Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Katalunia, Euskal Herria

Leire Narbaiza 2015/09/21 12:04
2015eko irailaren 18an Gipuzkoako hitza-n argitaratua.

Euskaldun askori Kataluniak inbidia ikaragarria sortu izan digu. Betidanik. Lehen, mirespenez begiratzen genien katalanaren egoerarengatik. Adurra dariola behatzen genuen euren jarduna: kalean, literaturan, oraintsuago telebistan... Gurearekin alderatuz gero, amildegi ikaragarria. Era berean, katalanen modernotasunak ere liluratzen gintuen. Agerikoa zen Espainiari baino, Europari begiratu izan diotela beti, edo guk baino gehiago, behintzat. Kultura sakonagoa dutela begitantzen zaigu, gu baino finagoak, alegia.

Orain, ostera, sortzen diguten txundidura are handiagoa da hartu duten independentzia bidearekin. Hizkuntza eta kulturaz gain, subiranotasun prozesua benetako ispilua da guretako.

Dena den, gure zirkunstantziak ez dira beraienak. Abiapuntu ezberdinetatik irten gara. Historia ez da bera, ezta egoera ere. Biolentzia larregi izan dugu hemen, baita "bertan goxo" asko ere. Kontzertu ekonomikoa bide horretan lagungarri baino, konformaerraz bihurtu gaituelakoan nago. Independenteak de facto batzuen aburuz.

Baina, horretaz gain, uste dut oinarrizko kontu batzuk argitzea falta zaigula euskaldunoi. Edo horiek finkatuz gero, bidea errazago egiteko eta trinkotzeko balioko digula pentsatzen dut. Jakinekoa da ez naizela analista politikoa, herritar kezkatua baino ez. Kontuan hartuko ez didazuelakoan, ekingo diot.

Alde batetik, lehen aitatu dudan moduan, hizkuntza. Katalunian gehiengo handiak du argi hizkuntzarena. Gurean, ordea, abertzale batzuek ere euskara oztopo ikusten dute. Nire aburuz, ezinbesteko kontua. Euskara gabe, nora?

Bestetik, lurraldetasuna. Badakigu Katalunian ere arazo hori badela, baina badirudi gai izan zirela komunitate autonomoko lau probintziekin abiatzeko. Gu prest geundeke horretarako? Niri neuri zalantza handiak sortzen dizkit.

Lurraldetasunarekin lotuta ere badago kontu bat: izena. Nola du izena gure herriak? Baskonia, Euskal Herria, Nafarroako erresuma, Euzkadi, Euskadi? País Vasco, Vascongadas, Pays Basque, Basque Country, Baskeland? Zer da bakoitza?

Gure herri desegin honek sinboloak erabiltzea eta bateratzea ere falta du. Ikurrina dugu, baina baztertua. Nafarroako bandera. Arrano beltza. Lauburua. Gernikako Arbola. "Zazpiak bat" armarria… Non eta zenbat ikusi dituzue azkenaldian horiek denak? Harrituta nauka sinboloen kontu honek. Uste orokorra da zaharmindu usaina dutela. Eta ikurrinaren ordez, futbol banderez bete ditugu bazterrak, gure nortasunaren ikur bakarrak bihurtu direlako. Ai, ama!

Zer esanik ez Aberri Egunaz. Data zehatz bako jai erlijiosoa, irrikaz hartzen diren oportxo batzuen erdian. Denok mundua ezagutzen, gure herriaren festa alboratuta.

Eta himnoa? Himnorik ere ez dugu, barren! "Gora ta gora"? Ez, mesedez! "Nafarroako gorteen ereserkia"? Dotorea eta ederra, baina ezezaguna, letra gabekoa, gainera.

Gutxi balitz, folklorearen gutxiespen orokorra. Hortxe dabiltza katalanak sardanak dantzatzen, casteller-ak egiten nonahi, suzko herensugeak ateratzen, barretinak jantzita… Gurean, berriz, kosmopaleto, cool eta abertzale-guai askoren mespretxu keinuak baino ez du merezi gure folkloreak.

Horregatik, galdera batzuk jaurti nahi ditut: sinbolo barik nola abiatuko gara estatu berria lortzeko lasterketa luze horretan? Zerk batuko gaitu? Nola abestu denek batera ozen? Zelan identifikatuko gara?

Udako 'sugeak'

Leire Narbaiza 2015/09/04 22:51
2015eko irailaren 4an Gipuzkoako Hitzan argitaratua

 

Gaztelaniaz "udako suge" esaten zaie uda sasoian komunikabideek ateratzen dituzten albiste ganorabako eta (ustez) harrigarriei. Batez ere abuztuan, besterik gertatuko ez balitz bezala. Pozoi gabeko sugeak, alegia.

Gurean, tradizionalki, suge horiek pozoidunak izan dira. Baina barruan daramaten benenoa negukoarekin alderatuta, dosi gutxikoa izaten da, ernegatzeko beste, baina ohituta gaudenez, jasangarri.

Banderen kontua izaten da bat. Aurten, besteetan ez bezala, pozgarria ere izan da batzuendako ikurrina ikustea Nafarroako hainbat udaletxetan. Sugeak kosk egin die euren aulki erosoetatik kanporatu dituztenei. Letaginak beste baten haragian sartu, behingoagatik.

Banderenaz gain, gobernuaren ordezkarien sugeak ere espero genituen, udan eltxoak bezain presente egoten baitira. Merituak egin behar dituzte, erridikulua egiten badute ere txokolatadak eta brindisak debekatzen. Boa hertsatzaile izan nahi, baina azkenean sugegorri baino ez dira. Patetikoak.

Beste patetiko batzuk agertzea ere itxaro genuen, jaietako nardagarriak, adur-jarioan dabiltzanak, eskuak izan beharrean garroak dituztenak: gizon erasotzaileak, emakumeei jazarri eta esesten dituzten matxistak. Jaiak aitzakia. Betikoa bada ere, eraso bakoitzean barrua irauli, eztarria estutu eta odolak irakiten digu. Baina (h)ar horiei ematen zaien erantzuna gero eta ozenagoa da; jendeak arbuiatu egiten ditu, biktimek esan egiten dutelako.

Eraso horiez gain, erailketa matxista bat ere izan da. Hilketa hori istripuz mozorrotzen ahalegindu zen hiltzailea, baina ez zuen lortu. Hitzik ere ez dut gertatu zena kontatzeko. Itzela.

Baina udako suge bat albiste handi bihurtu zaigu. Egia esatera, notiziaren larritasunak eragin du albistegietan espazioa hartzea. Jakina, udan ere ganorazko berriak ere badaude, eta sugeena langile falta estaltzeko eta oporretako ilusio happy hori hauspotzeko baino ez da.

Etorri diren irudiak hain dira bortitzak, agertutako gorpuak hainbeste, ezen ezin baitzuten beste alde batera begiratu. Tragedia handia eta luzea. Ez zegoen sugerik begi-bistako drama ezkutatuko zuenik: familia osoak estatuak zeharkatzen ahal den eran. Gerra, jazarpen eta gosetik ihesi Europa ustez eskuzabalera. Hor dago gakoa, gure estatuek asmatutako izendapenean. Batzuk etorkinak, migratzaileak dira; besteak, errefuxiatuak. Pobrezia nahikoa gerra ez balitz legez.

Uholde horrek gogoa eraman dit ia laurogei urte atzera, gure familiak hala ibili zirenekora. Amama Virginia bi seme gazteenekin (tartean 3 urte zituen aitarekin)Goizeko izarra ontzian Frantziarantz abiatu, beste sei seme-alabak Europan zehar barreiatuta, jakin barik onik irtengo ziren, etxera inoiz itzultzeko aukera izango zuten, zer izango ote etorkizuna…

Gureak, zorionez, beso zabalik hartu zituzten Europa horretako biztanle eta agintariek, bistan denez. Ihesa eta babesa ondo antolatu ziren kasu horretan, beste hainbatena ez bezala. Orain gure txanda izan behar da, eta itzuli beharko genuke gure aurrekoei eskaini zitzaien abegia. Giza duintasunez baino ez bada ere. Erantzukizun morala aitatu ere ez dut egingo, nahiz eta Europak indartutako gerren biktima diren.

Ez nuke nahiko albistegiak betetako desgrazia hau, udako sugetzar bihurtuta, neguan lehenengo orrietatik desagertzea. Har ditzagun duin!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua