Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Beldurrak

Leire Narbaiza 2014/06/30 18:40

San Juan eguneko goiza. Herriko jaiak badira ere, lanera noa, ondoko herrian egiten baitut behar. Etxarte ezkutu batetik noa eta parez pare mutil bat. Parranda eginda dagoela dirudi, eta piztu zait alarma: zerbait gertatuko da. Jarrera hori du. Usaindu egiten da aktitude hori. Mutila ni baino zatia gazteagoa, eta goapoa. Derrigor berarekin gurutzatu behar, bidea estua da-eta. Badaezpada, ukabila batu eta hatz-koskor bat nahiko irtena laga.

Gurutzatzean, konturatu naiz arrio egin duela, ez didala enbarazu egingo. Lasaitu naiz. Pasatzean, halere, zigarro bat eskatu dit. Ezetz esan eta ospa egin dut, badaezpada ere.

Bai, pasa den astean gertatu zitzaidan, ez dut asmatu pasadizoa. Emakume bakoitzak halako mila du kontatzeko. Bat gehiago baino ez da, bizi duguna ondo azaltzen duen adibide xumea.

Beldurrik, egia esatera, ez nuen pasatu, egunez zelako, bera gaupasaz zegoelako,... Halere, alertan jarri ninduen eta lanerako bidean gogaitu (nahiko gogaituta banengoen lehendik ere!).

Esan bezala, anekdota hau horixe izan zen, anekdota bat. Baina Elena Lakaren txio honek ekarri zidan akordura:

Neskak beldur gizon matxista erasotzaile ugari dabilelako bazterretan #gauaguztientzako pic.twitter.com/WeDzacZLqN

— Elena Laka (@ElenaLaka) June 27, 2014

Gauez bakarrik irteteko beldurra eta leku zehatz batzuetatik igarotzeko ere bai. Adibidez, kontatutakoa, ia beti etxetik trenera eta trenetik etxera joateko erabiltzen dudan bidean gertatu zitzaidan. Baina sasoi baten, oso berandu etxeratzen nintzenean egon nintzen ibilbidea aldatzekotan, prebentzioagatik. Ze demontre! -pentsatu nuen- kikildu egingo naiz zer gerta litekeen pentsatuta? Nire herrian nago, beldurrak aginduko du? Ez!

Dena den, adi joaten naiz ilun dagoenean, prest! Eta inoiz sentitu dut arriskua edo...

Elenaren txioaren harira Joxe Rojasek txio bi hauek bota zituen:

 

@txargain @elenalaka Gaur EUskotrenean nentorrela neska batek inkesta egin dit. Galderen artean, ea trenean inoiz beldurrik izan dudan.(1/2)

— Joxe Rojas (@joxe) June 27, 2014

@txargain @elenalaka Ezetz esan diot ta errieta ez dit egin ba?"Joe, gizonezko guztiok esan didazue ezetz, ta neskek baietz!" #ezdanirererua

— Joxe Rojas (@joxe) June 27, 2014

Zaila da gizonezkoei beldur hauek azaltzea, izan ere, euretako askok ez dute inoiz imajinatu zer den gauean bagoi hutsean gizon bat igotzea eta gertuegi jartzea, edo etxerakoan pausu hotsak aditzea eta giltzak hatz artean sartu zer gerta ere.

Baina ezin gara beldurtuta bizi. Niretzat pozgarria izan zen neure buruak onartu zuenenean aukeratutako bidetik segitu nuela etxera joaten, erreparoak erreparo. Beldurrari aurre eginda, ziurrago sentitzen naiz, kale zati estu eta zikin hori nirea ere badelako, inork ezin duelako nire ordez erabaki non ibili behar dudan.

Hala ere, askok beldurtu eta kikilduta nahi gaituzte, kalea gurea ez delakoan. Guk geure burua defendatu beharrean, hainbat gauza ezin dugula egin adierazten digute. Hori da Espainiako barne ministerioak egin duena, bortxaketak prebenitzeko emandako aholkuekin. Probokatzaile ez janztea ahaztu zaie... Emango liekete inoiz horrelako aholkurik gizonezko bati? Ezezkoan nago.

Nahiz eta horrela ez dela sinesarazi nahi diguten, kaleak eta jaiak gureak ere badira, eta denbora luzea pasatu bada ere segitu behar dugu hori aldarrikatzen! Har dezagun kalea, nahi dugun moduan jantzita, gerri eta mokorrei eraginda dantza egin! Beldurrari espazioa kentzeko gangarra altxatu eta jarki! Gurekin jai!

Kateak

Leire Narbaiza 2014/06/09 20:32

Kateek askatasun eza sinbolizatzen dute gure gizartean, esklabotza, menpekotasun eta sumisioaren metafora bihurtu ditugu. Aska gaitezen apurtu behar ditugula esaten dugu etengabe.

Era beran, eta ia kontraesana balitz legez, katea jarraidura da, lotzeko erabiltzen dena; aurrekoekin kateatzeko, arbasoekiko fideltasuna adierazteko irudia. "Katea ez da eten", "Katebegi galdua" esamoldeak erabiltzen ditugu euskaraz.

Beste kate batzuek, ostera, aurrekoenganako atxikimendua ez ezik, transmisioa eta elkarri ematea ere badira. Guk jaso eta pasatu egiten dugula, gurea izan arren, era batean edo bestean, hartu eta oparitu egiten dugula. Hartu-eman kateak, Eibarko Gantxila: "Tantanez tantan, Eibarren euskaraz blai". Kate berdinzaleak, inklusiboak, sinbolikoak.

Eta giza kateak, igandekoaren modukoak. Berdinzaleak izateaz gain, transbertsalak ere badirenak, aurrekoekin lotzeaz aparte ilusioa, esperantza eta irribarrea sortzen dituztenak. Joan direnak gogoan iltzatzen dizkigutenak.31. km

Halakoa izan zelako domekakoa, kontu asko lotu eta uztartzen zituena: borondatea, gogoa, ilusioa, itxaropena, indarra, herri-sentimendua, bagarela nor, munduaren aurrean badugula zer esana, gure herrian bagarela, urrunetik gatozela eta urrunera goazela, guk gura dugun eran,...

Zirrara eragiten dit oraindik irudiak ikusteak. Emozioak gainezka egin arte, une batzuetan, a posteriori. Hantxe, eskutik oratuta ezezagun bati eta familiako beste bati, zahar eta umeak inguruan, zerbaiten parte garela sentitu dugu, katearen katebegiak, kate askatzailearena, esku forma duena, azalak ukitu eta laztandu lezakeena, estutu eta nasaitu. Eskuaren ikurra eskubidearena bihurtuta: esku, kate, bide.

Hala Durangotik Iruñera, kable luze baten moduan energia transmititzen geniharduela iruditu zitzaidan. Egun horretako eguzki ederretik izpiak jaso eta motorrak martxan jartzeko eta segitzeko pilak kargatu genituela, elkarren artean ilusioz, irribarrez, batak besteari begira, errekonozimenduz, katearen begiak uztartu eta lokarri sendoa lortuta kateatu etorkizunera.

Indar hau alferrik gal ez bedi!

Agur, Arrate!

Leire Narbaiza 2014/06/06 14:18
Post hau idatzi ez idatzi ibili naiz, ondiokan txokatuta albistiakin. Baiña berak merezi zebalako egingo dot...

Eibarko Klub Deportiboko famelixa erraldoiekua zan Arrate. Famelixa zoragarri eta eskuzabal horretakuak giñan bixok. Hala ezagutu neban, ez dot gogoratzen noiz, ezta ze kontutan be. Seguruenera, Euskal Jaiko bazkari edo afariren bat prestatzen. Eta gero eski komisiñuan . Baqueiran eta Somporten emondako egunetan. Egun edarran.

Ez giñan lagun-lagunak, ezagunak bai, holako lekuetan egitten diran ezagun-gertuko bat zan. Oso gertuko sentitzen neban, beti irribarria eta bromia ahuan, berba alaixak botatzeko gertu, adarra jotzeko. Gustoko neukan bere modu hori!

Berakin izandako azken alkarrizketa baten Marimaistraz egin zestan berba, bat-batian agertu jakola telebistan eta barrezka jardun zebala, gustau jakola...

Bere umorian faltia igarriko dogu, baiña batez be beran hutsunia sentidu!

Besterik ezin esan malko barik. Besarkadarik estuena Iñaxio eta Ibairi, baitta famelixa haundixari be. Deporreko lagunak be goguan zaittuet. Laztan bana, Arrate goguan!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua