretaz berba egitea.


Horregatik nago oso ados Hedoi Etxartek Euskadi irratiko Faktoriako tertulian esandakoarekin (02:14:00-tik aurrera): boterearen ideologiak sinistarazi nahi digula ez garela hilko, baina hil egiten garela. Eta familiako bati gertatutakoan etortzen direla koplak. Izan ere, gizarte laikoa erritoetan dabil makal. Eliza katolikoak eskaintzen digula agur esateko modua.

entierro zibila eibarren
1932 g.g.b. Entierro zibila Eibarren, anda Urkizutik gora. Beste askoren artean, Juan Gabilondo, Luis Bueno eta Aurora Amuategi. Castrillo Ortuoste Fondoa. Eibarko Udal Artxiboa


Batez ere, azpiegitura eskaintzen digu. Eliza asko ederrak dira, handiak. Estalita daude eta jesarlekuak dauzkate. Zeremonia egituratua, abestiak, intsentsua, despeditzeko era bat. Baina, hildakoa erlijioso ez denean, zer? Etxartek dioen moduan, laga gaituenak inguruan badu kolektiboren bat, edo ondo berba egiten dakien norbait, salba daiteke. Baina ez badu?


Hileta zibilak hori dauka, inor ez dela arduratzen, leku egokirik ez dagoela. Berriak zaretela kontu honetan. Eibarren, aldiz, entiarro zibilla egon da mende batez, gutxienez. Baita frankismoan ere. PSOEko norbait arduratu izan da abade laikoarena egiteaz. Kontua da, sasoi baten hileta hau aukeratzen zutenak sozialista zaharrak, errepublikanoak edota horrelako ideologia zutenak zirela –Egia da, gaur egun, eskatuz gero, edonorena egiten dutela, gogaide ez bada ere–. Eibarren tradizio bat badugu, laguntzen diguna beste ideologia batzuetakooi bidea egiten. Hala ere, Etxartek adierazi bezala, zerbait gehiago beharko genuke hileta zibil horiek hornitzeko. Maite ditugunei agur esateko zeremonia behar-beharrezkoa delako.


Beraz, Halloween eraldatzen gabiltzan honetan, gure sustraietara itzuli nahian; aprobetxa genezake heriotzaz, Herioz, Balbeaz hitz egiteko. Eta era berean, zer nolako agurra nahiko genukeen adierazi. Dena naturalagoa litzatekeelako.


Azaroan orbelak airez aire, ifartxo dultzean...


Gipuzkoako Hitzan

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
Progreak beti inmigranteak "onak" bezala jarri ... nazka nazka eina, 2017/04/20 12:47
http://www.diariovasco.com/[…]arrio-20170413010958... Ikusi eta begiak ireki, 2017/04/14 00:28
Ados nago zurekin Leire. Titularra tendentziosoa ... Sosola, 2017/03/30 11:43
Leire, eskerrik asko egin zenuenagatik eta idatzi ... Markos Zapiain, 2017/03/30 11:06
Arrasti on, Zegatik ez dago ergatibo famatua ... Aitzol Agirre, 2017/03/29 19:17
Zorionak zeure jarreriai, baña sarritan albora ... maite leturiondo, 2017/03/28 10:25
Eskerrik asko guztioi erantzuna lagatzeagatik! ... Leire Narbaiza, 2017/03/27 13:56
Leire-ri erantzuna. Kontua ez da anonimoekin ... Leireri erantzuna., 2017/03/27 12:34
Zorionak, Leire! TXalogarrixe hartu dozun jarrera ... Mari Eli Ituarte, 2017/03/26 13:26
Eskerrik asko Verónica, 2017/03/25 22:08
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua