Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Hilekoa gorroto dut

Leire Narbaiza 2014/07/28 15:10

Menstruatzea gorroto dut. Bai, hala da. Badakit ez dela politikoki zuzena, ez dagoela modan, baina ez dut gogoko hankartean behera odola isurtzea, ez; zikina, usaintsua eta deserosoa da. Mingarria eta aztoratzen duena, atentzio handia eskatzen duena. Garestia eta edonora poltsa eramanarazten diguna.

Ez dut maite goizeko bostetan esnatzea tripako minez. Ez zait gustatzen titiak puztuta eta minberatua izatea. Ez dut gustuko edozein lerdokeriagatik emozionatzea. Ez ditut atsegin umetorkiaren kontrakzio horiek, ezta odolbilduak iraiztea ere.

Hala da, lagunok! Batzuek esango didazue ez dudala onartzen nire emetasuna. Ez dut uste, gustura nago-eta emakume izatearekin (hilekoak hileko). Beste batzuek esango didazue ez dudala nire gorputza onartzen. Bo, egia liteke. Gaitza da andrezkoontzat gure gorputza onartzea gizartearen kanon hauekin, gure inperfekzioz betetako iragarki eta irudiekin bonbardatzen gaituztenean. Zaila da, bai. Baina halakorik ez zaigu esaten –gure gorputza ez dugula onartzen, alegia– depilatzen garenean, gure ileak ez ditugula maite. Zergatik ote?

Menstruazioa beti da arazo: aurre-nerabezaroan etortzen bada, goizegi delako. aurre-gaztaroan, beranduegi. Zikloaren amaieran ez datorrenean, haurdun egon gintezkeelako gura barik. Zikloaren amaieran datorrenean, ez gaudelako haurdun eta gura genuelako. Aurre-menopausian ziklo barik datorrelako, nahi duenean. Menopausian betiko joan zaigulako. Hori, kontuan hartu barik eguneroko kontu txikiak: hondartzara, oporretara joateko, praka zuriak janzteko,…Beti arazo.

Mitoen kontra egin genuen borrokan. Gure belaunaldikooi, oraindik haur ginela etorri zitzaigunean, sekretismo osoz eroan genuen(dugu). Debeku andama jaso genuen: ezin bainatu/dutxatu/burua garbitu eta ezin izozkirik jan, odol isuria moztu egiten ei zelako; ezin landarerik ukitu, hil egiten zirelako; ezin maionesarik eta horrelako saltsarik egin, ez omen zirelako lotzen… Bai, niri esan dizkidate serio hauek guztiak. Horregatik, probak egiten genituen: hilekoarekin egon eta salako landareari hostoak ukitu. Osasuntsu segitzen zuen! Ezkutuan dutxatu eta izozkiak jan, eta isuriak segitzen zuen…

Era berean, mediku askok (denak gizonezkoak) esaten zuten hileko minak psikologikoak ziela, baina minaren kontrako pilulak errezetatzen zizkiguten (analgesikoak, antiinflamatorioak,… ez botika psikiatrikoak). Ostikada bat euren hankartean sortutako barrabil mina bezain psikologikoa, horratik!

Batzuek esango didazue naturala dela. Bai, hala da. Mukiak eta izerdia ere naturalak dira, baina ez dut gozatzen muki-kandelak dariola izatean edo izerdi patsetan egotean ere ez. Naturala izateak ez du esan nahi gustuko izan behar dudanik.

Ez dago modan esan dudan hau guztiau, badakit. Hilekoren argazki odoltsuak egitea dago bogan, aldarrikatzeko. Edota Naturak emandako dohaina dela gure emetasuna aldarrikatzeko… diskurtso biek gogaitu egiten naute, ados banago ere hilekoa isilean eraman dugula eta baztertzeko erabili izan dutela –aipatu ditudan debekuez gain, ezin ahaztu erlijio handietan hilekodun emakumea ezpurua (izan) dela–.

Eta emetasunarena aldarrikatzeak,…ez dakit, aspertu egiten nau. Beste espezie batzuetan emeen ugalkortasun zantzuak beste era batekoa direlako, halakorik barik. Eta esan behar dut: emakume jaio nintzen, eta ez nintzen "emakume bihurtu" (gorroto dut esamoldea) hilekoa etorri zitzaidanean. Bestela zer, menopausikak (sentitzen dut ezin dut idatzi menopausiko!) eta menopausia ostekoak ez dira emakume? ala emakume izatea ugalkorra izatea baino ez da?

Odolusten garelako bizi ei gara luzeago, odola "garbitu" egiten zaigulako hilero. Baina bizitzako berrogei urtean egitea nahiko da? Zenbat mito gehiago sortu behar ote ditugu prozesu hau jasateko?

#EibarDefendatu?

Leire Narbaiza 2014/07/03 18:49
Azken boladan Eibarko erakusleiho eta balkoietan ikusten den traola.

Orain 25 bat urte oso futbolzalea nintzen. Igandero Ipuruara joan eta oso ondo pasatzen nuen. Baina gero, zerbait aldatu zen nire barnean eta jasanezina bihurtu zitzaidan, fartsa hutsa zela iritzi eta zeharo urrundu nintzen, ia gorrotatzeraino, erretzaile ohiak tabakoa jasaten ez duen legez.

Baina sekula ulertu ez dudana, zalea nintzenean ere ez, herriko taldea babestu behar hori foballa gustuko ez izan arren, herriarendako ona delakoan. Ez dut ulertzen "patriotismo" futbolero hori. Telebistako lehiaketetan ere halakoak egiten dira: abesten irten eta botoa eman behar herrikoa delako. Bai? Eta gustatu ezean nola kantatzen duen, edo ez badugu pertsona hori atsegin ere irabazteko gogoa izan behar dugu? Ez dut konprenitzen!

Batzuek diruaren aitzakia darabilte babes horiek emateko: onura ekonomikoak ei dakarzkio herriari. Agian, bai, ostalaritzari. Izen ona ematen omen dio Eibarri. Beharbada, hala izango da, baina beste mila kontuk ere ematen dute prestigioa eta ez dira hauspotzen eta laguntzen, edo ez hainbeste, behintzat.

Aberatsak praka motzetan babestu (baliteke Eibarko jokalarien kasua ez izatea), bihotz eta aberri bakoak, diru eskaintza handiagoa izanez gero, koloreak erraz asko abandonatuko dituztenak. Baina guk, populuak, maitatu eta animatu behar, "gureak" direlako.

Kokoteraino nago futbolari ematen zaion garrantziaz, dena estaltzeko balio duelako eta benetako arazoak ezkutatzen dituelako. Dena barkatzen zaio, zorra izan Gizarte Segurantzarekin edo ogasunarekin. Egin dezala partikular batek edo enpresa txiki batek halakorik eta ikusiko du nolako barkamen eta onarpen soziala duen...

Halakoak esanda ez dakizue zelako gaitzespenak jasan behar dituudan! "Neska, baina gauza politak dira", "Kirola da eta jendeari gustatu egiten zaio", "Zu beti berdin, beti halakoak ateratzen". Eta esaten ez didatena ziur larriagoa dela: erresumindu, "rancia", zapuztaile, ilusio gabea.... Niri bost! Baina, bitartean, segitzen dugu hainbat zelai publiko ordaintzen eurek esklusiboki erabil dezaten, emakume taldeek gutxiespena sufritzen, euskara kantuetan desagertuta, hizkera biolentoa,... Baina neska, herriaren onerako da.

Honekin guztiarekin ez dut esan nahi Eibar KE-k egin duena kirol arloan garrantzitsua ez denik, edota eskatzen dioten diru-bermea justua denik. Ez. Hori beste kontu bat da. Ez dut uste denon artean ordaindu behar dugunik hau ere.

Gainera, ez zait euskarazko leloa gustatu #EibarDefendatu. Ez, talde bat defendatzen delako, ez gure hiri guziz eredugarria (armarrian dioen bezala). Ez, erdarazkoa egokiagoa da #DefiendeAlEibar. Artikulu horrek diferentzia markatzen du, taldea defendatzea eskatzen duelako.

Badakizue nork ez duen akziorik erosiko, ezta?

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
http://www.elcorreo.com/[…]/nueva-agresion-sexual-... ..., 2017/07/10 21:40
Irakurtzen dizkinat hire lanok, gustura. Segi.JOn Jon Etxabe, 2017/06/19 12:51
Iban! Zer esan nahi dok, ez dala bitxia? Kaleko ... leire, 2017/06/08 16:54
Bitxiak... edo "kaleko kontuak" :-( Iban Arantzabal, 2017/06/08 16:38
Artikulu bikaina Leire. Serafin, 2017/06/04 20:25
Gainera, estadistikak ematean, nazionalizatuta ... Ni, 2017/05/23 22:41
Hona hemen aurreko albistearen lotura: ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:51
Pasa den astean beste emakume bat hil zuten ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:50
Politta testua. Artistia haiz gero! Serafin, 2017/05/11 14:44
Milla esker, Serafin! Laztan bat! leire, 2017/05/07 21:23
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua