Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Ospitaleko egunak

Leire Narbaiza 2014/03/26 11:55

Zonbi prozesio geldoa, atzera aurrera dabil; oinak txapinetan sartuta, arrastaka; karrajuan gora, karrajuan behera. Tantaz tantakoa adarretan zintzilik, esekigailua arrastaka eroanez, laguntzaile aspertuak alboan, pausu motelei ezin jarraituta, hizpide agortuta, helmugarik ez duen ibilbide aspergarria burutu ezinda.

Begirada galduek ez dute kristal osteko panorama ederra ikusten. Arrainontzi barruko arrainen legezkotxeak dira, bueltaka dabiltza zentzu barik, ikusle gabe, mikro-kosmos berean, kanpoan gertatzen ari denaz at, alderrai.

Segundoak, ordu; orduak, egun; denbora bete ezinda. Hurrengo jatordua noiz etorriko, dosia noiz berrituko. Inoiz kristalaren beste aldean egongo direla amesten. Zonbi izateari laga, zapatak jantzi eta noizbait, begietako argia isiotuko zaiela irrikatzen.

Un enfermo, con su gotero de suero y en pijama, observa el acto de inauguración del nuevo Hospital de Sant Pau, ayer. FERRAN NADEU

Udaberria etorri delakoan...

Leire Narbaiza 2014/03/12 16:27

Udaberria etorri delakoan, pozik kendu dugu txamarra, jertsea erantzi, eguzki betaurrekoak buru gainean diadema jarri. Soinekoa probatu eta botak gorde. Ibilgona atera, eta tinko eta artez, kalera irten.

Udaberria etorri delakoan, barruko neguari agur esan nahi izan diogu, eguzkiak hezurrak epeltzen dizkigun bitartea, bihotzeko izotza urtuko zaigulakoan, biziberrituko gaituelako ustetan, biziberrituta.

Udaberria etorri delakoan, kaleak gure egin ditugu irribarrez, pausu irmoz. Eguzkiak arimako hotza uxatuko digulakoa aurpegia jarri dugu, eta oreztak irten, gure (x)umetasuna agerian lagata.

Udaberria etorri delakoan, ahalik eta ederren sentitu gara, gogo bekaizti iluna desagertuko zaigulakoa, errainu epelen artean.

Eta udaberria etorri zaigulakoan, esperantzaren bila abiatu gara, neguaren bakardade ankerra atzean laga asmoz, lortuko dugulakoan...

Armena

Leire Narbaiza 2014/03/02 23:55

Eibarko armagin familiakoa naiz. Gure tailerra etxe azpian zegoen, edo hobeto esanda, gure etxea tailer gainean. Horrela bizi izan ginen, jaio nintzenetik ia hogeita hiru urte bete arte, eskopeta kaxa, kanioi eta taladrina usainaz inguraturik.

Eskopetak egiten zituzten, Francok Star enpresari baino ez ziolako pistolak egiteko baimena eman. Baina tailerra heren-aititak sortu zuenetik gerra zibilera arte pistola fabrika izan zen.

Harira ez datozen kontu batzuengatik, aurreko krisian tailerra eta etxea eraitsi zizkiguten, eta lan horietan ziharduten beharginek tabike baten ostean pistola zahar bi aurkitu zituzten kutxa batean. Sekulako iskanbila sortu zen, obra geratu, guardia zibila etorri eta eroan egin zituzten.

Familiak ez zuen aurrekoen ezer gordeta, eta erabaki genuen pistola horiek berreskuratzea, gureak baitziren, tailerraren marka zeramatelako.

Sekulakoak egin behar izan genituen. Guarda zibilak erabiltezin bihurtu zituen, eta gainera, gutako batek bildumagile bihurtu behar izan zuen. Eta okerragoa dena, noizean behin (gutxitan) Eibarko koartelera eraman behar dira guardia zibilak ikuska ditzan. Hau guztiau, gerra aurreko pistola batzuengatik. Gainera, pistoletako bat zeharo ugertuta dago, besteak itxura hobea duen arren.

Historiatxo hau zertara datorren galdetuko diozue zeuen buruari. Bai, intro luzeegia esan nahi dudana esateko. Hipokrisiaz dihardut, bai, desarmeaz dabiltzan horiez: zelairen baten abandona ditzatela proposatzen duten horiez, Gipuzkoako foru aldundiaren eskuetan lagatzeko adierazten dutenez, armak utzi eta listo, desarmea erraza da esaten dutenez,… Nik ez dakit nola egin behar den, baina kontuak gaitzagoak dira, ziur.

Pistola zahar legal birengatik horrelakoak egin behar badira, zer ez ote da egin behar erakunde ilegal baten armategi ezkutu eta barreiatu osoa berreskuratu, garraiatu, egiaztatu eta deuseztatzeko?

Eibarko koartel-etxera joatea baino gehiago, ziur!

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua