Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Autoa eta umorea

Leire Narbaiza 2014/10/31 11:20
Faktoriarako prestatutako testua

Zer ote dauka autoak umorea aldatzeko? Pertsonala lasaiena ere haserre bizian jarri eta bere onetik irtenda ikusteko? Ez dakit, baina hala izaten da.

Automobila espazio berezia da, intimoa. Barruan sartzen garenean badirudi etxe barruan edo gure logela propioan sartzen garela, inoren begirada indiskretuetatik salbu, nahiz eta denen begiradapean egon. Horregatik, beharbada, semaforoetan ikusten dira gidariak sudurretik mukiak arrantzatzen, uste dutelako ikusgai ez daudela, automobileko parabrisak dohain magikoak baleuzka legez, ikusezin bihurtuko balitu moduan.

Baina gidatzea gustuko dugunok askotan sentitu dugu hori: kotxean sartu, eroso eseri, gogoko musika jarri eta kilometroak irentsi; gustura, iristeko penaz. Aparkatutakoan ere, kanta zoragarri hori entzuten geratu, amaitu ez delako. Bizitzaren plazer txikiak.

(Hala ezegutu nuen kanta hau, gau batean Elgetako Espaloitik nentorrela, autoan sartu, irratia piztu eta kanta  eder hau entzun)

Eta lagunekin egindako bidaiak (laburrak edo luzeak izan) eduki lezaketen xarmaz, zer esan? Leku gutxi dago automobilaren eremu txiki eta mugatu hori baino hobea konfidentzietarako. Zenbat aitorpen, deklarazio eta asaskatze egon ote dira kotxeetan? Zenbat laguntasun eta intimitate kontatu ote ditugu?

Pentsatzeko gune aparta ere bada autoa. Egunero lanera bakarrik joaten direnek ondotxo dakite hori. Norberaren buruarekin egoteko gune ere badelako.

Beti eskura dagoen espazio propiorik gabeko maitaleen aterpe sokorritua, fereka eta laztan bizkorren etxea. Autorik ez balego, zenbat pasio frustratu!

Baina dena ezin perfektua izan. Automobilak gure alderdi txarrena eta agresiboena ere ateratzen du. Zenbat irain, oihu eta hatz luze atera ote ditugun gidatzean! Hau ez dut ulertzen, baliteke tentsioan egoten garelako izatea. Edo zitaldu eta mukertu egiten gaituela, ez dakit!

Askorendako euren gorpuzten luzapena ere bada, zakilarena esate baterako. Bai, entzule laztanak, testosteronaren neurgailua ere izan liteke, zebrabidean oinezkoak itzurtzen dituzten gizontxoen kasuan, adibidez, edo aurreratua izatea jasaten ez dutenena. Edo autobidean marrazo jarrera daukatenena, ziurtasun distantzia mantendu beharrean, ipurdia jaten ibiltzen diren horien detektagailu; aurrekoak jazartzen beraien kotxea handiagoa, indartsua eta garestiagoa delako, eta horregatik guztiarengatik, uste osoa dute bidea euren jabetzakoa dela.

Bai, halako askok autoa seme-alabak baino hobeto zaintzen dute, eta etxeak platerik ere jasotzen ez badute ere, astero kotxea barru eta kanpotik garbitu, etxeko andre (autoko gizon?) maratzak bailiran. Horiendako, autoa euren buruaren adierazgarri eta erakusgarri da, nortasunarena (nortasun pobrearena, alegia) azken baten.

Hori dela eta, pertsona bat ondo ezagutu nahi baduzue ikusi bere autoa eta eraman zaitzatela norabait, hala benetako nia agertuko du. Proba paregabea da! Sekula ez du huts egiten!

Bizikletaz lanera joatea

Leire Narbaiza 2014/10/29 08:45
Euskadi irratiko Faktoria saioan egindako kolaborazioa 2014ko urriaren 29an

Parisen diru-laguntzak emango omen dituzte lanera bizikletaz joaten direnei. Oso ondo iruditzen zait, bizikletak abantaila asko dauzkalako. Alde batetik, lanera bidean kirola egin liteke, osasunarendako abantaila, beraz. Bestetik, kutsadura ikaragarri murrizten da, baita trafikoa eta zarata ere. Gainera, bizitza-abiada moteldu egiten da, eta humanoagoa bihurtu gure erritmoa. Horretara, onurak alde guztietatik.

Tira, desabantaila batzuk ere aurkitzen dizkiot. Bata izerdia. Zer egiten dute bizikletan doazenek, egun osoan eramango duten arropaz jantzita egin ibilaldia? Gauza bera euria denean, bustita iritsi lanera eta hala egon lanaldi osoan? Deserosoa, ezta?

Eibarren, bizi naizen herrian bizikletarekin harreman sakonak izan ditugu, familia askori jaten eman digulako (amak GACn egin zuen lan, bere lan-bizitza osoan). Gurea, baina, ironiaz betetako herria da: euskal bizikleta fabrika askoren  jatorrizko herria izan (GAC, Orbea; BH,) eta oso desegokia bizikleta erabiltzeko, aldapaz beteta dagoelako.

Aurrerago esan dudanez, bizikletak bizitza erritmoa humanoagoa bihurtzen du, eta Eibarren krisi sakon batetik irteteko balio izan zuen: armak egitetik, bizikletak (eta josteko makinak) egitera. Industria-birmoldaketa bikaina, heriotza eragiteko trepetxuak egitetik, aisia disfrutatzeko eta natura zaintzeko trepetxuak egitera!

Baina aipatu dudan bezala, lanera joateko (Eibar-Ermua) trena erabiltzen dut, eroso, merke eta azkarra delako. Beti aparkatzen du ondo! Bizikletan ez naiz inoiz joan. Oinez inoiz itzuli bai baina Eibarren bizikletaz ibiltzeko,esan dudan aldapengatik, behar da ia karrerista profesionala izan. Gainera dabilen auto mordoarekin ere, txarto.

Gipuzkoako Foru Aldundia bidegorriak suspertu nahian ei dabil, baina gurean ez, premia gorrian izan arren. Elgoibarren badute, ia Maltzagaraino doana, Saturixon amaitzen da. Eta Debagoienetik datorrena, Soraluze pasatu eta ia Maltzagaraino ailegatzen da! Diru asko dela diote (Deba ibaia zeharkatu behar du) baina oraingoa desastrea da, Eibartik (Azitaindik Maltzagara) joateko bide bazterra baino ez dago eta N-634ko artzena estua eta arriskutsua da! Ez dugu nola ibili bizikletan ez oinez! Eta kanpaina bat abiatu dute sinadurak jasotzeko. Ermutik oinez etortzeko ere zebrabide arriskutsuak gurutzatu behar zarata eta keen artean, penagarria. Ez dago lekurik ez lanera bizikletaz joateko, ez paseatzeko! Gurekin dagoen abandonu historikoa ote? Hemendik eskatu nahi diot Aldundiari mesedez jaramon pixka bat egin diezagula kontu honekin!

 

 

Iritzia emateaz

Leire Narbaiza 2014/10/24 10:08
Gipuzkoako Hitza-n 2014/10/24n argitaratua

Azken aldian ezagunekin elkartu eta zer berri dudan galdetzen didatenean, hemen, Gipuzkoako Hitzan, hamabostero idazten hasi naizela aipatzen diet, hori baita nire bizitza errutinazkoan dagoen nobedade bakarra. Askotan, komentario horrek garamatza blogaz hitz egitera, eta bertan futbolaz idatzi nuenean izan nuen erantzun iraingarriez ere egin izan dugu berba: ia 9 urtean erantzun onak eta politak izanda, eta kirol sakratuari kritika eginda, deskalifikazioa!

Honen guztionen gainean hitz egin ostean, ia beti galdera bat egiten didate: “Ez zaitu beldurtzen iritzia emateak?” Lehenengoz hori galdetu zidatenean ahoa bete hotz laga ninduten. Izan ere, beldurra ez da eragiten didana; beste pertsona batzuk mintzeak ematen dit erreparoa, nahi gabe mina sortzeak, ez besterik.

Agian, oso normala da niretzat gaiei buruz iritzia izatea. Alde batetik, euskaltegian irakasle izanda, ikasleei idazlanetan hori eskatzen zaielako/diegulako idazlan eta azterketetan: eman zure iritzia tabako legeaz/zezenketak debekatzeaz/tabernen ordutegi berriez… ia eguneroko kontua da gurean. Beste aldetik, bloga sortu aurretik ere eibartarren posta zerrendan makinatxo bat eztabaida edukitakoak gara, mila gairi buruz, inongo ikara barik.

Hori dela eta, aho zabalik segitzen dut, hainbat jenderi –pentsamendu, bizimodu eta adin desberdinekoei– entzun diedalako, aurrerago aitatutako egoera berean, beldurraren kontu hori. Horrek zeharo nahasita utzi nau, eta buruari eragin diot galderaren zergatiaren bila. Azkenean, itaunak adierazten du lagun horiek beldurra diotela posizionatzeari, besteek jakiteari zer duten gogoan. Masaren anonimotasunean ezkutatu beharra sentitzen dutela, alegia. Inork ez dezala jakin beren buruetan dabilena, badaezpada ere!

Egia esatera, gure herrian diskretu izatea bertutea da. Diskretu, ez nabarmentzearen zentzuan, jakina. Politikari zenbaitzuek ere diskrezioz jokatzen dutela diote, ona balitz bezala. Eta hala izango da batzuetan, ezer ez baita ona edo txarra beti; baina nire iritziz, sarritan  diskrezioak imajinazio falta, zenbaki bihurtzea eta aspergarri izatea esan nahi du. Sentitzen dut!

Baina nondik ote datorkigu pentsamendua kamuflatu edo ezkutatu nahi hori? Zerk eragin ote du beldur madarikatua? Ez dakit, baina esango nuke frankismoaren arrastoa dela. Bai, oraindik ere, gerraren ondorioak, berrogei urteko diktadurak eta errepresioak markatzen gaitu, ez gaude salbu, zoritxarrez. Hainbeste eta hain luzaroan sufritu duen gizartean aztarna sakonak laga ditu errepresioak. Gizartean ez ezik, geure barruan ere bai, ezinbestean. Nahiz eta sasoi hori bizi transmititu egin da familietan eta sozietate osoan.

Frankismoaren hipotesia darabilt beste leku batzuetan ikusi dudanagatik. Ez naiz oso kosmopolita, munduan ez naiz gehiegi ibili. Baina uste dut beste herrialde batzuetan, Frantzian, adibidez, askoz errazago eztabaidatzen dutela, ideien elkartrukea naturalagoa dela. Seguruenik ohitura badutelako, eztabaidak badirelako, haserretu gabe, ahots bolumen normalean, oihu barik, beldur gabe iritzia emateko orduan.

Beldurra. Ba ote da gehiago mugatzen eta paralizatzen duen sentimendurik? Uxatu behar dugu, beraz, adierazi, bota dezagun pentsatzen duguna!

Kamiseta hori

Leire Narbaiza 2014/10/17 12:58
Euskadi Irratiko Faktorian egindakoa 14/10/17

Elastiko bat dakart hizpide. Elastiko urdin bat. Asteon egunkari bateko portada izan dena. Eta azkenean tiraderan sartuko dugula ospatu dugu. Bai, kamiseta urdin arraro hori, letra horiduna. "Egunkaria aurrera" dioena. Hamaika urtean (11 urte asko eta luze da) askatasun aldarri izan dena. Estetikoki oso polita ez bada ere, ezinbestean maite duguna, duintasunaren ikurra izan delako, baita elkartasunarena ere. Azkenean, betiko sartuko dugu kutxan, baina ez dugu ahantziko. Oroitzapenen kaxan izango dugu agerian, gertatutakoa atzendu ez dakigun.

Berria-ren portada

 

Euskal Herria herri tristea da, -ondo ulertu, e?- Barre egiten dugu, umorekoak gara. Baina erreparatzen badiogu zerk ematen digun poza, sentsazioa oso tristea da, pobrea: Euskaraz irtengo dela hurrengo android telefonoa, eta bibaka gabiltza. Lisboako autobus turistikoak euskaraz eskaintzen dutela informazioa, zoragarri, etxean ez bezala. Hamarkada luze batean inputatua egon ostean libre kargu barik, ustezko delitua iraungi delako, pozez zoratzen.

 

Normala da pozik jartzea (ez dezagun ahantz beste batzuk oraindik kartzelan daudela egunkari bat, Egin, argitaratzeagatik). Baina nork itzuliko digu jasandakoa, lapurtutako dirua, kendutako osasuna?Nork eskatuko digu barkamena?

 

Gauza gutxirekin gaude konforme, eta hizkuntza handien mahaietatik jausitako edozein hondakinek egiten gaitu zoriontsu. Baina, zorionez, gure bidea ere jakin dugu egiten, crowdfoundinga sortu genuen, diru-batzea zuenean izena. Auzolan, elkartasun eta boluntario lanari esker lortu dugu orain duguna. Gutxi ala asko, baina gure borondate eta indarraz lortutakoa da, inorekin zorretan egon barik; sarriegi, agintari eta handi-mandien gogoaren kontra. Gure burugogorkeriari esker. Hau ahaztuko ez bagenu, ekinak izaten jarraituko bagenu, askoz gehiago lor genezakeelakoan nago.

 

Horregatik, kamiseta urdin hori sarrekan gorde, baina oroigarri eta bandera izan behar du: egin diezaguketen mina eta kaltea ez ahazteko, eta elkarrekin egin genezakeen indarra eta lana akorduan izateko.

Obeditzeaz

Leire Narbaiza 2014/10/10 00:25
Gipuzkoako Hitza-rako egindako kolaborazioa

Legea errespetatu, zintzoak izan, diskrezioz lan egin, akordioak erregutu, eskubideak mesedez eskatu, “emadazu, faborez! zintzo, leial eta fidela naiz”

 

Horrela gabiltzala uste dut: gobernuak, politikariak, jendea,… gizartea oro har. Aldarrikapena, aurrez aurre jartzea ez dago ondo ikusia. Hong Kongetik hasita, Madrileraino, Gasteiztik Bruselara.

 

Esaneko, zintzo, txintxo, on, obeditzaile,… Teorian adjektibo hauek positiboak dira zerbait edo norbait deskribatzen dutenean. Baina, azken aldi honetan, entzuten ditudanean euren sinonimo edo antzeko batzuk ulertzea iruditzen zait: meneko, agindupeko, jopu…

 

Txikitatik dakigu, eskolan eta etxean ikasia, obeditzaile izatea dela konturik garrantzitsuena. Izan ere, etxe eta eskolaren helburua heztea da, bezatzea, alegia. Txikitatik erakusten digute zein garrantzitsua den arauak betetzea. Eta hala da, sozietatean bizitzeko nahitaezkoa da, argi daukat. Baina, ez ote dugu araua, legea, sakratu egin? Horregatik du garrantzia zintzotasunez betetzeak, ezeren gainetik inportanteena txintxoa izatea delako. Baliteke legea zaharkituta egotea, gurea ez izatea, premiak ez asetzea, baina, hala ere bete beharrean gaude. Hori dioskute gurasoek, irakasleek, komunikabideek, gobernuek. Baita gure barne ahotsak ere.

 

Baina injustiziaren kontra ezin justizia arrunta erabili, ez baita itsua, bera ere meneko delako. Orduan, mundua eraldatzeko ezin dugu desobedienteak izan? Ezin dugu protestatu? Aurre egin? Managaitz bihurtu zerbaiten alde (edo kontra)?

 

Jakina, baietz erantzungo dut. Historiak erakutsi digulako ez dela ezer lortzen men eginez. Bestela, nola litzateke posible munduan izan diren iraultzak, Eibarren 1931ko apirilaren 14ko goizaldean II. Errepublika aldarrikatzea, emakumeen boto eskubidea, ikastolak sortzea, Hegoafrikan Apartheid-a desagertzea, mutilak soldadutzara ez joatea… Inork indarrean zegoen legeari aurre egin izan ez balio, ziur nago emakume euskalduna naizen aldetik ez nintzatekeela zutabe hau idazten ibiliko: gizonen eremua eta hizkuntza ez-egokia liratekeelako gure aurrekoek borroka egin izan ez balute.

 

Horregatik, beti ezin gara obedienteak izan. Ez da komeni. Intsumisioa eta desobedientzia beharrezkoak ditugu. “Jarki” aditz ia ezezaguna gehiagotan erabili beharko genuke: aurre egin, eutsi eta iharduki esan nahi duelako. Otzan izan barik, beti adi, beti prest.

 

Desobedientziarena ez da, uste genezakeenaren kontra, hain kontu modernoa. XIV. mendetik erabili izan zuten Foru Pasea, Foruen kontra egiten zuten Gaztelako legeak ez errespetatzeko formula. Gaur egunean, ahotan foraltasuna darabiltenek ahaztuta, hain zuzen. Foralista horiek meneko eta jopu bihurtuta daudelako, diskrezioz.

 

Hau guztia ikusita, askotan gogoratzen naiz Morauren “Super euskalduna” kantuarekin:

Morroitzarako aproposa behar du

umil eta langilea

inork ez dituelako maite

euskaldun alprojak

eta hori guztia aski ez balitz

zintzo eta egiazale behar

elizkoi, ondradu, kantuzale, mozkor

izatea da bere kondena

non da euskaldun ezinhobea

zeu zara euskaldun perfektoa

hori al da super euskalduna?


Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
http://www.elcorreo.com/[…]/nueva-agresion-sexual-... ..., 2017/07/10 21:40
Irakurtzen dizkinat hire lanok, gustura. Segi.JOn Jon Etxabe, 2017/06/19 12:51
Iban! Zer esan nahi dok, ez dala bitxia? Kaleko ... leire, 2017/06/08 16:54
Bitxiak... edo "kaleko kontuak" :-( Iban Arantzabal, 2017/06/08 16:38
Artikulu bikaina Leire. Serafin, 2017/06/04 20:25
Gainera, estadistikak ematean, nazionalizatuta ... Ni, 2017/05/23 22:41
Hona hemen aurreko albistearen lotura: ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:51
Pasa den astean beste emakume bat hil zuten ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:50
Politta testua. Artistia haiz gero! Serafin, 2017/05/11 14:44
Milla esker, Serafin! Laztan bat! leire, 2017/05/07 21:23
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua