Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Amancio Ortegari egingo nizkiokeen galderak

Leire Narbaiza 2015/10/30 09:49
Gipuzkoako Hitzan argitaratuta 2015eko urriaren 30ean

Zer sentitzen ote da munduko aberatsena izanda? Zer ote da eguneroko arazo txikiei prezioari begiratu barik aurre egitea? Ingurukoei estutasunetan laguntza materiala eman ahal izatea, inporta barik zenbat eta nolakoa den beharra. Kapritxo apetatsuenean gastatuta ere, dirua agortuko ez dela jakitea ikaragarria izan behar da. Ikaragarria, zentzu guztietan.


Pasa den astean iragarri zuten Amancio Ortega zela munduko aberatsena. Nola hartu du berak albistea? Aberatsena izateko lehia bizia zuen, ala hirugarrena izanda konforme zegoen? Nolakoa da bere bizimodua? Goizean goiz jaikitzen jarraituko du? Zein tristea! milaka milioi euro izan eta lanean segitu diru makina asegaitz hori elikatzeko. Zertarako? Zer nezesidade?


Hori alderdirik fribolo eta hutsalenetatik begiratuta. Gure amamak esaten zuen ondradu izanda, inor ez zela aberats bihurtzen. Are gutxiago munduko aberatsena izatea, gehituko nuke nik. Ortega jauna ohean sartzen denean, eta loak hartzeko zain dagoen momentutxo horretan, zer pentsatuko du? Akorduan izango ditu bere menpekoak?  Indiako ume eta neskatila horiek, kontratu barik lanean dauzkanak, 0,88 € eguneko kobratzen dutenak, astean 72 orduz?


Komunean, obratzen dabilenean, ez dio ezerk ausiki egingo kontzientzian? Baina izan liteke maila horietan dabiltzanen kontzientzia aspaldi egotea ezkutatuta, ahaztuta, euren gurasoen etxeko gelako armairu gaineko tiraderan lagata edukitzea… Izan liteke.


Telebistarik ikusiko du? Albistegirik? Egunkaririk irakurriko? Ikusi ote ditu sahararren errefuxiatu kanpalekuetan jasandako uholdeak? Tira, hemengo jende normaltxoak ere ez du jakin, toki gutxitan agertu delako. Baina gerratik eta miseriatik ihesi joandakoen argazkirik iritsi zaio begien aurrera? Zer sentitu du? Mekanismorik martxan jarri zaio barruan, bere dendetako soberakinak ematea, adibidez, karitate makurren eta klasistenaren izenean baino ez bada ere? Hutsaren hurrengoa litzatekeena? Ala, txindurriei begiratzen diegun bezala behatuko die? Beste galaxia batean gertatuko balitz legez?


Don Amanciok justizian pentsatuko ote du inoiz? Zer begitantzen ote zaio munduko hiritarren %1ek beste %50k adina aberastasun izatea? Justizia dibinoa dela iritziko dio “nik balio dudalako”? Jainkoen aukeratua?


Ezin dut imajinatu zer sentituko den Amancio Ortega izanda. Berarentzat normalitatea zer ote den. Zertarako behar duen hainbeste diru. Inkognitak besterik ez dit sortzen pertsona horrek eta inguruan dagoen guztia.


Baina harrigarriagoa iruditzen zait zenbait espainiarren harrotasuna munduko aberatsena espainiarra delako. Ez zait buruan sartzen. Beraiek ere aberastasun horren partea jasoko dute? Banatuko die zerbait Gabonetan, esate baterako?


Era berean, ez ditut konprenitzen aho-betez diotenak munduko bigarren Zararik handiena Donostian dagoela, New Yorkekoaren pareko ia. Gipuzkoar horiek komisioa izango dute? Deskontua erosketetan?


Guinness errekorra haustea da helburua, kosta ahal kosta. Pobrezia eta esplotazioa tartean egoteak bost axola, familia batek Forbes-en top-ean jarraitzea da xedea, abertzalekeriaz aldarrikatuta gurean ere munduko handiena, aberatsena,… badagoela. Diruzalekeriak sinestarazi nahi digun zoriontasunaren espejismoa, errealitate gordina ezkutatzen duena.

Euskaltegien heriotza

Leire Narbaiza 2015/10/20 10:10
Info7 irratian "Gureaz blai" saioan egindako kolaborazioa 2015eko urriaren 15ean

Euskara irakaslea naiz, euskaltegikoa. Orain 25 urte hasi nintzen ofizio honetan eta laster amaituko dudalakoan nago.

Euskaltegietako irakasleek amesten dugu egun horrekin: gure ofizioaren behar izana ez dagoen unearekin, Euskal Herria euskalduna den momentuarekin. Eta gure sektorea hiltzeko jaio bazen ere, eutanasiak hilko du edo hobeto esanda, lasai hiltzen utziko dute, uzten ari dira.

Bai, laster lanez aldatu beharko dut, hiltze luze honetan kabitu ezinda. Kontua da Euskal Herria ez dela euskalduna, gure ametsa ez dela bete; baina, hala ere, desagertu egingo gara. Poliki, atentzioa eman barik, ia inori ez diolako ardura helduen euskalduntzeak.

Gelak husten ari dira, mila arrazoi direla eta. Batetik garestia delako oso, prezioak eskandalagarriak dira gure hizkuntza, ofiziala ere badena, ikasteko. 8 ordu astean ikasturte osoan 400 eurotik gora dago. Ez ahaztu gaztelania ikastea EAEn doan dela, Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailaren eskutik. Euskara ez. Baten batek esango du azterketa gaindituz gero diru zati bat itzultzen dela, eta egia da batzuetan. Baina aldez aurretik jarri behar da dirua eta azterketa gainditu. Beraz, titulua lortu.

Titulitisak jota gaude, alegia. Gure beste gaitzetako bat. Behar ez duenari ere, dirua itzultzeko exijitzen zaio-eta. Hala dauzkagu gelak titulu-bila dabiltzanekin beteta. Obsesionatuta. “Yo sólo quiero preparar el segundo perfil, no quiero nada más” halakoak ere entzun izan ditugu, azterketa pasatzeko euskararik ikasi behar ez balitz bezala. Tamalgarria! Beste ikasle asko urduri, gaizki pasatzen. Titulua lortu lanerako. Lanean titulua eskatu, baina euskaraz egiteko ez. Sarriegitan paper madarikatua kaxoian sartuta, hautsa hartzen. Alferrik emandako denbora larregi, neurona xahuketa, esfortzu antzua.

Gizartea aldatu egin da. Ezin da ukatu. Hauxe ere bada euskaltegiak husteko beste arrazoi bat. Anjel Lertxundik atzo Berriako “Apalaldia” zutabean aitatzen zuena: Umil apatiko eta etsipen puntu batez gaude? Susperraldiaren dekadentzia bizitzen ari gara? Barealdia indar falta da, itsas zakarraren abisua, akaso?

Euskarari dagokionez erlaxatu egin gara. Ikastolan ibilitako guraso batzuek, ikastolan Lehen Hezkuntzan dabiltzan seme-alabekin gaztelaniaz dihardute. Kezka dago ikastola batzuetan, lehen DBHn hasten ziren ikasleak gela barruan gaztelaniaz. Orain LHko 1. mailan… Euskara salbatuta dago, ez dut ahaleginik egin behar, dena eginda baitago” dute askok barneratuta. Horregatik, zertarako joan euskaltegira? Txakurrekin eta ume txikitxoekin egiteko nahikoa badakit-eta!

Euskara despolitizatu behar zela zioten, baina hori beharrean, deskontzientzatu egin gara. Lasaitu, petraldu. Jardun behar denean, tipili-topolo edonola esan, kalitatea apalduta.

Eta euskaltegiak hortxe daude, zain, Euskal Herrian oraindik premia gorria dagoelako; sektorearen agonia, ordea, ondo hasita dago, utzikeriaz, nagikeriaz. Ezkorra naiz, baina gremioko asko ere hala daude, errealitatearen lekuko garelako.

(Hementxe ere entzun dezakezue)

 

 

"Amama" pelikula

Leire Narbaiza 2015/10/19 01:25

Ez naiz oso zinefiloa. Ezer gutxi dakit plano, sekuentzia, errodaje eta argiaren eraginaz. Sarri ere ez naiz joaten aretoetara, eta etxean ere ez ditut asko ikusten. Ezjakina naizela, berba baten. Filmek sentsazioak baino ez didate eragiten, sentimenduak, eta hala irten naiz Coliseotik "Amama" ikusi ostean.

Pelikula gordina begitandu zait, une batzuetan gogorra. Barretxoren bat ere eragin digu. Baina film osoan zehar "ze ederra" esaten jardun dut neure kolkorako.

Belaunaldien arteko etena gure erara kontatua. Pertsonaiak eta jokatzeko modua gertukoa. Esaldi batzuk nik neuk ere erabili izan ditut, eta hamaikatxo aldiz eztabaidatu dugu lagun artean sentitzen duguna esatearen balioaz. Paper batzuetan hurreko jendea ikusi dut. Erreakzio naturalak, guretako.

Zineman batzuek negar egin dute, emozionatuta. Nik ez (arraroa), baina integratuta eta identifikatuta sentitu naiz oso.

Gutxien kokatu dudana amamaren pertsonaia izan da, agian berbarik ez duelako eta hieratikoegia delako nire iritzirako. Baina sortutako irudiak eta metaforak ikaragarriak.

Paisaiak eta argazkia, ezin ederragoak. Musika, hunkigarria Mursergo ederki akoplatu da. Osotasunean ere itzela.

Eibarko gure emanaldian anekdota bat ere izan da. Pelikularen momentu dramatikoenean estra lanetan Eibarko gizonezko bat agertu da, eta barre egin dugu. Une hori apurtu digu. dena ezin da.

A, eta oso jertse politak darabiltzate aktoreek, udazken-neguarendako aterpe epela.

Asebeteta eta gustura irten naiz zinematik. Aktore handiak, film biribil batean. Ea hurrengoan euskara hutsean azpititulurik barik ikusteko aukera dugun.

Iruñeko euskaldunen lezioa

Leire Narbaiza 2015/10/16 11:55
Gipuzkoako Hitzan 2015eko urriaren 16an argitaratua.

 “Ezin gintezke engaina,

Xumetasun hau gu gara,

Bizirikan gaude baina,

Egin dezagun algara


Hemen jaio, hemen hazi.

Hemendik kanpo ezin bizi.

Eta duena merezi

Euskaraz adierazi”


Ez naiz poeta bihurtu, lasai. Pasa den larunbatean Iruñeko Burguen plazan entzundakoaren zatitxo bat baizik ez da. Bertan “Joxemiel Bidador. Iruñeko euskaldunak” pastoral ederra jokatu zen Bidador dantzari, euskaltzale, idazle, irakaslearen omenez.

(dantza.eus-etik hartutako bideoa Oier Araolazarena. 10" hasten da kantua)

Gazterik hil zen Bidador, berrogei urte bete aurretik. Pertsona maitagarria eta maitatua zen, eta nik bezala, bizirik ezagutu ez genuenondako, muntaia paregabea izan zen zapatukoa. Ezin aproposagoa horrelako lana egin eta karisma zuen gizonezkoari gorazarre eta omenaldia egiteko.


Antzezlan fina eta dantzari eta abeslari trebe asko ezagutu genituen plaza horretan. Ordu ugari lanean jardundakoak azken emaitza duinetik harantzagokoa izan zedin. Eta lortu zuten. Kalitate bikaineko ikuskizuna eskaini baitziguten. Eman nahi zutena, ordea, ez zen kalitatezko espektakulua, pertsona handi batenganako errespetua eta miresmena. Lortu zenuten, zorionak.


Zuetako askok galdetuko zenioten ea zertan nabilen Gipuzkoako Hitzan, iritzi sailean ikuskizun baten kronika egiten; batez ere, nafar bati nafarrek egindako omenaldia izanda. Itzuli gara gure esparrutxo probintzianoetara, ezta? Kontua da, Iruñean ikusitakoak hausnarketa asko eragin dizkidala.


Alde batetik, zenbat jendek eta zein desberdinek hartu zuten parte antzerkian, zelako elkarlana sortu zen hainbat elkarte, kolektibo eta norbanakoren artean. Nolako lana eta adostasuna lortu ziren, gure herrian ez dena batere arrunta, bakoitzak bera esparrua defendatzeko lubakiak eraikitzen baititugu, eta nahi baino sarriagotan, bertan gotortu egiten gara. Iruñean egindakoak komunitate hori trinkotzeko balio duela uste dut. Eta bati baino gehiagori entzun nion bezala, mugarri izan liteke etorkizunerako.

IMG_20151010_185024


Bestetik, beste herrialde batzuetako euskaldunondako balio lezake gure mikro-mundutik ateratzeko, burua zabaltzeko, begietako benda kentzeko. Izan ere, gure Gipuzkoa-Bizkai semi-euskaldun honetan oso barneratuta daukagu, nire ustez, hemen topa genitzakeela euskaldunak, baina zonalde ez hain euskaldunetan (ejem, ejem) nekez aurki genitzakeela euskaraz dakien inor. Horrela, Bilbo, Gasteiz, Iruñea edo Baionara joanda, gutxitan hartzen ditugun euskararen zutoihala eta lantza, hiri horietan gure hizkuntzan jarduteko (gure herri ustez euskaldun hauetan hala horniturik irtengo ez bagina legez). Kaskoan sartuta baitugu hemendik kanpora euskaldunak kontu exotikoa direla, gu garela azken mohikanoak. Edo okerrago, guk mantentzen dugula euskal esentzia bizirik.


“Bilbotarra eta euskalduna? Benetan?!” harritu zaizkio bilbotar euskaldunei  sarri, jakin barik Ramon Saizarbitoriak esan zuela: «Euskara Bilbon salbatuko da edo ez da salbatuko». Berak Bilbo jarri zuen adibide baina Iruñea, Gasteiz eta Baiona gehituko nizkioke. Teorian arrotzak zaizkigun horietatik asko ikasteko baitugu: elkarlana, grina eta aurrera egiteko gogoa.


Eta ez dezagun ahatz hasierako kantuak dioena: xumetasuna garelako, eta bizirik gaudelako, egin dezagun barre, ospa dezagun euskaraz. Bidadorrengatik eta bere moduko guztiengatik! Biba Iruñeko euskaldunak!


(Hemen artikulua)

Iraileko trantsizioa

Leire Narbaiza 2015/10/07 22:29
2015eko irailaren 17an Info7 irratian "Gureaz blai" saioan egindako kolaborazioa

(Entzun nahi izanez gero egin klik)

Irailaren erdialdean gaude, uda amaieran eta udazken hasieran. Eguraldia ere halako dugu. Trantsizio sasoia da, uda (eta oporrak) atzean laga, eta lanari eta ikasturteari begiratzeko unea. Zubi-lana egiteko mementoa. Horregatik oporretako pare bat anekdotarekin abiatuko naiz, udazkenekoetan murgildu aurretik.


Opor-lekura joateko abioia hartu nuen Loiun eta hegazkineko komandanteak gaztelaniaz ingelesez eta EUSKARAZ egin zigun! Zelako emozioa! Txalo egitekotan izan nintzen! Hain da arrotza euskararendako hegan egitearena!


Badirudi jende gehiagok ere izan duela esperientzia hori, baina oraindik ere oso bitxia zaigu. Nola ez gara, bada, emozionatuko, anbulategian batzuetan ezinezkoa denean zita euskaraz eskatzea?


Horrelakoak bizi izanda, konturatzen gara zein gutxirekin garen zoriontsu euskaldun euskaltzaleok! Ohituta baikaude hizkuntza handien mahaietatik jausten diren ogi-apurrak jatera, eta jausten dena apurra beharrean koskorra denean, txapliguak jaurtitzen ditugu


Hala jakin nuen sare sozialen bidez, tele5 kateko reality-show ganorabako horietako batean Sortan Beleren kanta bat jarri zutela. Denak pozarren! Euskal kanta bat Espainiako kate handi batean! Inork ez zuen esan,ordea, musika baino ez zela entzun, letra tokatzen zenerako, kendu zutelako… Gure poza, putza!


Dena ez da izango desengainua, baina! Loreak filmak beste poz bat ere eman digu: Espainiako zine akademiak Oscar sarietara joateko aurre-aukeratu du. Joatekotan, Espainiaren izenean, baina aukera bat da, besterik ez dugu. Aurkeztutako hiruren arteko onena balitz ere, gaitz ikusten dut espainieraz ez den film bat Espainiaren ordezkari bidaltzea. Zoritxarrez ez lukete onartuko!


Halere, pozgarria da aurten ere Donostiako Zinemaldian euskaraz errodatutako beste film bat izatea sekzio ofizialean: Amama. Munduari euskaraz egiten dena erakusteko leku aproposa delako. Horrezaz gain, balio du demostratzeko euskarazko produktuak kalitatezkoak izan litezkeela. Eta geure burua ere konbentzitzeko, gutxiagotasun konplexu guztiak uxatzeko, hain barneratuta dauzkagu!


Oporrak, zinemaldia, eskolara itzultzea… dena urte sasoi honetan. Euskaltegietako matrikulazioa ere bertan da. Badabiltza hainbat sektoretatik izugarrikeriak esaten EGA (eta bide batez esanda, euskara) denik eta azterketarik zailena dela. Helburu jakin bat du horrek guztiak, ondotxo dakigunez, eskakizunen maila jaistea, alegia. Baina arazoa da euskalduntzea azterketitisak jota dagoela. Badirudi euskaltegian matrikulatzeko helburu bakarra agiria lortzea dela! Ze erratuta gauden! Ia guztiok dugu zer hobetua.


Horregatik, nahikoa euskara badakizue, animatu jendea izena ematera euskaltegian. Ikastaro asko daude, modulazio pila bat. Lagundu beste batzuei.


Euskaldun zaharrok: izan eskuzabal ikasten dabiltzanekin, erraztu ulertzea. Mintza eta Berbalagunetan eman izena. Zuek asko badakizue ere, hutsuneak badituzuelakoan nago. Irakurri euskaraz. Poliki-poliki hasi, helburu xumeak jarrita. Etxean ikasi dugunok ere zerbait egin beharko dugu, ezta?


Denon artean, hegazkinean komandanteak euskaraz egiten duenean harritu ez gaitezen, arruntena izan dadin. Izan dadila gure helburua.

ETB1ek, berriz ere kale

Leire Narbaiza 2015/10/02 10:26
2015eko urriaren 2an Gipuzkoa Hitza-n argitaratua.

Irailaren 27a, arratsaldeko zortziak. Egun osoan, irrati eta Twitter bidez Katalunian gertatzen ari zena segitzen. Hauteslekuak itxita, telebistaren ordua iritsi zen, botoa eman osteko galdeketak, lehenengo boto-ontzien emaitzak. Jakinda Espainiako telebistekin haserretu egingo nintzela, ETBra jo nuen.

Lehenengo eta behin, ETB1era. Pilota partidua zegoen! Ordurako, ETB2n ari ziren benetako emaitzak irten arteko denbora betetzen egunak emandakoarekin eta egindako galdeketekin. ETB1, pilotari bat elkarrizketatzen. Gaztelaniaz.

Zortzi eta erdietan, albistegia. Ostean, Maddalen Iriarteren saio berezia: Katalunia, agur!. Gustura ikusi nuen. Bitartean ETB2n albistegia eta Bartzelonatik saio berezia, Kataluniako parlamentuko lorategietan, aurkezle bi eta gonbidatu birekin, gehi zuzeneko hainbat lotura, eta itzultzailea.

ETB1era pasatu nintzen ea zein gonbidatu zeuden. Bilbotik eginda, aurkezle bakarra eta gonbidatu bakarra!!! Haluzinatu egin nuen! Zer zen hura? Nola liteke halako hauteskunde-gau batean pertsona birekin egitea saioa, etxe bereko beste kateak programa oparoagoa eskaintzen zuen bitartean. Gainera, ETB1ekoa bukatu zenean film bat jarri zuten, baina ETB2koa amaitutakoan, beste saio bat egin zuten Bilboko estudioetatik, aurkezle bakar eta lau kazetarirekin! Konparazioak gorrotagarriak dira, ezta?

Ez dut baloratu nahi saio bakoitzean zeuden beharginen lana, profesionalak dira eta ondo egiten dutelakoan nago, gehiago ala gutxiago gustatu bakoitzaren profila. Ez naiz horretan sartuko. Lotsagarria iritzi nion telebista kate biek, etxe publiko berekoak izanda zelako desberdintasunak zituzten baliabide eta errekurtsoetan. Latzena da, baina, euskaraz informatzeko genuen telebista bakarra (edo bitarteko nahikoa zuen euskarazko telebista bakarra) berriro ere hirugarren mailako kate bihurtu zela. Euskaldunok baztertuta, atzera ere.

Baztertuta ez ezik, minduta ere sentitu nintzen. Nire moduan jende asko. Euskarazko telebista publikoak berriz ere defraudatu gintuen, bigarren mailakotzat tratatu gintuelako beste behin ere. Ohituta egon beharko genuke, baina ez gara ohitzen, ondo gogoan dugulako ETBren hasierako asmoa euskara sustatzea zela. Ez da horrela izan, ordea. Kirolez, saio mutuz eta herrietan grabatutako varietées emanaldiekin bete duelako programazioa. Albistegiak ere laburragoak dira (betiere erdarazko katearekin konparatuta), ia guztia produktu aurre-izoztua, mila aldiz errepikatua. Etxe handiko ahizpa pobrea, besteen hondakinak jatera behartuta dagoena.

Aspaldian gabiltza horrela. Zapping egitean ere, pasatzen ez dugun katea da ETB1, sarriegi desengainatu gaituelako. Kontua da ezagutu genuela beste ETB1, hasierakoa, denetatik zuena. Beharbada, amateurregia, baina gehiago asetzen zuena, publiko guztiendako, film, telesail eta etxean egindako saioak zituena. Gazteendako programak zeuzkana, baita umeendako ere. Elkarrizketak ere bazeuden eta umorea. Baliteke gaur egun orduko saio horiek naif-egiak edo modaz pasatuta egotea iriztea. Baina sasoi hartarako egokiak ziren. Ilusioa ere pizten zuten.

Ezinezkoa litzateke halakorik egitea orain? Ala ahizpa erdaldunak fagozitatu behar du euskalduna? Euskadi irratian lortu da kalitateko irrati euskaldun aniztuna egitea. Telebistan hain zaila litzateke? Ezezkoan nago!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
http://www.elcorreo.com/[…]/nueva-agresion-sexual-... ..., 2017/07/10 21:40
Irakurtzen dizkinat hire lanok, gustura. Segi.JOn Jon Etxabe, 2017/06/19 12:51
Iban! Zer esan nahi dok, ez dala bitxia? Kaleko ... leire, 2017/06/08 16:54
Bitxiak... edo "kaleko kontuak" :-( Iban Arantzabal, 2017/06/08 16:38
Artikulu bikaina Leire. Serafin, 2017/06/04 20:25
Gainera, estadistikak ematean, nazionalizatuta ... Ni, 2017/05/23 22:41
Hona hemen aurreko albistearen lotura: ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:51
Pasa den astean beste emakume bat hil zuten ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:50
Politta testua. Artistia haiz gero! Serafin, 2017/05/11 14:44
Milla esker, Serafin! Laztan bat! leire, 2017/05/07 21:23
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua