Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Kultura ez da intereseko kontua

Leire Narbaiza 2014/05/21 12:01

Pasa den ostiralean Jabier Muguruzak (Mikel Azpirozek lagunduta) Eibarko Koliseon kontzertua eman zuen. 20 pertsona ere ez ginen bertan izango.

Zein tristea den horrelako musikari onen kontzertuan hain jende gutxi izatea. Badakigu Muguruza hau ez dela masa-fenomenoa. Jakin ere badakigu ostiralean eguraldi paregabea egin zuela. Halere…

Sarrera ez zen garestia (8€), ordua ere egokia (beste ikuskizun batzuk ere ordu berean izaten dira), kalitatea bermatuta, ibilbide luzeko artista… Zer gertatzen zaigu?

Twitterren irakurri nuen Realaren ligako partidu batean 13.000 ikusle izan zirela, neguko astelehen gau euritsu eta hotz batean, sarrerak askoz garestiagoak. Nola liteke 13.000 lagun elkartzea baldintza horietan ezer jokatzen ez den partidan eta Koliseon 20 ere ez izatea? Ez zait buruan sartzen!

Ez da krisia, ez da eguraldia, ordutegia,… interes falta da, gogo gutxi, kulturak ez gaitu motibatzen, poteoa nahiago dugu… Dinamika mortala!

Baina beste kontu batzuetarako ziztu bizian jartzen gara ilaran, sarrerak lau hilabete lehenago lortu. Bestela nork ulertu Eibarko antzerki jardunaldien arrakasta? Beti beteta, baina urtean zehar, zer? Akto soziala, tout-Eibar bertan, eta Espainiako telebistan agertzen bada aktoreetako bat, akabo, zoramena!

Antzera gertatzen da Eibartik kanpo ere! Rockero zaharren bat etorriz gero, hara goaz estadioa edo antzokia betetzera, sarrera 60€ ordaindu behar badugu ere. Agian, ez dugu inoiz bere disko oso bat entzun ere, baina bagoaz espektakulu bila, ardi bihurtuta, guai edo cool izateko asmoz.

8 abizenek zine aretoak bete dituzte, sarrera barik laga leihatilak, nahiz eta sarri entzuten dugun ikusle horiek berorien ahotik aitzakia merkeak zinera ez joateko, sarrerak garestiegiak direla, alegia.

Ez gaituzte kulturzale izateko hezi, ala? Ez, beharbada. Egia da umeak antzerkirik antzerki darabiltzagula, pailazo ikuskizun guztietara daramatzagula, ipuin-kontalari saio guztiak lepo daudela (euria egiten badu, batez ere). Zergatik ote? Umeak kultur zaletu nahi ditugulako ala zaintzaileondako plana edota bakea dakarkigulako?

Haur horiei, nerabezarora heltzen direnean, amaitzen zaizkie espektakuluak, irakurketak, eta kirol ikuskariak baino ez zaizkie geratzen. Ez dugu jauzia ematen, eta kulturaz disfrutatzen zuenak ez du gero gozatzen, umeen kontua delako, edo aspergarria, rollo hutsa! Balio duena futbola da edo sasoian sasoiko Justin Bieber-a.

Ez dugu lortzen jendeak kulturarekin gozatzea. Ez dago modan, frikien kontua da, kultureta aspergarri astunen kontua, demodé dago (inoiz modan ego ote da, bada?).

Kultura eta ikasketa maila lotuta ei doaz. Baina zerbaitetan kale egiten dugu. PISA txostenean Euskal Herriak emaitza txukunak izango ditu (beti ere Espainiarekin alderatuta!), baina kultura kontuetan oraindik #marcaEspaña-tik gertuegi daude.

Sintonia

Leire Narbaiza 2014/05/16 14:55
Zein harik lotzen ditu pertsona bi ezezagunak direnean? Zerk eragiten du sintonia?

Mahi baten inguruan, halabeharrak sei emakume (gazte eta heldu) elkartu ditu, ez dute denek elkar ezagutzen, zaletasun bakan batek eseri ditu mahi horretan, eta txinparta ezezagun batek piztu du garra, inoiz baino elkartuago sentitu dira, inoiz baino beteago.

Ezezagun bi, blogariak. Bizipen zeharo desberdinak, antzeko adina baina ez bera. Inguruabarra ere ezberdina. Bati bestearena gustatu, besteak batarena gogoko. Idazteko modu bi, baina bestearen idatzietan euren burua islatuta dute, esan nahi dutena beltz-zurian jarrita ikusten dutelako. Izkiraturik aurkitu dituzten euren postak...

Emakume bi, behin elkar ikusi, sare sozialetan komunikatzen segitu, bizitzako plano desberdinetan: lan egoera, adin, bizileku, interesak... topo egin berriz ere bizitza errealean eta klak, konfidente bihurtu.

Jakin barik zelan, kontaktatu, berba egin, konektatu, elkarren pistari jarraitu, proiektu bat sortu hutsetik eta begiratuta ia pentsamendua irakurtzea elkarri.

Sintonia esaten zaio horri. Batzuetan lotura ikusezin hori une baterako da, gerora berreskuratu nahi eta ezin. Besteetan betiko dago gurekin eta pertsona horrekin sendo lotzen gaitu.

Ez dakigu, baina, zerk eragiten duen, ez dakigu zein den pizgailua. Uhin frekuentzia berean jartzen gaitu zerbaitek eta konexioa sortzen da. Gure gogoek elkar errekonozitzen dute eta gogo bera dela deskubritu, kontzientzia unibertsal delako horren zati, gorputz anitzeko izaki bakarra sinisteraino.

Horregatik, sintonia aurkitzen dugunean etxean sentitzen gara, gure terrenoan, babesean, libre esateko eta egiteko, ulertuko gaituztelakoan eta onartuko. Burujabe, burugabe izateko, oso-osoan.

Sarri, hitzez eta ahotsez

Leire Narbaiza 2014/05/12 00:20

"Ola wapa etorri einbizu hau leidu bizu ta." e-mail baten mezu kriptiko hau jaso nuen bariku goizean. Artxibo erantsi bat zekarren postak eta "Bulegoa" pasartea itsatsita.

Eskerrak ostean whatsapp bat jaso nuen! Barikuan bertan 8,15ean Durangoko Plateruenan egon behar nuela zioen, Sarrionandiaren lanen irakurketa publikoa egin behar baitzuten. Lankide batek kale egin, eta ni harrapatu, ederto ezagutzen naute-eta! Inprimatu eta jo eta sua aritu nintzen prestatzen pasarte hura ganoraz eta taxuz irakurtzeko.

Bertara iritsi muntatu zutena ikusi nuen: antzokian hiru irakurketa gune ipinita, argi ahularen pean, mahaitxoetan jendea entzuten. Giro intimo eta goxoa, atmosfera paregabea.

Taberna aldean, urduritasuna eta lasaitua nagusi. Izan ere, bertan elkartzen ziren irakurtzeko zain zeudenak eta irakurritakoak.

Barrura sartu eta zain egon ginen, entzuten, aurreko eta ostekoen testuak. Bazuen giroak solemne puntua, baina era berean lasaia eta erlaxagarria ere bazen, gustura egotekoa.

Ia sei ordu iraun zuen irakurraldiak, eta 200 pertsona inguruk irakurri genituen beste horrenbeste testu. Musikaz eta kantuz ere hornituta egon zen bloke bakoitza. Gerora jakin nuenez, proiektua ez zen egun bakar batekoa, baizik eta denbora luzeagoa iraun zuena, eta barikukoa azken ekintza.

Ekimen polita izan zen. Ikaragarri ondo antolatuta, estetikoki ederra eta sakonean ere ekintza bikaina. Xumea bezain indartsua.

Zorionak antolatzaileei, primerako lana egin duzue-eta. Eta eskerrik asko gonbidatu/atrakatu ninduten lagunei ere, horrelako aukerak gutxi izaten dira eta: uztartuta idazle gogoko baten idatziak, eta ahots gorako irakurketaren plazera.

 

 

 

 

 

 

 

Txertatutako irudiaren behin betiko esteka

"Single"

Leire Narbaiza 2014/05/09 12:40
Berba batek hizkuntza bitan izan lezakeen haria.

Umetan single hitza –[singel] ahoskatuta– diskoekin lotzen genuen, disko txikiekin, LP-aren aurrerapen moduan ere hartzen zirenak, gure gaztaroan maketekin lotura zuzena dutenak.

Baina gaur egun single-i [singel], beste esanahi bat nagusitu zaio, ingelesarena, ezkongabea edo bikoterik ez duen pertsona, normalean bakarrik bizi dena. Bitxia zait adiera hau, izan ere, ingelesa ikasten ibili ginenean, ezkonbakoa bachelor zela erakutsi baitziguten (gaur jakin dut gizonezkoa baino ez dela bachelor).

Single-endako [singel-endako] eskaintzak nonahi ikusten ditugu: kruzeroak, afariak,… Kontsumorako beste produktu bat. Baina beti helburu bera dutenak: bikotea lortzea.

Baina "single" hitza nire hiztegi intimoan txikitatik du espazioa, euskaraz, [single] ahoskatuta. Sendotasun gutxikoa, hauskorra esan nahi du, Harluxeten definizioa hartuta. Gaur egun gutxi erabiltzen bada ere, oso berba arrunta izan zen.

Halere, [singel] single idazten zela jakin nuenetik, harritu izan nau berba bi horiek duten lotura, bakantasuna eta sendotasunik gabea testuinguru batzuetan lotuta joan litezkeelako.

Baina egia esatera, oraingo esanahi anglosaxoi horrekin gure gizartearen isla baino ez dut ikusten, bikoteka funtzionatzera garamatzana, bakarka, bakanak izanda, zerbait falta zaigula, hauskorrak garela sinistera, sendotasunik gabeak, beste baten beharra dugula aurrera egiteko, bikotekiderik barik single ez ezik singleak izango garela, makalegi eta erkinegi gizartean. Pertsonak beti bikote iraunkorra eta ofiziala behar duela, nor izan nahi badu.

Post scriptum: irakurleei jaramon eginez, hona hemen single berba erabiltzen duten kantu zoragarri bi:

Eskerrik asko Joxe, Ana eta Iñigo!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua