Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Umeen erreinuan, umeak galtzaile

Leire Narbaiza 2014/12/29 11:40
Euskadi irratiko Faktoriarako 2014ko abenduaren 26an botatakoaren oinarria

Gabonetan askotan egiten dugu berba jai hauek gogoko ditugun ala ez. Aurreko baten ere esan nuenez, ez ditut batere gustuko. Hau komentatu izan dudan bakoitzean beti entzun izan dut: umeekin desberdina da. Tira, baliteke, baina orain familian ume txikiak dauzkagu eta egia esatera, Olentzeroren urduritasuna gorabehera, ez diot aldaketa handirik sumatu.

 

 

Egia da festa hauetan dena dagoela umeengan fokatuta: Olentzeroren opariak, jolas parkeak, barrakak, telebistako saioak, dekorazioa,… festa hauek umeendako baino ez balira legez, besteok ospatu ezingo bagenitu bezala. Zergatik ote? Izan ere halakorik ez da gertatzen Aste Santuko edo udako oporretan.

 

 

Baina jai hauetan ez ezik, eguneroko martxan ere umeak dira zentroa: oparirik onenak eta asko behar dituzte; euren gustu eta desio minimoak bete behar dira, berehala, frustra ez daitezen, bestak baino gutxiago direla senti ez dezaten.

 

 

Esango nuke ez dugula natural jokatzen eurekin, sarri ahazten dugula gu bezalakoak direla eta gu ere umeak izan ginela. Edo agian, batzuen kasuan, hori da arazoa; hain zuzen ere. Heldu horiek barruan duten haurra lehian jartzen da benetako umearekin. Apetatsu hutsak izanda, haurraren gutiziak asetzeko beti prest. Askotan gure amets hondatuak ere haurrengan islatzen ditugu, eta ezin izan genuena izan/lortu, pareko ume horrek eskura dezala. Ez da ulertzen, bestela, nola dauden hainbeste ume “izar” bihurtzeko telebista castingetan, ezta zelako arrakasta duten saiook ere.

 

Era berean, hainbeste babestu nahi ditugu, ezen ez diegun uzten egiten guri egiten lagatzen zigutena. Bazkal oste baten ibili gara horretaz hitz egiten, 11 urterekin ahizpa eta gure kaleko beste neskato bi ere eroaten nituela eskolara, eta ni ere ondoko neskatila batzuek eraman nindutela. Edo etxetik gertu zegoen dendara errekaduak egitera bidaltzen gintuztela. Orain dena da beldurra. automobilen aitzakiak ez dit balio, eskolarako bidean ez baitzegoen espaloirik eta kotxe eta kamioiak ibiltzen zirelako.

 

Jakina, orduan umeak ez ginen kreazioaren erdigunea. Hezi, hazi eta maitatu behar gintuzten, baina kontua basagoa zen, naturalagoa ere bazela esango nuke. Orain kaiolatuta daudela iruditzen zait, olgetan ibiltzeko denborarik barik, klasez beteta, eskolaz kanpoko jardueretan murgilduta apetitu aseezinean, azkarrenak eta abilenak direla demostratzea exijitzen zaiela: bizkor ikasi, arin hazi, prodijioa direla azaldu besteen aurrean, eta arlo guztietan, gainera; baina beti gutxiegi diren sentsazioarekin. Ume koitaduak!

 

 

Loteriaren iruzurra

Leire Narbaiza 2014/12/22 00:20
Euskadi irratiko Faktoria saiorako 2014ko abenduaren 19rako prestatutako testua

Ezagutzen nautenek badakite ez ditudala Gabonak batere maite. ez dut ukatuko oporrak gustuko ditudala, opariak egitea eta jasotzea ere gustatzen zait, baina gutxi gehiago. Ikasle batek grinch ere deitu zidan behin… Baliteke grinch samarra izatea, bai, denok ezin izan “happy”.

Eta Espainiar estatuan Gabonak ofizialki loteriarekin hasten dira. Bai, zoriontasuna eta dirua banatzen ei duen iruzur horrekin. Sarrera ederra, alajaina. Denon aberats bihurtuko garen amets faltsua buruan. Izan ere, loterian irabazitakoarekin nork laga liezaioke lan egiteari, eta irabazitakoarekin bizi? Inork ere ez, eta hori da benetan aberats izateko ametsa eguneroko obligaziorik ez izatea.

Tira, loteria tokatuta, sari potoloa jokatzen diren partizipazioekin, gutxirako ematen du. Zuloren bat tapatzeko, pasadoreak bagina legez, zuloz betatako koladoreak, alegia. Zulogintzan iaioak, alajaina, denok eibartarrak balira ere…(obrengatik diot)

 

Nola engainatu gaituzten sariarekin! 'Nola ez duzu erosiko, bada, neska! Eta tokatzen bada?' Eta halakoekin dabil makina bat jende loteria erosi eta erosi ohiturazko taberna, denda eta lanean, dantza talde, euskara elkarte eta ikastolako loteria ere erosten dute. Baita txango bat egiten badute ere Benidormera edo Bermeora, berdin dio. Eta zer egin sobratu zaigun boteko diru honekin? Loteria erosi.

 

Horrela iristen dira abenduaren 22ra paperez gainezka, askorendako irakurri duten libururik mardulena izango da txartelez egindakoa, ilusioa jarrita bonbo eta ume ahots gogaikarrietan. Eta zenbakiak atera ahala, irrati zein telebista saioen emisioa eten eta zozketa aretorekin egingo dute konexioa, denondako mesede handia bailitzan.

 

Ederki sakatu digute ziria! premio handia galtzearen beldurra hedatu dute eta konpartitze eta solidaritatez mozorrotu dituzte marketin estrategiak. Nik dezimoa erosi, partizipazioak egin eta trukatu, elkarrekin trukearen gurpil zoroa elikatuta.

 

Horrela estatuak milioika euro irabazten ditu urtero, bai, azkenean bera baita benetako irabazlea sari potoloa lortzen duena zozketan parte hartu barik. Eta guk osasuna dugulako eskerrak ematen jardungo dugu ez baitzaigu tokatuko!

Denboraren joanean

Leire Narbaiza 2014/12/19 11:25
Gipuzkoako Hitza-n 2014ko abenduaren 19an argitaratutakoa

Denborarekin oso gauza bitxia gertatzen zaigu. Sarritan, asteak infinituak bihurtzen zaizkigu, batez ere, astelehen goizetan, ostirala argi-urte batera dagoela iruditzen zaigu eta. Bestalde, egunerokoan errutina aspergarrian murgilduta gabiltzanean, bizkor doan sentsazioa izaten dugu: egunak, hilak eta urteak arinegi doazela, egutegiko orriak hegaztada batean desagertzen zaizkigula begitantzen zaigu.

Baina era berean, beti gazte perpetuoak beti berdin gaudelakoan gaude; nahiz eta adinean aurrera joan. Askotan esaten dugu gaztetxoek zahartzen gaituztela: biberoia ematen genion mutikoari ahotsa aldatu zaio, duela gutxi jaio zen ilobak laguntxoekin egindako azken barrabaskeria kontatzen digu, eta ikasle gazteek eskuko telefono gabeko kontuak kontatzen dizkiegunean arraro begiratzen digute. Orduan konturatzen gaztaroa lehen aldiko kontua dela eta gu beste fase batean gaudela: helduaroan. Eibarko Katilluk esan zuen moduan: "Edozein kakaumek jakaz 70 urte".

Urte amaierako data hauetan, ez dakit egutegi, agenda eta abarrak aldatzen digulako den, baina kontzienteago gara denboraren joanaz, zein bizkor pasatu den urtea, eta zein gutxi aldatu eta aurreratu dugun! Urte aldaketak nostalgiara ere bagaramatzala esango nuke, eta gure joerak atzera begiratzeko parada ematen digutela.

Atzera so eginez gero, gauza gutxi dauzkagu nabarmentzeko. Aspaldiko lagunekin elkartzen garenean gertatzen zaigunaren moduko zerbait: '—Zer moduz? —Tira, hainbestean, nobedaderik barik. —Hala hobe, nobedadeak beti txarrerako izaten dira-eta. —Bai, hala da!'. Azkenaldian zenbatetan izan ote dugun elkarrizketa hau, ezta? Etsigarria da, benetan, pentsatu eta aztertuz gero! Ezin dakiguke ezer onik gerta, errutina da onena, gertaera onak izateko momentua pasatu zaigu dagoeneko.

Baina aurtengo aktualitatea ikusita, helduon joera bera dela esango nuke; izan ere, nire sentsazioa da lehengo moduan gaudela, gauza gutxi aldatu direla, immobilismo hutsean murgilduta. Euskal Herriko arazoak iazko moduan daude: euskara, politika, nortasuna, ekonomia, berdintasuna, ekologia… Askotan atzera goazen sentsazioa ere badut, aldaketak, egotekotan, txarrerako direlako, dena delako murrizketa: zerbitzu publikoetan, norbanakoen eskubideetan, soldatetan, langileen eskubideetan, emakumeon askatasunean…

Ez dakit ona den atzera hainbeste begiratzea, nahiz eta euskal esaera zaharrak dioskun atzeak erakusten duela aurrea nola dantzatu, eta egia izan daiteke. Baina hain da jasangaitza eta aspergarria panorama… Egia ere bada beste lelo famatu batek dioela 'atzera pasorik ez, ezta inpultsoa hartzeko ere'. Betetzen ez dugulakoan nago, askotan zirkuluetan mugitzen garenez orain hogei-hogeita bost urte izandako eztabaida eta hausnarketa berak planteatzen ditugu berriak balira legez. Beharbada, ez da atzera egitea izango, baina ez dakit larriagoa ez ote den: buelta-bueltaka jarduteak gure zilborrari begiratzea baino ez dakar, eta irtenbiderik lortzeko aukerarik ez.

Baina errukirik gabe denbora aurrera doa, gu zirkulutan mugitu ala lerro zuzenean, luze edo labur dela iritzita ere, Pablo Milanesen kantuan bezala: ' Denbora pasatu egiten da, zahar jartzen ari gara, maitasuna ez dut atzo bezala irudikatzen…'

http://gipuzkoa.hitza.info/2014/12/19/denboraren-joanean/

Tabakoa, betiko borroka

Leire Narbaiza 2014/12/12 11:20
2014ko abenduaren 12an Euskadi Irratiko Faktorian esateko prestatua

Gaurko gaiarekin badakit jendea haserretuko zaidana, ez naizela berriro ere “emakume jator hori”, edo “irratian berba egiten duen zoro hori”. Ziurrenik, batzuek begitan hartuko naute; izan ere, badira gai bi pertsonak zuhurrenak ere zoratzen dituenak: futbola eta tabakoa. Kontra eginez gero, jakina. Futbolaz ez dut jardungo, hemen askotan egin dut berba-­eta. Gaur tabakoaz egitea tokatzen zait, eta tabakoa soziedadeetan! Elkarte gastronomikoak hainbat esentziaren gotorleku sakratu hori!

Aspaldi nerabilen tabakoaren gaia buruan, lehengo egunean, trenaren zain banku batean jarrita nengoela ondokoaren kea etorri zitzaidanean. Nasan geunden, “kalean” nolabait esatearren. Harritu ninduen ke bafada hain gertu sentitzeak, aspaldi sentitu ez nuena sentitu nuelako. Orduan konturatu nintzen ze jende gutxik erretzen duen nire inguruan! Ia inork ez! Eta lankide eta ikasleak lantokian sartu aurretik egiten dutenez, jakin ere ez dut egiten, sentitu ere ez dut sentitzen kea, zorionez. Era berean, esango nuke, erretzaile ziren askok ere laga diotela erretzeari, eta ez ditugula jasan behar ke txarrak. Eta hau guztiau tabakoaren legeengatik da. Bai!

Debekuak sentimendu anbibalenteak sortzen dizkit; izan ere, ez dut oso gogoko galarazi behar izatea zerbait lortzeko. Baina badirudi hala dela: tabernetan -ordu txikietan ez bada, behintzat- sar liteke ketu barik, gustura egon gintezke bertan inoren keak arnastu gabe. Hala ere, gobernuak inposatu behar izatea ere latza da! Horrek sortzen dituen kontraesan guztiekin (zergak, pribatutasuna, eskubideak,...)

Tira, nik ere erretzen nuen, erre zitekeen tokietan. Ez naiz inoiz erretzaile ofiziala izan, baina bai soziala: lehenengo zuritoarekin sortzen zitzaidan erretzeko gogoa. Baina irten ezean, ez. Sekula ez nintzen menpekotasunaren sareetan jausi, zorionez. Baina egia da ezer erretzen ez dudanetik keak gehiago molestatzen nauela, lehen ere hala zen, baina gutxiago.

Egia esatera, debekuenak funtzionatu du. Gogoan dut duela ez hainbeste urte, ia edonon erretzen zela. Medikuak kontsultan, adibidez. Gelan euskaltegian, Eibartik Donostiara rutako autobusean (herriz herri zihoan hartan) puru ederrak erretzen ikusi eta jasan ditugu!

Beste mundu bateko kontuak dirudite. Orduan ere esaten zen orain esaten dena: nor da gobernua arautzeko, gure eskubidea da, nola pasatuko dute denbora hori guztia erre barik? Eta horri esker, zoritxarrez, lortu dira ke bako espazioak.

Beharbada, horregatik, arauei aurre egiteagatik, da, antza Amelia Barquinek bere blogean dioena: espazio autogestionatuetan tabakoa jaun eta jabe dela. Eretzea “progrea” dela, ez erretzeko eskatzea, atzerakoia...

Pertzepzioak pertzepzio, debekua onerako izan dela uste dut. Oraindik automobilen keak dauzkagu airean, eta badakigu horiek murrizteko gobernuak askoz gauza gutxiago egingo dituela, interes ekonomiko gehiegi daudelako jokoan (autogintza, zergak, gasolina eta hidrokarburoen negozioa, autopistak,...). Ke horiek ere egunen batean murriztuko ahal ditugu!

Haurtzaro lapurrak

Leire Narbaiza 2014/12/05 11:27
2014ko abenduaren 5ean Gipuzkoako Hitza-n argitaratua

Lehengo baten, goizean lanerako bidean nindoala, lagun batekin eta alabatxoarekin elkartu nintzen. Alaba triste zihoan ikastolara. Zazpi urteko neskatilak itsasoari buruzko ipuin bat eraman behar zuelako klasera eta berak Pirritx, Porrotx eta Marimototxen bat aukeratu zuelako, eta bazekielako gelako mutilek barre egingo ziotela.

Bai, hala daude kontuak: umeendako pailazoak gustuko izateagatik barre. Antza, nagusiegiak dira horretarako. Badirudi mutiko horiei futbola gustatzen zaiela eta neskatoei Violetta, lehen Hannah Montana izango zen, baina modak aldatu egien dira, futbol jokalariak zahartu ahala.

Ama eta biok animatzen ibili ginen umea, pailazoak gustatzea ondo zegoela eta berari gustatuz gero, hor konpon beste guztiak, ez ziela jaramonik egin behar esaten jardun genuen; eta barre egiten bazioten “eta zer!” ozen bat jaurti behar ziela. Baina uste dut gure diskurtsoak ez zuela gehiegi konbentzitu.

Agurtu nituen eta gaiari bueltaka ibili nintzen luzaroan, nahiko hunkituta laga ninduelako neskatoaren tristurak. Oso gogorra iruditu zitzaidan zazpi urteko haurrendako pailazoak txikien kontua izatea, eurak nerabeak balira bezala. Eta orduan Jose Ignazio “Piter” Ansorenari, Mirriri, egindako elkarrizketa batean irakurri niona gogoratu nuen. Berak zioen Txirri, Mirri eta Txiribitonen aurreko urteetan ikuskizunetara hamar-hamaika urteko umeak joaten zirela, eta denbora joan ahala haurren adina gero eta baxuagoa zela. Bere esanetan, haurtzaroa murriztu egin diegu umeei, aurre-nerabezaroan jartzen ditugu goizegi. Esango nuke, ikusitakoa ikusita, Ansorenaren esperientzia hori beste pailazoei ere gertatzen zaiela, eta kontu orokortua dela.

Zein tristea den, baina! Umeak desumetu egiten ditugu, gaztetxo bihurtu, behar baino lasterrago, honek dakarren guztiarekin. Nerabezaro amaiezina jasaten dute/dugu horrela. Txarrena da pubertaroan sartzen direla, pubertaroaren aldaketa fisiologiko eta mentalik gabe, eta ematen dizkiegun ereduak guztiz sexualizatuta eta genero estereotipoak zeharo markatuta daudela: neskak emakume pinpirin, makillatu eta tuntun; eta mutilak gizontxo patetikoak indarra eta oilarkeria demostratu nahian dabiltzanak.

Hala kontatu dit lagun batek, behintzat, 11 urteko iloba neska duena: makillaje, itxura eta abarrak baino ez omen dituzte berak eta bere lagunek buruan, Disney channel-i esker, itxura denez. Izan ere, telebista kate horretan “site-comedy” direlakoak eredu horiek zabaltzen dituzte, zeharo estatubatuarrak oso sexualizatu, banandu eta estereotipatuak. Galdetu beharko genuke zein den helburua, zergatik ostu nahi diguten bizitzako sasoirik ederrenetakoa, zergatik kendu nahi diguten inozentzia, zergatik niniak heldu bihurtu nahi txepel hori. Zer interes ekonomiko, sozial eta politiko ote dagoen horren atzean.

Ikaragarria begitantzen zait hau guztiau. Ume denbora luzean izan beharko luke, kantu, jolas eta barre artean bizitzekoa, itxura eta modari erreparatu barik, helduon eguneroko “arazo” txotxoloetatik kanpo, inork barre egiten badie “…eta zer?” ozen baten planto egin eta jarki daitezen, dibertitzen ibili, barrezka, arboletara igota, eta txiribueltaka lurrean, zoro, alai…

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
http://www.elcorreo.com/[…]/nueva-agresion-sexual-... ..., 2017/07/10 21:40
Irakurtzen dizkinat hire lanok, gustura. Segi.JOn Jon Etxabe, 2017/06/19 12:51
Iban! Zer esan nahi dok, ez dala bitxia? Kaleko ... leire, 2017/06/08 16:54
Bitxiak... edo "kaleko kontuak" :-( Iban Arantzabal, 2017/06/08 16:38
Artikulu bikaina Leire. Serafin, 2017/06/04 20:25
Gainera, estadistikak ematean, nazionalizatuta ... Ni, 2017/05/23 22:41
Hona hemen aurreko albistearen lotura: ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:51
Pasa den astean beste emakume bat hil zuten ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:50
Politta testua. Artistia haiz gero! Serafin, 2017/05/11 14:44
Milla esker, Serafin! Laztan bat! leire, 2017/05/07 21:23
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua