Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

"Norte y Sur"

Leire Narbaiza 2015/07/24 11:10
2015eko uztailaren 24an Gipuzkoako Hitza-n argitaratuta

Gure nerabezaroan Norte y Sur izeneko telesail bat ematen zuten Espainiako telebistan, ia bakar hartan. Jatorriko izena, baina, North and South zeukan, eta AEBetako Sezesio gerra zuen oinarri. Oso famatua izan zen, epokakoa izateaz gain, super-produkzio horietako bat zelako eta protagonista ederrez ere hornitua zegoelako. Agian belaunaldikideren batek horretaz jardungo nuela pentsatu du, baina nahita izenburu hori jarri badiot ere, ipar-hego fenomenoaz hitz egin nahi nuke.

Hegoalde-Iparralde jarri izan banio, batek baino gehiagok gure planetan dauden desorekez mintzatuko nintzela pentsatuko zukeen; nola Iparraldeko biztanleok hegoaldekoen lepotik bizi garen, edota desoreka ekonomiko eta sozialak nolakoak diren. Ez, horretaz ere ez dut hitz egingo.

Irakurle ia guztiok, ostera, Euskal Herriko Iparralde eta Hegoaldeaz nabilela pentsatuko duzue —bai, badakit ez direla termino zehatzak eta Euskal Herri kontinentala/Euskal Herri penintsularra erabili beharko genituzkeela. Hala da, baina hainbeste hedatu dira, non zaila den ohitura aldatzea—. Oraingo berbagaia ez da hori izango, norte eta sur berariaz baitaude jarrita gaztelaniaz.

Honezkero batzuek asmatuko zenuten. Bai, horixe da. Azkenaldian zineman eta telesailetan zabaltzen dabilen ipar eta hego kontzeptuak; Ocho apellidos vascos filmarekin hasi zen furiada eta Antena3en Allí abajo telesailarekin segitu duena, alegia. Iparraldea EAE (País Vasco, Euskadi, Baskongadak… nahi bezala deitu) eta Hegoaldea, Andaluzia. Moda-modako gaia.

Hain da modakoa, ezen ETB2n eta CanalSurren artean reality show bat prestatu duten: Tú al norte, yo al sur. Bertoko batzuk hara behera joango dira, eta andaluziar batzuk hona gora etorriko dira. Helburua da hango eta hemengo giza taldeetan ondo uztartzea. Beldurra eta dena ematen dit pentsatzeak zein irudi eskainiko diguten harrera egiten dieten taldeek! Zelako topikoak erabiliko dituzten herri bien arteko desberdintasunak nabarmentzeko! Hori bai, dena erdaraz izango da.

Ikaragarria deritzot ideiari. Alde batetik, horrela planteatuta planeta desberdinekoak garela dirudigulako, sekula ere elkar ikusi bakoak, elkarren ezaupiderik ez dutenak. Halakorik! Gure artean makinatxo bat andaluziar dago aspalditik, hemengoak (eta hangoak) direnak, euskaldunak edo euskaldunen guraso direnak, GU direnak. Zer pentsatuko ote dute gure andaluziarrok? Hain bitxia izan ote zen esperientzia? Exotikotasunetik gutxi izan zuela esango nuke.

Bestetik, eta larriena deritzodana, Espainiako batasunari egiten dion mesedea, errefortzua. Izan ere, Euskal Herrian Hego eta Ipar (kontinental eta penintsular) bizkarra emanda bizi gara, elkarri gutxi begiratuta. Horrelako saioek, ostera, estatuaren muga barruetan gaudenok elkarri erreparatzea dakar, topikoetan bada ere. Hortaz, Espainiari adi, Euskal Herri barrurantz so egin beharrean. Hegoaldekoak garenok iparraldeko bihurtuta, Espainia iparraldekoak, alegia. Gure Iparraldea ahaztuta. Gure herriaren kohesio ahula trinkotu beharrean, disolbatzen Espainiako topikoen eremuan, atzera ere euren naziogintza etengabean.

Eta hau guztia euskal telebista delakoan, euskal-etik gutxi duena. Eskuetan dugun tresna alferrik galduta, TV3 eredu izan beharrean, Tele5. Zein pena handia!

Sukaldaritzaren pedantekeriak

Leire Narbaiza 2015/07/19 21:29
Euskadi Irratiko Faktoria saioan egindako kolaborazioa 2015eko uztailaren 3an

Ez naiz horrelako saioen oso zalea baina ez dakit nola, asteon, Masterchef-en finala ikusi dut. Saioa ezagutzen nuen 3 denboraldi egin dituztelako eta zappingaren bidez hainbeste edizio eta entzute duen programa azkenean ezagutu egiten delako. Gainera, ez dakit non, ezta nori ere irakurri nion horrelako saioen boom-a dagoela telebistan. Buruari buelta batzuk eman ostean hala zela baieztatu nuen, sukaldaritzari buruzko saioak nonahi, kate guztietan.


Egia esatera, telebistan beti ezagutu dugu sukaldaritza saioren bat, baina halakoetan platerak egiten erakusten ziguten, kozinatzen, alegia (Mesedez, sukaldatu TXARTO dago, gaizki eratutako munstroa da, kozinatu, ordea HBak jasota dauka eta tradizioaren barruan dago!). Sukaldariren batek eginez irakasle lanak egiten zituen.


Orain, ordea, halakorik badaude ere, beste estilo batzuk zabaldu dira: lehiaketak (masterchef), jatetxeei laguntzekoak (Pesadilla en la cocina-Kitchen nightmare), AEBetako platerik handienak jateko erronka (Crónicas carnivoras- Man versus food), Ingalaterrako eskola jangeletarako bisita (Jamie Oliver),… Tira, hau guztia inoiz baino denbora gutxiago sukaldean janaria prestatzen pasatzen dugunean.


Paradoxikoa da, askok ez dute etxean bazkaltzen, etxera janaria eramateko lokalak ugaritu dira, jaki prestatuz beteta daude harategi eta supermerkatuak, baina sukaldaritzaz gainezka ditugu telebista kateak. Telebistak ez ezik, edozein komunikabidek ere, sukaldaria izatea oso cool eta guay delako!


Kontraesana, esandako moduan jendeak inoiz baino gutxiago kozinatzen duelako eta modako sukaldariek erakusten dutena oso errezeta konplikatuak direlako: beraiek produktu exotikoen esferifikazioak egiten, nitrogeno likidoa, fruta tropikalak eta urruneko espeziak erabiltzen dituzten bitartean, jende askok ez daki dilista arrunt eta goxoak egiten!


Aurrerago esan dudan moduan, sukaldarien presentzia betierekoa da, batez ere Euskal Herrian. Michelin izarrez betetako izartegi osoa daukagulako, edozein ekitalditan agertu behar dira eta badirudi gure kulturaren ezaugarri bakarra direla. Topiko tipikoak. Kultura hustu egiten da horrela, jan kontu hutsa bihurtu dutelako, beste arlo guztiak baztertuta geratu dira sukaldeen distirengatik. Zinemaldira datorren aktoreari edo oporrak pasatzera datorren turistari galdetuz gero, denek “ze ondo jaten den hemen” dioskute. Eta nire gertuko baten beti esaten duen modua: hauek euren etxeetan zer jaten dute, bada?


Nire iritziz gastronomiarena gainbaloratuta dago. Puzte eta cooltasun horrek sukaldaritzari tontakeria handia ekarri diola uste dut. Izan ere, gaur egunean jatetxe batzuetako karta ez da ulertzen. Plater bakoitzaren izena kilometrikoa da. Azkenean ez da jakiten zer eskatzen dugun! Alergia edo intolerantziaren bat izanez gero ezin jakin, hainbeste osagarri duenez plater bakoitza!


Beste alde batetik, zenbat aldatu diren menuetako kartak! Esate baterako, entremesak (zizka-mizka hotz-beroak) bero nahiz hotzak desagertu egin dira, zer esanik ez kontsomea, arrain pastelak, otarrainxka koktela, mingain albardatuta, eta “copa de la casa” (zer zen hura!) zeharo. Orain ozpina erosteko ere doktoretza tesi bat ere egin behar denez, jatetxeetan ezer ez da arrunta.


Eta euskararen kontuekin hasten bagara, ez du akaburik! Egia esatera, zoritxarrez euskararen erabilera txikia da menuetan eta euskara presente dagoenean ere hiztegia behar da, letxugak ez direlako inoiz letxuga, uraza baizik. Halakoetan, menu-egileek Euskaltzaindiaren adar ultrari jarraitzen diote eta berenjenak beti dira alberjiniak, edo erremolatxak beti beterrabak; Bizkaiaren bihotzean, esate baterako eta ez Baxe Nafarroan! Hala ikasi dut nik galdarraztatu, otarrainxka eta beltxarga!


Tira, inoiz jakingo ote dugu gauzak naturalago egiten? Inportantzia gutxiago ematen eguneroko ekintza plazer-emaile eta derrigorrezko horri? Ez dadila klasismorako aitzakia! 

Matxistak, deseroso

Leire Narbaiza 2015/07/12 23:54
2015eko uztailaren 10ean Gipuzkoa Hitza-n argitaratutako artikulua

Pasa den igandeko BERRIAren portada, igandero bezala, irudi handi batekin ilustratuta: liburu banaren ostean pertsona bi ezkutatuta. Letra handietan Amaia Lasa eta Danele Sarriugarte dio. Txikiagoetan hauxe: "Bi sortzaile, bi emakume, bi belaunaldi elkartu ditu estreinakoz BERRIAk argitaratu duen 'Ahometan' sail berrian. Literaturaz, bizitzaz, feminismoaz eta beste hamaika kontutaz aritu dira, luze eta zabal". Barruan artikulu-elkarrizketa-erreportaje luzea.

Hori paperezko edizioan. Edizio digitalean, ordea, portadarik ez dago, baina bai artikulua, jakina. Era berean, erantzunak laga litezke. Normalean, arlo hori nahiko hutsik egoten da, begiratzea besterik ez dago aukera eskaintzen duten komunikabide euskaldunetan, orokorrean erantzun gutxitxo izaten dela, zoritxarrez. Hala eta guztiz ere, artikulu honetan hainbat iruzkin idatzi dituzte. Kontrakoak asko, feminismoari erasotzen!

Xabik hauxe dio: "Gaur egun edozein zabor-idazlek lortzen du azalean egotea BERRIAn feminista baldin bada? Nik soldatze lan fin finak egiten ditut, eta feminista naiz. Promozionatu nazakezute zuen 'egunkarian'?". Feministak Kanpora!-k, berriz: "DIRUA. Feministei egindako elkarrizketa bakoitzean diruaren kontua agertu behar da. Kursilloak, EHUko hizketak, guztiok ordainduta. Zenbat parasito bizi dira modu honetara?".

Harrituta utzi naute komentarioek, artikuluan hainbat kontu aipatzen direlako, eta elkarrizketari darion tonua beste bat delako, imajinazioa, fantasia eta errealitatea nahasten direlako. Elkarrizketak aitzakia ematen die euren lanaz berba egiteko, nola sentitu diren beren produkzioarekin. Egia da feminismoaz mintzo direla, baina arraroa litzateke idazle bi hauek horretaz ez hitz egitea, biek feminismoaren bandera eroan dutenean beti. Absurdoa litzateke, zentzubakoa.

Baina Twitterren izandako elkarrizketa batean Sarriugartek berak esandako moduan, iruzkin hauek balio dute elkarrizketan bertan aitatutako erasoak ilustratzeko. Hala da, berba horien atzean dauden pentsamoldeek kontu asko adierazten dituztelako.

Xabi delako horri txarto begitantzen zaio portada eskaintzea oso-osorik emakume idazle feminista biri. Erdigunerako eskubiderik ez baitute. Alde batetik, emakumeak direlako; bestetik, idazleak eta bestetik feminista. Ziur nago, gizon futbolari matxoak balira, esate baterako, ondo iritziko liokeela haiei eskaintzea. Hori delako normaltasun, araua, ohikoa. Baina kultura portadan? Emakumeak? Feministak? Kia, kia! Gainera, zabor-idazle deitu die! Nahiko nuke jakin ilustratu horrek zer irakurri dien idazle hauei. Ezagutzen ote zuen Amaia Lasa artikulu honen aurretik? Ezezkoan nago.

Beste iruzkingileak gaitzizenean laburbiltzen du bere pentsamoldea: feministak kanpora! Bizkarroi deitzen die hitzaldi, ikastaro eta abarrak ematen dituztenak, bere lepotik bizi omen direlako. Gizajoa, halakoak mantendu behar ditu!

Kutxa ergelarenak

Leire Narbaiza 2015/07/07 13:04
Euskadi irratiko Faktoria saioan 2015eko ekainaren 26an egindako kolaborazioa

Hilaren 23an Dick Van Patten hil da “Con ocho basta” (Eight is enough) telesaileko aita. Zuetako askori ez zaizue ezta ezaguna ere egingo, laurogeiko hamarkadan edo jaio barik edo umeegi zinetelako. Baina sasoi hura gogoratzeko adin nahikoa dugunok eta telebista geneukanok, denok izango dugu saio horren berri.


Izan ere, orduan telebista kate bi baino ez zeuden, gaztelaniaz eta Espainiako gobernuarenak. Bigarrena, gainera, UHF izena zuena, ez zen herri guztietan ere ikusten. Beraz, telebista bakarra, eta denok berari begira. Saioek sekulako audientziak zituzten, jakina.

Imajinatzen duzue zer zen hura? Kate biak ikusten ziren etxeetan ere, bakarra ikusten zen, telebista gailu bakarra zegoelako, eta egongelan, familia osoak ikusten zuelako elkartuta. Bestalde, etb hasi zenean ere, zappingik ez zen existitzen telebista-aldagailurik ez zegoelako, eta aldatzeko sofatik ipurdia altxa eta atzamarraz egin beha zelako. Ikaragarria.


Pleistozenoaz ari naizela ematen du, baina gutako askok ezagutu dugu telebista hori, beltz-zurian, ez ahaztu! Nik beti ezagutu dut telebista etxean, baina nire gelakide batzuek ez zuten, eta ez oso modernoak zirelako, orain bezala. Kapritxotik puntu bat ere bazeukan orduko guraso batzuendako telebista izateak. Kolore barik, hizkuntza bakarrean, eta eguerditik aurrera baino ez zen telebista hura. Gainera, “erronboak” ere bazituen: bakarra, 14 urtetik gorakoentzat; bi, 18 urtetik gorakoentzat. Ufa! Gure etxean oso zorrotzak ziren eta ohera bidaltzen gintuzten.


Gure etxeko lehenengo telebista Helmholtz bat izan zen, Eibarren egindakoa. Eta orduko mentalitatearekin telebista hark ia 25 urte iraun zuen! Ez zen hondatzen! Ordurako kolorekoak normalak ziren eta etb ere hasita zegoen, baina gure telebista eibartarrak ez zuen hartzen.

Koloreko telebista iraultza izan zen. 100.000 pezeta balio zuten, 600 euro eta ez zegoen edonoren esku. Gure kalean bazegoen Julia izeneko andre nagusi bat eta hark esaten zigun eurenera joateko koloreko telebista ikustera! Beti, eta denak bezala, kolore oso saturatuekin.


Hurrengo iraultza etb izan zen. Hasieran, bazegoen bakero serie bat beltzak eta indioak zeuzkana. Jakina, euskaraz egiten zuten eta jende nagusi asko harrituta zegoen, euskararen aurrerapenagatik, Oestekoak ere euskaraz. Era berean, askori urruneko berbaera egiten zitzaien, eta batuaren fama txarra ere ekarri zuen.

Eta Espainiako telebistak hizkuntzarekin egin zuena, hau da, normalizatu eta orokortu, gehi estatuaren kohesioa (artista jakin batzuk ezagutaraztea, kultura orokor espainiarra zabaltzea,..) ez zuen lortu etbk. Pilota salbatu eta indartu zuen, baina hizkuntzarena ez hainbeste (esaldi-makuluak -hori egina zagok- eta abar gutxitxo), batua zabaltzea, eta figura euskaldunak ere ez zituen hainbeste bultzatu.Berba baten, euskal imajinario kolektiboa sortu eta elikatu. Herrialdeen arteko ezagutza ere, hala-moduzkoa. Pena da, euskaldunondako erreferente bihurtu ez delako, horrek ekarri dituen ondorioekin.


Ea berandu baino lehen (aldatzen ari baita telebista kontsumitzeko modua), beltz-zuri sasoiko izpiritua eta ilusioa berreskuratzen duen, itxura hobea hartzen ari delako. Denon mesederako, eta euskararenerako ere izango da-eta

 

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
Progreak beti inmigranteak "onak" bezala jarri ... nazka nazka eina, 2017/04/20 12:47
http://www.diariovasco.com/[…]arrio-20170413010958... Ikusi eta begiak ireki, 2017/04/14 00:28
Ados nago zurekin Leire. Titularra tendentziosoa ... Sosola, 2017/03/30 11:43
Leire, eskerrik asko egin zenuenagatik eta idatzi ... Markos Zapiain, 2017/03/30 11:06
Arrasti on, Zegatik ez dago ergatibo famatua ... Aitzol Agirre, 2017/03/29 19:17
Zorionak zeure jarreriai, baña sarritan albora ... maite leturiondo, 2017/03/28 10:25
Eskerrik asko guztioi erantzuna lagatzeagatik! ... Leire Narbaiza, 2017/03/27 13:56
Leire-ri erantzuna. Kontua ez da anonimoekin ... Leireri erantzuna., 2017/03/27 12:34
Zorionak, Leire! TXalogarrixe hartu dozun jarrera ... Mari Eli Ituarte, 2017/03/26 13:26
Eskerrik asko Verónica, 2017/03/25 22:08
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua