Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Urteko bilan bilaua

Leire Narbaiza 2015/12/24 12:10
2015eko abenduaren 23an Gipuzkoa Hitzaren urtekarian argitaratua

Ikasle eta irakasle jendearendako, urte amaiera ekain-uztailean izaten da, orduan amaitzen zaizkigulako ikastaroak eta jardunak, eta atzera ere, irailean hasi. Sasoi horretan egiten dugu ikasturtearen birpasa eta balorazioa. Horretara, abendukoa urte bukaera baino, eten bat da gure jardunean, ez akabua. Baina ezin gara beti txakur berde abozinatuak izan, eta hausnarketarako ere aprobetxatuko dugu urte hondar hau, sekula ez duelako kalterik egiten. Hausnar horren ondorioz-edo, urte berrirako asmoen zerrenda ere agertzen da, baina horiek fartsa hutsa direnez hobe aipatzen ez baditugu.

Egia esatera, ez naiz oso ona halako gogoetak egiten, batzuen ustez nostalgiarako joera badut ere. Inpresioekin geratzen naiz, eta gehien inpresionatu nauena aurten, malkoetaraino, arabiar errefuxiatuen ihesa izan da. Beharbada, lehenengo momentutik geure familia ikusi dudalako bertan, hamaikatxotan esan dudan legez. Geureek “zortea” izan zuten, ihesaldi antolatu, legal eta babestua izan zutelako. Gure amama Virginiak bi seme txikienekin Frantziarako itsasontzia hartzeko aukera izan zuelako, beste bost seme-alaba Ingalaterra, Frantzia eta Belgikara ebakuatzen zituzten bitartean, eta beste alaba hemen geratu behar derrigorrean. 2015eko ume siriar horien begi ilunetan ikusi ditut gure familiaren begi ilunak, nire begi ilun berberak. Orduan, Europa izan zuten (genuen) aterpe, komiteak sortu ziren nonahi. Orain, ordea, herritarron bihotza samurtu zen arren, agintariek hesiak jarri dituzte, polizia bidali, horrekin geldituko dituztelakoan.

Hil honetan bertan entzun ahal izan diogu Eibarko Borja Olabegojeaskoetxeari Lesbos ingurutik berbetan. Bera soroslea da, eta bertara joanda dago boluntario iheslariak erreskatatzera. Egunero irteten dira Mediterraneoko uretara jostailuzko ontzi singleetan eta salbamendu-txaleko faltsuak jantzita dakartzatenak ateratzera. Izugarrikeria osoa!

Borjak eskatu zuen bakarra dirua izan zen, oso bitarteko gutxi dituztelako. Esate baterako, kontatu zuen uharte guztian anbulantzia bat zutela bertako biztanleak eta errefuxiatuak artatzeko, eta Euskadi Irratiko elkarrizketa izan aurreko egunean egun bakar batean 1.700 pertsona atera zituztela ere komentatu zuen. 1.700, egun bakar batean, Lesbos inguruan soilik! Elgoibarko Iñaki Iraola eta Koro Gabiola ere joatekoak dira sorosle Greziara Gabonetako oporretan. Eurek ere diru-biltzea dute martxan, nahi badiezue lagundu.

Neguko solstizioan gaude, eta egoera gero eta latzagoa izango da pertsona horiendako. Baina zer egin dirua emateaz gain? Nola presionatu gobernuak? Giza-uholde hura izan zenean telebista eta egunkarietako lehen orriak betetzen zituzten, eta sarriegi gertatzen diren moduan, desagertu egin dira, arazoa konpondu balitz bezala, arazoa areagotu baino ez denean egin.

Toki guztietatik ez dira desagertu, aitzitik. Eguberrietako iragarkietan ageri dira, pena eman diezaguten eta urteko sasoi zoriontsu eta zuri honetan patrika hustu dezagun. Horretaz gain, ezer gutxi. Lausotu eta ostendu dituzte beste berri batzuen atzean, estatuan pobreziaren atarian dauden umeena bezala. Krisia amets txar bat besterik izan ez balitz gisan, aspaldiko kontu konpondua. Lasai, jakina baita Eguberrietako argiek eta arrandiak munduko edozein tristura eta miseria margul ditzaketela. Dena konponduko da magiaz eta erosten, jasotzen dugun mezua.

Eta konpontzen ez bada, jar dezagun Gabon osteko asmoetan. Horrela egongo gara seguru denak izango duela irtenbidea, gu ukitzen ez gaituen irtenbidea. Merkealdian atzera ere zoriontsu.

Hementxe, webean

Zelan aldatzen diran gauzak!

Leire Narbaiza 2015/12/18 11:05
2015eko abenduaren 18xan ...eta kitto-n argittaratutako kolaboraziñua.

1992xan ...eta kitto alkartia egitteko alkartu giñanian,  ordenadoriak gure bizitzetan kontu arraruak ziran. Baten batzuek bazeken biharrerako, baiña ez danok. Etxian, iñor be ez, esango neuke. Eta eukitta, sarrittan, gehixago erabiltzen zan idazteko makiña moderno leztxe, ez besterik. Internet zer zanik be ez genkixan!

Poliki-poliki sartu ziran honek trepetxuok geure bizitzan eta oin ezin dogu imajinau ze litzaken konexiño barik bizitzia. Ez dot esango zelan kabixau deskun gauzak egitteko modua, zeuek be neuk baiño hobeto dakizuelako. Pentsatzen jartzen bazarie hamaikatxo desbardintasun topauko dozue.

Geu be kanbixau gara. Asko teknofobuak giñan. Konfesauko detsuet: bildurra emoten zestan ordenadoriak. Hankia sartziari netsan bildurra, zeozer txarto egin eta dana hondatzia edo galtzia. Zela aldatzen diran gauzak, kamarada! Oin friki izatetik gertuago nago.

Tira, Amamakipuleta ipoiñak alde batera lagata, kontau gura dot nere eritxixan euskaldun euskalzaliori teknologixa barrixak ekartzen deskuezen on guztiak; izan be, dana da biharrezkua gure komunidadia sendotzeko, horixe da, hain zuzen be, euskera alkarte baten lelehengo pausua: alkarren barri izatia, existitzen garala jakitzia. Eta horretan internetek aukera zoragarrixa emoten desku.

Horretaz aparte, produkziñua aittatu gura neuke. Zenbat aukera dittugun sarian, ezin dogu ahaztu iñoiz ez dala hainbeste idatzi euskeraz, horrek dakarren indar guztiarekin. Papelezko formatu klasikuen onduan, blog mundua be badakagu, (ez ahaztu eibar.org blog komunidade eibartarra izan dala lelehengo komunidade euskalduna, eta hamaika urte (bai, 10+1) daroiazela ziber-espaziuan). Blogak esparruak zabaldu dittuez, sekula erabili bako gaixak jorratu diralako, eta edonori aukeria emoten detsalako, bai idazteko bai irakortzeko, munduko edozein tokittan. Dakagun testu kantidadia itzela da, eta haunditzen dabil egunetik egunera, bizittasun seiñale.

Zer esanik ez, sare sozialak emoten deskuen aukeria, Twitterrek esaterako. Euskaldunok alkarren barri eukitziaz gain, alkarren arteko komunikaziñua be errezten dau. Sarian gagozen euskaduenen arteko loturia estutu eta indartzeko balio dabelako. Gero, Euskal Herrixa hain txikixa danez, edozein tokittan topau zeinke ezagun hori! Horretara, ezagutza “erreala” be izan leike.

Horregaittik, asko pozten nau, ...eta kitto-k emon daben pauso honek. Bazan ordua! Dana ondo egitten bada, web erreferentia bihurtu bihar da, komunikabide erdeldunen aurretik. Eibarren edozer gertatzen dala be, eibartarrok eukiko dogu nora jo, eta euskeraz.  Zorionak eta bide ona izan deizuela!

Katxonderstaneko elkarrizketa: #kefumepa!

Leire Narbaiza 2015/12/17 12:38
Orain egun batzuk Oiartzun irratiko Katxonderstan errepublikan elkarrizketa luze bat egin zidaten

Autobonboa da edo ez dakit nola klasifikatu hau, baina ordu beteko elkarrizketa egin zidaten Katxonderstanen. Ostean, bazkaltzera ere gonbidatu ninduten. Mirari Martiarena eta Martin Kitto inkognitoarekin egotea plazera izan zen. Nik ederki pasatu nuen, entzuleek, ziurrenik ez hainbeste! XD

Hementxe, Katxonderstaneko kronika. Ezkor joan nintzen. Motiborik? Bai! Hain ezkor? Zuek esango didazue!

Abendu hasierako zarraparra

Leire Narbaiza 2015/12/15 11:20
Abenduaren 11n Info7 irratiko Gureaz blai saiorako egindako kolaborazioa

Abenduaren hasiera honetan efemerideak besterik ez dugu izan euskararen munduan. Herenegun Durangoko azoka amaitu zitzaigun, aurten 50 urte betetzen zituena, hilaren 6an Euskaldunon egunkariaren jaiotzaren 25 urteak gogoratu genituen eta abenduaren 3an euskararen eguna izan zen.


Aitortu behar dizuet: Durangoko azoka maite dut, gaur egunean hori esatea modan ez badago ere. Niri bost. Gozatua da ia euskal produkzio osoa elkarrekin ikustea, ajeak aje. Era berean, sarri esan den moduan, basamortuko ispilatze hutsa ez ote den sumatzen dugu. Jakin badakigu, argitaletxe eta diskoetxe askorendako urtean bizi ahal izateko modu bakarra. Baina, niri batzuetan iruditzen zait afankeriatik ere baduela, garena baino gehiago erakutsi beharrean gaudelakoan, xumetasuna guretako ez balitz legez. Poz-pozik jarriko nintzateke erositako liburuen herena irakurriko balitz, sikiera! Izan ere, esteroideak hartutako gimnasioko gazte horietako bat ematen du euskal kulturak Durangon, egunerokoan agertzen zaigun maskal eta mirrinaren aldean.

 

Eta azoka baten izan zen Euskaldunon egunkaria lehenengo aldiz ikusi genuen eguna, orain mende laurden. Euria ari zuen goian behean egun hartan, baina aurrera atera zen, ostu ziguten arte. Horregatik, ezingo dugu ahaztu zer esfortzu izan zen hura eta gainera egunkari bi egin behar izatea dena kontra izanda, baita eguraldia ere. Ez dezagun ahantz eguneroko borroka dela, euskarak behar duela euskaraz egiten den prentsa eta babestu, irakurri eta erosi egin behar dela, alde guztietatik jartzen zaizkiolako oztopoak eta murrizketak, azken aldian diru-laguntzekin gertatu den bezala.


Murrizketak aitatu eta egun instituzionalak datozkigu burura, euskararen eguna, esaterako, beste efemeridea. Euskaldun berrien plaza, iturri, kale edo pasealekua aldarrikatu nahi izan du Eusko Jaurlaritzak. Ados, estatua bat ere merezi dute, miresmen osoa dute nire partetik euskaldun berriek. Baina ez da kontraesana halakorik aldarrikatzea oztopoak besterik jartzen ez zaienean, dirutza balio duenean euskara ikasteak? Ez da hipokresia biribila? Hain nekatuta nago aditz hutsak entzuteaz euskarari buruz dihardutenean: maitatu, bultzatu, sustatu, indartu,… partizipioan, hiztegian agertzen diren moduan. Ez, bada ordua aditz horiek orain aldian eta geroaldian jokatzeko, moduzko esaldiak lagunduta (NOLA) eta diru partidaz hornituta. Bestela ezerezean geratzen da, plantak egitean, azalutsean.


Aditz horiek jokatu ezean, esadazue zertan indartu lezakeen euskararen erabilera globoak askatzeak, lip-dubak/flash-mobak egiteak, lasterketek, mendi martxek? Zertarako? Zertarako balio digu euskararen egunak? Egokitu zaigun santuak ere euskararen alde egin zuen bakarra hilzorian berba arraro batzuk lardaskatzea besterik ez zen izan-eta! Hori da oinarria? Ulertzekoa da beste guztia!

 

Santuak santu, efemerideak efemeride, lorrindu, lokatzetan sartu, gozatu eta disfrutatuko dugu euskara, euskaraz eta euskararekin. Gauza berbera opa dizuet zeuei

Kutsatu bitartean pentsatutakoak

Leire Narbaiza 2015/12/11 11:05
2015eko abenduaren 11n Gipuzkoako Hitzan argitaratua

Automobila badoa ziztu bizian autobidean. Ezin dugu segundorik galdu, lanera iritsi beharra dago-eta. Ahaztuta geneukan zer zen obligazioz gidatzea. Ondo ohituta baikeunden lantokia kilometro gutxira izanda, garraio publikoaren erosotasunera eginak ginen, denbora hori gurea zela jakinda, guretako, nahi genuena egiteko. Baina jan beharra dago, hipoteka ordaindu. Hurrean lanik egon ezean dagoen lekura joan behar, horretarako kilometroak egin behar badira ere.


Gidatze ordu-mortu horiek ez dira hain alferrikakoak pentsatzeko ematen dutelako, urduritasuna ez denean nagusitzen, behintzat. Buruari eragiteko balio dute. Eta bide luzean minutuak zaindu bitartean, paisaiak sortutako sentsazioak ere hausnartzeko parada eskaini.


Asko oldoztu barik, begi bistakoa delako, inguruaren degradazioa da aipagarriena: porlana eta zuloak nonahi, lur gorria agerian, pinudien forma geometrikoak mendi mazelak desitxuratzen dituztenak, industria-poligonoak edonon,… Bitartean, azeleragailuari sakatu eta gasolina erre eta erre.


Kontraesanak kezka eta mina sortzen du. Gure automobilak bakarka goazela isurtzen duen CO2 eta sufrean negutegi efektuan pentsatzeak zorabioa eragiten du egun eguzkitsu hauetan, udazken atipikoan.


Bidean kamioi asko aurreratu ditugu, asko inguruetakoak, baina beste batzuk Polonia, Bielorrusia, Letonia eta Eslovakiakoak. Sekulako trailerrak, karga-karga eginda. Zer merkantzia ote dakarkigute? Zenbat ordu eman dituzte bidean? Zenbat litro gasolio erreko dituzte?


Aurreraxeago, helburu dugun herrira heldu eta bueltaka behar ibili aparkatu nahian. Kontu bera etxera itzultzean. egunero batez beste, 20-25 minutu aparkatzeko. Berriro ere kezka bera, isuritakoa buruan eta amorrua bularrean; izan ere, hainbat aparkatzeko leku kendu dituzte udaletxeek, mugikortasunaren aitzakian. Osasuna (publikoa eta mentala), ordea, non geratzen da? Zer interes ezkutu dago aparkatze-leku deuseztatze honen ostean? Eta bueltaka, guk kutsatu eta kutsatu.


Artikulu hau ateratzen den egunean, gaur, alegia, Parisen munduko buruzagi politikoek emango dute euren akordioaren berri klima aldaketa frenatzeko. Beraz, idazten ari naizen momentu honetan ezer gutxi dakit neurri horietaz. Baina goi-bilera horretan ez dut esperantza larregi. Tira, gobernatzaile horiengan ez dut itxaropenik. Sarriegitan desengainatu gaituzte, Kyotoko protokoloarekin esaterako; izan ere, Japonian 1997an sinatutako akordioa paper bustia izan ez balitz beste oilar baten joko ligukeelako kukurruku.


Kontua da sinatzaile horiek, gobernu buruek, ez dutela munduan agintzen. Planeta honetako agintariak korporazio handietako nagusiak dira, estatuetako goi karguak euren nahiera mugitzen dituzten txotxongiloak dira, hariei eraginda.


Diruak agintzen du Lurrean. Aurpegirik ez bihotzik ez duen diruak. Horren atzean pertsonak, baina ondo ezkutatuta. Txintxinen hotsak baino ez dielako pozik ematen. Kutsatu behar dela etekina ateratzeko? Kutsatu, eta demokraziaz jantzi, herriak erabaki duelako birziklatu edo ez, adibidez. Gero maila minimoetara ailegatu ezean, errua jendeari egotzi: birziklatzen ez duelako, garraio publikoa erabiltzen ez duelako, janari gehiegi botatzen duelako, ur larregi kontsumitzen duelako,... Neoliberalismo domestikoa, alegia.


Argi daukat: protokoloak sinatu arren, eredua aldatzen ez den bitartean gure planeta honek jai du!


Hementxe

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua