Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Eguneroko poz eta plazer txikiak

Leire Narbaiza 2015/02/27 11:07
Euskadi irratian Faktoria saiorako 2015eko otsailaren 27an egindako kolaborazioa

Aurreko asteburuan, Bizkaian, familia handia (zabalaren) kontu batean, senide batzuekin berbetan jardun nuen Faktorian egiten dudan kolaborazio honetaz. Solasean geniharduela, batek Errealaz galdetu zidan. Aho bete hortz geratu nintzen, eta tutik ez nekiela eta bost ardura zitzaidala erantzun nion. Berak esan zidan irratian jarduteko horretaz ere jakin behar zela. Beste batek erantzun zuen politikaz egingo nuela tartea, eta nik ezetz. Lehenengoak, harrituta, ea zertaz jarduten nuen galdetu zidan. Nik bizitzaz erantzun!


To boutade-a! Dena dela politika ere erantzutekotan izan nintzen, baina ez zen ez lekua ez unea. Bizitzaz erantzun nion azkenean eguneroko kontu handi eta txikiez egin dugulako berba, dena politika den legez, dena da bizitza.


Baina bizitza gogorra, latza eta garratza izan liteke. Edo gozoa, eztia eta alaia. Baina normalean bizitza errutina eta egunerokotasuna da, garrantzi gabeko gauzak egitea: garbigailua jarri, ogia erosi, erratza pasatu, trenaren zain egon, komuneko buelta egin, ezagunak agurtu, laranjak zuritu, zapatak erantzi, jaka jantzi,... Milaka keinu mekaniko arnasarekin batera gure bizimodua posible egiten dutenak. Baina errutina, arnasa hartze hutsa, bihotza taupadaka aritzea era boluntarioan balitz soilik bizitzea, jasanezina litzateke. Horregatik behar ditugu poz eta plazer txikiak. Izan ere, zoriona, berez, ez da existitzen. Mikro-uneak dira, momentu puntualak, egunerokotasuna eramangarriago eta atseginago egiten digutenak.


Batzuk plazerak dira, txikitxoak, baina zeharo gustagarriak. Zer ederrago hainbat usain aditzea baino? lur busti berriarena, belar moztu berriarena, goizeko lehen kafearena, ogi egin berriarena, haur jaio berriarena. Zer askatzaileago bularretako berria erantzi, mototsa/kopeta desegin, galtzetinak kendu eta hatz egitea baino?


Badago kontu pozgarriagorik adiskide on batekin kafea hartzea baino? Aspaldiko batekin topo egitea? Noizean behin lagun handiekin bazkaltzea? Aspaldiko kide baten berri izatea? Maite duguna ferekatzea? Maite gaituenak musu ematea? Goizetan kalean gizonezko eder horren agur alaia jasotzea? Erantzun bat izatea blogean? Twiterren txiolari umoretsuekin elkarrizketa barregarriak izatea?


Era berean, ikaragarria da umeak ikastolatik harri koskor bat ekartzea oparitzeko. Haurren begirada garden horiek eta irribarreak. Ile-apaindegira joan eta gozatu. Ostiral arratsaldean lehenengo garagardoari tragoa jo. Sasoiko lehenengo gereziak jan. Lekak patatekin. Arroza tomatearekin. Patata tortilla bokadiloa mendi puntan. Hondartzan bainatu eta lehortu barik eguzkitan etzan. Ume txiki bat besoetan hartu. Areitio igo Ermutik eta bihurgunea  pasatu eta Anboto eta Durangaldeko mendiak ikusi. Automobilean sartu euripean eta presa barik gidatu gustuko kantak entzunez. Antzerkira joan. Ozen abestu. Dena emanda dantza egin…


Eguraldi honekin etxera iritsi mela-mela eginda eta salda/kafesne beroa hartu, arropaz aldatuta (ahal izanez gero pijaman). Sofan egon, manta, liburu eta telebistaren aurrean igande arratsaldea eman. Egunkaria ohean irakurri, norbaitek gosariarekin batera ekarri digulako…


Eta ostiralean irratian jardutea! Baina hori ez da plazer txikia, handia baizik. Benetako oparia astero disfrutatzen dudana. Dohatsua neu!


Kontutxo hauengatik ez balitz dela askoz gris eta hitsagoa litzateke!


Bodega taberna

Leire Narbaiza 2015/02/24 15:23
2015eko otsailaren 20an Gipuzkoako Hitzan argataratuta
Eibarren bazegoen Calbeton kalean taberna historiko bat, Bodega izenekoa. Hura gizon nagusien txikiteoko taberna zen. Untzaga aldean txikiteoa egiten zutenena, hain zuzen ere. Duela hogei bat urte, ordea, barra atzean jabearen seme-alabak jarri ziren, gazteak, eta bezeroen artean ere aldaketak egon ziren: gazteak hasi ginen bertara joaten. Betiko parrokianoek ez zuten gustura hartu euren taberna kaka-umeekinbaditzea, eta ez gintuzten begi onez ikusten. Ulertzekoa, toki lasaia zena neska-mutil zalapartariz bete zelako, asko seme edo alaba izateko ere gazteegi, gainera.

Oso toki berezia zen. Bertan, hogeitaka urte geneuzkan berriak eta hirurogeiren bueltan zebiltzan aspaldiko bezeroak elkartuta baina nahastu barik egoten ginen. Zerbitzari modernoak, musika zaratatsua nahiko baxu, eta hormetan Horacio Sarasketak Eibarko gizon ezagunei (eta nagusiei) egindako karikaturak. Tartean zezenketa kartelen bat ere bazegoela esango nuke. Dena oso antzinakoa eta nahasia.

Esandako moduan, bezero beteranoek ez gintuzten gustura hartzen. Pare bat aldiz, ostera, euren begietan estimua ikusi nuen. Behin, adibidez, barran geundela lagun bat eta biok, txikitero-taldea ondoan genuela, bat jiratu eta hunkituta galdetu zigun: "Euskaraz zabizie? Eta eibartarrak zarie?". Guk, baietz. "Gainera, neska gaztiak!" ere esan zigun, pozarren; harrotasun puntu batekin ere zioela iruditu zitzaigun. Izan ere, ordura arte, Eibarren arraroa zen kalean gazteen artean euskara entzutea. Txikitero beteranoen hizkuntza bazen, baina batez ere umeekin eta txakurrekin erabiltzen zen euskara. Behin koskortuta, ordea, gaztelaniari ematen zitzaion bidea. Horregatik harritu zitzaigun gizona, olatu euskaldun berri horren zipriztina ginelako, berarenganaino ailegatzen zen lehena, bitsaren parte eta uholde txikiaren aztarrena.

Aurreko batean Bodegako bezero historikoekin gogoratu nintzen. Taberna ez da existitzen, etxea bota zutelako, eta euretako asko ere ez dira gure artean egongo, bizi-legez. Euren akordua izan nuela diot, eurak sentitu ziren bezala sentitu nintzelako lehengo batean, trenean Eibartik Ermura nindoala, gazte hirukote bati euren artean euskaraz entzun nienean. Beraiengana joan eta zorionak ematekotan egon nintzen, guri ere Bodega famatuan kuadrilla batek egin zigun legez. Ez nien ezer esan, lotsagatik, baina aitor nezake arratsaldea poztu zidatela, katea ez delako eten.

Izan ere, laurogeita hamarreko hamarkadan sortu zen —edo eragin genuen, nahi baduzue— ufal hura txikia izan zen, sendoa izan arren. Gurean, basamortuak kalea hartua zuen eta oasia egin genuen, urmaela jaio, ilusio optiko barik. Baina hain zen sikua eremua, olatu hura ez zela tsunami bihurtu, agian euskaraz melatzeko tresna eta jende gehiago behar zelako. Uhin hura erreka da orain, batzuetan latsa, eta besteetan, emaria handi eta indartsuago datorrenean, bokale. Ez da nahiko, ordea. Atzera ere, aparraren zipriztinez bete behar ditugu bazterrak. Ez dakit nola. Orain tresna eta euskaldun gehiago izanda, errazago beharko luke. Baina, beharbada, atzetik etorritako urak bareegiak dira, desideologizatuegiak, eta tsunami izateko ur laster eta biziagoak behar ditugu, uriola definitiboa, eta horrela euskara itsaso urdin eta zabal bat izanen da.

Euskaldunoi euskaldunek barkatzen ez dizkiguten "akatsak"

Leire Narbaiza 2015/02/20 11:10

Euskaldunok, bilbotarrak bezala, edonon sor gintezke. Euskaldun izateko ez da Lekeition jaio behar, edo 8 abizen euskaldun izan, edo Gabikagojeaskoetxea Zendagortagalartza deiturak eduki, edo 0 Rh  negatiboa izan odol-taldea, edo gene konkretua eraman ADNan. Izatearen borondatea baino ez da behar: euskaldun izan nahi dut, eta izan. Euskaldun izan gintezke sekula Euskal Herria zapaldu barik, edo guraso andaluziarrak izanda, edo Kevin Alfonso izenak eramanda; edo beltzak, edo jainko eskandinaviarren itxura izanda. Izan gaitezke euskaldun forro polar gabe eta perladun belarritakoak jantzita. Gure gogo, nahi eta erabakia da-eta.


Horregatik esan genezake euskaldunok anitzak garela, denetarik dagoela eta estereotipoek ez dizkigutela balio, orain inoiz baino gutxiago, gainera. “Hori ez da GURE estiloa”, “GU ez gara horrelakoak” eta antzeko esaldiak gorrotagarriak izateaz gain, ikuskera partziala eta irreala dira, eta baztertu beharko genituzke.


Hala ere, gurean estereotipoek bizirik diraute eta badira gure komunitatean onartzen ez diren akatsak edo ez-bertuteak. Hiru direla esango nuke: alferkeria, zekenkeria eta berritsukeria. Euskaldun praktikante izan arren hiruretako bat (edo gehiago) daukagunok sufritu egiten dugu, akats dena bertute ere izan litekeelako.


Euskal Herrian ez dugu onartzen bakoitzak berea ordaintzea, katalanen modukoa izatea dela deritzogu. Horren ordez, borrokan ibiltzen gara nork ordainduko. Batzuetan barregarri ere geratzen gara tabernetako barretan, gure pagatu nahi horretan tematuta. Eskuzabaltasun honek gutxirako balio dugu, haatik; beti egongo delako norbait gure txandan, denok garagardoa edan eta berak gin-tonika eskatzen duena. Gainera, inoiz ez diogulako ezer esango, amorrua eman arren.


Langile izatea ere euskaldun zintzoaren imajinarioan txertatuta daukagun beste bat da. Beharginak gara, saiatuak, ekinak, berakatzak baino finagoak. Orain, ordea, badakigu sarritan lantokietan ondo eginaren pagua, ate atzean palua izaten dela. Halere, alferkeriak “keria” izaten segitzen du. Produzitu beharra dugu. Beti, ordu libreetan ere zerbait egin behar dugu, sekula ez geratu. Aprobetxatu berbarekin oso lotua dago hau guztiau. Dolce far niente-rako “egonean egon” tristea asmatu dugu, geldi, alegia. Ezin geldi egon, halere. Inoiz ez dituzue ikusi tren geltokietan trenaren zain dabiltzan ibiltari zoroak? Andena alderik alde pasu kementsuz -ia militarrez- etengabe korritzen duten horiek? Zertan dabiltza? Gimnasioarena aurrezte aldera? Jesartzeak kalte egiten ote die?


Eta inoiz konturatu zarete zenbat azalpen eman behar dira bigarren pisura igogailuan igotzeagatik? Eta ze aurpegi txar jartzen duen jendeak? Nik bai! Zergatik? Hori alferkeriaren seinale delako gure kulturan!


Asteburuan etxean sartuta egon zarela musika entzuten eta irakurtzen edo hartz-hibernazioan esanez gero? Gaizki ikusita dago, izan ere, ez dugu ezer egin, ez gara irten, autoa hartu, mendikada egin,... alferrak gara, gizartearendako kalte handia!


Eta hirugarren bekatu kapital larria: berritsua izatea! Bai, jaun-andreok, euskaldun izatea eta berbontzia izatea ez ei da bateragarria, edo batera badoaz (ni neu nauzue adibide) gaitzesgarria da. Hitzontzion gurutzea! Baina euskaldunek isil fama badute ere, gezurra da. Denok dauzkagu (edo izan ditugu) familian eta inguruan hizlari apartak, kontatzaile trebeak, berba asko egiten zutenak, ipuinak, jolasak, aho-korapiloak-eta transmititu dizkigutenak, euren umetako pasarteak kontatu dizkigutenak, gerrako kontuak, gaztetako ohiturak. Kalakari horiei esker ahozko ondarea dugu, altxor eder hori. Isil ea mutuak izanez gero, hizkuntzarik ere ez geneukake! Gainera, euskaldun berbaldunak existituko ez bagina, zer entzungo zenukete irratian? Musika hutsa? Eskerrak berriketarioi!


A, eta ohartxo bat: berritsu ez da kontakatiluren sinonimoa, e, hiztegigileok?


Estereotipo hauekin batzuetan sufritu ere egiten da. Batez ere, nire kasuan moduan, “akats” hauetako bi izanez gero! Zabaldu burua, demontre, bada ordua eta!

Gaztetasuna, itxura eta edertasuna

Leire Narbaiza 2015/02/13 11:20
Euskadi Irratiko Faktoriarako 2015eko otsailaren 13rako prestatuta, Uma Thurmanena makillaje kontu hutsa zela jakin aurretik!

(Ez dut aldatu ezer, baina irakurle zaren horrek nahi duzun izena jar diezaiokezu, Uma Thurman, Renée Zellweger, edo burutik pasatzen zaizun edozen aktore edo famatu)


Uma Thurmanen argazki batek asaldatu ditu sare sozialak, asaldatu gaitu gu. Aurpegi eraldatuaz agertu da gala batean. Zeharo operatua, antza. Hautsak harrotu ditu irudiak eta denetik irakurri ahal izan dugu: batzuek trufa egin diote, beste batzuk estonatu egin dira, beste askok pena sentitu eta gehienok atsekabetu.


Thurmanek 44 urte ei dauzka. Aktore ona, hainbat sari jasotakoa. Famatua egindako lanagatik, errespetatua. Era berean, emakume ederra, ikonoa. Polita izan barik askorendako edertasun handikoa, erakargarri, liluragarri eta xarmagarria.


Zer ote da gizarte, zine-industriaren eta edertasun kanonaren presioa! Halako emakumeak, itxura baten guztiaren jabe denak, bisturi ankerraren pean men egiteko! Zer ote da gure moduko andre korriente eta ezdeusendako!


Krudelak gara. Barre egin diogu aurpegiera berriari. Baina, ez genioke barrerik egingo zimurrez beteta agertuko balitz? Sare sozialetan ez lukete txisterik egingo? Cuore moduko aldizkariek ez lituzkete aggg eta ufff-ez beteko argazkiak?


Baina komunikabideak ez ezik, gu ere kezkatuta gaude zahartzaroarekin. Ez da denbora luzea horretaz jardun genuela irratsaio honetan. Jende arrunta kezkatuta badago, nola ez da egongo, bada, halako aktore bat; jakinda, gainera, adin batetik aurrera ikus-entzunezko munduan emakume heldurik ez dela? Paper bat lortzea ezinezkoa dela Meryl Streep izan ezean? Beti gazte izan behar badira, nora egin izkin kirurgia estetikoaren sirena-kanta eztiei?


Zimurrak aipatu ditugu, baina ezin dugu ahaztu inposatzen diguten kanon estetikoa: argal, eder, ile zuri gabe, azal leun eta abarrak. Ikusi duzue inoiz edozein arratsaldetan zein iragarki ematen dituzten telebistan? Ikaragarria da, dena da arazo, eta ia denok andrazkook sufritzen ditugu: aipatutako zimurrak, begi-zuloak, ilea ere zahartzen omen zaigu, tripa, ildaskak, idorreria, kilo gehiegi, laranja-azala, atzazal ahulak, zelulitisa, barizeak, odoluzkiak, orpo zartatuak, juanikoteak,... Edozeini konplexua sortzeko moduan, krema, ukendu eta tratamendu mirakulutsuei esker kanon lortezinean sartzeko, era zoro eta absurdoan.


Atzo irakurri nuen EAEn neskek diren baino lodiago daudela uste dutela, bere gorputzaren pertzepzio okerra dutelako. Mutilei, ostera, gutxiagotan gertatzen omen zaie hau. Oso adierazgarria! Baina nola ez da hala izango bonbardatzen bagaituzte horrelako eslogenekin: “Egunean zehar, emakume batek 10 aldiz begiratzen dio bere buruari ispiluan, ikusteko zer aldatu den eta zer ez”. Olay-ren krema bat iragartzeko. Benetan? Hori sinestarazi nahi digute? Ze kaka sartzen digute buruan kontsumo zoroan eror gaitezen?


Presio hori guztiori jasan arren, gure senean gaudela esango nuke, oraindik. Eta miragarria iruditzen zait. Uma Thurman izan ala gu geu eragina antzekoa da: edertasun eta gaztetasun kanon absurdo eta eroan uztartu eta lotu nahi gaituzte, denok.


Post scriptum:

1-Orduan zein da Uma Thurmanen benetako aurpegia? Makillajearekin ni ere izan ninteke Thurman? Nolakoa du benetako aurpegia?

2-Irudiaren morrontzaz eta askatasunaz artikulu interesgarria irakurtzea gomendatzen dizuet (gaztelaniaz): ¡Eres libre, tonta!

Printzesa izatea: destino petrala

Leire Narbaiza 2015/02/11 17:47
2015eko otsailaren 6an Gipuzkoako hitza-n argitaratutakoa

Neguko igande arratsalde euritsu hauetan, sofan kukututa mantapean, erdi-hibernazioan egotea kirol ohikoa da. Telebistaren aurrean, zapping egin eta denetatik aurki genezake. Baina saio harrigarrienak AEBetatik datozen erdi-reality horiek dira: jende arrunta hainbat kontu egiten. Egiteko bat ezkontza soinekoa erostea izaten da, eta, dakidanez, horrelako hiru saio badaude gutxienez. Saio horietan, emaztegaia lagun-familia kuadrilla batekin joaten da denda espezializatu batera, eta bertan hainbat soineko probatzen ditu, bere ametsetakoa aurkitu arte, soineko horrekin "konexioa" sentitu arte. Behintzat hori esaten dute: emaztegai bakoitzak konexio sentimentala lortu behar duela arropa berezi hori probatzean, bestela jai!

Lotura hori erdiesteko, soineko batzuk probatu, eta bere taldeari erakutsi behar dizkio, haiek oniritzia eman diezaioten, ala zeharo gaitzes dezaten. Hori da prozedura. Saio horiek, txitean pitean ikusi arren, eta atal guztiak berdintsuak badira ere, beti harritzen naute, beti dago iritzi, jokamolde edo esaldiren bat harrigarria iruditzen zaidana, aho bete hortz lagatzen nauena. Sarritan esaldi hau izaten da: "Printzesa banintz bezala sentitzen naiz / sentitu nahi dut", mantra sakratu baten moduan errepikatzen dutena. Eta emaztegaiak esaten ez badu, taldeko baten batek jaurtiko du, beti.

Baina zergatik obsesio hori printzesekin? Zer dela-eta emakume helduek printzesetan pentsatu horrelako soineko bat erosterakoan? Egia da jaiotzen garenetik emakumeoi esaten zaigula era askotara zein ereduri jarraitu behar diogun (gizonezkoei legez, egia esatera). Eta gaur egunean esango nuke areagotu egin dela joera hori, jaiotza aurretik sexua argitzen duen ekografia edo sortu aurretiko proba batekin: urdin eta arrosa uholdeak hartzen ditu bidean datorren pertsonatxo horren bazterrak, arropa, armairu, jostailu eta gela. Gerora ere, umea jaio eta hazi ahala, datorkionak markatuko du: ipuinak, jantziak, mozorroak, filmak, marrazki bizidunak, telesailak, telesaioak, jostailuak… neskatila izanda, arrosa koloreko printzesek inbadituko dute aitatutako guztia! Disney printzesa izatera desiratzera bultzatu nahi gaituztelako.

Printzesa? Baina nork nahi du printzesa izan? Hotzean pentsatuta, badago bizkarroirik ganorabakoagorik printzesak baino? Odol "urdinekoak", nobleziakoak, bizkarroiak, beraz. Gainera, estatus hori beti da gizon bati esker lortutakoa, haren alaba edo emazte direlako. Loreontzi funtzioa baino ez dute. Ez dute hitz egiten, mutuak dira, figuratze hutsa delako euren lana. Eta berba egiten dutenean, sekula ere ez euren kabuz; beti beste bat(zu)ek idatzitakoa irakurriko dute. Betebehar nagusia itxura perfektua izatea, irudi hutsa: ondo jantziak, egoki, diskretu, ondo orraztuta, dena bere lekuan, irribarrez, eskua emanez, agurtzaile profesional hutsala. Beti botere gabekoa, beti beste baten menpe. Eta iraultza gertatuz gero, gillotinaz burua galtzeko arriskua…

Orduan hori da saldu nahi diguten ideala? Horrelakoak izan nahi ote dugu: irudi perfektuak eduki, isilik egon, besteen menpe, erabakitzeko aukera barik, ederresteko objektu? Benetan, eredu ustelago eta kaltegarriagorik, kostata! Horrela gauza asko ulertzen dira!

Emozioak emozionatzen eta hunkitzen

Leire Narbaiza 2015/02/06 10:35
2015ko otsailaren 6ko Euskadi irratiko Faktorian egindako kolaborazioa

Asteazkenean santa eskeko kantua entzutea suertatu zitzaidan, iloben ikastolan izeko lanak egiten niharduela. Seko emozionatu nintzen, eta ez ilobak kantuan zebiltzalako, ez, txikitatik Santa Agedaren omenezko kantuak zeharo hunkitu nauelako, ez tristatu, era esplikaezinean, malkoak ere ateratzen dizkidalako; beraz, seko emozionatu beharrean, bustita emozionatzen nau…


Gertakari askok iraultzen didate barrena. Batzuetan era azalezinean begiak bustitzen dizkidate. Zergatik zarrada hori, adibidez gosaltzen, entzuten dudanean Korrika Erriberatik pasatu dela gauean? Zer dela eta emozionatu umeak eskolatik irtenda harri koskor bat eskuan “hartu, zuretako” esaten didanean? Aitaz ezagutzen ez nituen aspaldiko kontuak kontatzen dizkidatenean…


Halakoetan txepel samar sentitzen naiz, normalean leku era une desegokienean hunkitzen nautelako. Baina negarra, batzuetan kontrola ezina izaten da, eta barregarri sentitzen naiz. Baina zergatik sentiarazten gaitu hain erridikulo hunkidurak sortutako negarrak? Han naturala eta polita izan litekeenean? Ez dira minak edo tristurak eragindako malkoak, maitasunak eta kariñoak baizik. Barrua birloratzen digunak gure sentimendu sakonenarekin konektatzen duenean.


Pertsonok bagara izatekoak, gero: errazago lotsarazten gaituzte sentimendu onek edo kontu positiboek, joera makurrek edo gogortasun eta zakarkeria jokaerak baino. Nork esplika liezadake hau? Zergatik goresten da estoizismoa eta intsentsibilitatea, sentimendua eta bihozberatasuna beharrean? Ez dulert!


Ba, nik jai daukat! Beti izan naizelako halakoa, eta uste nuen adinean aurrera joan ahala gogortuko nintzela. Baina, ez, bada, areagotu egin zait, eta gero eta sentikorragoa naiz. Egun batzuetan, telebistako edozein tontakeriak ere samurtzen nau. Hormonak ote dira? ni bigunagoa? Ez dakit, auskalo.


Emozioen munduan, baina, ez dago soilik hunkitu eta negarra sortzen digutenak. Emozionatzeak anitzak dira. Xuxenek markatu egiten dit “emozionatu” hitza eta hiztegietara jotzean “hunkitu” ematen didate emozionatu-ren ordainetan. Baina orain aipatu nahi ditudan emozioak ez dira hunkipenak, zirrarak baizik, inarrosi egiten gaituzte barrutik. Zerbait ona gertatuko den sentsazioa, ilusioa eragiten digun zerbaitengatik. Urduritasun gozo hori, 6 urteko umea goizeko 4retan esnatzen duena, bere urtebetetze eguna delako; aspaldi ikusi bako lagun kuttunekin asteburu-pasa goazelako aurretiaz sentitzen duguna; mutil desiratu horrekin plana egin eta hitzorduaren aurreko momentuetan burutik pasatu eta sabelean tximeletak sortzen dizuna; elkarri emango diozuen musuaren promesa ezpainetan sentiarazten dizun txindurritze hori,…


Zirrara, zauskada, birlore, zarrada, mugidalda, inarrospen horiek, horiek dira esperantza ematen digutenak, ahoan irribarrea eta esna amets egitera bultzatzen gaituztenak. Bizitza ederra eta betea dela adierazten digutenak, benetan hemen egotea merezi duela berresten digutenak. Horiek. Zer ginateke, bada, emozio gabe? Zerba mugikorra, zerba hankadunak!

Malkoetaraino hunkitu ninduen eta hunkitzen nau honek!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua